90. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

753/2001 FORU AGINDUA, ekainaren 22koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2001. urtean zikoina zurien habiak egokitzeko jardueretarako dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen bidez ezarri da (1997ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ekainaren 20koa).

Foru Lege horren 3. artikuluan adierazitakoarekin bat, dirulaguntzak publizitate, konkurrentzia eta objektibotasun printzipioen arabera banatuko dira.

Deialdi honen xedea da zikoinek eraikinetan egiten dituzten kalteak gutxiagotxeko jarduerak egiteko dirulaguntzak ematea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak eman dizkidan eskumenak erabiliz.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak deialdi horren aldeko txostena egin du.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. 2001. urtean zikoina zurien habiak egokitzeko jardueretarako dirulaguntzen deialdia onestea, hala nola deialdi horretarako prestatu diren oinarriak.

2. Gastua 2001eko gastuen aurrekontuko "Partikularrentzako eta elkarteentzako kalteordain, aseguru eta laguntzak" izeneko 330000-31200-4809-5331 kontusailaren kargura finantzatuko da. Aurrekontuetako kontsignazioa 3.000.000 pezetakoa da gehienez.

3. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru Agindu hau Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Kontrol Administratiboaren Atalera, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoan duen kontuhartzaile delegatuari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hogeita bian.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

OINARRIAK

1. Lehena.-Xedea.

Deialdi honen xedea da ondoko jarduera hauek partez finantzatzeko dirulaguntzak ematea:

a) Zikoina zuriaren habiak egokitzeko jarduerak.

b) Habiak kentzea, aldez aurreko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimenarekin, eta habia berriz egitea galarazteko egiturak instalatzea.

c) Arazorik gabeko tokietan, habiak egin ditzaten egiturak jartzea.

2. Bigarrena.-Baldintzak.

Deialdi honetan biltzen diren laguntzak Nafarroako toki entitate eta partikularrek eska ditzakete.

3. Hirugarrena.-Prozedura.

3.1. Epeak.

Eskaerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean. Entitate eskatzailaren legezko ordezkariak sinatu beharko ditu.

3.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Eskaera, eranskinean ageri den ereduaren araberakoa.

b) Dirulaguntzaren xede izanen den lan edo proiektu bakoitzaren memoria, non eta noiz burutuko den espresuki aipatuta.

Lan edo proiektu bakoitzean zenbat gastatuko den azaltzeko aurrekontu zehatz bat ere aurkeztu beharko da, kontzeptuz kontzeptu eta kontusailetan zatitua, eta jarduera horretarako beste erakunde publiko edo pribatuek emandako gainerako laguntza edo dirulaguntzak aipatu beharko dira, horrelakorik baldin bada.

c) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, eredu ofizialaren araberakoa, onuradunaren IFZ eta guzti.

d) Eskatzaileek eskaera hobeki azaltzeko nahi beste agiri aurkeztu ahalko dituzte.

Dokumentazioak baldintza horiek betetzen ez baditu, Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Atalak interesatuari errekerimendua eginen dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezan. Gainera, adieraziko dio zuzendu ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta, horrenbestez, artxibatuko dela besterik gabe.

4. Laugarrena.-Balorazioa eta laguntzak emateko bidea.

4.1. Egindako eskaerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Batzorde Tekniko batek aztertuko ditu. Hona kideak:

-Batzordeburua: Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria.

-Batzordekideak: Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Ataleko burua eta basa faunaz arduratzen den teknikaria.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuak ondoko baldintza hauek bete behar ditu:

a) Deialdiko oinarriak betetzea.

b) Jardueraren eremua Nafarroako Foru Komunitatea izatea.

c) Dokumentazioa zuzen aurkeztea, hala memoria nola aurrekontua, kontusailetan xehekatua.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak informazioa zabaltzeko eska dezake, baita eskatzailea bera agertzeko ere, hartu beharreko erabakia hobeki sendotzeko egoki baderitzo.

4.2. Dirulaguntzak Ingurugiro zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, Batzorde Teknikoak proposatuta.

Eskaera aurkeztu eta hiru hilabetean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

4.3. Eraikinetan eragin daitezkeen kalteak edo pertsonendako arriskuak gutxiagotzea helburua duten proiektuak lehenetsiko dira.

5. Bosgarrena.-Laguntzen zenbatekoa eta ordainbidea.

5.1. Aurkezten diren proiektuei emanen zaien dirulaguntza ez da inola ere proiektuaren kostuaren % 90etik gorakoa izanen. Habia bakoitzeko 150.000 pezeta emanen dira gehienez.

5.2. Ordainketa bakarra eginen da, jarduera bukatu eta gastuak formazko fakturen bidez egiaztatu ondoren.

5.3. Egiaztagiriak aurkezteko epea 2001eko abenduaren 31n amaituko da. Horiekin batera, egindako gastuak eta diruz lagunduriko jarduerak azaltzen dituen memoria bat aurkeztu beharko da.

5.4. Gastuen egiaztagiriak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira.

Faktura eta gastuen egiaztagiri guztietan honako datu hauek bildu beharko dira gutxienez:

-Dirulaguntza eskatzen duen Udalari edo partikularrari dagokionez: izena, IFZ, eguna eta kontzeptua.

-Fakturaren igorleari dagokionez: izena, helbidea, IFZ eta fakturan azaltzen den dirua jaso izana egiaztatzeko sinadura.

6. Seigarrena.-Beharkizunak.

Laguntzaren onuradunek honako beharkizun hauek izanen dituzte:

a) Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak datuak eta jarduerak egiaztatzeko egiten dituen lanak uneoro onartzea.

b) Proiektuaren edukia edo gastua aldatu beharra dakarren gorabeheraren bat gertatuz gero, horren berri ematea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, gertatzen den unean berean. Aldaketa horrek ez dio inolako erantzukizunik sortuko Foru Komunitateko Administrazioari, espresuki bere gain hartzen ez badu.

c) Informazio guztietan adieraztea jarduera edo proiektua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren laguntzarekin egiten ari dela.

7. Zazpigarrena.-Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntzaren xede den jarduerari jartzen zaizkion baldintzak oso-osorik edo partez betetzen ez badira jasotako dirulaguntza osoa itzuli beharko da, eta laguntza ordaindu zenetik aurrera bidezko diren berandutza korrituak eskatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan ezarri bezala.

8. Zortzigarrena.-Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira beste edozein subentzio edo laguntzarekin. Dena dela, proiektu edo programa bererako erakunde edo entitateetatik biltzen diren dirulaguntzen zenbatekoak ezin izanen du gainditu haren kostu osoa.

Aurreko lerroaldean adierazitakoaren ondorioetarako, beste dirulaguntzaren bat jasoz gero, onuraduna behartua dago Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Atalari horren berri ematera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 8. artikuluko 2.d) atalean adierazitakoa betetzeko.

9. Bederatzigarrena.-Dirulaguntzen kontrola.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntzak emateko ezartzen diren baldintzak betetzen direla eta aurreikusitako inbertsioak egoki burutzen direla begiratuko du. Hori helburu, bidezko ikuskapen eta egiaztapenak egin ditzake, eta laguntzen onuradunei jarduerari buruzko informazio eta egiaztagiriak aurkeztea eska diezaieke, baita haren aurrean agertzeko ere.

10. Hamargarrena.-Ordezko arau aplikagarriak.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen esparruan garatuko da. Hortaz, deialdi hau lege horrek gobernatu eta osatzen du.

11. Hamaikagarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarri eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluetan ezarri bezala.

ERANSKINA

Eskabide eredua

(Udalak): ...................................................... J/A, ............ NANa, ................................. Udaleko alkatea.

(Partikularrak): ........................................ J/A, ............. NANa, helbidea ...................................(e)n, ............................. kaleko ................... zk.an duena, ............... P.K.

Adierazten du:

2001. urtean zikoina zurien habiak egokitzeko jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatu duen deialdia ikusita (2001eko ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, .......(e)koa), eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela uste du, deialdiko oinarri guztiak onartzen ditu, jarduera horretarako beste dirulaguntzarik jaso ez duela aitortzen du edo, zortzigarren oinarriaren arabera, hori behar bezala justifikatzen du eta, behar diren egiaztagiriak eransten dituelarik, inbertsioaren kostua finantzatzeko dirulaguntza bat eskatzen du. Inbertsioa guztira ................... pezetakoa da (dirulaguntzak estali nahi dituen gastuen zenbatekoa azaldu, zifra eta letretan) ..............

Horregatik,

Eskatzen du:

Eskabide hau onartu eta erantsi diren agiri guztiak hautapen bidean jar ditzazula.

................(e)n, 2001eko ....................aren ........(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

INGURUMEN ZUZENDARI NAGUSIA.

Iragarkiaren kodea: A0107241