95. ALDIZKARIA - 2001eko abuztuaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

145/2001 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Lan eta Antolamenduaren Psikologiaren arloko praktiketako psikologoentzako lau lanpostu aldi baterako eta oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena. Foru Komunitateko Administraziokoa den Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan arituko dira.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 23ko 145/2001 Ebazpenaren bitartez, onetsi da Lan eta Antolamenduaren Psikologiaren arloko praktiketako psikologoentzako lau lanpostu aldi baterako betetzeko deialdia. Foru Komunitateko Administraziokoa den Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan arituko dira. Hona hemen

O I N A R R I A K

1. Lan eta Antolamenduaren Psikologiaren arloko praktiketako psikologoentzako lau lanpostu aldi baterako betetzeko deialdia egiten da. Foru Komunitateko Administraziokoa den Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan arituko dira. Deialdiaren oinarri otsailaren 21eko 62/1991 Foru Dekretua izanen da (1991-03-13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 31. zk.), haren bidez sortu baitzen psikologoek beren praktikak lan eta antolamenduaren arloan egiteko programa. Programaren helburua da psikologo graduatu-ondokoei ezagupen espezializatuak eta esperientzia praktikoa ematea, bai enpresa publikoan bai pribatuan dauden eskaerei buru eman ahal izateko.

Lanpostu horiek oposizio bidez beteko dira aldi baterako.

2. Hautatzen diren izangaiei praktiketako lan-kontratatua eginen zaie, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 11.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz (martxoaren 27ko 488/1998 Errege Dekretuak garatzen du era horretako kontratuetarako).

Hilabetero jasoko duten lansari gordina 260.201 pezetakoa izanen da. Ekainean eta abenduan aparteko soldataren hainbanaketa jasoko dute, lan egindako denboraren arabera. Aipatu diru kopuru gordina honako kontzeptu hauen arabera banatzen da: 192.741 pezeta, A taldeko oinarrizko soldata; eta 67.460 pezeta, bateraezintasuneko osagarria; hori guztia 2000ko azaroaren 27ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (143. zk.) argitara eman zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunentzako Enpresaz gaindiko Lan Hitzarmenaren arabera.

Lansari horiei, indarra duen Lan Hitzarmenaren 54.2 artikuluak ezartzen duenez, % 25a kendu zaie.

Kontratatuei alta emanen zaie eta afiliatu eginen dira Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean, eta beraz, beren kontura izanen dira dagozkien kuotak, bai eta PFEZren atxikipena ere.

Gainerako lan baldintzak kontratuetan zehaztuko dira, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunentzako lehen aipaturiko Lan Hitzarmenean itundutakoari jarraikiz, bai eta otsailaren 21eko 62/1991 Foru Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz ere.

3. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Psikologiako lizentziatu titulu ofizialaren jabe izatea, agintaritza espainiarrek luzatu edo homologatua.

b) Espainiar nazionalitatea edukitzea eta adinez nagusia izatea.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua ez izatea.

d) Bere eginkizunetan aritzea galaraz diezaiokeen eritasun eta akats fisiko edo psikikorik ez izatea.

e) Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 11.1 artikuluarekin bat etorriz, Psikologiako lizentziatu titulua eskuratzeko behar diren ikasketak amaituak izatea praktiketako kontratua (besterik ez bada, 2001eko azaroaren lehen hamabostaldian sinatzekoa) egin aitzineko lau urteen barrenean, soldaduska edo horren ordezko gizarte zerbitzuko aldia kenduta.

Izangai minusbaliatuen kasuan aurreko lerroaldean aurreikusitako epea sei urtekoa izanen da.

f) Oro har, praktiketako kontratua egiteko galdatzen diren baldintzak betetzea eta, bereziki, titulazio beragatik enpresa honetan zein beste batzuetan praktiketako kontratua eduki ez izana.

Izangaiek baldintza horiek bete beharko dituzte bai eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, bai hautapen prozedura osoan eta kontratua sinatu behar denean ere. Oinarrietako a) eta e) ataletan ageri diren baldintzak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangai guztiek eskaera aurkezteko une berean. Gainerakoak hautatzen diren izangaiek egiaztatuko dituzte, adierazten zaien unean, kontratua sinatu baino lehen.

4. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.a etorbidea, 2, 31002 Iruña), edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bideren bitartez, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean. Azken eguna balioduna ez bada, hurrengo egun balioduneko ordu berean amaituko da epea.

Eskabideak deialdi honetan argitara eman eta Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan (Karlos III.a, 2, ataria) eskuratu ahalko den ereduari lotu beharko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen zaizkien baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunean.

Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Psikologiako lizentziatu titulua, edo hura luzatzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, dagokion Unibertsitateak emana (administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopia).

b) Dagokion Unibertsitateak emandako ziurtagiri edo dokumentu akademikoa, lizentziaturaren bukaera data adieraziko duena (jatorrizko agiria edo administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopia).

5. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak argitara emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Nafarroako Gobernuko iragarki oholean.

Bazter utzitako izangaiek hamar egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkeztu edo, hala badagokio, eskabidean eta erantsitako agirietan egindako akats formalak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horiek ebatzi ondoren, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak Ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean argitaratzeko aginduko du. Iragarki horretan paratuko da hautapen probak hasteko eguna, ordua eta tokia.

6. Oposizioaren garapena:

6.1. Oposizioa 2001eko irailean hasiko da eta honako proba hauek izanen ditu:

-Lehen proba: ezagupenei buruzko proba objektiboa eginen da, Psikologiari buruz, orokorrean, eta Lan eta Antolamenduaren Psikologiari buruz. Gehienez ere bi ordu iraunen du.

0tik 25 puntura bitartean baloratuko da.

-Bigarren proba: ariketa psikotekniko sail bat eginen da, lanpostuarekiko egokitzapena zehaztu ahal izateko, eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak prestatu eta baloratuko ditu.

0tik 25 puntura bitartean baloratuko da.

-Hirugarren proba: buruz buruko elkarrizketa, lanpostuarekiko egokitzapena zehazteko.

0tik 5 puntura bitartean baloratuko da.

6.2. Oposizioko lehen bi probak baztertzaileak izanen dira, eta proba bakoitzean bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean eskatzen den puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Hirugarren proba ez da baztertatzailea izanen.

6.3. Probak dei bakarraren bidez eginen dira, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo izangaiaren nazionalitatea edo identitatea egiaztatzen duen agiri baliokidea aldean dutela agertu beharko dute. Bertara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.4. Hautapen probak egiten diren bitartean, hala eskatzen duten minusbaliatuentzat, eta eskabidean adierazitakoari jarraikiz, ahal diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira probak egiteko. Horretarako minusbaliatuak direla egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, erakunde eskudunek emana.

6.5. Azken balorazioa. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa proba bakoitzean ateratako puntuazioen batura izanen da.

7. Epaimahai kalifikatzailea:

7.1. Epaimahai kalifikatzailea ondoko kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Ramón Loitegui Aldaz jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Ordezkoa: Ana Fraile Blázquez andrea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologi Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko langileen ordezkariek izendatutako pertsona bat.

Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko langileen ordezkariek izendatutako pertsona bat.

Mahaikidea: Psikologoen Elkargo Ofizialak hautaturiko ordezkaria.

Ordezkoa: Psikologoen Elkargo Ofizialak hautaturiko ordezkaria.

Mahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoak hautaturiko ordezkaria, Psikologia Sailekoa.

Ordezkoa: Nafarroako Unibertsitate Publikoak hautaturiko ordezkaria, Psikologia Sailekoa.

Mahaikide idazkaria: José María Idoate Gastearena jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Laguntza Juridiko eta Administratiboaren atalburua.

Ordezkoa: Miguel José Izu Belloso jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolako Zerbitzuko Administrazio Publikoko teknikaria (Arlo juridikoa).

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez kideen gehiengo erabatekorik ez bada.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sor daitezkeen auzi guztiak.

7.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta horietan bakarrik lagunduko diote epaimahaiari.

8. Izangai hautatuen zerrenda Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean jarriko da. Epaimahaiak Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, puntuazioaren arabera antolatua, eta puntu gehien duten izangaiak kontratatzeko proposamena ere eginen du.

9. Deialdi honek ezarritako arauak aplikatu edo interpretatzeagatik sor daitezkeen zalantza edo gorabeherak epaimahaiak ebatziko ditu.

10. Deialdi honen, bere oinarri eta egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Gora jotzeko errekurtsoa ebazten duen Erabakiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bidezko izanen da Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, horretarako bi hilabete daudelarik, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren hogeita hiruan.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ramón Loitegui Aldaz.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

........................ J/A, adinez nagusia,.......... zenbakiko N.A.N.aren jabe, 19......(e)ko ..............aren ......(e)an .....................(e)n (.............) jaioa, eta helbidea ...............(e)n (.............) ............ kalean, .... zenbakian, ..... solairuan duena, .......... posta kodea, .............. telefonoa.

Agertzen da eta azaltzen du:

Foru Komunitateko Administrazioaren Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan ari daitezen, Lan eta Antolamenduaren Psikologia arloko praktiketako psikologoentzako lau lanpostu aldi baterako eta oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi delarik, eta hori 2001eko ..........aren ...(e)ko ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman delarik.

Eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela, hurrengo hauek alegia:

a) Psikologiako lizentziatu titulu ofizialaren jabe izatea, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, agintaritza akademiko espainiarrek luzatu edo homologatua.

b) Nazionalitatez espainiar eta adinez nagusi izatea.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua ez egotea.

d) Bere eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez izatea.

e) Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 11.1 artikuluari jarraikiz, Psikologiako lizentziatu titulua eskuratzeko behar diren ikasketak amaituak izatea praktiketako kontratua (besterik ez bada, 2001eko azaroaren lehen hamabostaldian sinatzekoa) egin aitzineko lau urteen barrenean, soldaduska edo horren ordezko gizarte zerbitzuko aldia kenduta.

Izangai minusbaliatuen kasuan aurreko lerroaldean aurreikusitako epea sei urtekoa izanen da.

f) Enpresa honetan edo beste batean titulazio beraren ondorioz praktiketan kontrataturik egon ez izana.

f Laukian gurutze bat egin behar du denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen dituen minusbaliatuak (Hala izanez gero, beste orri batean jarriko dira minusbalioaren ezaugarriak eta eskatzen diren egokitzapenak; minusbalioa frogatzen duten agiriak, erakunde eskudunak emanak, aurkeztu beharko dira).

Horrenbestez,

Eskatzen du:

Aipatu deialdian onartua izatea, behar diren hautapen probetan parte hartu ahal izateko; horretarako, deialdiko 4. oinarrian eskatutako dokumentazioa aurkeztu du.

Iruñean, 2001eko .......................aren ..................(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: a0107948