95. ALDIZKARIA - 2001eko abuztuaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A L T S A S U

Euskararen erabilera normalizatzeko udal ordenantza

Altsasuko Udalak, 2001eko maiatzaren 25ean egin osoko bilkuran, gehiengoz onetsi zuen Euskararen ordenantza.

Altsasun, bi mila eta bateko uztailaren hemezortzian. Jarduneko alkatea, sinadura ulertezina.

EUSKARAREN ERABILERA NORMALIZATZEKO UDAL ORDENANTZA

1.-Aplikazio esparrua.

1. artikulua. Altsasuko Udalak eta bere menpe dauden erakundeek, bai bere barne funtzionamenduan bai herritarrekiko edo organismo eta erakunde guztiekiko harremanetan, euskara erabiliko dute, aplikazio orokorrerako eman den eta indarrean dagoen legeko nahiz ordenantza honetako xedapenen arabera, azken helburua euskararen erabilera normalizatzea baita.

2.-Hizkuntzen erabilera orokorra.

2. artikulua. Altsasuko Udalak euskara eta gaztelania erabiliko ditu, ahoz nahiz idatziz, barneko jarduera administratiboetan eta bere harremanetan, ondoren zehazten den modura.

3.-Barne erabilera.

3. artikulua. Izaera administratiboko barne jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz izanen dira (elebitasun normalizatzailea, hots, euskarari lehentasuna ematen dion forma elebiduna).

4. artikulua. Udalak eta bere menpeko organismoek erabiltzen dituzten barne inprimaki guztiak euskaraz eta gaztelaniaz inprimatuko dira.

5. artikulua.

5.1. Bulego nahiz lan geletako errotuluak eta antzeko beste adierazleak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira.

5.2. Orrien idazpuruak, gomazko zigiluak, tinbre- zigiluak eta antzeko beste elementuak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira.

6. artikulua. Ordenagailuen programek eta udal bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok, ahal den neurrian, euskaraz eta gaztelaniaz funtziona dezaten egokituta egon behar dute.

4.-Erakundeekiko harremanak.

7. artikulua. Altsasuko Udalak euskara hizkuntza ofiziala duten eremuetako beste administrazio publikoei nahiz erakunde ofizialei zuzentzen dizkien agiriak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita bidaliko ditu; edo euskara hutsez, horietako batek horrela eskatzen badu.

8. artikulua. Euskara ofiziala ez den eremuetako administrazio publikoei nahiz erakunde ofizialei zuzendurik daudenean, euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira udal agiri guztiak.

9. artikulua. Aurreko artikuluan aipaturiko administrazioek nahiz erakunde ofizialek Altsasuko Udalari zuzendutako agiriak lurraldean lurraldeko hizkuntza ofizialetan idatzirik onartuko dira, betiere baldin eta euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.

5.-Administratuekiko harremanak.

10. artikulua. Altsasuko Udalak edozein herritako pertsona fisiko nahiz juridikoei zuzentzen dizkien komunikazio eta jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz (elebitasun normalizatzailean) izanen dira. Herritarren batek horrela eskatuz gero, euskaraz bakarrik emanen zaio.

11. artikulua. Udal administrazioak euskaraz nahiz gaztelaniaz onartuko ditu zuzentzen zaizkion pertsona fisikoen komunikazioak, baita, hala dagokionean, berriemailearen lurraldeko beste hizkuntza ofizialean eginikoak ere, ordenantza honetako 9.artikuluan xedatutakoa betez.

12. artikulua. Herritarrei eskaintzen zaizkien inprimakiak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira. Inork horrela eskatuz gero, euskaraz bakarrik emanen zaizkio. Jende guztiak du, bestalde, bi hizkuntzetatik edozeinetan betetzeko eskubidea.

13. artikulua. Espedienteen kopiak euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira; interesatuak horrela eskatuz gero, euskaraz bakarrik.

14. artikulua. Udal langileak, normalean, euskaraz zuzenduko zaizkie herritarrei bere ahozko harremanetan. Hala ere, herritarrek ondoren egiten duten ahozko hizkuntzaren aukera librea errespetatuko dute jarraitzerakoan.

15. artikulua. Udalak izenpetzen dituen kontratazio oro euskaraz eta gaztelaniaz idatziak izanen dira.

6.-Erakunde pribatuekiko zein hirugarren pertsonekiko harremanak

16. artikulua. Altsasuko Udalak hirugarren batzuei eskatzen dizkien ikerlanak, proiektuak eta antzekoak, euskaraz eta gaztelaniaz erredaktatuko dira eta horrela entregatu behar dizkiote Udalari.

17. artikulua. Altsasuko Udalaren kontura ari diren esleipendun eta emakidadun enpresek, baita ustiapen mistokoek ere, ordenantza honek ezartzen dituen irizpideen arabera erabiliko dute euskara, eta horrelaxe jakinaraziko da zehatz-mehatz kontratuko agirietan.

7.-Ohar, argitalpen eta jarduera publikoak.

18. artikulua. Altsasuko udal administrazioaren eta bere menpe dauden erakundeen xedapenak euskarari lehentasuna emanen dion forma elebidunean argitaratuko dira.

19. artikulua. Aldizkariak, kartelak eta oro har, Altsasuko Udalaren argitalpen guztiak euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira.

20. artikulua. Altsasuko Udalak bai ahoz bai idatziz herrian zabaltzen dituen ohar, iragarpen, bandoak eta abarrak euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira.

21. artikulua. Aurreko hiru artikuluetan aipatutakoak euskara hutsean argitaratuko dira, ekintza motak, bere inguruak edo hartzaileek hala eskatzen dutenean edota hala zor zaienean.

22. artikulua. Beren esanahi osoa piktogramaz adierazita gelditzen diren ohiko komunikazioak euskara hutsez jarriko dira.

8.-Erregistroak.

23. artikulua. Udaletxera sartzen diren nahiz udaletxetik ateratzen diren agiriak idatzita dauden hizkuntzan inskribatuko dira beti udal erregistroan.

9.-Langileen birziklapena.

24. artikulua. Altsasuko Udalaren helburua da gizarte izaera eta izaera orokorra duten administrazio zerbitzu eta unitate guztiak bi hizkuntzetan lanean jartzea eta euskaraz sartzen diren idazkiak euskaraz izapidatzea.

25. artikulua. Aurreko artikuluan markaturiko helburu hau lortzeak eskatzen du, aurretik, udal lanpostuetako hizkuntza eskakizunak zehaztea. Beraz, Euskara Zerbitzuak proposatu eta Euskara batzordeak aurkeztuko dizkio hizkuntza eskakizunak udalbatzari honek osoko bilkuran onets ditzan, eta indarrean egonen dira Ordenantza honen legezko onespena egiten denetik sei urteko epea amaitu arte. Hizkuntza eskakizunak onartutakoan, eranskin gisa gaineratuko zaizkio ordenantza honi.

26. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu helburua betetzeaz gain, Ordenantza honetan herritarrei aitortutako eskubideak eraginkorrak eta iraunkorrak izan daitezen, beharrezko neurriak hartuko ditu Udalak. Horretarako, beste zenbait neurriren artean, Udalak euskarazko ikastaro trinkoetara joateko baimena emanen die, administrazio atal bakoitzarekin adostasunean eta zerbitzuaren funtzionamendu egokiari kalterik egin gabe, bere eginbeharrak euskaraz betetzeko nahikoa ezagupen ez daukaten langile guztiei.

27. artikulua. Ordenantza honen arabera, Altsasuko udaletxean, euskara herritarra zerbitzatzeko hizkuntza ez ezik, laneko hizkuntza ere izanen denez, lanpostuei dagozkien hizkuntza eskakizunak jadanik betetzen dituzten langileek ahal den neurrian euskaraz eta gaztelaniaz eginen dute bere lana, eta berdin gainontzekoek, euskalduntze plangintzaren barnean, euskaldunduz doazen heinean.

28. artikulua. Altsasuko udaletxean lekualdaketaz, igoeraz nahiz beste edozein bidez hizkuntza perfila derrigorrezkoa duen lanpostu berri batera heltzeko, ezinbesteko baldintza da lanpostu horri dagokion hizkuntza eskakizuna betetzea. Horretarako, Udaleko plantilla organikoak berak jasoko du lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntza eskakizuna.

29. artikulua. Era berean, Altsasuko Udalak etorkizunean kontratatuko dituen langileek bere jarduera euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko gai izan behar dute. Beraz, Udalean eta Udalaren menpeko organismoetako lanpostuetan definitutako hizkuntza eskakizunak bete behar dituzte, lanpostuetan jardun ahal izateko.

30. artikulua. Euskararen ezagupena derrigorrezkoa ez den lanpostuetan euskara jakitea merezimendu gisa neurtuko da.

31. artikulua. Hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa duten Altsasuko udaletxeko lanpostuez, funtzionario nahiz lan- erregimenekoa izan, jabetu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatzea. Lanpostu hauetarako oposizioetan euskarazko proba lehena izanen da eta baztertzailea. Euskarazko proba gainditzen duen izangairik ez badago, plaza hutsik utzi eta berriz ere deialdia egin beharko du Udalak, edo beste probetako lehen izangaiari behin-behineko kontratua egin eta arrazoizko epea emanen dio lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiazta dezan. Epe horren buruan, langileak hizkuntza eskakizuna egiaztatzen badu, behin betiko kontratua eginen zaio. Bestela, kontratua deuseztatu eta lanpostua barne sustapenean bete edo beste deialdi publiko bat eginen da.

32. artikulua. Bajak, eszedentziak, eta abarrak ordezkatzeko, lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna izatea nahitaezkoa izanen da.

10.-Euskararen erabilera udalerrian.

33. artikulua. Hiru dira, Altsasuko udalerriko erabilerari dagokionez, Udalak bere gain hartzen dituen helburu nagusiak: euskaraz dakiten herritarren kopurua etengabe gehitzea, euskaraz dakitenen nahiz ikasten ari direnen euskararen erabilera gehitzea eta euskara gero eta gizarte-esparru zabalagoetara heda dadin lortzea.

Beraz, euskara sustatu eta gizartearen esparru guztietan haren erabilera normalizatzeko xedez, Altsasuko Udalak ahalegin berezia eginen du.

34. artikulua. Udalerriko toki-izenak Altsasuko Udalak finkatuko ditu (Euskaltzaindiak dioenaren arabera) eta forma ofiziala euskarazkoa izanen da.

Gatazkarik sortuz gero, udalbatzak Euskaltzaindiarekin batera hartuko du erabakia.

35. artikulua. Udal bulego eta zerbitzuetako errotulu, kartel eta beste adierazleak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira, euskarari lehentasuna emanez. Bere esanahi osoa piktogramen bidez adierazita gelditzen denean, euskara hutsean jarriko dira.

36. artikulua. Udalaren aginpidekoak diren bide publikoetako trafiko seinale eta iragarki oro euskaraz eta gaztelaniaz izanen dira, euskarari lehentasuna emanez.

37. artikulua. Altsasuko udalerrian abiapuntua edo geralekua duten garraio publikoetako inprimaki, ohar eta adierazpen guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egin daitezen, Udalak neurriak hartuko ditu, publizitatearen eta errotulazioaren alorretan bereziki eraginez.

38. artikulua.

38.1. artikulua. Euskara gizarte esparru guztietan eta publizitatean erabil dadin eta, oro har, gizarte bizitzan euskararen presentzia gehitu dadin, neurri egokiak hartuko ditu Udalak bere jarduera-esparruan.

38.2. artikulua. Kultur, kirol eta aisia elkarteei dirulaguntzak ematerakoan, Udalak gonbite eginen die diruz lagundutako jardun horietan argitaratzen dituzten idazki, iragarki, ohar eta propaganda, bai ahozkoa bai idatzizkoa, euskaraz eta gaztelaniaz idatzi eta ezagutzera eman ditzaten. Gonbite berdina eginen die udal instalazioak eta materialak erabiltzeko eta herriko festetan barrakak paratzeko baimena eskatzen dutenei. Gonbite horrekin batera, Udalak jakinaraziko die, behar izanez gero, Udaleko itzulpen zerbitzua bere eskura egonen dela.

39. artikulua. Euskaraz dakitenak euskaraz bizi ahal daitezen, gizarte bizitza euskalduntzeko saio bereziak eginen ditu Udalak, bai sektore desberdinak euskalduntzeko prozesuak bultzatuz, bai haur, gazte eta helduentzako euskarazko kultur eta aisia jarduerak antolatuz. Horri begira, Udaleko Kultur sailak, urteko plangintza egitean, kontuan hartuko ditu hizkuntza irizpideak eta Altsasuko egoera soziolinguistikoa, batez ere haur eta gazteei dagokienez.

Era berean, euskarazko sormena indartu eta euskaraz idatzi eta irakurtzeko zaletasuna sustatzeko xedez, Udalak bidezkotzat jotzen dituen ekintza guztiak eginen ditu: altsasuarrek euskaraz idatzitako lanak argitaratzeko dirulaguntzak direla, literatura lehiaketak direla, etab.

11.-Ordenantzaren segimendua eta hizkuntza normalizaziorako azpiegitura.

40. artikulua. Ordenantza honen aplikazio eta garapenerako etorkizunean har daitezkeen neurri teknikoen zuzendaritza eta jarraipenaz Udaleko Euskara Zerbitzua arduratuko da.

41. artikulua. Udaleko Euskara batzordea eztabaidarako elkargunea izanen da: Udalaren hizkuntza normalizazioaren jardunaren ardatzak finkatu eta berrikusteko irizpideak emateaz arduratuko da. Euskara Zerbitzu Teknikoak laguntza teknikoa eta beharrezko azpiegitura emanen dio.

42. artikulua. Euskara Zerbitzua izanen da euskaraz egindako lanaren prestaketaz, idazketaz eta gainbegiraketaz arduratuko dena, hala nola langileei jatorrizko dokumentuak euskaraz idazten lagunduko diena.

43. artikulua. Ordenantza honen aplikazio eta garapenean, eta hizkuntza normalizaziorako jardun orokorrean, hizkuntza politikaren eskumena duten erakundeekin elkarlanean arituko da Udala.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Altsasuko Udalak sortu edo bultzatzen dituen programa orotan hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegia kontuan hartu beharko da eta Euskara Zerbitzua izanen da euskararen normalizazioa bermatzeko udal zerbitzuak informatuko dituena.

Bigarrena.-Gainerako udal ordenantzek ordenantza hau bere egin beharko dute eta honek gainerakoak ere.

Hirugarrena.-Udalak, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Ordenantza honen emaitzen azterketa eta berrikuspena, indarrean sartu eta handik bost urtetara eginen du, lehenago berrikustea egoki ez bazaio iruditzen.

Laugarrena.-Ordenantza honen garapenerako beharrezkoak diren xedapenak hartu eta bultzatuko dituzte Udaleko organo betearazleek.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Baliorik gabe gelditzen dira Ordenantza honetan xedatutakoarekin bat ez datozen erabakiak, nahiz eta Ordenantza honen maila berekoak izan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean sartuko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzen den egunetik hamabost egun baliodun iragan ondoren. Ordenantza honen garapenerako Udal honek harremanak edukiko ditu Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiarekin nahiz beste instituzio eta erakundeekin.

Iragarkiaren kodea: A0107353