82. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

149/2001 FORU DEKRETUA, ekainaren 11koa, giza kontsumorako hiltegietara eramatekoak diren behi, ardi eta ahuntzen osasun baimena ezartzetik sortutako kosturako dirulaguntza ezartzen duena.

Abereen entzefalopatia espongiforme kutsagarrien zainketa eta kontrolerako plan integral koordinatua sortu eta arautzen duen abenduaren 22ko 3454/2000 Errege Dekretuak xedatu du giza kontsumorako hiltegietara eramatekoak diren behi, ardi eta ahuntz guztiek albaitariaren ziurtagiri edo osasun baimen bat eduki behar dutela, aipatu arauak eta 2001eko urtarrilaren 12ko Ministerioaren Aginduak finkatzen dituzten betebeharrak bilduko dituena.

Urtarrilaren 26ko 40/2001 Foru Aginduaren bidez Osasun kontseilariak Nafarroako Foru Komunitateko hiltegietara eramatekoak diren behi, ardi eta ahuntzen osasun baimenaren eredua onetsi eta eredu hori betearazteko albaitariak gaitu zituen.

Nafarroako behi, ardi eta ahuntzen ustiategiei baimen hori eskatzeak sortutako gastuak aritzeko asmoarekin, egoki juzgatzen da eman beharreko dirulaguntzen araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen arabera.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko ekainaren hamaikako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT

1. artikulua. Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da giza kontsumorako hiltegietara eramatekoak diren behi, ardi eta ahuntzen osasun baimena ezartzetik sortutako kosturako dirulaguntza emateko araubidea ezartzea. Baimen hori Osasun kontseilariak urtarrilaren 26an eman 40/2001 Foru Aginduan edo, kasua bada, abenduaren 22ko 3454/2000 Errege Dekretuaren 10. artikuluan eta harekin bat datozenetan eskatzen da.

2. artikulua. Onuradunak.

Foru Dekretu honetan aurreikusten diren dirulaguntzen onuradunak izaten ahal dira abeltegien titularrak diren pertsona fisikoak edo juridikoak, abeltegi horiek Nafarroako Foru Komunitatean egon eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren meneko Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat joak badira.

3. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa albaitari gaituak abeltegiaren titularrari osasun baimenagatik kobratutako prezioaren 100ko 100 izanen da. Baimen hori Osasun kontseilariak urtarrilaren 26an eman 40/2001 Foru Aginduan, edo, kasua bada, abenduaren 22ko 3454/2000 Errege Dekretuaren 10. artikuluan eta harekin bat datozenetan arautzen da.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa, luzatzen den osasun baimen bakoitzeko, ez da inoiz izanen 2.000 pezetakoa (12,02 euro) baino handiagoa.

4. artikulua. Dirulaguntzaren xede den osasun baimenaren betebeharrak.

1. Foru Dekretu honek aurreikusten dituen dirulaguntzak eman ahalko dira bakarrik giza kontsumorako hiltegietara eramatekoak diren behi, ardi eta ahuntzen gaineko osasun baimenengatik. Baimen horien edukiak bete beharko du Osasun kontseilariak urtarrilaren 26an emandako 40/2001 Foru Agindua, edo, bestela, abenduaren 22ko 3454/2000 Errege Dekretuaren 10. artikulua eta harekin bat datozenak; orobat, baimen horiek 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera gaitutako albaitari batek luzatuak beharko dute izan.

2. Behien gaineko osasun baimenak direnean, dirulaguntzak emanen zaizkie bakarrik haragitako eta esnetako behien abeltegien titularrei.

5. artikulua. Laguntzak eskatzea.

Eskabideak abeltegiaren titularrak aurkeztuko ditu Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, ondoko agiri hauekin batera:

Giza kontsumorako hiltegietara eramatekoak diren behi, ardi eta ahuntzen gaineko osasun baimena.

Albaitari gaituak abeltegiaren titularrari luzatutako faktura, honako hauek jasoko dituena: luzatutako osasun baimenagatik kobratutako prezioa, albaitariaren eta abeltegiaren titularraren nortasuna eta noiz eta non luzatu den.

6. artikulua. Eskabideen aurkezpena, izapidaketa eta ebazpena.

1. Dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epeak, urtero, ondoko hauek izanen dira:

-Urtarrilaren 1etik 31ra

-Apirilaren 1etik 30era.

-Irailaren 1etik 30era.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, aurkeztutako agiriak eta luzatutako txostenak ikusi ondoren, dagokion ebazpena emanen du.

Ebazpenak eskabidea ukatuko du, aski frogaturik geratu ez bada luzatutako baimenaren eta albaitariaren zerbitzuagatik eskatutako prezioa jasotzen duen fakturaren arteko lotura.

3. Dagokion ebazpen administratiboa jakinarazteko gehieneko epea bost hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik. Epe hori eskatzaileari ebazpenik eman gabe bukatzen bada, hark ulertzen ahalko du bere eskabidea ukatua izan dela.

7. artikulua. Onuradunen eginbeharrak.

Foru Dekretu honetan aurreikusiriko laguntzen onuradunek betebehar hauek bete behar izanen dituzte:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren edozein egiaztapen onartzea, onartu edo emaniko dirulaguntzei buruz.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea helburu bereko beste edozein dirulaguntza publiko eskatu duenentz.

c) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza bere kontabilitatean edo erregistro-liburuetan erregistratzea, baldin eta indarra duen arautegiaren arabera horretaz arduratzera behartua badago.

8. artikulua. Itzulketa.

Laguntzak emateko eskatzen diren baldintza eta konpromisoak bete ezean, laguntzak oso-osorik itzuli beharko dira, baita bidezko diren berandutza korrituak ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

9. artikulua. Arau-hauste eta zehapenak.

1. Arau-hauste eta zehapenen araubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

2. Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak ezartzeko prozedura nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapen prozedura administratiboa onesten duen abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuaren araberakoa izanen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Foru Dekretu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarri bezala eginen da.

Bigarrena.-1. Foru Agindu honen ondoriozko gastuak 2001erako, eta, kasua bada, ondoko ekitaldietarako, Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Entzefalopatia espongiforme kutsagarriekin lotutako jarduketei transferentzia arruntak" (11000 proiektua) izeneko 71320-4700-7132 kontusailaren bizkar pagatuko dira.

2. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Foru Dekretu honetan xedatutakoa betetzeak eskatzen dituen aldaketak eginen ditu aurrekontuetan.

Hirugarrena.-Foru Dekretu hau aplikatzeko emaniko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Behi, ardi eta ahuntzen osasun baimenen gaineko dirulaguntzen baimenak, 2001eko urtarrilaren 1etik ekainaren 15era bitarte luzatutakoak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari aurkezten ahal zaizkio, hilabeteko epean, Foru Dekretu honek indarra hartzen duenetik, deusetan ukatu gabe 6.1 artikuluan aurreikusitako epeetan aurkeztea.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hartuko du indarra, eta indarra izanen du dagozkien hiltegietan osasun baimena aurkezteko betebeharrak dirauen bitartean, abenduaren 22ko 3454/2000 Errege Dekretuaren 10. artikuluaren arabera.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hamaikan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0106536