96. ALDIZKARIA - 2001eko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

186/2001 FORU DEKRETUA, uztailaren 2koa, "NA-214 errepidea egokitu eta zabaltzea, Nabaskoze-Burgi, tartea: Nabaskoze-Las Coronasko gaina" proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena.

Herrilan zuzendari nagusiak, martxoaren 2an emandako 201/2001 Ebazpenaren bidez, onespen teknikoa eman zion "NA-214 errepidea egokitu eta zabaltzea, Nabaskoze-Burgi, tartea: Nabaskoze-Las Coronasko gaina" izeneko proiektuari eta jendaurrean jarri zuen, 2001eko apirilaren 2an, hark ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda.

Errepide horretan bazterbideak egin behar dira eta bihurguneak oinplanoan eta altxaerako trazadura hobetu, zoladurari drainatze egokia paratu behar zaio.

Aukeratu den konponbideak Nabaskozen du abiapuntua, Las Coronas gaineranzko norabidean, eta eskuin aldean 1+700 k.p.raino zabaltzen da; zabalguneak hurrena ezker aldetik jarraitzen du 2+700 k.p.raino, eta beste aldera aldatzen da 3+100 k.p.raino, eta horrela tarteka jarraitzen du, zenbait zabalgune aldatuz eta aldabide txikiekin 6+417 k.p.raino, hori baitu tartearen bukaera eta bat baitator Las Coronas gaina-Burgi tartearen hasiera egokituarekin.

Zeharkako sekzioa honela geldituko da: 6 metroko galtzada eta metro 1eko bazterbidea alde bietan. Errepideak hartzen duen trafikorako (110 ibilgailu, horietatik % 0,9 astunak) nahikoa da, baita bide-tarte osoa hobetu ondoren, handitzea espero den trafikorako ere.

Ukituriko zerbitzuei dagokienez, berriz, lur gaineko telefono linea bat lehen zegoen bezala jarri beharra dago berriro.

Inguruko paisaiarekikoak kontuan hartu dira, obra egindakoan itxura atsegina izan dezan: horretarako, trazaduraren eitea landaketen bidez itxuratu da eta aldabideen bitartez paisajea berreskuratu egin da eta zabortegiak moldatu dira.

Errepidearen gaur eguneko trazadura eta zabaltasuna ikusirik eta horiek dakarten arrisku agerikoaz jabetuta, bidezko da obrak ahalik eta azkarren hastea. Xede horrekin, eta behar diren lurrak erosteko tramiteak arintzeko, beharrezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko 52. artikuluan xedatutakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko uztailaren bian egindako bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. "NA-214 errepidea egokitu eta zabaltzea, Nabaskoze-Burgi, tartea: Nabaskoze-Las Coronasko gaina" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

2. artikulua. Ukitutako ondasun eta eskubideak erosteko aurreikusten den gastua (laguntza teknikoa barne) ondokoa dela ezartzea: 4.500.000 pezeta (27.045,54 euro). Diru kopuru horretatik 1.000.000 pezeta (6.010,12 euro) 2001eko gastuetako aurrekontuko "Azpiegituretarako lurren desjabetzapenak" izeneko 611000-61340-6001-513400 kontusailaren kargura ordainduko da, eta gainerakoa, 3.500.000 pezeta (21.035,42 euro), 2002ko aurrekontuko kontusailaren kargura.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A0107657