90. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

576/2001 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Industri zuzendari nagusiak emana, Ribaforada, Fustiñana eta Cabanillasko udalerrietan "Ribaforada-Fustiñana-Cabanillas adarra" gasbidea eraikitzeko proiektuko instalazioetarako administrazio baimena eman eta haren onura publikoa onartzen duena.

Gerardo Arraiza Rodriguez jaunak, Gas Navarra, S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz (ordezkatzeko aski ahalmen baduela egiaztaturik), 2001eko otsailaren 15ean eskatu zuen Ribaforada, Fustiñana eta Cabanillasko udalerrietan "Ribaforada-Fustiñana-Cabanillas adarra" gasbidea eraikitzeko proiektuko instalazioetarako administrazio baimena, eta haren onura publikoa onar zedila. Lan hori zehaztua dago Julián Díez Gómez jaunak, Portu, Ubide eta Bideetako ingeniariak erredaktatutako proiektuan; haren Elkargo Ofizialak ikus-onetsitako proiektua da eta 2001-02-5eko 114431 zenbakia du. Bertan bildurik dago ukituriko ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehaztua, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 17. artikuluak aurreikusi bezala.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak ondoko hauek dira: hodia hasten da Ebroko Erriberako gasbidearen Ribaforadako III. adarraren V-16 erpinean eta lotura eginen da, karga-hartunearen bidez, lehendik dagoen 6" DNko hodiaren gainean, eta gero jarraituko du landan zehar, Buñuel-Ribaforada errepidea, Aragoiko Kanal Inperiala eta Ebro ibaia gurutzatuz, Fustiñanaraino iritsi arte, bertako bideetan barna, 6" DNaren bidez. Herri horretatik abiatuko den adar bat utziko da, ipar aldera, minden desinpakterako granja bat gas naturalez hornitzeko, 6" DNkoa, granja horren hartunean amaituko dena, eta aurreikusiko da 2" DNko hartune bat, nekazaritzako biltegietarako. Horretaz gain, Fustiñanako ERMa hornitzeko hartune bat eraikitzea ere aurreikusita dago, bertako Guardia Zibilaren kuartelaren inguruan.

Fustiñanatik adarrak 4" DNko hodian segituko du, Tausteko Kanala gurutzatuz, eta gero Fustiñana-Cabanillas errepidearekiko paraleloki, Cabanillasko ERMeko entrega-balbularaino, zeina jarriko baita Cabanillasko nekazaritza eta abeltzaintzako poligonoaren eta Los Carnucesko sakanaren artean dagoen lurzatiaren mugan.

Egin gogo den gasbideak (guztira 9.742 m.l.) kondukzio nagusia izanen du (6" DNko 4.439 m.l., eta 4" DNko 2.448 m.l.), bai eta bi adar ere, bata 2.871 m.l. eta 6" DN-koa eta bestea 57 m.l. eta 4" DN-koa; horretaz gainera, 17 m.l.ko hartunea, 2" DN-koa. API 5L Grd.B motako altzairuzkoa izanen da, eta polietileno estrusionatuzko babes pasiboa izanen du (2 mm-ko lodiera). Estaldura gabeko hodi tarteen arteko loturak babestu eginen dira, soldatu eta gero, plastikozko zinten bidez; babes katodiko egokiari buruzko azterlana eta proiektua ere baditu. Kondukzioak elkargune eta hartuneko zenbait balbula dauzka eta 4.900 Nm3/h-ko emarirako diseinatuta dago 16 bar-eko presioan eta 15ºC-ko tenperaturan, eta gasaren gehieneko abiadura 30 m/seg izanen da.

Aurrekontua ehun eta hogeita hamahiru milioi zazpiehun eta bederatzi mila zortziehun eta berrogeita bat (133.709.841) pezetakoa da.

Ebroko Erriberako Gasbidearen bidez, Gas Navarra, S.A. zen industri, etxe eta merkataritzarako gas naturalaren kondukzio, banaketa eta horniketa egiteko zerbitzu publikorako administrazio kontzesio baten titularra, Industri zuzendari nagusiaren ekainaren 17ko 577/1997 Ebazpenaren bidez. Aipatu kontzesioa administrazio baimen bihurtu da, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko seigarren xedapen gehigarrian (ekainaren 23ko 6/2000 E.L.D.aren bidez aldatua) ezarritakoaren arabera. Aipatu gasbidearen adarretako bat, Ribaforadako III. adarra, oraingo Ribaforada-Fustiñana-Cabanillas adarraren luzapena dela kontsideratzen da.

Adierazi diren ondorioetarako, instalazioen proiektua, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera, jendaurrean jarri zen, 34/1998 Legearen 104.2 artikuluaren, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 17.2 artikuluaren eta haren Erregelamenduko 56.aren arabera. 2001-03-13ko Diario de Navarran eta 2001-04-16ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (47. zk.) argitaratu zen, eta ukitutako udaletako iragarki oholetan jarri zen. Jendaurreko epea iraganik, ondoko alegazio hauek aurkeztu dira:

1.-Ribaforadako Udalarena. Eskatzen du trazadura aldatzeko, ukitzen dituen ureztaketa finkek ahalik eta kalterik txikiena jasan dezaten.

2.-Jesús Litago Zardoya jaunarena, espedientean banan-banan bereizita ageri diren hogeita bederatzi ukituen izenean. Okupatu beharraren aurka agertzen da, uste baitu gasbidea beste lur batzuetan barna pasa litekeela, ingurumenari, nekazaritzako jardunari eta berak ordezkatzen dituen pertsonei askoz ere kalte txikiagoa eginez. Izan ere, esaten du zortasunpeko 2 metroko zerrendan galarazten dela zuhaitzen landaketa eta 5 metrora ezin dela eraikinik altxatu, eta, horren ondorioz, ingurumenari kalte egiten zaiola eta aurretik egin beharko zela ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana, zuhaixka eta zuhaitzez osaturiko landare geruza kendu delako, indarra duen araudia hautsiz. Eskatzen du trazadura aldatzeko, lehendik dauden bide azpiegiturengatik, ez du uzten ez seinalerik ez aireberritzeko hodirik jartzen laborantzako lurzatien barrenean, eta esaten du horiek jartzea komeni dela ubide eta ezponden gainean, finketara sartzeko bidea eragotzi gabe.

Ingurumenaren gaineko eraginari dagokionez, Gas Navarra S.A.k erantzuten du zehatz-mehatz betetzen direla bete beharreko arau guztiak eta ingurumenaren gaineko eragina oso txikia dela, zeren zuhaitzen landaketa galarazte hori hutsala baita, baldin eta konparatzen bada etekin ekonomikoa ateratzeko egiten diren zuhaitzen landaketekin, zeinetan zuhaitzak erauzi egiten baitira etekinik ematen ez duten unean, edo zuhaitz landaketa erregular edo irregularretan gertatzen denarekin, horietan tarte bat utzi behar izaten baita zuhaitzen artean, hazkundea eta mantentze-lanak zuzen eta egoki gerta daitezen. Dena dela, berresten du neurri zuzentzaileak aplikatzeko lehendik ere duen asmoa, izan daitekeen eragina ahalik eta gehien arintzearren. Trazadura aldatzeko eskaerari buruz, oro har onartu egiten da, eta gasbidea joanen da lurzatien berrantolamendurako bidean barna, baina esaten du bide horiek okupatzen badira, erabiltzaileek beste bide batzuk erabili beharko dituztela, obrek dirauten bitartean. Hala eta guztiz ere, obrek finka gutxi batzuk ukitu beharko dituzte, Nafarroako Gobernuak agindua eman duelako Fustiñanatik Ribaforadara doan errepidearen trazadura berriarekin 30 metroko tartea uzteko eta bestelako arrazoi tekniko batzuengatik. Aldi baterako okupazioa jasan beharko dute 10 finkak bakarrik, eta gainerakoak desafektatuko dira.

Seinaleei eta aireberritzeko hodiei dagokienez, Gas Navarra S.A.k erantzuten du seinaleak finken mugetan paratuko direla, sarbidea eragotzi gabe, eta aireberritzeko hodiak bidegurutze berezietan, irizpide berberei jarraituz.

Gas Navarra S.A.k eskatua du instalazio hauek Udalez gaindiko eragina duen proiektu deklara daitezela. Horretarako, Lurraldearen Antolamenduko Batzordea ere alde dago, eta behar diren baldintzak sartu dira administrazio baimenerako proiektuan.

Ondasun nahiz zerbitzuen gainean eskumena duten erakunde publiko guztiei eskatu zaizkie baimena eta bete beharreko baldintzak. Enpresa titularrak onartuko ditu bete behar diren baldintza guztiak.

Proiektuak betetzen du Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsia (74-12-6ko "EAO") eta 1983ko apirilaren 26ko Aginduak (83-11-8ko "EAO"), 1984ko uztailaren 6koak (84-7-23ko "EAO"), 1994ko martxoaren 9koak (94-3-21eko "EAO") eta 1998ko maiatzaren 29koak (98-6-11ko "EAO") aldatua.

Finken ukipena, instalazioak eraikitzearen ondoriozkoa, honako hau da:

A) Bide-zorra

Bide-zor iraunkorra ezarriko da bi metroko zabalerako lur zerrenda batean, gasa bideratzeko beharrezkoak diren hodiak eta telekomunikazio eta telemando kableak lurpean iraganen diren trazadura guztian, eta elementu osagarriak nahiz seinalizaziokoak ere hantxe jarriko dira. Bide-zorrak ondoko muga hauek izanen ditu:

1) Debekaturik dago berrogeita hamar zentimetro baino sakonago goldatzea edo antzeko lanak egitea, eta zuhaitzak edo zurtoin luzeko zuhaixkak landatzea, hodiaren ardatzetik hasi eta gutxienez bi metroko tartea utzi gabe, trazaduraren ardatzaren bi aldeetan.

2) Debeku da era guztietako eraikinak altxatzea, hoditik hasita gutxienez bost metroko tartean, alde batean zein bestean. Tarte hori laburtzen ahal da, baldin eta berariaz eskatzen bada eta kasu jakin bakoitzean administrazioko organo eskudunak jartzen dituen baldintzak betetzen badira.

3) Instalazioak mantendu, konpondu edo berritzeko beharrezkoak diren langile eta ekipoak sartzen uztea, eta egiten diren kalteak ordaintzea, halakorik gertatuz gero.

4) Seinaleak edo mugarriak eta aireberritzeko hodiak jartzen ahalko dira eta, halaber, instalazioak ezarri edo funtzionatzeko beharrezkoak diren lanak egin ere egiten ahalko dira, lur gainean nahiz lur azpian.

B) Aldi bateko okupazioa:

Aldi batez okupatuko dira 10 m, 8 m eta 6,5 m zabal diren lur zerrendak, trazaduran zehar, desjabetzapeneko lurzatien planoetan finka bakoitzerako ageri den eremuan, obrak egin ahal izateko. Bertan traba guztiak kenduko dira obrek dirauten bitartean.

C) Behin betiko okupazioa:

Beharrezkoa da zenbait lurzati jabari osoz okupatzea, lur azalean elementu finkoak eraiki behar direlako: Balbulak (32 m2), Fustiñanako ERM (33 m2). Cabanillasko ERM (27 m2).

Irekitako espedientean arauzko tramiteak beterik eta ikusirik Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena, eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariaren urriaren 14ko 572/1999 Foru Aginduaren bidez (99-10-25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 133 zk.) eskuordetuak ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra, S.A. enpresari administrazio baimena ematea, Ribaforada, Fustiñana eta Cabanillasko udalerrietan "Ribaforada-Fustiñana-Cabanillas adarra" gasbidea eraiki eta ustiatzeko.

Administrazio baimen hau baldintza hauekin ematen da:

Lehenbizikoa.-Gas Navarra, S.A.k, bi hilabeteko epean, eratu beharko du 2.674.197 pezetako bermea, alegia, espedientean ageri diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere obligazioak beteko dituela bermatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan eratu beharko da, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian aipatzen diren moduetako edozein erabiliz. Berme hori instalazioak abian jartzeko akta formalizatutakoan berreskuratzen ahalko da.

Instalazioetan eta beren muntaketan, bete beharko da Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruz Industri Ministerioak 1974ko azaroaren 18an emandako Aginduaren bitartez onetsiriko Erregelamenduan xedatutakoa (Industria eta Energia Ministerioaren 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu zen aipatu agindua). Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko aipatu Legeko 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren obligazioak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago, baimen honen esparru geografikoan, zerbitzua eskatzen duen edozein gasez hornitzera, bai eta eskabideari erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena.-Gas Navarra S.A. k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta betebeharrei dagokienez.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du eskubide esklusiborik ematen eta ez da monopolio moduan ematen.

Seigarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen ote diren begiratuko du.

Instalazioak eraikiak daudenean, Zerbitzu horrek ikuskatuko ditu egin diren obra eta muntaiak eta, horiexek amaitutakoan, eta instalazioen obra-amaierako ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, hori guztia biltzen duen akta egin eta Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko du.

Indarrean dauden xedapenen arabera baimenaren xede diren instalazioetan egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio-hartzaileak haien exekuzio-plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnengatik ez ezik, administrazio baimen hau arrazoi hauengatik ere ezeztatzen ahalko da:

a) Bermea adierazitako era eta epean ez eratzea.

b) Proiektuak exekutatzeko garaian, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzaren bat sartzea, non ez diren indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak, edo aurkeztutako 4 alegaziorengatik trazaduran egindako aldaketak.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarritako baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

Zortzigarrena.-Ezarri behar diren instalazioek orokorrean aplikatzekoak diren xedapen eta arau teknikoak beteko dituzte, eta bereziki, Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua -1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsia eta 1983ko urriaren 16ko (83-11-08ko "E.A.O."), 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko (94-03-21eko "E.A.O.") eta 1998ko martxoaren 29ko (98-06-11ko "E.A.O.") Aginduen bidez aldatua-.

2. Gas Navarra, S.A.k aipatu udalerrietan "Ribaforada-Fustiñana-Cabanillas adarra" gasbidea eraikitzeko proiektua onestea, eta eraikuntza baimentzea. Lanak indarra duen legeriari jarraikiz egin beharko dira, 6 hilabeteko epean, lurren egiazko okupazio egunetik hasita.

3. Aipatu instalazioaren onura publikoa aitortzea. Horrek berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta presaz okupatzera behartzen du, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legeko 52 eta 53. artikuluen ondorioz, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko IV. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluekin bat.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik.

Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren bostean.-Industri zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: A0106024