101. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 21a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

H.A.P.O.ko aldaketa: Hirigintzako Araudi Orokorreko 48. artikulua (behin-behineko onespena) eta Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen buruzko ordenantzako 6 eta 9-B artikuluak (behin betiko onespena)

Iruñeko Udalak, 2002ko ekainaren 6an egin osoko bilkuran, hau erabaki zuen:

"H.A.P.O.ko aldaketari buruzko dokumentua, hain zuzen ere bere Hirigintzako Araudi Orokorreko 48. artikulua eta Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko ordenantzako 6 eta 9-B artikuluak aldatzekoa, 2002ko urtarrilaren 3an osoko bilkurak hasiera batez onetsi ondotik, 2002ko martxoaren 1eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen. Bada jendaurreko aldia iragan denez, hau erabaki da:

1. 2002ko apirilaren 9ko eta maiatzaren 17ko alegazio txostenak onestea, eta ondorioz:

-Manuel Chocarro López jaunak, Asociación de Empresarios de Hostelería de Navarra ordezkatuz, aurkeztutako idazkia alegazio idazki gisa onartzea, Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko ordenantzako 6 eta 9-B artikuluak aldatzeko proposamenari dagokionean.

-Aipatu alegazioa ezestea, ez baitu behar besteko oinarririk eta helburu hori Udalak araudia aplikatzeko jarraitzen duen irizpidearen bitartez lortzen baita.

-Ostatu, kafetegi, jatetxe, elkarte gastronomiko, ziberzentro, josteta areto eta antzekoetako musika ekipoen soinu mailaren gehieneko muga 75 dB(A)-ra igotzea, jarduera hori, hein batean bada ere, 22:00etatik 8:00etara egiten bada, eta soinu maila ez bada 80 dB(A)-tik gorakoa, funtsean erabiltzaileek sortutakoa delako, betiere 60 dB(A)-ko isolamendua eskatzen den lokaletan.

2. Behin betiko onestea Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen gaineko ordenantzako 6 eta 9B artikuluen aldaketa.

3. Behin-behinekoz onestea HAPOko aldaketa, Hirigintzako Araudi Orokorreko 48. artikuluari dagokionean.

4. Erabaki hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentura, agiri hauekin batera:

-HAPOko Hirigintzako Araudi Orokorreko 48. artikuluaren aldaketari buruzko dokumentuaren ale bat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legearen 115.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen kontseilariak behin betiko onets dezan.

-Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko ordenantzako 6 eta 9-B artikuluak aldatzeko dokumentuaren ale bat, behin betiko onetsi eta hurrengo hamabost egunen barnean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legearen 120.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz".

Ebazpen horren aurka errekurtso hauetako bat jar daiteke, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabetean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta hilabetean.

HAPOKO ALDAKETAREN TESTU ARAU-EMAILEA: JARDUERA GOGAIKARRI, OSASUNGAITZ, KALTEGARRI ETA ARRISKUTSUEI BURUZKO ORDENANTZAKO 6 ETA 9-B ARTIKULUAK

4.1. GOKA jarduerei buruzko ordenantzako 6. artikuluaren aldaketa:

4.1.1. Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko ordenantzako 6. artikuluko A) ataleko honako puntu hauetako testu arau-emaileak indargabetu dira. Hona hemen:

3.b puntutik:

"Festa aretoak.

-Dantza aretoak.

-Diskotekak.

-Ostatu musikadunak eta gisakoak.

-Kafetegiak, ikuskizunak dituztenak.

Josteta aretoak:

-Bingoak.

-Kasinoak eta gisakoak".

4. puntutik:

"Aisia eta josteta establezimenduak:

-Whiskitegiak.

-Barra amerikarrak.

-Living-room eta gisakoak.

-Ostatu bereziak.

-Klubak, pubak eta antzekoak.

Horietan guztietan gehienez ere 200 metro karratuko azalera izanen da jendeak erabiltzeko".

5. puntutik:

"Aisia eta josteta establezimenduak:

-Ostatuak, kafetegiak, tabernak, garagardotegiak eta gisakoak.

-Gozotegiak, txokolatedenda, txurrotegiak eta gisakoak.

-Jatetxeak, erretegiak, elkarte gastronomikoak eta gisakoak".

"Josteta aretoak:

-Txanpon makinak, makina automatikoak, billarrak, eta abar.

Horietan guztietan gehienez ere 200 metro karratuko azalera izanen da jendeak erabiltzeko".

4.1.2. 6. artikuluko B) atala aldatu da. Hona hemen nola gelditu den:

"B. Kokalekuaren gaineko xedapen bereziak, ikuskizun publiko eta josteta jardueretarako establezimenduetarako.

2. Ikuskizun publiko eta josteta jarduerei buruzko Foru Legeak garatzen duen Ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoan biltzen diren jarduerei dagokienez, kategoria hauek ezarri dira, jarduera mota horien pilaketak sor ditzakeen trabak saihesteko neurriak aplikatzeko, traba horiek bizitzaren eta ingurumenaren kalitatea murrizten badute. Hona hemen:

1. taldea: gehienez ere 1:30etan ixten diren jarduerak.

2. taldea: 1:30etatik aurrera ixten diren jarduerak, eta gehienez ere 3:30etan.

3. taldea: 3:30etatik aurrera ixten diren jarduerak.

Jarduera horien establezimenduek baldintza hauek bete beharko dituzte beraien kokalekuari dagokionez:

-1. eta 2. taldekoak toki hauetan egon ahalko dira: industria isolatuan, industrialdean, pabilioietan edo egitura aldetik bizitegietatik bereizitako eraikinetan, eta bizitegietako sotoetan eta beheko solairuetan.

-3. taldeakoak: industria isolatuan, industrialdean, pabilioietan edo egitura aldetik bizitegietatik bereizitako eraikinetan.

Haien artean gutxieneko distantzia hauek errespetatu beharko dituzte:

-1. taldeko establezimenduak: ez dute beste establezimenduekin gutxieneko distantziarik gorde behar.

-2. taldeko establezimenduak: 2. eta 3. taldeko edozein establezimendurekin gutxienez ehun metroko gutxieneko distantzia gorde behar dute.

-3. taldeko establezimenduak: 3. taldeko edozein establezimendurekin gutxienez bostehun metroko distantzia gorde behar dute, eta ehun metrokoa, berriz, 2. taldeko establezimenduekin.

Distantzia neurtuko da gutxieneko lerro hautsiaren bidez, hain zuzen ere, bi lokalen arteko tarte laburrena hartuz, betiere eremu publikoaren gainean.

3. taldeko establezimenduek aparkaleku esklusiboa izan beharko dute funtzionamendu orduetan, zehazki, plaza bat 8 pertsonako, 100 metroko radioan, lokaletik gertuen dagoen puntutik abiatuz. Edukiera neurtuko da CPI 96-ari jarraituz. Gutxienez 500 metroko azalera izan beharko dute.

2. Hiriko alde edo eremu batzuetan bizilagunei traba larria egiten zaienean, edo horren arriskua denean, eta hori aipatu lokaletara jendea sartzeagatik gertatzen baldin bada, Udalak, behar diren txostenak egin ondoan, mukurutu gisa deklaratu ahalko ditu edo mukurutzeko arriskutsutzat, eta neurri hauek hartzen ahalko ditu:

1. Kasuan kasuko eremu edo sektorean irekitzeko edo aritzeko lizentzia gehiago emateko debekua.

2. Lokal berriak paratzeko gutxieneko distantzia bereziak ezartzea, bai jadanik baimena dutenekiko, bai beren artean.

3. Mugak ezartzea lehenagotik zeuden establezimenduak nahiz hemendik aitzina baimen daitezkeenak irekitzeko edo aritzeko ordutegietan.

4. Helburua lortzeko egokia den edo harekin bat datorren beste edozein.

Neurri berdinak ezarriko dira halako eremu batean gisako jarduerak, lehenagotik zeudenak, metatzen direnean, trafikoaren pilaketa eragiten badute, edo horrelako egoera ekartzeko arriskurik bada, dela hirigintzako antolamenduagatik, dela auzoaren egoeragatik, dela eremuko beste edozein ezaugarrirengatik.

Kasuan kasuko neurriak Udalbatzak hartara onetsiko duen ordenantzan jasoko dira, bakoitza oinarritzen duten arrazoiei buruzko txostenak ikusirik, eta xehe-mehe zehaztu beharko dute zein diren ukituriko eremuak eta establezimendu motak.

Erregelamendu hau ez da aplikatuko Alde Zaharreko VIII/UCC1 unitate integratuko eraikinen erabilera xehekatuen erregelamenduari kontra egiten dion orotan, Plan honetan jasotzen baita".

4.2. GOKA jarduerei buruzko ordenantzaren 9-B artikuluaren aldaketa.

Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko ordenantzaren 9-B artikulua, "Muga bereziak, jarduera mota bakoitzeko", honela gelditu da:

"Jarraian zehazten diren jardueretarako ondoko isolamendu mailak galdatuko dira, bizitegiekiko:

-Gozotegi, kafe dastaleku, txokolatedenda eta antzekoak, taberna zerbitzurik ez badute eta goizeko zortzietatik gaueko hamarretara badihardute: 50 dB(A).

-Taberna, kafetegi, jatetxe, elkarte gastronomiko, ziberzentro, josteta areto eta antzekoak, jarduera hori, hein batean bada ere, 22:00etatik 8:00etara egiten bada, eta soinu maila ez bada 80 dB(A)-tik gorakoa, funtsean erabiltzaileek sortutakoa delako, betiere 75 dB(A)-tik beherako musika ekipoa izanik: 60 dB(A).

-Taberna, kafetegi, diskoteka eta antzekoak, soinu maila gehienez ere 90 dB(A)-koa badute, batez ere musika ekipoek sortutakoa: 70 dB(A)".

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen beste interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamabian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A0206852