104. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

144/2002 FORU DEKRETUA, uztailaren 2koa, urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretua aldatzen duena, non Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako funtzionarioei opor, lizentzia eta baimenetarako zer araubide aplikatu behar zaien arautzen baita.

Urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako funtzionarioei opor, lizentzia eta baimenetarako gaur egun aplikatzen zaien araubidea.

Administrazioaren eta CCOO, UGT eta CEMSATSE sindikatuen artean (azken hori lan-kontratudunei buruz bakarrik), Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2002-2003ko enplegu baldintzei buruz, 2002ko apirilaren 15ean sinatutako Erabakian, langilearen laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateko neurri lagungarrien artean, zenbait aldaketa egin dira amatasunagatiko lizentzia ordainduen eta seme-alabak jaiotzean, heriotzetan, ospitaleko egonaldietan edo eritzean ematen diren baimen ordainduen araubide juridikoan.

Orobat, aipatu Erabakiak, barne igoerari buruzko neurrien artean, norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentzien araudiaren aldaketa jaso du, langile finkoek oinarrizko prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko erabil ditzaten.

2002ko apirilaren 15eko Erabakiaren edukiak eta barne igoera bultzatzeko eta etxeko bizitza eta lanekoa bateratzeko neurriak hartu edo gehitu beharrak ekarri dituzte aldaketa hauek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako funtzionarioei opor, lizentzia eta baimenetarako araubidea jasotzen duen Foru Dekretuan.

Foru Dekretu honen bidez aldatutako artikuluak aiseago aplika daitezen, haien eduki osoa sartu da, nahiz eta atalen batek hasierako testuari eutsi.

Azkenik, aipatzeko modukoa da 12. artikuluko atalen zenbakiak aldatzeagatik beste testu bat duela orain 13. artikuluak, nahiz eta horrek edukian aldaketarik ez duen eragin.

Nafarroako Kontseiluak, 2002ko ekainaren 25ean egindako osoko bilkuran, Foru Dekretu honen aldeko irizpena eman du, edukia antolamendu juridikoari lotzen zaiola uste baitu.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko uztailaren bian egin bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Aldatu egin dira 7., 8., 10., 11., 12. eta 13. artikuluak urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuan, Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako funtzionarioei aplikatzen zaien opor, lizentzia eta baimenen araubidea ezartzen den hartan, eta honela geldituko dira:

"7. artikulua. 1. Emakume funtzionarioak, erdituz gero, amatasunagatiko lizentzia ordaindurako eskubidea izanen du. Segidako hamazazpi aste iraunen du eta, ume bat baino gehiago jaioz gero, bi aste gehiago seme-alaba bakoitzeko, bigarrenetik aitzina. Interesatuak erabakiko du lizentzialdia nola banatu, baina betiere sei aste erditu ondo-ondokoak izanen dira. Aitak lizentzia osoa har dezake edo lizentziatik gelditzen dena, ama hilez gero.

Amatasuneko lizentziaren eskaerarekin batera amaren kargu den ginekologoaren txostena aurkeztu beharko da, adierazteko haurdunaldia ehun eta laurogei egunetik goiti joan dela. Eskaera horretan, bestalde, lizentzia zein egunetan hastea nahi duen jasoko da.

Erditzea zein egunetan izan den frogatzeko, famili liburua edo Erregistro Zibilaren ziurtagiria aurkeztu beharko du bere Departamentuko edo erakunde autonomoko organo eskudunean.

2. Aurrekoa gorabehera, eta erditu ondoan amaren atsedenerako nahitaez sei aste hartu beharra galarazi gabe, bai aitak eta bai amak lan egiten duten kasuetan, zilegi izanen da aitak erditzearen ondoan hartzea atsedenaldiaren parte jakin eta jarraitu bat, dela amarekin batera nahiz ondotik, non eta, hala eginez gero, ez den arriskutsua lanean hastea amaren osasunarentzat.

3. Denbora gabeko erditzeetan eta, edozein arrazoi dela-eta, jaioberriak erditu ondoren ospitalean egonaldia egin behar duenean, amak edo aitak eskatuta, ospitaletik ateratzen den egunetik hasten ahalko da baimena kontatzen, erditu ondoko lehen sei asteak kenduta, amarentzat nahitaezko atsedenaldia baitira. Jaioberriak erditu ondoko lehen sei asteetan ospitalean sartzen bada, aukera horretaz ere baliatzen ahalko da.

4. Sei urte arteko umeak adoptatu edo familian hartzen direnean (aurreadopzio gisa nahiz bestela), baimenak segidako hamazazpi aste iraunen du eta, ume bat baino gehiago direnean, beste bi aste bigarrenetik aurrerako haur bakoitzeko. Aste horiek funtzionarioak berak erabakiko du noiztik kontatu, dela familian hartzeko administrazio edo epaile erabakia ematen denetik, dela adopzioa eratzen duen epaile erabakia ematen denetik. Baimenak hamazazpi aste iraunen du sei urtetik gorako haurrak adoptatu edo familian hartzen direnean ere, direlako haurrak ezgaituak edo minusbaliatuak badira edo, haien inguru pertsonalagatik nahiz atzerritik etortzeagatik, zailtasun berezia badute gizartean eta familia batean integratzeko, gizarte zerbitzu eskudunek inguruabar horiek behar adina frogaturik. Bai aitak eta bai amak lan egiten dutenean, baimena berek nahi duten bezala partituko da, aldi berean edo bata bestearen ondoren, betiere etenaldirik gabe.

Nazioarteko adopzioa egiten denean, gurasoek aurretiaz haurraren jatorriko herrira joan behar dutenean, zilegi da adopzioa eratzen duen ebazpena baino lau aste lehenago hastea aurreko lerroaldean kasu bakoitzerako aurreikusten den lizentzia.

5. Bi gurasoek aldi berean hartzen badituzte atsedenaldiok, ez da zilegi bien atsedenaldien artean aurreko lerroaldeetako hamazazpi asteak baino gehiago izatea, edo haur bat baino gehiago diren kasurako agindu dena baino".

"8. artikulua. 1. Zilegi da ordaindu gabeko lizentziak ematea norberaren aferetarako: gehienez ere bost hilabete bi urte naturalean.

2. Halaber, langile finkoek lizentzia hori eskuratzen ahal dute Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatutako prestakuntza ikastaro oinarrizkoetan parte hartzeko, funtzio publikoan sartzeko hautapen prozeduretakoak badira. Lizentzia horiek ez dira kontatuko aurreko atalean ezarritako eperako eta oinarrizko prestakuntza ikastaroak egiteko ezinbestekoa den denborarako emanen dira, ikastaroa hasi aurretik eskatuz gero."

"10. artikulua. 1. Bost eguneko baimen ordaindua emanen da seme-alaba bat jaiotzen den bakoitzean. Erditze berean ume bat baino gehiago jaioz gero, bi egun gehiago seme-alaba bakoitzeko, bigarrenetik aitzina.

2. Aurreko lerroaldean ezarri den baimena haurra jaio edo amak ospitalea utzi eta biharamunetik hartzen ahalko da, betiere zerbitzuaren beharrekin bateratzen ahal bada.

3. Bateragarri dira ume bat izateagatiko baimen ordaindua eta jaioberria ospitalean sartu behar izateagatikoa, bi baimenetarako baldintzek bat egiten dutenean eta aldi berean gertatzen badira."

"11. artikulua. Lau eguneko baimen ordaindua emanen da ezkontidea edo bizikidea eta odolbidezko lehen mailako ahaideak hiltzen direnean, heriotza Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen bada, eta bost egunekoa handik kanpora gertatuz gero.

2. Hiru egun ordainduko baimena emanen da ezkonbidezko lehen mailako ahaideak eta senideak hiltzen direnean, heriotza Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen bada, eta lau egunekoa handik kanpora gertatuz gero."

"12. artikulua. 1. Lau eguneko baimen ordaindua emanen da ezkontidea edo bizikidea eta odolbidezko lehen mailako ahaideak ospitalean bost egun baino gehiagoko egonaldia egin beharrean daudenean edo irizpen medikoa (ospitalean egon ala ez) eritasun larria edo oso larria denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen bada, eta bost egunekoa handik kanpora gertatuz gero.

2. Hiru eguneko baimen ordaindua emanen da ezkonbidezko lehen mailako ahaideak edo senideak ospitalean bost egun baino gehiagoko egonaldia egin beharrean daudenean edo irizpen medikoa (ospitalean egon ala ez) eritasun larria edo oso larria denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen bada, eta lau egunekoa handik kanpora gertatuz gero.

3. Ospitaleko egonaldiak hori baino gutxiago irauten badu, edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuko eritasuna edo eritasun ez hain larria delarik, baimen ordaindua egun batekoa izanen da gertaera Nafarroako Foru Komunitatean denean eta bi egunekoa handik kanpora denean.

4. Aurreko lerroaldeetan aurreikusi diren eritasun edo ospitalizazio kasuetan, zilegi izanen da kasuan-kasuan, baimena sortzen duen gertaera zein egunetan hasi den kontuan harturik, ateratzen den egun kopurua eritasunak edo ospitaleko egonaldiak irauten duen guztian hartzea, betiere zerbitzuaren beharrek hartarako bide ematen duten heinean.

"13. artikulua. 1. Egun bateko baimen ordaindua emanen da 11., 12.1 eta 12.2 artikuluetan adierazi diren arrazoi berengatik artikulu horietan aipatzen ez diren odolbidezko nahiz ezkonbidezko bigarren mailako ahaideen kasuan, baldin eta gertaera Nafarroako Foru Komunitatean izan bada, eta bi egunekoa handik kanpora bada.

2. Aurreko lerroaldean aipatu den baimena hartzeko, Foru Dekretu honetako 12.4 artikuluan ezarri diren arau berak hartuko dira aintzat."

2. artikulua. Beste artikulu bat, 13. bis artikulua, gehitu zaio urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuari, honako hau dioena:

"13. bis artikulua. Ez da Foru Dekretu honen 12. eta 13. artikuluetan ezarritako baimen ordaindurik emanen harik eta gutxienez hilabetea iragan bitarte subjektu bera eta arrazoi bera direla medio emandako baimena bukatzen denetik."

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabizikoa.-Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako organo eskudunek ofizioz aplikatuko diete amatasunagatik eta haurra adoptatu edo etxean hartzeagatik Foru Dekretu honen bidez hamazazpi astera hedatutako lizentzia Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik emandakoei, baldin eta data horretan hura bukatu ez bada.

Bigarrena.-Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako organo eskudunek Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik emandako lizentziei aukera emanen diete Foru Dekretu honetan ezarri amatasuneko lizentzia eskuratzeko; hau da, jaioberriak ospitalea uzten duenetik aitzinekoa, erditu ondoko sei asteak kenduta, amak edo aitak eskatuta, baldin eta data horretan hura bukatu ez bada.

Hirugarrena.-Seme-alabaren bat izan edo heriotza edo ospitalizazioa direla eta, Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik emandako baimen ordainduei aurreko araudia aplikatzuko zaie.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.-Ahalmena eman zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0207852