104. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

129/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 17koa, tributu arloko zenbait prozeduraren gehieneko epeak eta administrazioaren isiltasunak sortutako ondorioak arautzen dituena.

Uztailaren 19ko 224/1993 Foru Dekretuaren bidez, modu sistematikoan arautu ziren ebazteko epeak edo ebazpen faltak sortutako ondorio juridikoak kontuan hartzen ez zituzten tributu arloko prozedurak. Aplikagarri deklaratu zen araubide arrunteko araudi berariazkoa eta, horren faltan, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzkoa, Foru Dekretuak kontuan hartzen ez dituen tributu arloko prozedurentzat, haien araudiak ebazteko epea edo ondorio juridikoak, ebazpen espresurik eman ez bada, zehazten ez dituenean.

Bi arrazoi daude Foru Dekretu horren ordezko araudia onetsi behar izateko:

Alde batetik, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra. 87. artikuluan, tributu prozedurak ebazteko gehieneko epea, betiere arau aplikagarrietan beste eperen bat ezarri ezean, sei hilabetekoa dela adierazi ondoren, ezartzen du tributuen arloko prozedura guztiek espresuki arautua izan behar dutela dagokien administrazioaren isiltasuna.

Eta bestetik, 224/1993 Foru Dekretuak indarra hartu zuenetik tributu arloan gertatu diren aldaketak daude. Horrek ekarri du zenbait prozedura gaur aplikagarri ez izatea edo, aplikagarri izanik ere, beste xedapen batzuen kontua izatea edo, azkenik, araudi propioa izatea eta, horrenbestez, ez dira aipatuko Foru Dekretu honetan.

Foru Dekretu honen edukia osatzen duten prozedurak honela bildu dira:

a) Bai epeak bai administrazioaren isiltasunaren ondorioak espresuki aratuak dituzten prozedurak, Foru Dekretu honen eranskinean aipatzen direnak.

b) Eranskin horrek aipatzen ez dituen prozedurak:

-Iraupen epeak eta administrazioaren isiltasunaren ondorioak berariazko araudian jasota dituztenak araudi horren arabera gobernatuko dira.

-Ebazteko epeak nahiz ebazpen faltaren ondorioak araudian jaso gabe dituztenei sei hilabeteko epe orokorra aplikatuko zaie, Tributuari buruzko Foru Lege Orokorrean aurreikusi bezala, baita 30/1992 Legean adierazitako ondorioak ere.

-Egintza baliogabeak eta kudeaketa bidean direnak berrikusteko prozedura bereziak, Tributuari buruzko Foru Lege Orokorrean aurreikusiak, 30/1992 Legeari jarraituz arautuko dira.

-Premiamendu prozedurak ez dauka ebazteko eperik.

Foru Dekretu honen edukia Nafarroako Kontseiluari igorri zitzaion Nafarroako Gobernuaren 2002ko apirilaren 15eko Erabakiaren bitartez, nahitaezko irizpena eman zezan.

2002ko maiatzaren 30ean eman zuen irizpen hori, non arauaren edukia Antolamendu Juridikoari guztiz lotua ikusi baitu.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ekainaren hamazazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Foru Dekretu honen eranskinean adierazi dira tributu arloko prozeduren gehieneko epeak eta ebazpena ez jakinaraztearen ondorioak, baiestekoak nahiz ezestekoak.

2. artikulua. Foru Dekretu honen eranskinean aipatu ez diren tributu arloko prozedurak zein bere kasuaren arabera arautuko dira:

a) Iraupen epeak eta administrazioaren isiltasunaren ondorioak berariazko araudian jasota dituztenak, araudi horren arabera.

b) Epeak nahiz ondorioak araudian jaso gabe dituztenak, Tributuari buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren arabera, sei hilabeteko gehieneko epeari dagokionez, eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen arabera, administrazioaren isiltasunaren ondorioei dagokienez.

c) Egintza baliogabeak eta kudeaketa bidean direnak berrikusteko prozedurak, Tributuari buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 140. eta 141. artikuluetan arautuak, 30/1992 Legearen arabera.

3. artikulua. Tributuari buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren IV. tituluko V. kapituluan arautzen den premiamendu prozeduran, kobrantzaren preskripzio epea bitarte luzatzen ahal dira haren jarduketak.

4. artikulua. Honela kontatuko dira Foru Dekretu honek aipatzen dituen epeak:

a) Ofizioz hasitako prozeduretan, haiek hastea erabaki zen egunetik.

b) Interesatuak eskaturik hasitakoetan, haiek tramitatzeko organo eskudunaren erregistroan sarrera ematen zaien egunetik.

5. artikulua. Tributupekoek aurkeztutako eskaerengatik epez kanpo hasitako tributu prozeduretan, ezetsi egin direla ulertuko da, baldin eta ebazpen espresua jakinarazi ez bada Foru Dekretu honetako 1. eta 2. artikuluetan finkatutako epeetan, 4. artikuluak ezartzen duen moduan kontaturik.

6. artikulua. Administrazioari berari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik prozedura atzeratuz gero, hura ebazteko epea eten eginen da.

7. artikulua. Nahiz eta Administrazioak epeak ez bete, egintza administratiboa ez da iraungiko, baina subjektu pasiboek zilegi izanen dute kexa aurkeztea.

Orobat, kexa aurkezten ahal da tramitazio akatsen aurka eta, bereziki, prozedura gelditzen dutenen aurka edo afera behin betikoz ebatzi aurretik konpon daitezkeen tramiteen omisioa dakartenen aurka.

Kexa onartzen bada, diziplina kontuko espedientea irekiko zaio funtzionario arduradunari, horretarako arrazoirik izanez gero.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik hasitako tributu prozedurak aurreko araudiaren arabera gobernatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamazazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

E R A N S K I N A

Gehienez ere hilabeteko epean ebazpenik jasotzen ez duenean ezetsitzat eman daitekeen prozedura:

Dokumentu bakarrean subjektu pasibo zenbaiti dagozkien aitorpen-likidazioak batera aurkezteko baimena, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 62.5 artikuluan arautua.

Gehienez ere hilabeteko epean ebazpenik jasotzen ez duenean baietsitzat eman daitekeen prozedura:

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 20.3 artikuluak aipatzen duen Esportatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaera.

Gehienez ere hiru hilabeteko epean ebazpenik eman ez denean ezetsitzat eman daitezkeen prozedurak:

1. Ordainagiriak nola egin eta gastu eta kenkariak nola egiaztatu arautzen duen martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan bilduak:

a) Fakturatzeko betebeharretik salbuesteko baimena, 2.1 d) artikuluan jasoa.

b) Hartzailearen identifikazioa ez jasotzeko baimena, 3.1. b) artikuluan jasoa.

c) Faktura osoa balio bereko agiri batez ordezteko baimena, 11.2 artikuluan jasoa.

2. Balio Erantsiaren gaineko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean edo Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua onetsi zuen 86/1993 Foru Dekretuan jasoak. Jarraian ematen dira:

a) Legez onetsiak izanik irabazi asmorik ez duten erakunde edo entitate batzuetako kideek zuzenean egindako zerbitzuak eta emandako ondasun osagarriak salbuesteko eskubidea onartzea, 19/1992 Foru Legeko 17.1.19 artikuluan eta Erregelamenduko 5. artikuluan jasoa.

b) Entitate jakin batzuek beren kideei zuzenean egindako zerbitzuak salbuesteko eskubidea onartzea, 19/1992 Foru Legeko 17.1.20 artikuluan eta Erregelamenduko 5. artikuluan jasoa.

c) Entitate edo establezimendu batzuek helburu soziala dutela onartzea, 19/1992 Foru Legeko 17.3 artikuluan eta Erregelamenduko 6. artikuluan jasoa.

d) Erregelamenduko 9.1.4. artikuluan jasotakoaren arabera, Komunitateko lurraldetik kanpora ondasunak esportatzen dituzten erakunde jakin batzuei emandako ondasunak salbuesteko eskubidea onartzea.

e) Aulki gurpildunez behartutako pertsona ezinduak eramateko, taxi edo turismoen komunitate barneko salerosketan zerga-tasa murriztua aplikatzeko eskubidea onartzea, 19/1992 Foru Legeko 37.Bi.1.4. artikuluan jasoa.

f) Garraiobide berrien noizbehinkako salmentetan, Balio Erantsiaren gaineko zerga itzultzea, Erregelamenduko 21. artikuluan arautu bezala.

g) Araubide erraztuan aplikagarri diren indize edo moduluak murriztea, Erregelamenduko 27.5. eta 6 artikuluetan aurreikusitako kasuetan.

h) Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide bereziko konpentsazioak itzultzea, Erregelamenduko 37.1. artikuluan arautu bezala.

i) Baliokidetasunaren errekargua araubide bereziko merkatariei itzultzea, Erregelamenduko 62.6 artikulua eta Bigarren Xedapen Gehigarria aplikatuz.

3. Zerga bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea garatzen duen urtarrilaren 11ko 1/1993 Foru Dekretuan jasoa, zenbait garraiobideri buruzko zerga berezitik aldez aurretik libratu eta salbuesteko onartua.

4. Foru Parlamentuaren 1981eko ekainaren 16ko Erabakiaren 2. artikuluan jasotakoa, elizen, konfesioen eta komunitate erlijiosoen onura fiskalak arautzen dituena.

5. Kultur jardueren interes sozialeko deklarazioa arautzen duen apirilaren 19ko 118/1999 Foru Dekretuan eta kirol jardueren interes sozialeko deklarazioa arautzen duen azaroaren 13ko 396/2000 Foru Dekretuan jasoak.

6. Sozietateen gaineko Zergako xedapenen Testu Bategineko 22. artikuluko B) letraren Bigarren idatz-zatian jasoa, zenbait proiektu interes sozialeko deklaratzeari buruzkoa.

7. Balioespen objektiboaren araubideko zeinu, indize eta moduluak murrizteko baimena, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 36.4 artikuluan aipatua.

Sei hilabeteko epean ebazpen espresurik jasotzen ez dutenean ezetsitzat eman daitezkeen prozedurak.

1. Inbertsioengatiko kenkarien araubide berezia aplikatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 288/1988 Foru Dekretuaren 9. artikuluan jasoa.

2. Oinordekotzen gaineko Zerga gobernatzen duten Arauetako 280. artikuluan eta hurrengoetan aipatzen diren ordainketen gerorapen eta zatikapenak.

Iragarkiaren kodea: A0207236