92. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

164/2001 FORU DEKRETUA, ekainaren 25ekoa, Eratsungo iralekuen gaineko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak onesten dituena.

Eratsungo Udalak, hasiera batez herrilurtzat hartzen diren lurzatien titulartasunaren gainean sor daitezkeen erreklamazio auziak saihestu eta herri ondasunak zehazteko asmotan, iralekuen gaineko transakzio hitzarmen baten oinarri orokorrak prestatu ditu; haren bidez konpentsatu eginen da partikularren aprobetxamendu eskubidea.

Aipatu hitzarmena Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 30, 31 eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz egin da. Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen Erregelamendu horrek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen zati bat garatzen du.

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hala proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko ekainaren hogeita bosteko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Eratsungo iralekuen gaineko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak onestea. Foru Dekretu honen eranskinean ageri dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hogeita bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

E R A N S K I N A

Eratsungo herri ondasunak berreskuratzearen gaineko transakzio hitzarmenaren oinarriak, Toki Entitateen Ondasunei buruzko erregelamenduaren 30.4 artikuluari jarraikiz

Lehen artikulua.-Oinarri hauek Eratsungo Udalak eginen dituen transakzio hitzarmenak arautzea dute xede, herri ondasunen gaineko aprobetxamenduetako eskubideak dituzten partikularrekin.

Bigarren artikulua.-Eratsungo Udalaren iritziz, Foru Berriaren edo Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren Bildumaren 388. Legean ezarritakoari atxikiz, Eratsungo iralekuak, orokorrean, herrilurrak dira eta partikularrek horiek aprobetxatzeko eskubidea baizik ez dute.

Zuzenbidean oinarrituriko bestelako zioak ezertan ukatu gabe, Eratsungo Udalak aurreko lerroaldean aipatu irizpideari eutsiko dio herrilurren aprobetxamenduen eskubide guztietarako.

Iritzi hori defendatu eta aplikatuko du eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliz, batez ere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan biltzen direnak.

Hirugarren artikulua.-Aitzineko artikuluan ezarritakoa goiti-beheiti, Eratsungo Udalak, herri ondasunen gaineko aprobetxamenduen arazoa konpontzeko eta partikularrek zein Udalak berak ere auzi astunik izan ez dezaten, erabaki du Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 30. artikuluan jasotzen den transakzio ahalmena erabiltzea. Horiek horrela, transakzioak egiteko oinarri orokor hauek onetsi ditu, ondotik Nafarroako Gobernuak onetsi beharko dituenak, hori gabe ez baitute baliorik izanen.

Laugarren artikulua.-Hitzarmen unitatetzat hartuko da partikularretako bakoitzaren notario-eskrituretan, 1999ko abenduaren 31 baino lehenagoko datarekin, ageri diren aprobetxamendu guztien batuketa. Nolanahi dela, aipatu dataren ondoko notario-agiriak ere onartzen ahalko dira, baldin eta, Eratsungo Udalaren iritziz, haien titularrak saiatu ez badira bidezkoak ez zirenak bereganatzen, herri-ondarearen kontra.

Horretarako, bateratu eginen dira titular desberdinen eskrituretan ageri diren aprobetxamenduak, baldin eta bizitoki, etxe edo sutondo berean elkarrekin bizi badira.

Bosgarren artikulua.-Notario-agirietan oin kopuruaren bidez adierazita ageri diren aprobetxamenduetan, neurri hori azalera neurri bilakatu eta hitzarmen unitatea atera ahal izateko, Eratsungo Udalak irizpide honi segituko dio:

Gaztainondo batek hartzen duen lur azalera: 25 metro karratu.

Lizar batek hartzen duen lur azalera: 20 metro karratu.

Seigarren artikulua.-Lur azalera beraren gainean aprobetxamendu bat baino gehiago baldin badago, onuradun baten baino gehiagoren izenean eskrituraturik, hitzarmen unitatea ateratzeko, aprobetxamendu-azalera hori zatitu eginen da onuradun kopuruaren artean, non eta aprobetxamenduren bat notario-agirietan oin kopuruaren bidez adierazita ez dagoen, orduan haren azalera onuradun horrentzat oinarri hauetako bosgarren artikulua aplikatuz aterako baita, eta beste onuradunaren azalera izanen da kenketa bidez ateratzen den aldea.

Zazpigarren artikulua.-Eratsungo Udalak eskrituratutako aprobetxamenduetako lurraren jabetza aitortuko dio partikularrari, honako portzentaje hauetan, aurreko artikuluan definitutako hitzarmen unitatearen arabera:

Lehen 10 hektareak: ehuneko hogeita hamar.

Gainerakoak: ehuneko bost.

Zortzigarren artikulua.-Aprobetxamenduen azaleraren gainerakoa herrilurretan geldituko da, erabat Eratsungo Udalaren esku, eta hemendik aitzina partikularrak ez du inolako ez inongo eskubiderik alegatuko, hitzarmen honen hamabigarren artikuluan ezartzen dena deusetan ukatu gabe. Partikularrak, hitzarmena sinatzerakoan, espresuki onartuko du baldintza hori.

Bederatzigarren artikulua.-Ez dira hitzarmenean sartuko Eratsungo Udalaren aldeko epai irmoa izandako aprobetxamendu eskrituratuak.

Hamargarren artikulua.-Transakzio hitzarmen bat eskatzen duen partikularrak identifikatu, zehaztu eta mugatu beharko ditu lursailean, Eratsungo Udalarekin batera baina bere kontura, hitzarmenaren xede diren aprobetxamenduak. Identifikatutako lur azalera erreala hitzarmen unitatetzat hartzeko ahalmena berekin du Udalak, hitzarmenari dagokionez.

Hamaikagarren artikulua.-Udalak partikular bakoitzari dagokion partea lurzati batean edo batzuetan emateko ahalmena du, nahiz eta hitzarmenak ukitutako aprobetxamendu zehatzekin bat ez etorri, xedea baita aprobetxamendu horiek biltzea. Aipatu ahalmena partikularraren iritzia entzun ondotik eta hitzarmenak ukitutakoen antzeko ezaugarriak dituzten lurrak emanez erabiliko du Udalak. Halaber, saiatuko da partikularrendako onuragarrien izan daitezkeen lurzatiak ematen.

Lurzatien berrantolamendua egiten bada, ez da beharrezkoa izanen aurreko lerrokadan ageri dena, baldin eta berrantolaketa prozesua, oinarri orokor hauek onetsi direnetik, urtebete baino gehiago atzeratzen ez bada.

"Latargi", Launtze" eta "Penta" alderdiak eta "Gorotzena" alderdiaren zati bat Udalaren esku geldituko dira bere erabilerarako.

Hamabigarren artikulua.-Ukitutako lurretan dagoen arboladiari dagokionez, honako irizpide orokorrari jarraituko zaio:

a) Hitzarmeneko lurretan dauden arbolak, berez sortuak, Eratsungo Udalarenak izanen dira.

b) Partikularrek landatutakoak partikularrenak izanen dira, baldintza hauei jarraituz:

Hazten ari diren pinudien kasuan, partikularrak mantendu beharko ditu egurra atera arte.

Epe horretan, ustiapen guztiaren eta pinudiaren garapenean zehar egiten diren entresaken balorearen % 10eko kanona pagatu beharko du. Nafarroako Gobernuko Basozaintzak finkatuko ditu balore horiek.

Arbola landatuak dituzten aprobetxamenduen jabetza osoa hartuko du Eratsungo Udalak, arbola landatuen azken aprobetxamendua egindakoan.

Hamahirugarren artikulua.-Herrilurretan gaztainadi, lizardi eta beste arbolen gainean eskrituratutako aprobetxamenduen onuradunek bi urtez segitzen ahalko dute horiek erabiltzen, Nafarroako Gobernuak hitzarmen hau onesten duenetik aitzina. Data horretatik goiti, aprobetxamendu eskubideko herrilur horiek Eratsungo Udalaren eskura geldituko dira beren osoan, hitzarmen honen zortzigarren artikuluak dioen gisara.

Hamalaugarren artikulua.-Oinarri hauek aplikatuz eskatutako hitzarmenak, 30 egunetan jendaurrean egon ondoren, Eratsungo Udalak onetsiko ditu lehenik, eta ondotik Nafarroako Gobernuak, bestela ez baitute baliorik izanen.

Hamabosgarren artikulua.-Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, hitzarmenak eskritura publikoan paratuko dira; eskriturak egiteko gastuak erdi bana eginen dituzte partikularrak eta Udalak.

Hamaseigarren artikulua.-Oinarri hauek indarrean jarriko dira Nafarroako Gobernuak onetsi eta biharamunean, eta hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen dute, aipatu egunetik hasita. Lurzati berrantolamendurako lanak hasiz gero, indarraldia behin betiko oinarriak onesten direnean bukatuko da.

Data edo epe haietan transakzio hitzarmena eskatzen ez dutenek, oinarri orokor hauen bigarren artikuluak dioenari men egin beharko diote.

Hamazazpigarren artikulua.-Oinarri hauei segitzen dieten partikularrek dagokien hitzarmenaren onespena eskatu beharko dute, aurreko artikuluan finkatutako epean, Eratsungo Udalari zuzendutako idazkiaren bidez. Hartan, oinarri hauek onartzen dituztela adierazteaz gain, zehaztuko dute zein aprobetxamenduren gainean eskatzen den hitzarmena. Eskabidearekin batera eskatzaileak aurkeztuko du zinpeko aitorpen bat, eskatzen diren aprobetxamendu guztiak bere eskrituretan ageri direla dioena, Eratsungo aprobetxamenduen gainean izan dezakeen bestelako edozein eskubideri uko egiten diolarik.

Hemezortzigarren artikulua.-Hitzarmenaren gai diren lurren artean Udalaren esku oso-osorik gelditzen direnak, Jabetza Erregistroan inskribatuko dira, herri ondasun direla agertaraziz.

Iragarkiaren kodea: a0107151