90. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

161/2001 FORU DEKRETUA, ekainaren 25ekoa, otsailaren 19ko 30/2001 Foru Dekretuaren xedapen gehigarria aldatzen duena. Otsaileko dekretu horren bidez Nafarroako Psikologoen Elkargo Ofiziala eratu zen, beste kidego batetik bereizi baitzen.

2001eko martxoaren 9ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (31 zk.) argitaratu zen 30/2001 Foru Dekretua, otsailaren 19koa, Nafarroako Psikologoen Elkargo Ofiziala eratzen zuena, beste kidego batetik bereizi baitzen.

Foru Dekretu horren xedapen gehigarrian, hiru hilabeteko epea ezarri zen, dekretuak indarra hartzen zuenetik aitzina, Nafarroako Psikologoen Elkargo Ofizialak elkargoaren estatutuak prestatu eta erakundearen gobernu organoetako karguak beteko zituzten pertsonak aukera zitzan.

Nafarroako Psikologoen Elkargo Ofizialak epe hori luzatzeko eskatu du, ezinezkoa baita aurreikusitako epean hauteskundeak egitea, nahiz eta deituta egon, behin betiko izendapena, elkargoaren barne araubideko erregelamenduari jarraikiz, xedapen gehigarriko epeetatik kanpo eginen delako.

Horiek horrela, eta Nafarroako Psikologoen Elkargo Ofizialak emandako arrazoiak kontuan harturik, bidezkoa da otsailaren 19ko 30/2001 Foru Dekretua aldatzea, eta xedapen gehigarrian ezarritako hiru hilabeteko epea seira luzatzea, erakundearen gobernu organoetako karguak beteko dituzten pertsonak hautatu ahal izateko.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko ekainaren hogeita bostean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Otsailaren 19ko 30/2001 Foru Dekretuaren xedapen gehigarria aldatzea. Hona hemen:

"Dekretu honek indarra hartu eta sei hilabetetan, Nafarroako Psikologoen Elkargo Ofizialak elkargoaren estatutuak prestatu eta erakundearen gobernu organoetako karguak beteko dituzten pertsonak hautatu beharko ditu."

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hogeita bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: a0107148