101. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 21a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Telleria karrikako 35eko beheitian paratutako txartela kentzeko agindua eta zehapen espedientearen abiarazpena

Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi delegatuak, ebazpen hau eman zuen 2002ko maiatzaren 17an:

"Ikustaldi batean frogatu da Telleria karrikako 35eko beheitian dagoen lokalean, ostatua baita, txartel bat paratu dela kanpoaldean, banderatxo moduan, horretarako lizentziarik gabe, eta, hori legez kanpo ezar daiteke, ez baitu betetzen Alde Zaharreko B.B.P.B.ko ordenantzen 75. artikuluak eta Iruñeko H.A.P.O.ko Eraikuntzaren ordenantzaren 128. artikuluak agintzen dutena. Hortaz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 248.7, 253 a) eta 254. artikululuetan xedatutakoari jarraikiz,

Ebatzi dut:

1. David Martínez Fernández jaunari, J. Goicoechea Guembe jaunari eta J.M. López García jaunari agintzea, berak baitira txartela paratu izanaren erantzukizuna dutenak, 48 orduko epean, gehienez ere, ken dezatela delako txartela. Ohartarazten zaie ezen, epe horretan kentzen ez badute, Udalak isun hertsatzaileak ezarriko dituela hilabetero, 601,01 eurotik 3.005,06 eurorainokoak, edo bertzenaz bere zerbitzuen bitartez eginen duela, bertze tramiterik gabe, eta sortzen den gastuaren ehuneko 125eko tasa igorriko duela ordezko betearazpenagatik.

2. David Martínez Fernández jaunari, J. Goicoechea Guembe jaunari eta J.M. López García jaunari zehapen espedientea abiaraztea, Telleria karrikako 35eko beheitian dagoen lokaleko kanpoaldean, lizentziarik gabe txartel bat paratzeagatik. Prestatutako kargu plegua ere igorriko zaie.

3. Adieraztea egintza hori hirigintzaren aurkako arau-hauste arina izan daitekeela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Foru Legearen 248.7 artikuluaren arabera, eta 300,51 eurotik 6.010,12 eurora bitarteko isuna izan dezakeela, aipatu legearen 253. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Gehiago edo gutiago izanen da tokia, tamaina eta ingurune fisikoan duen eragina ikusita, eta zehapena handiagoa izanen da txartelak inguru historiko-artistikoetan, naturguneetan eta berdeguneetan ezarri badira.

4. Esther Azanza Fernández andrea, Hirigintza eta Etxebizitza Alorreko idazkari teknikoa, irekitako espedientearen instruktore izendatzea. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 28. artikuluen xedatutakoari jarraikiz, interesatuek instruktorearen ezespena bultzatzen ahal dute.

5. Zehapen prozeduraren barnean intruktoreak prestatutako kargu plegua eranstea. Hartan, egitateak, ustezko arau-haustea eta legokiekeen zehapena adierazten dira. Ebazpen hau bildu ondoko hamabortz egunen epean, espedientatuek alegazioak eta frogak proposatzen ahalko dituzte, baita agiriak eta argibideak ekartzen ahal ere beren eskubideen alde.

6. 80,05 euroko tasaren igorpena egin, Udalaren ordenantza eta erabakietan aurreikusitako ikuskapenen tasak arautzen dituen 11. ordenantzarekin bat (2001eko 158. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abenduaren 30ekoa).

Espedientatuek 30 egun balioduneko epea izanen dute tasa hori udal diruzaintzan ordaintzeko, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina. Epe hori ordaindu gabe iraganez gero, eta premiamenduan sartzen ez den bitartean, ordaintzen ahalko da behar diren korrituak eta guzti, luzapenagatik."

Ebazpen honen kontra errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

-Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bertzenaz,

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen beste interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamalauan. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A0206933