92. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

406/2001 FORU AGINDUA, uztailaren 5ekoa, Osasun kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen da Osasun kontseilariak 1994ko otsailaren 7an emandako Foru Agindua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak eta erizaintza unitateetako burutzak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdietarako oinarri orokorrak eta baremoak onesten dituena.

Abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, Euskarari buruzkoak, xedatzen duena garatzeko, abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretua eman zen, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duena. 372/2000 Foru Dekretuaren 21.1. artikuluak Eremu euskaldunean lanpostuak eskuratzerakoan euskaraz jakiteari gehienez eman dakiokeen balorazioa aldatzen du, hori besteen artean baloratu beharreko merezimendu kualifikatua den kasuetan. Bestalde, arau horren 23.1 artikuluak Eremu mistoko lanpostuetarako gehieneko balorazioa zehazten du.

Horrenbestez, arau horietara egokitu beharrak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko maila eta estamentuetan sartu eta lanpostuak betetzeko gaur dauden baremoak.

Halaber, eta esparru honetan errealitate sozialak ezartzen dituen kontratazio modalitateak hainbeste direnez, komeni da zehaztea eta horietara egokitzea emandako zerbitzuen balorazio arauak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta lanpostuak betetzeko baremoetako kontaketetarako.

Onetsi diren aldaketak Osasun Mahai Sektorialean aginduzko negoziazioen ondoren onetsi dira.

Horiek horrela, eman zaizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua: 1994ko otsailaren 7ko Foru Aginduaren 5. oinarriari 5.4. atal berri bat eransten zaio. Foru agindu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak eta erizaintza unitateetako burutzak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdietarako oinarri orokorrak eta baremoak onesten ditu. Atal berriak honako idazketa hau du:

"5.4. Izangai bazterturik ez bada, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen da."

2. artikulua: 1994ko otsailaren 7ko Foru Aginduko 6.1. oinarria aldatzen da. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak eta erizaintza unitateetako burutzak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdietarako oinarri orokorrak eta baremoak onesten ditu. Aipatu atalak honako erredakzio hau izanen du hemendik aurrera:

"6.1. Epaimahaiak, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak baloratuko ditu, foru agindu honen eranskinean jasotako baremoaren arabera.

Izangaiek, alegatzen dituzten merezimenduen jatorrizko agiria aurkeztu beharko dute edo notaria nahiz administrazio bidez konpultsaturiko kopia.

Epaimahaiak argibide eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu merezimendu horien gainean."

3. artikulua: 1994ko otsailaren 7an Osasun kontseilariak emandako Foru Aginduaren 7. oinarriko 1. eta 3. atalak aldatzen dira. Agindu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak eta erizaintza unitateetako burutzak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdietarako oinarri orokorrak eta baremoak onesten ditu.

"7.1. Merezimenduen balorazioa.

Baremoa aplikatuz izangaiek guztira ezin izanen dute 39 puntu baino gehiago eskuratu."

"7.3. Euskaraz jakitearen balorazioa:

Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea beste batzuen artean baloratu beharreko merezimendu kualifikatua denean, balorazio hori ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zion puntuazioa baino % 10 gehiago.

Eremu mistoan euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen denean, balorazio hori ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zion puntuazioa baino % 5 gehiago."

4. artikulua:

1. Aldatzen da Erizaintza Unitateetako Burutzetarako Epaimahaiak osatzeko Mahaiburu eta Ordezko gisa ageri diren karguen izendapena, 1994ko otsailaren 7ko Foru Aginduaren 8.6.1. oinarrian arautua. Foru Agindu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak eta erizaintza unitateetako burutzak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdietarako oinarri orokorrak eta baremoak onesten ditu. Epaimahaiko kide horien izendapena hau izanen da:

Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendaria edo Osasun Etxe nahiz Barrutiko zuzendaria.

Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketa eta Lan Harremanetarako zuzendariordea edo Osasun Etxe nahiz Barrutiko Zuzendariorde edo Zerbitzuburu bat."

2. Aldatzen da ataletako edo laguntzakoak ez diren unitateetako burutzetarako epaimahaiak osatzeko mahaiburu eta ordezko gisa ageri diren karguen izendapena, 1994ko otsailaren 7ko Foru Aginduaren 8.6.1. oinarrian arautua. Foru Agindu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak eta erizaintza unitateetako burutzak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdietarako oinarri orokorrak eta baremoak onesten ditu. Epaimahaiko kide horien izendapena hau izanen da:

Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendaria.

Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketa eta Lan Harremanetarako zuzendariordea."

5. artikulua: indargabetzen da 1994ko otsailaren 7an Osasun kontseilariak emandako Foru Aginduaren 9. oinarria. Agindu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak eta erizaintza unitateetako burutzak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdietarako oinarri orokorrak eta baremoak onesten ditu. 9. oinarri berri bat sartu da, honako erredakzio hau duena:

"9. Foru Agindu honen eranskinean onetsitako merezimendu baremoaren 1. idatz-zatian jasotzen diren emandako zerbitzuak kontatzeko arau hauei jarraituko zaie:

1.-Emandako zerbitzuak urte natural bateraino iristen ez direnean, proportzioan dagokien puntuazioa emanen zaie.

2.-Emandako zerbitzuak aldi batekoak direnean eta urte natural bateraino iristen ez badira, kontratuaren hasiera eta bukaera daten arabera dagokien puntuazioa emanen zaie. Zerbitzuak lanaldi partzialean eman badira, ateratzen den puntuazioari lanaldi murrizketaren portzentaje berdina aplikatuko zaio.

3.-Aurreko atalean xedatutakotik salbuesten dira bost eguneko edo gutxiagoko kontratuak; kasu horretan puntuazioa lanegun bakoitzari proportzioan dagokiona izanen da, eta lanegun bakoitzagatik 1,66 lanegun kontatuko da. Zerbitzuak lanaldi partzialean eman badira, zazpi orduko modulu bakoitza hartuko da lan eguntzat.

4.-Guardia zerbitzuak egiteko kontratuen kasuan, hilabete bati dagokion puntuazioa emanen da 150 guardia-orduko modulu bakoitzeko, bai lantokian bertan bai lantokiz kanpo eginak direnean, edo proportzioan dagokion puntuazioa, ordu kopurua modulu horretaraino iristen ez denean. Kontratazio aldia urte natural osokoa bada, puntuazioa ezin izanen da handiagoa urte natural bakoitzean zerbitzu urte bakoitzeko ezarritakoa baino. Kontratazio denbora ez bada iristen urte naturaleraino, kontratazio aldia hartuko da erreferentzia gisa, betiere puntuazioa ezin izanen delarik kontratuaren hasieratik bukaera dataraino kontatuz proportzioan dagokiona baino handiagoa.

5.-Aldi berean lanaldi osoko edo partzialeko zerbitzu ematea eta guardiak egitea epealdi berean gertatzen bada, aurreko ataletan adierazitako arau berberak aplikatuko dira, betiere ezarritako puntuazio mugak gainditu gabe, kasuan kasuan, urte naturala, kontratu epealdia edo lan eguna oinarri harturik. Horretarako, lanaldi partzialean emandako zerbitzuak epealdi berean egindako guardia-orduei erantsiko zaizkie, honako irizpide hauei jarraituz:

-4. arauan ezarritako 150 orduko modulua kontatzeko guardia-orduei kontratazio epealdiari dagozkion lanaldi partzialeko orduak erantsiko zaizkie.

-Bost egun edo gutxiagoko lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, lan egunak kontatzeko, zazpi orduko modulua lan egun bat kontsideratuz, guardia-orduak eta lanaldi partzialeko orduak batuko dira, betiere ateratzen den egun kopurua kontratu egunen kopuru osoa baino handiagoa ezin izanen delarik."

6. artikulua. Ondoko eranskinaren bidez onesten da 1994ko otsailaren 7an Osasun kontseilariak emandako Foru Aginduko merezimendu baremoa. Agindu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak eta erizaintza unitateetako burutzak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdietarako oinarri orokorrak eta baremoak onesten ditu. Orain erredakzio hau izanen du:

"Eranskina. Merezimenduen baremoa:

1. atala. Emandako zerbitzuak. Ondoko hauek baloratuko dira:

1.-Edozein administrazio publikotan langile finko bezala lehiaketaren estamentu berean emandako zerbitzuak: puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu.

2.-Edozein administrazio publikotan aldi baterako langile bezala lehiaketaren estamentu berean emandako zerbitzuak: 0,75 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 7 puntu.

3.-Edozein administrazio publikotan langile finko bezala lehiaketaren estamentuaz beste batean emandako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.

4.-Edozein administrazio publikotan aldi baterako langile bezala lehiaketaren estamentuaz beste batean emandako zerbitzuak: 0,18 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu.

5.-Lehiaketaren kategoria berean enpresa pribatuan, lanaldi osoa eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorra izanik, emandako zerbitzuak: 0,50 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.

6.-Bi urtetik gora segidan edo hirutik gora txandaka, Zentro Publikoetako unitate organikoetako zuzendari, buru, begirale edo arduradun izateagatik: 3 puntu.

Deialdiaren xedeko arloan bada, 2 puntu gehiago.

7.-Deialdiaren xedeko arloan zentro publiko nahiz pribatuetan, bi urtetik gora segidan edo hirutik gora txandaka, lehiaketaren estamentu berari dagozkion eginbehar profesionalak betetzeagatik: 2 puntu.

Bateraezinak dira 6 eta 7. azpiatalengatik emandako puntuazioak deialdiaren xedeko arloa bera denean, bai eta 1.etik 4.era bitarteko azpiatalenak ere aldi bereko zerbitzuak direnean, eta kasu horietan puntuazio handiena hobetsiko da.

Atal honegatik guztiagatik gehienez ere 20 puntu emanen dira.

2. atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta hizkuntzak.

Atal honetan jasotzen diren merezimenduak lehiaketako lanpostuarekin loturik baldin badaude baloratuko dira:

1.-Erakunde edo zentro publiko eta unibertsitateek antolatu edo kreditaturiko prestakuntza ikastaroetan ikasle gisa parte hartzea: ikasketa kreditu edo balio bereko bakoitzeko (10 ikastordu) 0,1 puntu, gehienez ere 8 punturaino, zatiak proportzioan kontatuz. Ordu kopururik adierazten ez duten ziurtagiriei kreditu 1en balioa emanen zaie, eta ikasturte bateko iraupena adierazten dutenei 12 kreditukoa.

Ez dira prestakuntza merezimendutzat hartuko deialdiko lanpostuan aritzeko gaitasunik ematen ez duten titulazio ofizialak.

Prestakuntza ikastaro gisa baloratuko dira, ordea, antolatzailearen aldetik beharkizunak bete ez arren, Administrazioaren aginduz burutu edo hark homologatutakoak, espreski barne hartzen direlarik horien artean "Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzako Akordioak" izenpean sindikatuek antolatutakoak.

2.-Biltzar edo jardunaldietako txosten edo komunikazio onartuak: 0,4 puntu nazioartekoa bada, 0,3 Espainiakoa bada eta 0,2 eskualde edo tokikoa bada, gehienez ere 1,5 puntu bitarte.

3.-Administrazio edo erakunde publikoek bekaz lagundu edo saritutako ikerketa zientifikoko lanak: 0,75 puntu nazioartekoak badira, 0,5 puntu Espainia barnekoak badira eta 0,2 puntu erkidegoetakoak badira, gehienez ere 1,5 puntu bitarte.

4.-Aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: lehen hiru sinatzaileek 0,2 puntu eta gainerakoek 0,05 puntu, gehienez ere 1,5 puntu bitarte.

Bateragarria da 2 eta 4 azpiatalei emandako puntuazioa lan edo ikerketa bera edo antzekoa denean.

5.-Europar Batasuneko erabilera ofizialeko hizkuntzen artetik, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik,: 1,7 puntu hizkuntza bakoitzeko.

6.-Bekak edo prestakuntza egonaldiak: 0,1 puntu hilabeteko egonaldiko, gehienez ere puntu 1.

7.-Sektore publikoan edo unibertsitatean prestakuntza ekintzak antolatzea edota irakasle gisa parte hartzea: ikasketa kreditu edo balio bereko bakoitzeko (10 ordu) 0,2 puntu, eta zatiak proportzioan kalkulatuz, gehienez ere 3 puntu bitarte. Iraupenik adierazten ez duten ziurtagiriei bi orduko balioa emanen zaie.

2. atal honegatik guztiagatik gehienez ere 19 puntu ematen ahal dira.

3. atala. Euskaraz jakiteagatik gehitutako puntuazioa.

Eremu euskalduneko lanpostuetarako, euskaraz jakitea beste batzuen arteko merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, balorazio hori ez da izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 10 gehiago.

Halaber, Eremu mistoan euskaraz jakitearen balorazioa, horrela kontsideratzen denean, ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 5 gehiago.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren bostean.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0107333