104. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

133/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 17koa, Saso Pedrizen (Ablitas) lurzatien berrantolamenduaren bitartez ureztaketa-sistema tradizionala berrituz azpiegituretan esku hartzea onetsi eta eskuhartze hori onura publikokoa dela adierazten duena.

Gaur egun, Saso Pedrizko lurzatietan ez dago antolamendu zentzuzkorik ureztapenerako eta, gainera, ubide-sarea oso hondatuta dagoenez, Lodosako Ubidetik igoarazten da ura, baina horrek ere energia hobeto erabiltzea eskatzen du, bai eraginkortasun aldetik, bai ur kontsumoaren murrizketa aldetik, eta hori presiozko ureztapenaren bitartez lortuko da oraingo ureztalurretako sistema berritzen denean.

Nekazaritzako azpiegituretan esku hartzearen helburuak honako hauek dira: alde batetik, lurzatien berrantolamenduaren bitartez egitura eta tamaina egokia ematea nekazaritzako jabetzari, eta, bestetik, ureztaketa-sistema berritzea, ikuspegi energetiko eta kostuzkotik optimizaturiko ureztapen-unitateak sortu eta baliabideak arrazionalki erabiltzeko.

Ingurumen zuzendari nagusiak otsailaren 22an emandako 539/2002 Ebazpenaren bitartez, "Ablistasko Saso Pedrizko ureztapen tradizionala berritzeko Proiektua"-ren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin zen.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak, xedapen gehigarrian ezartzen du Nafarroako Ubidearen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren eta haren ureztapen-esparruen eremuan sartutako jarduketak, hemen egin gogo denaren antzekoak, Foru Lege horren 12. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako aurreikuspenen arabera, zuzenean gauzatuko direla, eta ez dutela beharrezko izanen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio berririk. Hala ere, indarrean den ingurumen-prozedura tramitatu, 539/2002 Ebazpenaz burutu zenez, bidezko da bertan jasotako aginduak aintzat hartzea.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legeak ezartzen duen bezala, Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ekainaren hamazazpian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Onespena.

Lurzatien berrantolamenduaren eta ureztaketa-sistema tradizionalaren berritzearen bitartez, Saso Pedrizen (Ablitas) Nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten da.

2. artikulua. Onura publikoko eta berehala egitekotzat deklaratzea.

Onura publikokotzat eta berehala egitekotzat deklaratzen da lurzatien berrantolamenduaz eta ureztapen-sistema tradizionala berritzearen bitartez Ablitasko Saso Pedrizen egin gogo den nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzea, bidezko diren ondasun eta eskubideen desjabetzapenak, eta lurren okupazioak eta zortasun ezarpenek (aldi bateko nahiz iraunkorrek) bidea izan dezaten.

3. artikulua. Egin gogo denaren deskribapena.

Aurreikusitako berritze lanen artean honako hauek daude sartuak: Lodosako Ubidetik egin beharreko ponpaketa-obra guztiak eta kontzesio-ura ureztatzaileei banatzea, ureztapen-unitateetako xirripazko eta tantakako ureztapen-sistemak abiarazteko behar den behar adinako ur-emana presio egokian hornitzea. Aukeratutako ureztapen-sistemaren arabera lurzatietan behar den ekipamendua ere sartzen da.

Ureztapen-ura hartu eta bultzatu, berriz, Lodosako Ubidetik eginen da, jarduketa-esparruaren iparraldetik alegia. Ponpaketarako indarra gaur egungo ponpaketa-estazioa hornitzen duen linea beretik hartuko da.

Lurzatietara iristeko bide-sarea, ahal den neurrian, orain bertan direnen gainean ezarriko da. Proiektuan aurreikusitako bide guztiekin bat ez datozen guztiak, eta baita gaur egun bertan diren ureztaketa-egiturak ere, desegin eta hondakindegira eramanen dira.

Ingurumen zuzendari nagusiak otsailaren 29an emandako 539/2002 Ebazpenean ezarritako baldintzak bete behar dira, hark egin baitzuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa. Honako hauek dira:

a) Lanak hasi aurretik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren agregatuak ateratzeko eremuak eta hondarrak botatzeko aldeak zein diren adieraziko du.

b) Ateratzeko eta botatzeko eremu horiek behar den baimena ez badute, horiekin batera ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterlanak arautzen dituen 229/1993 Foru Dekretuan aurreikusitako informazioa bidaliko da.

c) Lurrak mugitzeko lanak egiten diren bitartean, jarraipen arkeologikoa eginen da.

d) Lanak bukatzen direnean, proiektuaren eraginei buruzko txosten bat igorriko da Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, eta bertan zehaztuko da zein aldetan aurreikusi den lurzatien arteko landaredia ukitzea eta zer neurri hartuko diren landaredi hori lehengoratzeko.

4. artikulua. Zer prozedura erabiliko den.

Eremu honetan erabiliko den lurzati-berrantolamenduko prozedura Nekazaritako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko I. Tituluko IV. Kapituluan jasotakoa izanen da.

5. artikulua. Jarduketaren lurralde-esparruaren mugapena.

Behin-behinekoz, Saso Pedrizen perimetroaren mugak honela zehazten dira:

a) Iparraldea: Tuterako udalaren lurren muga

b) Hegoaldea: Viñas Nuevas alderdia eta Balsa de Lor

c) Ekialdea: Bonamaison eta Farax alderdia

d) Mendebaldea: Cascanteko udalerria

Perimetro horri Nekazaritako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 13.4 eta 17 a) artikuluetan xedatutakoaren araberako aldaketak eginen zaizkio.

6. artikulua. Ustiapen eremu oinarrizkoen mugen zehaztapena.

Ablitasko lehorreko ustiapen-eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 150 eta 60 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Ablitasko lehorreko ustiapen-eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 26 eta 5 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Lehorreko eta ureztapeneko goiko eta beheko mugaren bihurketa-indizeak 5,77 eta 12 izanen dira, hurrenez urren.

Ureztapen-eremu oinarrizkoa, beraz, bost hektarea da.

2. Laborantza-unitate txikienen balioak honako hauek izanen dira: lehorreko lurretarako, 60 hektarea, eta ureztalurretarako, bost hektarea.

7. artikulua. Ekarpenaren ondorioak.

Nekazaritzako azpiegituren gaineko jarduketa nahitaezkoa izanen da ukituriko finken jabe guztientzat eta eskubide errealen titularrentzat, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eratxikiko dio mugarri edo seinaleak ezartzeko ahalmena.

Lurzati bat berrantolamenduan sartzeak berekin ekarriko du, prozedurak irauten duen bitartean, mugakideen berreskurapen-eskubidearen, truke nahitaezkorako eskubidearen eta legeek barneguneak eta lurzati barreiamendua saihesteko ematen dituzten gainerako eskubideen iraungipena.

3. Lurzati-berrantolamenduaren espedientean emandako ebazpenak ez dira etenda geldituko berrantolamenduak ukitutako eskubideei buruz partikularren artean gertatzen diren tirabirengatik.

4. Foru Dekretu honek bidezko diren Eraikuntza Proiektuak erredaktatzeko aukera emanen du, prozeduraren une egokian egin beharko den gauza.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Foru Dekretu hau gauzatzeko behar diren egintzak aurrera eramanen ditu.

Bigarrena.-Legegintzako Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamazazpian. Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazarita, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0207239