95. ALDIZKARIA - 2001eko abuztuaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1396/2001 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Cabanillasko ureztalurrak (Tausteko kanala) modernizatzeko proiektuari buruz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena.

Ekainaren 21eko 237/1999 Foru Dekretuak, lurzati berrantolamenduko prozesuetan ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa arautzen duenak, bere 11.1 artikuluan ezartzen du beharrezkoa dela tramitazioan dauden lurzati berrantolamendu publikoei buruz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egitea.

Ingurumen zuzendari nagusiak abenduaren 20an emandako 3316/2000 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Viana II aldeko lurzati berrantolamenduaren eremua ureztalur bihurtzeko proiektuari zegokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana eta, harekin batera, Obra Planaren dokumentazio teknikoa, aipatu Foru Dekretuko 6. artikuluan ezarritakoaren arabera tramitatzeko. Tramitazio horretan ez da alegaziorik jaso.

Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina duten ekintzak I. eranskinean bildu dira. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanak (II. eranskinean haren laburpena) egokiro aztertzen ditu proiektuak ingurumenean sortzen dituen eraginak; gainera, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezartzen ditu ingurumenean eragin nabarmenik sor ez dadin.

Horrenbestez, eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea Cabanillasko ureztalurrak (Tausteko kanala) modernizatzeko proiektuari buruz, zeina Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu baitu, proposatzen den aukera ingurumenaren aldetik bideragarria dela uste izanik, baina baldintza hauek beteta betiere:

-Lehengo bideak urratzetik ateratzen diren zahorrak erabiliko dira bide sare berria egiteko. Sobrante gelditzen diren materialak baimendutako hondakindegiren batera eramanen dira. Botatzen badira oraingo lurzati berrantolamenduaren esparruan, ingurumen aldeko baimena beharko da.

-Bide sarea egiteko behar diren agregakinak ateratzeko legar-hobiek ingurumen aldeko baimena izan beharko dute, materiala ateratzen hasi baino lehen.

-Ondare arkeologikoa zainduko da, lurra mugitzeko lanek dirauten bitartean.

2. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua gauzatzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Cabanillasko Udalari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko apirilaren hamaikan.-Ingurumen zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Lurzatien berrantolamendurako eta ureztalurrak modernizatzeko eremua Cabanillasko udalerriaren hegoaldean dago eta 610 hektarea hartzen ditu. Iparraldetik muga egiten du Tausteko kanalarekin, hegoaldetik Ebro ibaiarekin, ekialdetik Fustiñanako udalerriarekin eta mendebaldetik Ebro ibaiaren babeserako lurrarekin.

Abuztuaren 28ko 1867/1985 Foru Dekretuaren bidez (246. Estatuko Aldizkari Ofiziala, 1985eko azaroaren 14koa), Cabanillas (Nafarroa) aldeko lurzati berrantolamendua lehenbailehen egin behar zela eta haren onura publikoa deklaratu zen.

Lurzatien berrantolamenduaren ondoren, 1.625 lurzati izatetik 422 besterik ez izatera pasatuko da, batez besteko azalera 1,33 hektareakoa dela. Jabe bakoitzeko lurzati kopurua 5,42tik 1,4ra murriztuko da.

Bideen sare berrian 37.000 metro berri eginen dira eta lehengo 3.000 metro hobetuko. Bideen zabalera 6 metrokoa (bide guztien % 7a) eta 5 metrokoa (gainerako % 93ena) izanen da, eta bi kasuetan zahor natural sailkatuen bidezko 25 cm-ko lodiera izanen dute.

Zoru horiek egiteko 96.000 m3 zahor natural erabiliko direla aurreikusi da, oinarri, azpi-oinarri eta arrapaletan.

Bide tarte batzuetan arekak izanen dira, beren pasabide eta hustubiderako obrekin.

Ureztaketa dela-eta lurzatiak nibelatu behar direnez gero, urratu eta hondakindegira botako dira material pikortsuz (aurreikusitakoa ez bezalakoa) egindako bideak eta ureztaketako egiturak (ubideak, eskoramenduak, hartuneak, etab.), gaur egun bertan daudenak.

Hustubideen sareak 12.000 metro izanen ditu, gutxi gorabehera, ia denak berritik eginak. Kolektore hauetara iritsiko da ubideen sarea eta bertan bilduko da, baita ere, Tausteko kanaletik iragazita datorren ura.

Ureztaketa sarea Tausteko kanalean hasten da. Aipatu kanal horretan gaur egun badira zenbait hartune konportadun, eta haietatik lau segituko da erabiltzen, baina beharrezkoa izanen da bi hartune berri irekitzea.

Sarean adar berriak sortuko dira hartune hauetatik, lurzatien bankadak ureztatu eta lurrean zulatutako hustubideetan amaitzeko.

Ubideen luzera 26.500 metrokoa da. Ur emaria 100 l/s eta 600 l/s-ren artekoa izanen da, ubide adar bakoitzari dagokion lurrazalaren tamainaren arabera.

Sekzioetan, zolataren zabalera 0,40 m-tik 1,20 m-ra bitartekoa izanen da eta kaxen altuera 0,40 m-tik 0,70 m- rainokoa.

"In situ" eraikiko da, hormigoia zabaltzeko makinaren bidez, 110x70 cm-ra bitarte. Hormigoia masakoa izanen da, kasu guztietan, eta bere fck 20 N/mm2koa.

Bost metrotik bost metrora uzkurdura-juntak eginen dira, osagai bakarreko poliuretanoarekin zigilatuak.

Ureztaketa sare berria eraikitzeko, 49.000 m3 zahor natural beharko direla jotzen da.

Adarrak sortzen diren puntu nagusietan, segurtasun eta kontrolerako gainezkabideak eraikiko dira.

Lurzatietarako hartuneak eraikitzeko, ubidearekiko lotura segurtatuko da 10 mm-ko diametroko itxarongune altzairuzkoen bidez. Bi motatakoak izan daitezke: zuzenak eta bidepekoak, gidak izanen dituzte ureztatzeko unean eskoratzearren.

Lurzatien berrantolamenduko prozesutik sortzen diren lurzati berriak nibelatu beharko dira, ureztaketako ura berez ibil dadin, beharrezkoak izanen direlarik kapazeo, enbaste, zorupeberritze, balateak sortze eta finketa lanak. Azkenean lortu beharko da egokitzea ezarrita dagoen ureztaketa-norabideari eta maldari, lurzati osoa modu uniformean ureztatu ahal izateko.

II. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren laburpena

237/1999 Foru Dekretuak arautzen du ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, lurzati berrantolamenduko prozesuetan. Araudi hori betetzeko asmoz egin da ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana eta, horren ondorioz, lurzatien berrantolamenduko obrak eta ureztalurrak modernizatzekoak nahitaez hari egokitu beharko zaizkio. Azterlan honek prebentzioko neurri batzuk proposatzen ditu, neurri zuzentzaileak eta konpentsaziokoak, bai eta ingurumena zaintzeko plan bat ere.

Ikusi diren eragin garrantzitsuenak honako hauek dira: ureztaketak lurrean eragin dezakeen higadura maila positibotzat hartzen da, nibelazioarekin ura gaur egun baino mantsoago eta erregularrago ibiliko baita.

Obrek dirauten bitartean lurrak jasanen duen okupazioa eta eraldaketa bateragarritzat jotzen da, ez baita oso handia izanen.

Lurzati berriak nibelatzearekin lurrak jasanen duen eragina ere, kapazeoa eta zorupeberritze gurutzatua onartzen duenez gero, bateragarritzat jotzen da.

Ur emaria aldatzearekin drainatze sareak jasanen duen eragina bateragarritzat jotzen da, zeren, oraingo drainatze sarea sakonki aldatuko bada ere, azpiegitura berriak eraikiz, gaur egungo egoera kaxkarra hobetzea espero da.

Azpiegitura berriei esker, ureztaketa nabarmen hobetuko baita, gaur egun baino ur gutxiago kontsumituko dela uste da, eta, beraz, eragin hau ere positibotzat hartzen da.

Landaretzak jasanen bide duen eragina, batez ere gaur egungo ubide eta bide sarea desagertzearen ondorioa izanen da. Nibelatze lanek urratuko dituzte gaur egungo lurzatien arteko muga-lerro eta ezponda gehienak, bai eta, beraz, haien gaineko landare geruza ere. Dena dela, landare ale garrantzitsuenek ez dute obren ondoriorik jasanen (La Catremanako zaldua, Belver-ko zaldua, Ebro inguruko zaldu eta makaldiak). Eragin hau arintzat jotzen da.

Ornodun komunitate batzuk lekuz aldatuko dira, seguraski, obragunetik aparte, obrek dirauten bitartean, baina obrak amaitzean berriz ere itzuliko dira beren bizilekura. Ureztalurretako modernizazioak ez die ondorio larririk ekarriko aztertu diren animalia-taldeei, eta, beraz, eragin hau bateragarritzat jotzen da.

Nekazaritzako lurrek jasanen duten bilakaeraren ikusizko eragina arintzat jotzen da, aldaketa handi samarra gertatuko baita, bide, ubide eta drainatze sare berriak eraiki eta lurzati berriak nibelatzearekin.

Esparru honetan ez dago natur gune babesturik, beraz, horiei dagokien eraginik ez dago.

LIC ES2200040 proposamenaren barrenean sartzen dira gaur egun lantzen ari diren lurzati batzuk. Lurzati hauek nibelatzearen eragina bateragarritzat jotzen da.

Materialak (zahorrak) lortzeagatik sortzen den eragina eta sobrante diren materialak botatzean eragiten dena, bi kasuetan neurri zuzentzaileak aurreikusi direnez, bateragarritzat jotzen da. Ondare historiko eta artistikoaren gaineko eragina bateragarritzat jotzen da.

Ingurune sozioekonomikoaren gaineko eragina positibotzat jotzen da. Izanez ere, espero da ustiategiek etekin ekonomiko handiagoa lortuko dutela, aurreztuko baitituzte ura, denbora, erregaiak, etab.

Neurri zuzentzaile funtsezkoenak: prebentziozko neurri orokorrak proposatzen dira, makinen mantentze-lanetarako eta aparkatzeko, materialak hondakindegietara botatzeko, hondakinak kudeatzeko, hormigoi-upelak garbitzeko, etab.

Halaber, prebentziozko neurri berariazkoak ere proposatzen dira, hala nola zinta baten bidez seinalatzea, makinak lanean hasi baino lehen, interes bereziko landareen guneak, edo obrek ukitu behar ez dituzten zuhaitz, zuhaixka eta heskaienak.

Proposatzen da, baita ere, azterlan edafologiko bat egitea, nibelatzea baino lehen, zehaztu ahal izateko egin gogo diren lur mugimenduen nondik norainokoak, lurzati berrien etorkizuneko emankortasunaren gainean eraginik izan ez dezaten.

Aurreikusirik dago fauna bilatu eta aterako dela drainatze-bide nagusitik, handik ura kendu baino lehen.

Beste neurri zuzentzaile batzuk proposatzen dira, obrak egiten hasi aurreko zenbait eragin apaltzeko. Esate baterako, erabilitako legar-hobiak egokitzea eta ubide berriak landare lurrez inguratzea, landareberritze naturala bultzatzeko.

Zenbait arketa paratuko dira ubide batzuen ondoan, tratamendu fitosanitarioko zisternetarako ura hartzeko, baita edukiontziak ere, gai fitosanitarioen ontzi hutsak biltzeko.

Proposatzen da berriz ere landareztatzea gaur egun milazkadi degradatuak dauden lekuak, bai eta landaketa lerrokatuak ere bide batzuetan eta Tausteko kanalaren eskuineko bazterrean.

Aurreikusia dago berriz ere landareztatzea libre dauden lurzatiak eta bazterretan sobrante gelditzen diren gune batzuk, bai eta aisi eremu bat sortzea ere, hirigunetik hurbil.

Ingurumena Zaintzeko Plan bat ezarri da, proposatu diren neurri zuzentzaileak betetzen direla bermatzeko eta aurrerantzean aldaketak izan ditzaketen eragin batzuen eboluzioa kontrolatzeko. Horri loturik, aipagarriak dira: sistema hidrologikoa, lurzorua, landaredia eta balio arkeologikoak babesteko neurriak zaintzea, aldi baterako okupatzen diren tokiak leheneratzea, egindako landareztatzeen eraginkortasunaren jarraipena, eta nekazaritzako lan ohitura onei buruzko prestakuntza plana, Ureztatzaileei Aholku Emateko Zerbitzuaren bidez eginen dena. Ingurumenaren eta arkeologiaren gaineko jarraipenen txostenak ere eginen dira.

Iragarkiaren kodea: A0106542