92. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

403/2001 FORU AGINDUA, uztailaren 5ekoa, Osasun kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen da 150/1998 Foru Agindua, urriaren 8koa, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan merezimendu lehiaketa bidezko Aldez Aurreko Barne Egokitzapenaren sistema arautzeko prozedura berezia ezartzen duena.

Abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, Euskarari buruzkoak, xedatzen duena garatzeko, abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretua eman zen, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duena. 372/2000 Foru Dekretuaren 21.1. artikuluak Eremu euskaldunean lanpostuak eskuratzerakoan euskaraz jakiteari gehienez eman dakiokeen balorazioa aldatzen du, hori besteen artean baloratu beharreko merezimendu kualifikatua den kasuetan. Bestalde, arau horren 23.1 artikuluak Eremu mistoko lanpostuetarako gehieneko balorazioa zehazten du.

Horrenbestez, arau horietara egokitu beharrak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko maila eta estamentuetan sartu eta lanpostuak betetzeko gaur dauden baremoak.

Beharrezkoa da, halaber, Aldez aurreko Barne Egokitzapenen prozesua gauzatzeko esparruak aldatzea, Odol Bankua ere esparru beregaina izan dadin.

Onetsi diren aldaketak Osasun Mahai Sektorialean aginduzko negoziazioen ondoren onetsi dira.

Horiek horrela, eman zaizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua: Aldatu egin da Osasun kontseilariak urriaren 8an emandako 150/1998 Foru Aginduaren 1. artikulua. Foru Agindu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan merezimendu lehiaketa bidezko Aldez Aurreko Barne Egokitzapenaren sistema arautzeko prozedura berezia ezartzen du, eta hemendik aurrera idazketa hau izanen du:

"Hauek dira, Aldez Aurreko Barne Egokitzapenaren prozesuak aurrera eramateko lan esparruak:

-Nafarroako Ospitalea.

-Bideko Ama Birjina Ospitalea.

-Ubarmin Klinika.

-Tuterako Osasun Barrutia.

-Lizarrako Osasun Barrutia.

-Odol Bankua.

-Iruñeko Oinarrizko Osasun Laguntza, ondoko eskualde oinarrizko hauek barne dituena: Arrosadia, Azpilagaña, Iturrama, Ermitagaña, Donibane (berria), Donibane (zaharra), Alde Zaharra, I. Zabalgunea, II. Zabalgunea, Sanduzelai, Arrotxapea-Antsoain, Txantrea, Mendillorri, Uharte, Atarrabia, Burlata, Berriozar, Orkoien, Zizur-Etxabakoitz, Barañain, Noain eta Larrialdietako Zerbitzu Berezia.

-Gainerako Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntza, eskualde oinarrizko hauek barne dituena: Altsasu, Etxarri-Aranatz, Irurtzun, Leitza, Lesaka, Elizondo, Doneztebe, Ultzama, Auritz, Agoitz, Gares, Zangoza, Zaraitzu, Izaba, Tafalla (Larrialdietako Zerbitzu Arrunta barne), Artaxoa, Zarrakaztelu, Erriberri eta Azkoien.

-Adimen Osasuneko Baliabideak, horien barne: Adimen Osasuneko Zuzendariordetza, Adimen Osasuneko Zentroak, Ospitaleratze Psikiatrikoko Unitateak, Haur eta Gazteen Adimen Osasuneko Eguneko Ospitalea, Adimen Osasuneko Errehabilitazio Klinika, Adimen Osasuneko Eguneko Ospitalea eta San Frantzisko Xabier Zentro Psikogeriatrikoa.

-Laguntza Espezializatuko Osasun Etxeak.

-Zerbitzu Zentralak, horien barne: Kudeatzailetza, Administrazio eta Giza Baliabideen Zuzendaritza, Laguntza Ez-sanitarioak Ebaluatu eta Kontrolatzeko Zerbitzuak, Osasun Laguntza Aztertu eta Kontrolatzeko Zerbitzua, Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzako Prestazio eta Itun Zerbitzua. Halaber Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Zuzendaritza ere biltzen du, horren barne: Nafarroa-Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendariordetza, Nafarroa-Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendariordetza, Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzua, Langileri Zerbitzua, Erizaintza Zerbitzua, Farmazi Prestazioen Zerbitzua, Antolaketa Zerbitzua, Espezialitate Programak Koordinatzeko Unitatea eta Irakaskaskuntza eta Prestakuntza Unitatea.

-Osasun Publikoaren Institutua.

-Ikerketa Biomedikorako Zentroa.

Dena den, Eremu Euskaldunetik edo bertara egiten diren Aldez Aurreko Barne Egokitzapenaren prozesuetan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak hornitzea arautzen duenak, 11. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

2. artikulua: Aldatu egin da Osasun kontseilariak urriaren 8an emandako 150/1998 Foru Aginduaren 10 arauko 2. atala. Foru Agindu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan merezimendu lehiaketa bidezko Aldez Aurreko Barne Egokitzapenaren sistema arautzeko prozedura berezia ezartzen du, eta hemendik aurrera idazketa hau izanen du:

"2. atala. Prestakuntza, irakaskuntza eta hizkuntzak. Honako hauek baloratuko dira:

1.-Erakunde edo zentro publiko eta unibertsitateek antolatu edo kreditaturiko prestakuntza ikastaroetan ikasle gisa parte hartzea: ikasketa kreditu edo balio bereko bakoitzeko (10 ikastordu) 0,1 puntu. Ordu kopururik adierazten ez duten ziurtagiriei kreditu 1en balioa emanen zaie, eta ikasturte bateko iraupena adierazten dutenei 12 kreditukoa. Egokitzapena eskatzen den unitatearekin zuzenean loturikoak bakarrik hartuko dira kontuan.

Ez dira prestakuntza merezimendutzat hartuko deialdiko lanpostuan aritzeko gaitasunik ematen ez duten titulazio ofizialak.

Prestakuntza ikastaro gisa baloratuko dira, halaber, antolatzailearen aldetik beharkizunak bete ez arren, Administrazioaren aginduz burutu edo hark homologatutakoak, espreski barne hartzen direlarik horien artean "Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzako Akordioak" izenpean sindikatuek antolatutakoak.

2. Europar Batasuneko erabilera ofizialeko hizkuntzen artetik, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogatuz gero: 5 puntu hizkuntza bakoitzeko."

3. artikulua: aldatu egin da Osasun kontseilariak urriaren 8an emandako 150/1998 Foru Aginduaren 10 arauko 3. atala. Foru Agindu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan merezimendu lehiaketa bidezko Aldez Aurreko Barne Egokitzapenaren sistema arautzeko prozedura berezia ezartzen du, eta hemendik aurrera idazketa hau izanen du:

"3. atala. Euskaraz jakitearen balorazioa:

1.-Eremu euskalduneko lanpostuetarako, euskaraz jakitea beste batzuen arteko merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, balorazio hori ez da izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 10 gehiago.

2.-Eremu mistoan euskaraz jakitearen balorazioa, horrela kontsideratzen denean, ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 5 gehiago."

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Nafarroako Odol Bankua Zerbitzuari atxikitako langileek aukera dute, behin bakarrik eta Foru Agindu honek indarra hartzen duenetik hilabeteko epean, lehenagotik aplikagarri zuen aldez aurreko barne egokitzapeneko esparruan jarraitzeko.

Aukera hori egiteak berekin ekarriko du Nafarroako Odol Bankuaren esparruan etorkizunean egiten diren aldez aurreko barne egokitzapeneko prozesuetan parte hartzeari uko egitea.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren bostean.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: a0107335