92. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

197/2001 FORU DEKRETUA, uztailaren 16koa, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legea farmazia bulegoen arloan garatzeko arauak ematen dituena.

Nafarroako Foru Komunitateak barne osasunaren eta higienearen arloan dituen eskumenak erabiliz (NFEBHL-LORAFNAko 53.1. art.), eta Estatuak arlo horretan duen oinarrizko legediaren esparruan, funtsean farmazia bulegoen zerbitzuak arautzeko apirilaren 25eko 16/1997 Legeak finkatua baita, Nafarroak farmazia laguntza arautu berri du Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen bitartez (143. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, azaroaren 27koa).

Foru Lege horren helburua gure erkidegoko farmazia laguntzaren alderdi guztiak arautzea da, laguntza horren esparruan biltzen diren baliabide guztiak antolatzetik abiatuz. Horregatik, 2. artikuluan ageri den definizioaren arabera, farmazialari profesional baten ardurapean dauden establezimendu eta zerbitzu guztiak hartzen ditu bere baitan.

Farmazia bulegoak irekitzeari dagokionez, Legeak egungo eredua errazteko sistema aurkezten du. Bestalde, farmazia jarduerari orientazio berria ematen dio, farmazia laguntza eragingarriagoa lortzeko asmoz. Ildo horretatik, 12/2000 Foru Legean berean, 24.4. artikuluan, erregelamenduzko garapen bat aurreikusten da, irekitzeko baimena lortzeko prozedura ezartzeko.

Garrantzitsua ere da farmazia bulegoek behar dituzten baldintza tekniko eta materialei, tamainari, banaketari eta tresneriari buruzko kontuak, farmazia laguntza bermatu behar dutenak, zehaztea, izan ere, horri guztiari dagokionez, aipatu Foru Legeak ondorengo erregelamenduzko garapenera jotzen baitu. Legean aldi baterako konponbidea ematen da, erregelamendu bidez besterik zehaztu bitartean Legeak indarra hartu aurretik eskatzen ziren baldintza tekniko eta material berberak aplikatzea erabaki baitzuen (hirugarren xedapen iragankorra); hortaz, egoki da legea garatzea, aurreko arautegia berraztertzeko eta egungo parametro eta beharkizunei egokitzeko.

Erregelamenduzko garapen honen oinarrian diren printzipioetan hauek dira aipagarrienak:

-Farmazia bulegoak hiritarren eskura jartzea, ahalik eta gehien, eta haien zerbitzua hobetzea.

-Farmazialariak lanbidean libreki aritu daitezela bultzatzea.

-Farmazia bulegoak irekitzeko baimen-eskaerak publizitatearen, gardentasunaren eta, kasua bada, konkurrentziaren printzipioen arabera ebaztea.

-Farmazia jardueran aritzeko aukera-berdintasuna eskaintzea, 12/2000 Foru Legeak eskatutakoaz gainera beste beharkizunik ezarri gabe.

Nafarroako Kontseiluak 2001eko ekainaren 25ean orain onesten den Foru Dekretuaren proiektuari buruzko irizpena eman du eta hartan bildutako oharrak testuan jaso dira.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko uztailaren hamaseian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Foru Dekretu honen xedea da Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legea farmazia bulegoen arloan garatzeko arauak ematea, farmazia bulegoei loturiko herrietako botikinak barne.

I. KAPITULUA

Farmazia bulegoak ireki, lekualdatu, eskualdatu eta ixteko prozedura

LEHEN ATALA

Farmazia bulegoak irekitzea

2. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Farmazia bulegoak irekitzeko Osasun Departamentuaren administrazio baimena beharko da, bai titularrek, bai proposaturiko lokalek eta ekipamenduak Estatuaren oinarrizko legerian, azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean, Foru Dekretu honetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

2. Farmazia bulegoarekin beste atal batzuk ireki nahi izanez gero, Osasun Departamentuaren administrazio baimena beharko da, kasuan kasuko arauetan ezarritakoaren arabera.

3. Farmazia bulegoak irekitzeko baimena lortzeko prozedura aipatu Foru Legean, Foru Dekretu honetan eta, kasua bada, administrazio prozedura arruntaren inguruko arauetan xedatutakoaren araberakoa izanen da, aukera-berdintasunaren, publizitatearen, gardentasunaren eta, kasua bada, konkurrentziaren arabera.

3. artikulua. Osasun administrazioaren jarduketa.

1. Osasun Departamentuak, bere kasa edo toki entitateen, Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren edo farmazialariak ordezkatzeko beste elkarte edo entitate batzuen ekimenez, egiaztatuko du Osasun Eskualde Oinarrizko eta/edo herri guztietan azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritako plangintza irizpideak aplikatzetik datozen oinarrizko aurreikuspenak betetzen direla.

Gutxieneko beharkizun horiek betetzen ote diren erabakitzeko, baimena duten farmazia bulego guztiak hartuko dira kontuan, irekitzeko baimenaren esperoan direnak barne; orobat, defizita izan dezaketen Osasun Eskualde Oinarrizkoei eta/edo herriei dagokienez, haietan jartzeko dauden eskaera guztiak ebatzi beharko dira lehenik.

2. Aurreko atalean ezarri plangintza irizpideak aplikatuta, Osasun Departamentuak egiaztatzen badu Osasun Eskualde Oinarrizko eta/edo herriren batean farmazia bulegoa behar dela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALaren bitartez jakinaraziko du eta hura irekitzeko prozedurari hasiera emanen dio bere kasa, Foru Dekretu honetan ezarritakoari jarraikiz. Horrekin batera, Nafarroako beste Osasun Eskualde Oinarrizkoetan eta/edo herrietan bulegoak ireki edo lekualdatzeko izapidean diren baimenen prozedura eten eginen da.

3. Aurreko atalean aipatu iragarkia argitaratzen denetik baimena eman dela jendaurrean jakinarazi bitartean, Osasun Eskualde Oinarrizko eta/edo herri horrexetan farmazia bulegoak jartzeko eskaerak baino ez dira onartuko izapidean, Farmazia Laguntzari buruzko Foru Legearen 26.2. artikuluaren babesean.

Gutxieneko beharkizunak bermatzeko farmazia bulegorako baimena eman dela jendaurrean jakinarazi ondoren, aurreko artikuluko 2. atalean adierazitakoari jarraikiz etenda gelditu ziren espedienteak izapidatzeari ekingo zaio, eta farmazia bulego berriak irekitzeko baimenak eskatzen ahalko dira, dela berria instalatzeko, dela lekualdatzeko, Foru Dekretu honetan adierazitakoarekin bat. Aurrekoa gorabehera, baimena eman ondoren aurkezten diren eskaerak farmazia bulegoa jartzeko baimena lortu du(t)en Osasun Eskualde Oinarrizkorako eta/edo herrietarako baldin badira, eta lokalak farmaziarako baimena emateko prozesuan aukeratu diren lokalekin bateraezinak baldin badira, Osasun Departamentuan horretarako eskumena duen organoak haien tramitazioa gelditzea erabakiko du, iragarritako farmazia bulegoak ireki artean.

4. artikulua. Farmazia bulegoak irekitzea.

1. Farmazia bulegoak irekitzeko, bai berritik instalatzen direnak, bai lekualdatzen direnak, artikulu honetan ezartzen den prozedurari segituko zaio.

2. Eskaera Osasun Departamentuari zuzendu beharreko eskabidearen bitartez eginen da. Horrekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, jatorrizko agirietan edo kopia konpultsatuetan:

a) Farmaziako lizentziatura titulua.

b) Farmazia bulegoa jarri nahi dueneko lokalaren azalpena. Horretarako, ondoko agiri hauek erantsi beharko dira:

-Lokal hori farmazia bulego gisa erabiltzeko eskubide erreala duela eta horretarako eskueran duela egiaztatzen duen titulu juridikoaren egiaztagiria. Osasun Departamentuak ahalmena du lokalaren jabe gisa ageri denari haren jabetza egiazta dezala eskatzeko, eskrituraren edo erregistroko idazpenaren bitartez.

-Teknikari eskudunak emandako ziurtagiri ofiziala, honako hauek adieraziko dituena: eraikinaren egoera, azalera erabilgarria, lokalaren ezaugarriak, zenbat solairu dituen eta zenbatgarrenean kokatzen den lokal hori, kalera ateratzeko bidearen ezaugarriak eta irekita eta/edo baimenduta dauden beste farmazia bulegoetaraino dagoen distantzia.

-Kokapen planoak, distantzietakoak, eta lokalarenak, eskalan eginak, egungo banaketa eta aurreikusita dagoena adieraziz.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan honelako espedienteak izapidatzeko tasa ordaindu izanaren agiria.

d) Gutxieneko beharkizunak bermatzeko farmazia plangintzaren barreneko farmazia bulegoak betetzeko, horiek iragartzen direnean bitarteko, alboko edo ordezko farmazialari gisa edo farmaziako titular bakar gisa ari dela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da, Farmazia Laguntzari buruzko Foru Legearen 26.2.b) artikuluan ezarri bezala. Orobat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin itundutako farmazia bulegoetan aurretik duen esperientzia egiaztatuko da eta lizentziaturako batez besteko kalifikazioa. Horren ondorioetarako, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu bitarteko esperientzia baino ez da baloratuko.

3. Eskatzen den farmazia bulego bakoitzeko espediente bakarra irekiko du Osasun Departamentuak. Hortaz, eskatzaileek bulego bakoitzerako eskaera eta dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte eta bakoitzerako tasa ordaindu.

Foru Dekretu honen 3.2. artikuluan adierazitako kasuan, jendaurrean iragartzen den farmazia bulego bakoitzerako espediente bakar bat irekiko da.

4. Irekitzeko eskubidearen lehentasuna eskaerak aurkezten diren ordena kronologikoaren araberakoa izanen da.

Noiz aurkeztu diren zehazki adierazten ez duten eskaerak egun horretan jasotakoen atzetik jarriko dira.

Eskaerak aldi berean jasotzen badira, dela instalazio berria egitekoak edo farmazia lekualdatzekoak, eta horien artean 150 metro baino gutxiago baldin badaude, denak espediente bakarrean bildu ondoren ebatziko dira. Horretarako, eskatzaile horiei guztiei dei eginen zaie 10 eguneko epean espedientea ebazteko oinarri izanen diren merezimenduak egiaztatzeko.

Bateraezinak diren lokaletarako eskaeraren batean segunduak aipatzen ez badira, kasuan kasuko erregistroko arauak aplikatzearen ondorioz, segunduak ez dira aintzat hartuko, ez espedientea ebazteko, ez aurreko lerroaldean adierazitako aldiberekotasuna finkatzeko.

Konkurrentzia izanez gero, lehentasun ordena ezartzeko merezimenduak hauek dira: azken 10 urteotan farmazialari gisa lan esperientzia handiena izatea, eta hori finkatzeko hilabete bakoitzeko 0,1 puntu emanen dira. Irizpide horren arabera berdinketarik izanez gero, lizentziaturan batez besteko kalifikaziorik altuena duela egiaztatzen duenaren alde joko da. Horri dagokionez, 0,1 puntu emanen da "gai" bakoitzeko, 0,2 puntu "oso ongi" bakoitzeko, 0,3 puntu "bikain" bakoitzeko eta 0,4 puntu ohorezko matrikula bakoitzeko.

5. Foru Dekretu honetako 3.2. artikuluan ezarritako kasuan, farmazia bulegoetarako baimenak Farmazia Laguntzari buruzko 26.2.b) artikuluan ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun ordenaren arabera ebatziko dira eta ez zaie aplikatuko aurreko atalean ezarritakoa.

6. Bulego farmazia bi farmazialarik edo gehiagok elkarrekin eskatuz gero, puntuazioa ateratzeko batez bestekoa eginen da, eskatzaile bakoitzak titulartasunean duen partaidetzaren arabera.

7. Egun berean aurkezten diren eskaerekin, 12/2000 Foru Legearen 27.2 artikuluan farmazia bulego berriak instalatzeko finkatutako gehieneko baimen kopurua gainditzen baldin bada, baimenak artikulu honetako 4. puntuan ezarritako irizpideak aplikatzearen ondoriozko ordenaren arabera emanen dira.

8. Farmazia bulegoak irekitzeko baimenak jendaurrean jakinaraziko dira Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALaren bitartez.

9. Onuradun bakar bati ezin izanen zaio bi baimen edo gehiago eman. Aurretik farmazia instalatzeko edo lekualdatzeko baimena duen norbaiti baimen berria eman zaiola adierazteko ebazpen proposamena interesatuari jakinarazi beharko zaio, hamabost eguneko epean -ez gehiago-horietako bat aukera dezan. Besteak itxi edo iraungiko dira.

BIGARREN ATALA

Irekita dauden farmazia bulegoak lekualdatzea

5. artikulua. Baldintza orokorrak.

1. Jendearentzat irekita dauden farmazia bulegoak udalerri berean lekualdatu ahalko dira. Lekualdaketa hori borondatezkoa edo derrigorrezkoa izanen da eta betiere Osasun Departamentuaren administrazio baimena beharko da aurretik. Lokal berrirako baimena lortzeak bestea itxi beharra ekarriko du.

2. Derrigorrezko lekualdaketen gainean Foru Dekretu honetan ezarritakoa galarazi gabe, oro har, farmazia bulegoak jartzeko lokalek azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean eta Foru Dekretu honetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

3. Farmazia bulegoa lokal berri batean irekitzeko baimena lortzeak aurrekoa itxi beharra dakar.

4. Farmazia bulegoa borondatez lekualdatzeko baimena lortzeko, farmazia bulegoak irekitzeko ezarritako prozedura orokorrari segituko zaio.

5. Farmazia zerbitzua kokatzen den lokalean ezinbesteko arrazoiengatik zerbitzu hori ematerik ez dagoenean eta, horrenbestez, behin betiko lokal berri bat eman arte edo behar diren obrak bukatu arte, farmazia bulegoa behin-behinekoz beste toki batera lekualdatu behar denean, lekualdaketa derrigorrezkotzat hartuko da. Behin-behineko lekualdaketa hori, betiere, bi urtetik beherakoa izanen da.

HIRUGARREN ATALA

Irekita dauden farmazia bulegoen titulartasun aldaketa

6. artikulua. 1. Jendearentzat irekita dauden farmazia bulegoen titularra aldatzen ahalko da bakar-bakarrik beste farmazialari baten alde egiten bada, Osasun Departamentuaren aldez aurreko baimena izanda.

2. Farmazia bulegoen titulartasuna aldatzeak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin dagoen ituna iraungitzea ekarriko du eta, hortaz, titular berriek Akordio Markoari atxikitzeko eskaera egin beharko dute.

LAUGARREN ATALA

Farmazia bulegoak ixtea

7. artikulua. Farmazia bulego bat borondatez eta behin betikoz itxi nahi izanez gero, Osasun Departamentuari jakinarazi beharko zaio aurretik. Jakinarazpena kasuko Erregistroan aurkezten den egunetik bertatik itxiera baimendu eta gauzatu dela ulertuko da.

BOSGARREN ATALA

Farmazia bulegoak ireki eta lekualdatzeko xedapen komunak

8. artikulua. Farmazia bulegoa jendearentzat irekitzeko epea.

1. Farmazia irekitzeko hasiera bateko baimena lortzen duen farmazialariak, dela berritik instalatzeko, dela bulegoa lekualdatzeko, sei hilabeteko epea izanen du bulegoa irekitzeko. Epe horretan irekitzen ez badu eskubidea iraungi zaiola ulertuko da, inolako izapiderik gabe eta aurretik ohartarazi beharrik gabe.

Farmazia bulegoa aurreko lerroaldean ezarri epean irekitzen ez bada eta hori farmazialariari egotzi beharreko arrazoiengatik izan bada, farmazialari horrek ezin izanen du farmazia bulegoa irekitzeko beste baimenik eskatu emandakoa iraungi eta hurrengo hiru urteetan, ez Osasun Eskualde Oinarrizko berean bulego berria instalatzeko, ez udalerri berean lekualdatzeko.

2. Farmazia bulegoa irekitzeko baimenean interesatuari eskatuko zaio hura jasotzen duenetik hiru hilabeteko epean Osasun Departamentuan justifika dezala obrak hasi direla, obra proiektuaren bidez, obra lizentziaren bidez, edo hori eskatu izanaren agiriaren bidez, edo obraren egoeraren gaineko ziurtagiri ofizialaren bidez.

Eskatzaileak eskatu zaion dokumentazioa aurkezten ez badu, baimena iraungita dagoela erabakiko da, jarduera ez erabiltzeagatik, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 92.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Eskatzaileari egotzi ezin zaizkion arrazoiak direla kausa, farmazia bulegoa epe horretan irekitzerik ez badago, epe hori luzatzea eskatzen ahalko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat, artikulu honetako 2. idatz-zatian adierazitako dokumentazioa ekarrita.

9. artikulua. Farmazia bulegoen arteko distantziak neurtzea.

Distantziak neurtzeko oinezkoendako biderik laburrena erabiliko da, eroso ibiltzeko den bidea betiere, eta peritu baten txosten baten bidez egiaztatuko da. Txostena, gainera, teknikari eskudun batek sinatu beharko du.

Osasun Departamentuak egoki iruditzen zaizkion jarduketak egiten ahalko ditu gutxieneko distantzia, hots, 150 metro, errespetatzen ote den egiaztatzeko.

Neurketa farmazia bulegoetako atetik atera eginen da, herritarrendako sarreraren erditik erdira.

II. KAPITULUA

Farmazia bulegoak jartzeko lokalek bete beharrekoak

10. artikulua. Establezimenduaren identifikazioa.

Farmazia bulegoa behar bezala identifikaturik egonen da. Horretarako, sarrera nagusian, modu ikusgarrian, FARMAZIA hitza agertu beharko da, hala nola farmazia bulegoko farmazialari titularraren edo titularren izen-abizenak.

11. artikulua. Sarrera eta oztopo arkitektonikoak.

Farmazia bulegoek bide publikotik libreki sartzeko moduko sarbide zuzena izanen dute eta oztopo arkitektonikoen gainean indarra duten arauak bete beharko dituzte, zehazki, uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, muga fisiko eta sentimenezkoei buruzkoa, eta ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretua, Lege hori garatu eta aplikatzeko Erregelamendua onesten duena.

12. artikulua. Lokalen betebehar orokorrak.

1. Lokalaren azalera osoa eta eremu bakoitzarena, Foru Dekretu honetako 13. artikuluan ezartzen direnak, establezimenduaren beharren eta jardueraren araberakoak izanen dira, baina erabiltzaileei harrera egoki egiteko modukoak direla bermatu beharko da. Nolanahi ere, azalera erabilgarri osoa ez da 75 metro koadrotik beherakoa izanen, 700 biztanletik beherako udalerrietako farmazia bulegoetakoak izan ezik, non 60 metro koadroko azalera erabilgarria aski izanen baita.

Gutxieneko azalera erabilgarria solairu batean edo bitan partitu daiteke. Bi oinetan baldin badago, erabiltzailea hartu eta zerbitzatzeko gunea, bulegorako edo banakako farmazia laguntza emateko gunea eta komuna, bederen, beheko oinean jarri beharko dira. Gune horiek guztiak Foru Dekretu honetako 13. artikuluan azaltzen dira.

2. Farmazia bulegoan analisi klinikoetarako atala, ortopedia, optika eta/edo audioprotesien atala edo farmazia bulegoarekin bateragarria den bestelako bat baldin badago, jarduera horietarako lokal egokiak izanen ditu, horietako jarduera bakoitza arautzen duten kasuan kasuko legeetan ezarritakoarekin bat. Jarduera horietarako azalera ez da kontuan hartuko aurreko lerroaldean ezarritako gutxieneko azalera neurtzeko ondorioetarako.

3. Lokalek farmazia bulegoei dagozkien eginkizunetan aritzeko behar diren osasun eta higiene baldintzarik egokienak izanen dituzte.

a) Hezetasun eta tenperaturako baldintzak sendagaiak, lehengaiak eta osasun produktuak egoki kontserbatzeko modukoak izanen dira.

b) Zoruak, hormak eta sabaiak kontserbazio egoera onean mantenduko dira, eta ongi garbitu eta desinfektatzeko modukoak izanen dira.

4. Farmazia bulegoek komunikazio sistema egokia izanen dute (telefonoa eta fax edo posta elektronikoa), baita dagozkien eginkizunak aurrera eramateko behar den informatika ekipoa ere.

5. Farmazia bulegoetako erakusleihoetan eta erabiltzaileen eskura dauden gainerako instalazioetan ezin izanen da produktu edo substantzien sustapen edo publizitaterik egin, ez eta sendagaien eta/edo osasun produktuen arrazoizko erabileraren kontrako jokabide edo jarduerena ere.

13. artikulua. Lokalen banaketa.

Lokalek, gutxienez, honako gune berezitu hauek izanen dituzte:

-Erabiltzailea hartu eta zerbitzatzeko gunea.

-Sendagai eta osasun produktuak jaso, aztertu eta biltegiratzeko gunea.

-Bulegorako edo banakako farmazia laguntzarako gunea, erabiltzailearen konfidentzialtasuna aseguratzeko modukoa.

-Laborategiko gunea, formula magistralak eta farmazia prestakinak landu eta kontrolatzeko.

-Komuna.

14. artikulua. Erabiltzailea hartu eta zerbitzatzeko gunea.

1. Erabiltzaileari harrera egiteko gunean, bereziki, sendagaien, osasun produktuen eta gainerako farmazia produktuen horniketa eta horiei buruzko informazio-ematea eginen da.

2. Gune horretan zerbitzatu edo saltzen diren produktuak hauek izanen dira, ez besterik:

-Gizakiok erabiltzeko farmazia espezialitateak.

-Sendabelarren bidez prestaturiko gaiak.

-Formula magistralak edo farmazia prestakinak.

-Osasun produktuak.

-Kosmetikoak.

-Norberaren higienerako produktuak.

-Formula bereziekin egindako elikagaiak, jan-neurri dietetiko eta/edo berezietarako eginak.

-Albaitaritzako sendagaiak.

-Eman ahal izateko, farmazialari baten baimena behar duen beste edozein produktu.

3. Erabiltzaileari harrera egiteko guneko salmahaian ez da erabiltzailearekiko komunikazioa galaraz dezakeen erakusgarririk edo publizitate-euskarririk jarriko. Eremu horretan baimentzen den publizitate, sustapen edo informazio bakarra osasuna sustatzeko edo eritasunei aurrea hartzeko asmoz prestatua izanen da.

15. artikulua. Produktuak jaso, aztertu eta biltegiratzeko gunea.

1. Gune honetan bi esparru izanen dira:

-Produktuak jaso eta aztertzeko esparrua.

-Biltegiratzeko esparrua.

2. Argi, tenperatura eta hezetasun baldintzak sendagaiak eta osasun produktuak egoki kontserbatzeko modukoak izanen dira. Biltegiko tenperatura 15 eta 25º C bitartekoa izanen da.

Sendagai termolabilak kontserbatzeko, goreneko eta behereneko tenperaturak adierazten dituen hozkailu bat edukiko da, edo tenperaturen etengabeko kontrol eta erregistrorako beste sistema bat, tenperatura 2 eta 8º C artean mantentzen dela bermatzeko modukoa.

3. Biltegian esparru berezitu bat utzi beharko da, behar bezala errotulatu eta mugatua, sendagai, osasun produktu eta gainerako farmazia produktu desegokiak, iraungiak, geldiaraziak edo erretiratuak biltegiratzeko.

4. Albaitaritzako sendagaiak gizakiak erabiltzeko direnetatik aparte biltegiratu beharko dira.

5. Sendagaiak eta farmaziako gainerako produktuak bereizita biltegiratuko dira.

6. Indarreko legeen arabera, substantzia sorgorgarritzat hartzen diren farmazia gai eta lehengaiak eta legearen arabera psikotropoak diren lehengaiak gordetzeko segurtasun armairu edo segurtasun kutxa bat eduki beharko da.

16. artikulua. Bulegorako edo banakako farmazia laguntzarako gunea.

1. Farmazia bulegoetan banakako farmazia laguntza emateko bulego edo gune bat eduki beharko da, argi eta garbi mugatua eta beste eremuetatik bereizita, erabiltzaileak farmazialariari zuzenean eta isilpean kontsultatu ahal izateko. Esparru horretan, bereziki, segimendu farmakoterapeutikoa eginen da, sendagai, osasun produktu eta farmaziako gainerako produktuekin lotutako arazoak identifikatu, prebenitu eta/edo sendatzeko asmoz.

2. Sendagaiak zerbitzatzeko tokitik sarrera zuzena eta erraza izanen du, erabiltzailearen harrera zerbitzua faboratzearren.

3. Gune horretan segimendu farmakoterapeutikoaren zerbitzuan egiten diren jarduketa profesionalak erregistratu eta artxibatzeko sistema egoki bat izanen da.

4. Orobat, liburutegi edo datu-base bat izanen du, honako gai hauen ingurukoa gutxienez: farmakologia eta terapeutika, kontrako erreakzioak, sendagaien eta botika eta elikagaien arteko elkarreraginak, sendagaien arteko bateraezintasunak, toxikologia, formulazio magistrala, farmazia arloko legedia, nutrizio eta dietetika, Espezialitate Farmazeutikoen Katalogoa, Espainiako Errege Farmakopea eta Formulario Nazionala.

17. artikulua. Formula magistralak eta farmazia prestakinak landu eta kontrolatzeko laborategia.

1. Gune honetako instalazioek formula magistralak eta farmazia prestakinak egoki landu eta kontrolatzeko Arauen araberakoak izanen dira, farmazia bulegoan landuko diren farmazia formen araberakoak.

2. Formula magistralak eta farmazia prestakinak landu eta kontrolatzeko lanak gune ongi bereizi batean eginen dira. Gune hori horretarako baino ez da erabiliko.

3. Gune horren tamaina prestaketa lanetan nahasmendu eta poluzio arriskua ebitatzeko modukoa izanen da. Lan bolumenaren edo lantzen diren prestakinen ezaugarrien arabera, zilegi izanen da prestaketa lanak egiteko gune erabat itxia edukitzea eskatzea. Prestakin esterilak lantzen badira, horretarako eremu isolatu bat beharko da, airea filtratzeko baliabide egokiez hornitua.

4. Prestaketak egiteko lokalak edateko ur hornidura eta beharrezko energia iturriak izanen ditu. Horretaz gainera, honako hauek:

-Lan-mahai neurriz egoki bat, laua eta iragazkaitza, garbitu eta desinfektatzeko erraza, koloratzaile eta substantzia erasokorren aurrean inertea.

-Harraska bat, ur hotz eta beroarekin, material lau eta sendokoa, itzulera ebitatzeko sifoiaz hornitua.

-Garbitu beharreko ontzi eta tresnak uzteko toki berezitu bat.

-Ahalik eta bibrazio gutxien duen euskarri horizontal bat, pisua jartzeko toki nahikoa duena eta pisaketa egokia egiteko modukoa.

-Armairu eta apalategiak, prestakinak lantzeko behar den guztia gordetzeko modukoak, hautsa har ez dezaten, eta argi-izpietatik babesteko, beharrezkoa bada.

5. Formula magistralak eta farmazia prestakinak egoki lantzeko Arauetan ezarritako gutxieneko tresnak ere izanen ditu, farmazia bulegoan landu behar diren farmazia formen arabera.

III. KAPITULUA

Farmazia bulegoaren kalitate plana

18. artikulua. Farmazia laguntza bermatzeko, farmazia bulego bakoitzak kalitate plan bat izanen du, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera. Osasun agintariek begiratuko dute kalitate plana betetzen ote den.

19. artikulua. Kalitate planak kalitatearen gida liburu bat eta erregelamenduz ezarritako dokumentazio orokorra, lan prozedura normalizatuak eta erregistroak izanen ditu, ondoko lan esparru hauetan lantzen diren farmazia jarduketen kalitatea bermatzeko:

1. Sendagaiak eta osasun produktuak erostea.

2. Sendagaiak, botikak, osasun produktuak eta gainerako farmazia produktuak gorde eta kontserbatzea.

3. Sendagaiak zerbitzatzea.

4. Sendagaiei buruzko informazioa.

5. Pazienteen segimendu farmakoterapeutikoa.

6. Harturiko errezeta medikoak begiratu, kontrolatu eta gordetzea eta Osasun Departamentuak eskaturiko informazioa prestatu eta jakinaraztea, indarra duten arauekin bat.

7. Formula magistralak eta farmazia prestakinak landu eta/edo kontrolatu eta zerbitzatzea.

8. Farmakozaintza.

9. Biztanleriaren osasun heziketa.

10. Etengabeko farmazia laguntza.

IV. KAPITULUA

Langileria arloko betebeharrak

20. artikulua. Bateraezintasuna.

Farmazia bulego bateko farmazialari titularrek, titularkideek, albokoek, bitartekoek edo ordezkoek, izendatu edo baimendu aurretik, norberaren aitorpena aurkeztu beharko dute Osasun Departamentuan, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritako bateraezintasun kasuetan ez daudela adierazteko. Bateraezintasunak izendapena baimendu ondoren izanen du eragina, lanean hasi aitzin betiere.

21. artikulua. Langileen identifikazioa.

Farmazia bulegoetako langileek identifikazio pertsonal eta profesionala eraman beharko dute gainean beti, erabiltzaileek garbi ikusteko toki batean.

22. artikulua. Farmazietako Langileen Erregistroa.

1. Osasun Departamentuak Nafarroako Foru Komunitatean baimentzen diren farmazialari titular, bitarteko eta ordezkoen etengabeko erregistroa eraman beharko du, hala nola erkidego horretako farmazia bulegoetan lanean ari diren alboko farmazialariena.

2. Erregistroa eguneratzearen ondorioetarako, farmazia bulegoetako farmazialari titularrek beren establezimenduetan lanean ari diren langileei eta arlo horretan gertatzen diren aldaketa guztiei buruzko informazioa eman beharko diote Osasun Departamentuari.

23. artikulua. Bitarteko farmazialaria.

1. Farmazia Laguntzari buruzko 12/2000 Foru Legearen 16. artikuluan ezarritako kasuetan, bitarteko farmazialaria izendatzeko baimena eskatzen ahal da. Titularrarentzat ezarritako eginkizun, erantzukizun eta bateraezintasun berberak izanen ditu.

2. Bitartekoa baimentzeko eskaera Osasun Departamentuan aurkeztu beharko dute legezko oinordeko edo ordezkariek, bitartekoa jartzea ahalbidetzen duen gertaera ofizialki gertatu eta hilabeteko epean gehienez. Eskaera horretan bitarteko farmazialari bat proposatu beharko da eta honako agiri hauek erantsi beharko dira:

-Farmazialari tituluaren fotokopia konpultsatua, Osasun Departamentuko tituluen Erregistroan inskribaturik ez badago.

-Bitartekoa eskatzea ahalbidetzen duten inguruabarren egiaztagiriak.

3. Osasun Departamentuko zuzendari nagusiari dagokio bitartekoak baimentzeko eskaerak ebaztea, hilabeteko epean.

4. Farmaziaren bitartekotza aldia bost urtekoa izanen da, gehienez.

5. Bitarteko aritzeko ezarritako gehieneko epea bukatu baino lehen, titulartasun aldaketa egiteko edo farmazia bulegoa ixteko baimena eskatu beharko da. Bestela, Osasun Departamentuak ofizioz itxiko du farmazia bulegoa.

6. Administrazioak bitartekoa jartzeko baimena ebatzi bitartean, zilegi izanen da farmazia bulegoa irekita izatea, betiere farmazialari batek gobernatzen badu.

7. Bitarteko farmazialariaren kargu-uztea Osasun Departamentuari jakinarazi beharko zaio lehenbailehen, beste bitarteko bat izendatzeko proposamenarekin batera.

24. artikulua. Ordezko farmazialaria.

1. Farmazia Laguntzari buruzko 12/2000 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako inguruabarrak gertatuz gero, farmazialari titularrak ordezko farmazialari bat izendatu beharko du farmazia bulegoak abian segitzeko. Ordezko horrek farmazialari titularrak edo bitartekoak dituen eginkizun, erantzukizun eta baterezintasun berberak izanen ditu.

2. Ordezko farmazialariaren izendapena Osasun Departamentuan aurkeztu beharko da, ordezkapen aldia hasi baino lehen, salbu eta eritasun kasuetan.

3. Ordezko farmazialaria izendatzeko, Osasun Departamentuan honako informazio hau aurkeztu beharko da:

-Ordezkoaren proposamena, titularrak egina.

-Ordezkapena egiteko zergatia eta hori egiaztatzeko agiriak, bidezko bada.

-Ordezkapen aldia.

4. Titularrak edo bitartekoak hiru egun baliodun baino gutxiagoan kanpoan egon behar baldin badu eta hori justifikatuta baldin badago, farmazia bulegoan, gutxienez, alboko farmazialari bat izanez gero, ez da nahitaezkoa izanen ordezko farmazialaria izendatzeko baimena eskatzea.

25. artikulua. Alboko farmazialarien izendapena.

Farmazia bulegoko farmazialari titularrak alboko farmazialarien izendapenen berri eman beharko dio Osasun Departamentuari, izendatzen dituen momentuan.

V. KAPITULUA

Farmazia bulegoei loturiko herrietako botikinak

26. artikulua. Farmazia bulegoei loturiko herrietako botikinak.

1. Biztanleria sakabanatua dagoen eremuetan, farmazia zerbitzua aski ez den salbuespen kasuetan, eskuragarritasun printzipioen arabera, Osasun Departamentuak baimena ematen ahalko du botikin bat irekitzeko, farmazia bulego bati lotua.

2. Herrietako botikinak salbuespenez irekitzeko ahalmena toki entitate interesdunei, tokian tokiko Osasun Eskualde Oinarrizkoaren Osasun Kontseiluari, irekita dagoen farmazia bulegoaren titularrari edo Osasun Departamentuari berari dagokie.

3. Eskaera hori eskabide batean egin beharko da eta horrekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

-Botikina instalatu nahi deneko eraikinaren plano-krokisa.

-Lokala eraikinaren barrenean kokatzen duen planoa.

-Proposaturiko farmazialariak harrera eginen duela adierazteko konpromisoa.

-Botikineko sendagaien eta osasun produktuen zerrenda.

-Funtzionamendurako proposaturiko ordutegia eta botikinaren ardura izanen duen farmazialaria.

-Horrelako espedienteak Nafarroako Foru Komunitatean izapidatzeko tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

4. Hona hemen lokalak bete beharreko baldintza tekniko eta osasun arlokoak:

-Gutxieneko azalera: 10 metro koadro.

-Herriko botikinerako baino ez da erabiliko. Hortaz, sendagaiez edo osasun produktuez bestelako produkturik ezin izanen da gorde bertan.

-Sendagaiak biltegiratu eta kontserbatzeko altzari egokiak.

5. Dokumentazioa jasotakoan, espedientea izapidatzen hasi dela jakinaraziko zaie botikinetik hurbilen dauden farmaziei eta proposaturiko farmazia hori kokatzen den herriari dagokion Osasun Eskualde Oinarrizkoko Lehen Osasun Laguntza Taldeko zuzendariari, hamar eguneko epean egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten.

27. artikulua. Establezimenduaren identifikazioa.

Botikina behar bezala identifikatua egonen da. Sarrera nagusian, modu ikusgarrian, "BOTIKINA" hitza agertuko da, hala nola harrera egiten du(t)en farmazialari titularr(ar)en izen-abizenak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari Foru Dekretu hau garatzeko behar dituen arauak eman ditzan.

Bigarrena.-Oro har, Foru Dekretu honen babesean hasten diren administrazio prozedura guztiak ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Erantzunik jaso ezean, ukatu dela ulertu beharko da. Bitarteko eta ordezko farmazialaria izendatzeko baimenetarako, ordea, bestela jokatuko da, izan ere, ebazpena emateko epea hilabetekoa izanen da eta erantzuna jaso ezean onartu dela ulertu beharko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.-Farmazia bulegoetako farmazialari titularrek urte bateko epea dute Foru Dekretu honetako III. Kapituluan ezarritakoari egokitzeko.

Bigarrena.-Farmazia bulegoen eskaeretan konkurrentzia kasuak ebazteko Foru Dekretu honetan bildutako arauak Dekretuak indarra hartzen duen egunean ebatzi gabe dauden espedienteei ere aplikatuko zaizkie.

Hirugarrena.-Foru Dekretu honetan lokalen azalerari dagokionez ezarri diren baldintzak Dekretuak indarra hartzen duenetik aurrera farmazia bulegoak ireki, lekualdatu edo eskualdatzeko aurkezten diren eskaerei eskatuko zaizkie, ez aurrekoei.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren hamaseian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0107763