96. ALDIZKARIA - 2001eko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

221/2001 FORU AGINDUA, ekainaren 13koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, 2001-2002 ikasturtean eskola garraioak izan behar duen funtzionamendu eta antolaketako jarraibideak ematen dituena.

Kontuan harturik martxoaren 13ko 69/1995, martxoaren 13ko 150/1996 eta martxoaren 30eko 109/1998 Foru Dekretuen bidez onetsi den Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe sarearen berrantolamendua eta, ikusirik, eskola garraio zerbitzua geroz eta jendetsuagoa eta konplexuagoa dela, beharrezkoa da Hezkuntza eta Kultura Departamentuak jarduketa horren ildo nagusiak eta irizpideak zehaztea, 2001-02 ikasturtean eskola garraioak izan behar duen funtzionamendu eta antolaketari buruzko jarraibideak emateko.

Gauzak horrela, Foru Agindu honek mugatu nahi du, lehenik, eskola garraioaren zerbitzuaz balia daitezkeen ikasleak zein diren, egiten dituzten ikasketetatik eta eskolatuak dauden ikastetxeetatik abiatuz, betiere kontuan harturik aipatu foru dekretuek ezarri duten eskola zonifikazio berria, eta alde batera utzita beste hezkuntza programa batzuen bitartez zerbitzu hau jasotzen duten ikasleak, esate baterako, beka eta laguntza deialdiak, osabidezko hezkuntza, euskara, e.a. Halaber, zerbitzu hori nola emanen den zehaztu da, hots, batetik garraio antolatua eta bestetik banan-banako laguntzak.

Horretaz gainera, Foru Agindu honek kontuan hartzen du derrigorrezkoak ez diren ikasketetako ikasleen garraio zerbitzua guraso elkarteekin eta bestelako entitate sustatzaileekin batera antolatzea, hutsik gelditzen diren eserlekuekin zer egin, eta eskola garraioaren kudeaketa eta gainbegiraketaren inguruko hainbat alderdi ere lantzen ditu, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, eskola garraioa ezarri eta kudeatzeari buruzko eginkizunak betez, irakaskuntza ez- unibertsitarioetako eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu zituen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposaturik,

AGINDU DUT:

1. 2001-2002 ikasturtean eskola garraioak izan behar duen funtzionamendu eta antolaketako jarraibideak, Foru Agindu honetako I. eranskinean daudenak, onestea.

2. Foru Agindu honetan ezarritakoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

3. Foru Agindu hau eta eranskinak igortzea ikastetxe publiko interesatu guztietara, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraio Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Ikastetxeen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura eta Zerbitzu Osagarrien Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hamahiruan.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

I. ERANSKINA

Eskola garraioaren ikasle onuradunak.

1.1. Foru Agindu honetako neurrien xede behinena da Nafarroako Foru Komunitatean Nafarroako Gobernuaren menpe dauden ikastetxe publikoetan hurrengo atalean azaltzen diren ikasketak egiten ari diren ikasleen eskola garraioa bermatu edo laguntzea.

1.2. Neurri horietan sartzen dira ikasketa hauek: Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, bai eta Hezkuntza Bereziko, Lanbide Heziketa Bereziko eta Lanbide Hastapen Bereziko Programetako ikastetxe eta unitate berariazkoetan egiten diren ikasketak ere.

1.3. Zerbitzu osagarri hau jasotzeko eskubidea dute aurreko bi ataletan zehaztu baldintzak bete eta, Nafarroako Gobernuak martxoaren 13ko 69/1995, martxoaren 13ko 150/1996 eta martxoaren 30eko 109/1998 Foru Dekretuen bidez ezarri zuen eskola zonifikazioaren arabera, dagokien ikastetxe publikoan eskolatuak dauden ikasleek, betiere ikastetxe hori ikaslearen ohiko bizilekua ez den beste herri batean baldin badago.

1.4. Salbuespen gisa, Departamentuak ezarri duenaren arabera, hizkuntza eredu desberdinetan araubide orokorreko ikasketak emateko lehentasuna duten ikastetxe publikoetan eskolatzen diren ikasleak ere sartuak egonen dira aurreko puntu horretan, baita entzun eta mugitzeko ezintasuna dutenen integraziorako lehentasuneko ikastetxe publikoetan eskolatzen direnak ere, nahiz eta ikaslea ikastetxea kokatua dagoen herri berean bizi.

1.5. Era berean, eskola garraioaren onuradun izanen dira, Hezkuntzako Administrazioaren eskariz kasuan kasuko mailako lehen kurtsoko ikasketak eskola zonifikazioaren arabera ez dagokien ikastetxe batean hasi dituzten ikasleak, baita hautaturiko hezkuntza-eskaintza dagokien ikastetxean, aldean edo barrutian ez izateagatik, beste ikastetxe batera -barruti berekora nahiz beste batekora- joan behar izan duten ikasleak.

1.6. Ohiz kanpo bada ere, eskola garraioaren onuradun izan daitezke, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren proposamen arrazoituarekin bat, aipatu den eskola zonifikazioaren arabera dagokien ikastetxea ez den batean eskolatutako ikasleak.

1.7. Eskolatzeko jarduketa berezien menpe dauden ikasleen garraiorako laguntzak alde batera gelditzen dira, hau da, Osabidezko Hezkuntzako programakoak, beka eta laguntza deialdietakoak, Euskara Zerbitzukoak, e.a, izan ere, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren beste bide batzuetatik jasotzen baitute laguntza.

Halaber, Lanbide Tailerretako, H.O.H.I.P.ko eta N.H.B.H.I.ko ikasleei, hala nola ikasturtea hasten den urte naturalean 18 urte baino gehiago (21 baino gehiago Hezkuntza Berezian) betetzen dituztenei, ez zaie laguntzarik emanen.

2. Garraio motak.

2.1. Foru Agindu honen 1. puntuan adierazi diren ikasleendako eskola garraio zerbitzua bi modutakoa izan daiteke: Hezkuntza eta Kultura Departamentuak antolatu, kudeatu eta finantzatua, edo garraiorako banakako laguntzak.

2.2. Distantziek, bideen trazadurak eta egokitasunak, ikasle kopuruak eta ikastetxeen ordutegien koordinazioak ahalbidetzen badute, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak berak antolatu, kudeatu eta finantzatuko du eskola garraio kolektiboa.

Oro har, ez da antolatuko edo kudeatuko eskola garraio kolektiborik ikaslearen bizilekuari dagokion eskola barrutia ez den batean kokaturiko ikastetxe baterako.

Oro har, ez da antolatuko edo kudeatuko eskola garraio kolektiborik 3 km-tik beherako ibilbideetan, salbuespenezko kasuak izan ezik, edo bestelako garraio biderik baldin badago.

2.3. Aipatu egoera horiek suertatzen ez badira, Departamentuak banakako dirulaguntzen ohiko sistemaren bidez jarraituko du zerbitzu horren ardura izaten, Foru Agindu honen 3. puntuan ezartzen diren baldintzen arabera.

2.4. Nolanahi den ere, ikasleen hiriarteko garraioa baino ez da lagunduko, hau da, ikaslearen ohiko bizitokia ez den herri batean dagoen ikastetxera joateko erabiltzen dena, Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetan eskolatutako ikasleendako eta Foru Agindu honen 1.4 eta 1.6. ataletan aipatutako ikasleendako antolatua izan ezik.

3. Banakako dirulaguntzak ematea.

3.1. Foru Agindu honetako 1. puntuak aipatzen dituen ikastetxe eta mailetan eskolatuak dauden ikasleek jaso ditzakete garraiorako banakako dirulaguntzak, beharkizun hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Gobernua titular duen eta etxebizitzatik hurbilen dagoen ikastetxean matrikulatua egotea, bakoitzari dagokion alde eta barrutian (1. puntuan adierazi salbuespenekin), eskatutako laguntzak eragina izan behar duen ikasturtean.

b) Eguneroko edo asteroko joan-etorriak egin behar izatea ikastetxera.

c) Ikaslearen etxetik eskola garraio antolatuaren geltokirik hurbilenera edo matrikulatuta dagoen ikastetxera bi kilometro edo gehiago izatea.

d) Ikasleak bizilekua duen herrian ikasketak egiterik ez izatea, bere ikasketak ematen dituen ikastetxe publikorik edo horietan ikaspostu hutsik ez egoteagatik.

3.2. 2001-2002 ikasturterako laguntza motak eta horien zenbatekoak honakoak izanen dira:

a) Bidaiarien garraio zerbitzu erregularra erabil dezaketen ikasleak: txartelaren prezioa.

b) Garraio zerbitzu erregularra hartzea ezinezkoa duten ikasleak: familia edo herri berekoak badira ibilgailu bakarrean joan beharko dute, baimendutako eserleku kopurua bete arte. Laguntzaren zenbatekoa finkatuko da ikaslearen etxetik ikastetxea edo ikasleen autobus geltokirik hurbileneraino dauden kilometroen arabera, honako kilometro eskala kontuan harturik:

.Ikasle bat:

10 kilometro bitarte: 64.260 pezeta (386,21 euro).

10 baino gehiago eta 20 kilometro bitarte: 90.066 pezeta (541,31 euro).

20 baino gehiago eta 30 kilometro bitarte: 126.480 pezeta (760,16 euro).

30 kilometro baino gehiago: 176.970 pezeta (1063,61 euro).

.Bi ikasle:

10 kilometro bitarte: 49.980 pezeta (300,38 euro).

10 baino gehiago eta 20 kilometro bitarte: 70.584 pezeta (424,22 euro).

20 baino gehiago eta 30 kilometro bitarte: 98.532 pezeta (592,19 euro).

30 kilometro baino gehiago: 138.006 pezeta (829,43 euro).

.Hiru ikasle edo gehiago:

10 kilometro bitarte: 36.720 pezeta (220,69 euro).

10 baino gehiago eta 20 kilometro bitarte: 51.612 pezeta (310,19 euro).

20 baino gehiago eta 30 kilometro bitarte: 71.604 pezeta (430,35 euro).

30 kilometro baino gehiago: 100.674 pezeta (605,06 euro).

Aipatu diru kopuruak ikasturte eta ikasleko emanen dira.

Distantzia, laguntza hauek ematerakoan, ikaslearen etxeari dagokion hirigunetik ikastetxeraino edo hurbilen dagoen ikasleen autobus geltokiraino neurtuko da, hurrenez hurren. Populazio barreiatuaren, baserrien kasuan, distantzia ikaslearen etxetik bertatik hasita kontatuko da.

c) Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak txostena eman ondoren, beste laguntza osagarri batzuk ezarri ahalko ditu, zenbait ikasleren eskolatze prozesuan gerta daitezkeen gorabehera berezien arabera.

3.3. Dirulaguntzak ikasleak eskolaturik dauden ikastetxe publikoen bidez eskatuko dira. Horretarako, Foru Agindu honen II. eranskinean azaltzen den eredua erabili beharko dute; ikastetxeek Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Zerbitzu Osagarrien Bulegoan eskuratuko dute eskabide eredua. Dirulaguntza horiek har ditzaketen ikasleendako laguntza eskabideak eta eskubide hori egiaztatzeko agiriak Bulego horretara bidali beharko dituzte, 2001ko urriaren 19a baino lehen, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek. Nahitaezko betebeharra da eskaerarekin batera ikaslearen bizileku-ziurtagiria, herriko Udalak luzatua, aurkeztea.

Ikastetxeek bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, Zerbitzu Osagarrien Bulegoak emandako dirulaguntzak ordainduko ditu.

Ordainketa ikastetxeetara igorri ondoren, ikastetxe horiek ikasleen familiei ordainduko diete. Ikastetxeek ordainketa hori justifikatuko dute Zerbitzu Osagarrien Bulegoan.

4. Laguntzaileak.

4.1. Ikastetxe publikoetako eskola garraioko laguntzaileen zerbitzua ezarri da, bederatzi leku baino gehiago izanik, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta/edo Lehen Hezkuntzako eta/edo Hezkuntza Bereziko ikasleak eramaten dituzten ibilgailuetarako.

Ibilbide eta ibilgailu bakoitzeko laguntzaile bat egonen da, adinez nagusia izanen dena, lan horretarako egokia, gidaria ez dena, zerbitzua antolatzen duen entitateak kreditatua, garraiolariak kredita dezan itundu denean salbu.

Laguntzailea kreditatzeak ez du inola ere lan harremanik sortuko zerbitzua antolatzen duen entitatearekin.

Laguntzaileak ibilgailuaren segurtasunerako mekanismoek nola funtzionatzen duten jakinen du eta bere eserlekua erdiko edo atzeko zerbitzu-atearen ondoan egonen da.

4.2. Laguntzailearen eginkizunak.

Ikasleak garraioan zaintzeak ondoko eginbeharrak ekarriko ditu:

a) Ikasleak ikastetxetik hartzea eta ikastetxera laguntzea. Lan horretan, ikastetxeko Zerbitzu Osagarrien Planean eginkizun horretarako ezarritako irakasleen laguntza izanen du, Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa garatzen duen uztailaren 16ko 257/1998 Foru Aginduko 7. artikuluan eta Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa garatzen duen uztailaren 16ko 258/1998 Foru Aginduko 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

b) Ikasleak finkaturiko geltokietan igo eta jaisten direla kontrolatzea, ikastetxeak emanen dien zerrendaren arabera.

c) Zerbitzua zerrendan ageri diren ikasleek bakarrik erabiltzen dutela begiratzea.

d) Mugikortasun murriztua duten ikasleei laguntza ematea autobusera igotzeko eta autobusetik jaisteko.

e) Ikasleei eserlekuak adjudikatzea, kontuan harturik haien adina, nongoak diren edo bidezkotzat jotzen diren bestelako irizpideak.

f) Autobusa abiatu baino lehen ikasle guztiak eserita daudela egiaztatzea.

g) Eskolako materialak (bizkar-zorroak, karterak, karpetak.) dagozkien lekuan daudela eta ibilbidean haurrentzako arriskurik sortuko ez dutela egiaztatzea.

h) Ikasleak ongi portatzen direla begiratzea, borrokarik, eztabaidarik eta jokabide txarrik gabe.

i) Ikastetxeko zuzendaritzari ikasleen diziplinako hutsegiteen berri ematea, horrelakorik balego.

j) Eramaten diren ikasleen kopuruari, atzerapenei edo zerbitzuaren beste edozein alderdiri dagokionez aldaketarik baldin badago, haren berri ematea ikastetxeko zuzendaritzari.

k) Garraioaren arduradunei laguntza ematea zerbitzua hobetzeko datuak hartu eta kontrolatzeko.

l) Segurtasuna hobetzeko zuzendaritzak ematen dion beste edozein eginkizun.

5. Ibilbideak, geltokiak eta bidaiaren gehieneko iraupena.

Apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

6. Garraioaren plangintza bateratua.

6.1. Eskola garraio kolektiboaren antolaketa eta finantzaziorako dauden baliabideak ahalik eta hobekien erabiltzeko asmoz, zerbitzua beste entitate sustatzaile batzuekin batera antolatu ahalko da, udalekin eta ikastetxe publikoetako ikasleen guraso elkarteekin esate baterako. Horretarako, kudeaketa aginduak edo hitzarmenak sinatuko dira, lehenengo kasuan, eta lankidetza hitzarmenak bigarrenean.

Lehenbiziko kasuan, hau da, garraioa udalekin batera antolatuz gero, kudeaketa agintzeko dagokion lankidetza hitzarmena sinatuko da udalen eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren artean. Hitzarmen horietan udal interesatuari edo kasuan kasuko udal partzuergoari eskola garraioa antolatu, kudeatu eta kontratatzeko eskatu ahalko zaio.

Bigarren kasuan (ikasleen guraso elkarteekin batera), Hezkuntza Departamentuak antolatzen duen garraioa osatzeko hitzarmenak sinatuko dira.

6.2. Eskola garraioaren antolaketa bateratua egitea erabaki ahalko da ondoren aipatzen diren egoeretan:

a) Herri berean eta/edo garraio ibilbide berean, eskola garraiorako bi zerbitzu izatea: bata, Foru Agindu honen 1.2. idatz-zatian agertzen diren ikasketetarako, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak antolatua, eta beste bat Gurasoen Elkarteek edo beste entitate sustatzaile batzuek antolatua derrigorrezkoen ondoko ikasketa ez- unibertsitarioetarako (LOGSE Batxilergoa, Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloak, Lanbide Hastapeneko Programak eta Arte Eskoletako Espezialitate kurtsoak).

b) Ikastetxeetan sartu eta irteteko orduak bateragarriak izatea.

6.3. Eskola garraio bateratua antolatzeko akordioak, gutxienez, ondoko oinarrizko alderdi hauek bildu beharko ditu:

a) Hitzarmena sinatzen duen alde bakoitzak jarri beharreko ibilgailuen kopuru eta ezaugarriak eta bakoitzari dagozkion eserlekuak.

Alde bakoitzak jartzen dituen eserlekuak edozein hezkuntza mailatako ikasleek bete ditzakete, baldin eta akordioaren esparruan sartzen badira.

b) Ibilbide eta orduak eta ibilgailuen gelditokiak.

c) Doako garraio zerbitzurako eskubiderik ez duten ikasleek ordaindu beharreko kuotak. Halaber, kuotak ordaintzeko moduak zehaztuko dira.

Erabiltzaileek ordaindu beharreko kostua entitate sustatzaileek finkatuko dute, herrietatik ikastetxera dagoen distantziaren arabera.

Kuotaren zenbatekoa zerbitzua ematen hasi aitzin finkatuko da, erabiltzen den ibilgailua bat edo beste izan. Prezio hori ezin izanen da ibilbide hori bera bidaiarien garraio erregularrean kostatuko litzatekeena baino garestiagoa, inolaz ere.

Derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko ikasleek dagozkien kuotak ordaindu ondoren, garraio zerbitzua defizitarioa bada, dela ikasle gutxi dagoelako, dela herriak oso sakabanatuta daudelako, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak bere gain hartuko du defizita, hau da, garraioaren kostu errealaren eta zerbitzu hori bidaiari- garraio erregularrean kostako litzatekeenaren arteko diferentzia ordainduko du.

Ibilbide erregularrik ez badago, kostua kalkulatzeko honako eragiketa eginen da: eskola-egunen kopurua bider egunero egiten den kilometro kopurua eta kilometro bakoitzerako ezarritako prezioa. 2001/2002 ikasturterako prezioa 10 pezetakoa izanen da kilometro bakoitzeko (0,060 euro).

Doako garraio zerbitzurako eskubidea duten ikasleek ez dute kontzeptu horrengatik ezer ere ordaindu beharko, edozein izanik ere bidaia egiteko ibilgailua.

6.4. Ikasleen eskola garraiorako antolaketa bateratua 6.2.a) atalean aipatu mailetako ikasleendako garraio kolektiboa sustatzen duten entitateek eskatu beharko dute, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Zerbitzu Osagarrien Bulegora zuzendutako eskariaren bidez, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasita 20 egun balioduneko epean gehienez ere.

Eskari horrekin batean ikastetxeko ikasleen zerrenda izenduna aurkeztu beharko da, eta zein kurtso eta mailatan dauden eta zein helbide duten jarri beharko da.

Hitzarmena sinatzen duten alderdien kontura izanen da kontratua gauzatzea eta kasuan kasuko enpresei ordaintzeko bidea finkatzea.

Hilabeteko epean antolaketa bateraturako eskabideari erantzun berariazkoa ematen ez bazaio, ezetsitzat joko da.

Prozesu honetan guztian entitate sustatzaileen laguntzaz antolatutako eskola garraioa erabiltzen duten ikasleak hartzen dituzten ikastetxeek behar bezalako laguntza eman beharko diete entitate sustatzaileei, administrazio izapidaketa egiteko. Hori guztia kasuan kasuko hitzarmen edo akordioan egoki erregistratu beharko da.

7. Eserleku hutsak erabiltzea.

7.1. Ondorio horietarako eserleku hutsa izanen da Hezkuntza eta Kultura Departamentuak kontratatu eta finantzatutako ibilgailuetan doako garraioa izateko eskubidea duten ikasleek betetzen ez dutena.

7.2. Garraioa guraso elkarteekin, udalekin edo bestelako entitateekin batera antolatzen duten ikastetxe publikoetan ez dira kontuan hartuko autobus kontratatuetan hutsik gelditzen diren tokiak, izan ere, toki horiek baterako plangintza egin duten entitate sustatzaileen esku jarriko baitira.

7.3. Bete gabe gelditzen diren eserlekuak erabiltzeko eskaerak, Foru Agindu honen III. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko Zerbitzu Osagarrien Bulegoan aurkeztuko dira, ikasleen ikastetxeen bitartez, irailaren 28a baino lehen garraio zerbitzua Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek baizik erabiltzen ez duten kasuetan, eta urriaren 5a baino lehen gainerako zerbitzuen kasuan.

Zerbitzua erabili nahi duten ikasleen kopurua hutsik dauden eserlekuak baino handiagoa denean, lehentasun irizpide hauen arabera esleituko dira:

1. Garraioari dagokion ikastetxe publikoan eskolatutako ikasleak. Horien artean, lehentasuna izanen dute honako egoeraren batean dauden ikasleek, hemen agertzen diren ordena berean:

a) Bidaiari-garraio erregularrik ez duten herrietako ikasleak, herritik ikastetxera 3 kilometro baino gehiago baldin badago.

b) Garraio zerbitzu erregularra duten herrietan, helbidearen eta ikastetxearen arteko distantzia hartuko da kontuan.

c) 2000/2001 ikasturtean Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren deialdian beka jaso duten ikasleak.

2. Beste ikastetxe publiko batzuetan eskolatutako ikasleak. Berdinketa suertatuz gero, aurreko ataletan aplikatu beharreko lehentasun irizpide berberak erabiliko dira.

3. Ikastetxe itunduetan edo diruz lagunduetan eskolatutako ikasleak. Kasu honetan lehentasuna izanen dute irakaskuntzako beheko kurtso eta mailetan dauden ikasleek eta, horien artean, ikastetxea beren etxetik urrutien duten ikasleek, eta horien artean, 2000-2001 ikasturtean Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren beka izan dutenek.

7.4. Ikasleak ibilgailuetara igotzeko tokiak Departamentuak sinaturiko kontratuen pleguetan aipatzen diren geldiuneak izanen dira, eta orduak plegu horietan beretan aurreikusten direnak.

7.5. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak ebatziko ditu eskabideak, eta horren berri emanen die ikastetxeei eta dagokion garraio enpresari.

Aipatu epe horietatik kanpo aurkezten diren eskaerak onartuak izanen dira baldin eta ezarritako epearen barruan aurkeztutakoak ebatzi ondoren leku hutsik gelditzen bada. Kasu horretan, ez dira lehentasun irizpideak aplikatuko, eskaera aurkezteko hurrenkera baizik.

Bi hilabeteko epean eskabideari berariazko erantzuna ematen ez bazaio, ezetsitzat joko da.

Baimena eman ondoren, ikasturte horretarako baizik ez du balioko eta, hortaz, ezin daiteke ondorioztatu hurrengo ikasturteetarako automatikoki berrituko denik.

8. Ordutegien koordinazioa.

8.1. Eskola Kontseiluek, garraio zerbitzuaren enpresa esleipen-hartzaileekin bat etorriz, Hezkuntza eta Kultura Departamentura bidali ahalko dituzte ikasleendako garraio zerbitzuaren ordu eta ibilbideei buruzko proposamenak.

8.2. Ikastetxeetako arduradunek kontuan edukiko dute eskolako egutegiak egiteko arauetan ezarritakoa, eskola garraioaren funtzionamendu egokirako ordutegien koordinazioaren gainean.

9. Eskola garraioa kudeatu eta gainbegiratzea.

9.1. Baimena eman zaio Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari behar diren kudeaketak egin ditzan, hala Foru Agindu honetan xedatutakoa garatzeko, nola 2001-2002 ikasturtean ikasleak eskolatzearen ondorioz gerta daitezkeen aldaketez arduratzeko. Aldaketa horiei buruz behar diren txostenak egin beharko dira.

9.2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuari dagokio, bere administrazio organo eskudunen bitartez, eskola garraioaren funtzionamendua ikuskatu eta gainbegiratzea, beste Departamentuen eskumenak deusetan galarazi gabe.

Ahalmena eman zaie ikastetxeetako zuzendaritza taldeei enpresa esleipen-hartzaileek zerbitzua behar bezala ematen ote duten begiratzeko. Horrela, akatsen bat atzemanez gero enpresei ohartarazteko ahalmena izanen dute, bai eta eguneroko garraioan gertatzen diren gorabehera txikiak konpontzeko ahalmena ere.

Garraio zerbitzua erabiltzen duen ikastetxean gorabeheren liburu bat egonen da, garraiolariak, laguntzaileak, garraioaren ardura duen irakasleak edo hezkuntza komunitateko bestelako estamentuen ordezkariek garraioari buruzko inguruabarren berri eman dezaten. Liburu hori ikastetxeko Zuzendaritzan gordeko da.

Indarra duten arauetan edo garraio kontratuen klausuletan ezarritakoa hausten duten akatsak antzematen baldin badira zerbitzuan, ikastetxeko zuzendariak edo Foru Administrazioak horretarako izendatzen duen ikuskatzaileak ahoz azalduko dizkio kontratistaren ordezkariari.

Akatsak zuzentzen ez badira, ikastetxeko zuzendariak horien akta eginen du eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura eta ikastetxeko ikuskatzaileari igorriko; azken horrek txosten bat eginen du aipatu Zerbitzura bidaltzeko. Horrela, dagozkion kalte-ordainak eskatu ahalko dira.

Aurreko lerroaldean ezarritakoaren ondorioetarako, kontratua bertan behera utzi ahalko da baldin eta ikastetxeko zuzendariak ez-betetzeari buruzko hiru akta egiten baditu edo hezkuntzako ikuskatzaileak Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura bi txosten igortzen baditu.

9.3. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak gainbegiratuko du eskola garraioaren funtzionamendua. Horrek begiratuko du, ikasleen garraioari dagokionez, Foru Agindu honetan eta 2001-2002 ikasturterako eskolako egutegi, ordutegi eta jarraibideei buruzko xedapenetan ezarritakoa zuzen betetzen ote den, arlo honetan Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak dituen ahalmenak galarazi gabe.

10. Hezkuntza zuzendari nagusiari ahalmena eman zaio Foru Agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

II. ERANSKINA

Eskola garraiorako banakako laguntzak

2001-02 ikasturtean eskola garraiorako banakako laguntza jasotzeko eskaera, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren .......aren ....eko .../2001 Foru Aginduarekin bat.

I.-Ikaslearen datuak:

Izen-deiturak

Helbidea

Herria

2001-02 ikasturtean egin behar dituen ikasketak

Ikastetxea

Ikastetxearen herria

II.-Laguntza emateko datuak:

Garraio mota:

f Linea erregularreko autobusa, eguneko txartelaren kostua

f Auto partikularra; etxetik ikastetxera ............. km edo etxetik autobus geltoki hurbilenera .............. kilometro.

f Taxia, eguneko zerbitzuaren kostua

f Beste bat (zehaztu)

Auto partikularrean honako ikasle hauekin joaten da:

1.-

2.-

3.-

III.-Etxetik eskolako autobusa hartzeko geltokira edo eskolatua dagoen ikastetxera zenbat kilometro dagoen:

f 10 kilometro bitarte

f 10 kilometro baino gehiago eta 20 kilometro bitarte

f 20 kilometro baino gehiago eta 30 kilometro bitarte

f 30 kilometro baino gehiago

IV.-Erantsi diren agiriak:

f Ikaslearen bizileku-ziurtagiria, bere herriko Udalak luzatua. (nahitaezko betebeharra)

III. ERANSKINA

Eserleku hutsak eskola garraioan

2001-2002 ikasturtean eskola garraioko eserleku hutsak erabiltzeko baimen eskaera, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren ......aren ....eko .../2001 Foru Aginduarekin bat.

I.-Ikaslearen datuak:

Izen-deiturak

Helbidea

Herria

2001-02 ikasturtean egin behar dituen ikasketak

Ikastetxea

Ikastetxearen herria

f Publikoa

f Itundua edo diruz lagundua

f Pribatua

II.-Eserleku hutsa erabiltzeko baimena zein garraio ibilbidetarako eskatzen den:

Zein ikastetxe eta herritara joaten den:

MECen beka izan du 00-01 ikasturtean?

f BAI

f EZ

III.-Oharrak:

IV.-Erantsi diren agiriak:

f Ikaslearen bizileku-ziurtagiria, bere herriko Udalak luzatua.

Iragarkiaren kodea: a0106490