96. ALDIZKARIA - 2001eko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

187/2001 FORU DEKRETUA, uztailaren 2koa, "Bide berria egitea: Merkantzien geltokia/N-121/Garraioaren Hiria" izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena.

Herrilan zuzendari nagusiak, uztailaren 5ean emandako 676/2000 Ebazpenaren bidez, onespen teknikoa eman zion "Bide berria egitea: Merkantzien geltokia/N-121/Garraioaren Hiria" izeneko proiektuari eta jendaurrean jarri zuen hark ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda.

Egin den lurzati berrantolamenduaren ondorioz eta Imarkoaingo landalurrei dagokien Lurralde Aberastasunaren Erregistroa lurzati berrantolamenduaren ondoren eguneratu ez denez gero, argitaratu den zerrenda oker dago, lehengo titularrak agertzen direlako eta, horregatik, apirilaren 20ko 348/2001 Ebazpenaren bidez, indarrik gabe gelditu zen Imarkoainen ukituriko ondasun eta eskubideen jendaurrealdia. Ondorioz, berriz ireki zen proiektuak Imarkoainen ukituriko ondasun eta eskubideen jendaurrealdia, 2001eko maiatzaren 18an hain zuzen.

Merkantzien Geltokia eta Garraioaren Hiria lotzeko bide berriak bi puntu horien arteko trafikoa erraztuko du eta N-121 errepidea eta A- 15 autobidea lotuko ditu. Merkantzien Estazioan sartzeko proiektaturiko glorietarekin bide bat dago lotuta, Iruñeko mendebaldeko ingurabidean sartu ahal izateko Ezkirotz inguruan; orain ipar eta ipar-mendebalde norabidean Noaingo loturetan barna ibiltzen diren ibilgailuetako askok erabiliko dutela aurreikusi da. Proiektuan aztertu da bide berria N-121 errepidearen eta Merkantzien Estazioaren artean bikoiztea. Proiektaturiko bideak AHTrekin izanen lukeen guratzagunea ere aurreikusi da, nahiz eta, proiektua erredaktatzen ari direnez, aurretiko azterlanetan gomendaturiko trazadurarekin izanen lukeen gurutzagunea aztertu den.

Merkantzien Geltokian glorieta bat proiektatu da; horretaz gain, glorieta bana N-121 errepidearen alde bakoitzean eta beste bat egungo NA-5001ean, trenbidearen gaineko pasabidearen eta autobidearen gaineko pasabidearen artean.

Bide berria Garraioaren Hiriaren loturarekin konektatzeak beste lotune bat egin beharra dakar, Iruñetik autobidean barna eta NA-5001etik heltzen diren ibilgailuak Garraioaren Hirian sartu ahal daitezen. Halaber, Audenasaren Zerbitzugunetik Garraioaren Hirirantz abiatzen den egungo adarra aldatu behar izan da.

Garraioaren Hiriak gaur egun hartzen duen trafiko- dentsitateaz jabeturik eta Merkantzien Geltokiarekin lotzeko premia larria dagoela ikusita, bidezko da obrak ahalik eta azkarren hastea. Xede horrekin, eta behar diren lurrak erosteko tramiteak arintzeko, beharrezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko 52. artikuluan xedatutakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko uztailaren bian egindako bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. "Bide berria egitea: Merkantzien geltokia/N-121/Garraioaren Hiria" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

2. artikulua. Ukitutako ondasun eta eskubideak erosteko aurreikusten den gastua (laguntza teknikoa barne) ondokoa dela ezartzea: 65.000.000 pezeta (390.657,87 euro). Diru kopuru horretatik 4.000.000 pezeta (24.040,48 euro) 2001eko gastuetako aurrekontuko "Azpiegituretarako lurren desjabetzapenak" izeneko 611000-61340-6001-513400 kontusailaren kargura ordainduko da, eta gainerakoa, 61.000.000 pezeta (366.617,38 euro), 2002ko aurrekontuko kontusailaren kargura.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A0107658