72. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

359/2001 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Barne zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskriba dadin eta haren estatutuak Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen agintzen duena.

Barne zuzendari nagusiaren martxoaren 12ko 359/2001 Ebazpenean ezarritakoaren indarrez, xedatu dugu Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren Estatutuak.

Aipatu estatutu horiek 2001eko martxoaren 12an inskribatu ziren Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, eta iragarki honen eranskin gisa daude.

NAFARROAKO ODONTOLOGO ETA ESTOMATOLOGOEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala

1. artikulua. Nafarroako Odontologia eta Estomatologiaren elkargo-antolamenduaren osaketa.

1.-Elkargoaren antolamendua ondoko gobernu-organoek osatzen dute:

a) Nafarroako Odontologia eta Estomatologiako Kontseilua.

b) Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala.

2.-Nafarroako Foru Komunitatea aldi berean autonomia eta probintzia denez, Nafarroako Odontologia eta Estomatologiako Kontseilua ondorio guztietarako Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala da.

2. art. Izaera juridikoa.

1.-Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala (NOEEO) zuzenbide publikoko korporazio bat da, legearen babesa duena eta Estatuak aitorturik dagoena; nortasun juridiko propioa dauka, eta ahamen osoa du bere helburuak betetzeko.

2.-NOEEO independente da Administrazio Publikoarekiko; hori ez da, halere, oztopo izanen eduki beharreko zuzenbide publikoko harremanak izateko eta eskuordetzen zaizkion eskumenak eta eginkizunak betetzeko.

3.-Egokitzeko daukan arlo propio eta bereziaren baitan, NOEEOk indibidualki ahalmen juridiko eta jarduteko ahalmen osoa izanen ditu, ondoko xedeetarako:

a) Edozein eratako ondasunak kostubidezko edo irabazizko tituluan eskuratzeko, besterentzeko, saltzeko, zergapetzeko, edukitzeko eta aldarrikatzeko.

b) Obligazioak egiteko.

c) Era guztietako eskubideen titularra izateko.

d) Edozein ekintza judizial, erreklamazio edo bide eta jurisdikzio guztietako errekurtsoak, nazio mailakoak nahiz nazioartekoak, betearazteko edo jasateko, betiere bere eskumenen esparruan.

3. art. Lurralde eremua eta legezko erregulazioa.

1.-NOEEOren lanbide eta diziplina jurisdikzioak Nafarroako Autonomia Erkidego osoa hartuko du.

2.-Lanbidea arautzen duten legeen kalterik gabe, NOEEOk bai Odontologo eta Estomatologoen Estatutu Orokorren arabera -estatutu bereziak dira horiek, funtzionamendu eta barne-egitura demokratikoak bermatzen dituztenak- eta bai onets ditzakeen, kasua bada, Barne Araubideko Erregelamenduen arabera jardungo du.

4. art. Legezko tratamendua.

1.-NOEEOren lehendakariak korporazio eremuan agintaria izanen da, betiere bere dituen eginkizunetan aritzeko.

2.-Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialak "argia" tratamendua izanen du; haren lehendakariak "txit argia" tratamendua izanen du. Biziarteko tratamendua izanen da hori.

5. art. Nafarroako Foru Administrazioarekin lankidetzan aritzea.

1.-NOEEOk, Nafarroako Gobernuaren foru dekretuz eskuordetuta, Odontologiarekin edo Estomatologiarekin loturiko eginkizun administratiboetan jardun ahal izanen du.

2.-NOEEOk, halaber, lankidetza hitzarmenak egin ditzake Nafarroako beste administrazio publikoekin, interes komuneko jarduerak aurrera eramateko.

6. art. Harreman administratiboak.

1.-Erakunde eta korporazio alderdiei dagokienez, NOEEOk Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne Departamentuarekin izanen du harremana.

2.-Odontologo edo Estomatologo lanbidearen edukiei dagokien guztian, NOEEOk Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin izanen du harremana.

3.-NOEEOk aginduz eginen du txostena, Gobernu Batzarraren bitartez, odontologia eta estomatologiako lanbide-eginkizunak, eskatzen diren titulu ofizialak eta beste lanbideekiko dauden bateraezintasunen araubidea aipatzen dituzten lege proiektu edo beste edozein mailatako xedapenei buruz.

7. art. Beste administrazio eta erakundeekiko harremanak

NOEEO, beharrezkoa denean, harremana izanen du bidezko jotzen dituen Estatuko beste administrazio eta erakundeekin, bai eta interesatzen zaizkion Europako eta nazioarteko administrazio eta erakundeekin ere.

8. art. Elkargoaren autonomia.

NOEEOren eta administrazio publikoen arteko harremanak ondoko printzipioetan oinarrituko da: autonomia, parte-hartzea, eraginkortasuna, kooperazioa eta elkarren errespetua.

9. art. Ikur ofiziala eta bandera.

1.-Ikur ofiziala Maltako Gurutzea izanen da, oliba kolore berdeaz margotua. Goiko hiru besoetan, ezkerretik eskuinera, ondoko hitzak agertuko ditu: Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala. Beheko besoan, "Nafarroa" hitza agertuko da, eta gurutzeko besoak elkartzen diren lekua hartuko du. Hondo hori baten gainean, aspis baten marrazkia agertuko da, plastikozko tresna batekin elkarbildua. Gurutzearen heldulekuak txirikordatuz, koka hostoak agertuko dira, koroa baten moduan.

2.-Lanbidea bereiziko duen bandera oliba kolore berdez egina izanen da, erdi-erdian aurreko lerrokadan aipaturiko ikurra duela, arrasto horizko ninbo baten gainetik.

10. art. Zaindaria.

NOEEOk Santa Apolonia du zaindari.

II. KAPITULUA

Helburuak eta eskumenak

11. art. Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren helburuak.

Hona NOEEOren funtsezko helburuak:

a) Lanbide jarduera Nafarroako eremuan erregulatu eta antolatzea.

b) Elkargoko kideen lanbidea eta interesak ordezkatu eta defendatzea, gizartearen interes orokorrekin bat etorriz.

c) Printzipio etiko, deontologiko eta juridikoak ematea, zaintzea eta betetzea.

d) Elkargoko kideen maila zientifiko, deontologiko, sozial, kultural, ekonomiko eta lan arlokoa etengabe sustatzea.

e) Nafarroan bizi diren guztien ahoko osasuna eta osasun estomatologikoa babesteko eskubidea gauzatzen laguntzea, eta haren osasun laguntza era zuzen eta berdinean arautzea.

12. art. NOEEOren eskumenak.

a) Lanbidearen ordezkari izatea erakunde publikoetan, erakundeetan, entitate pribatuetan, bestelako antolamenduetan eta bereziki gizartean.

b) Lanbidearen defentsan aritzea Administrazioaren, erakundeen, epaitegien eta entitate pribatuen aurrean -Foru Komunitatekoak, nazio mailakoak nahiz nazioartekoak izan- lanbide interesengan eragina duten auzi guztietan parte izateko eta eskariak egiteko eskubideaz baliatzeko zilegitasunez, legeak ezarritakoari jarraituz.

c) Odontologiaren eta Estomatologiaren lanbide jardunerako kode etiko eta deontologikoa egitea, eta hura betetzen dela zaintzea eta betearaztea.

d) Elkargoko kideen maila zientifiko, kultural eta deontologikoari eustea eta hura hobetzea, xede horretarako jarduera zientifiko eta kulturalak antolatuz eta sustatuz.

e) Administrazio publikoek eskuordetzen dizkioten eginkizunetan aritzea, eta haiekin lankidetzan aritzea txostenak emateko, estatistikak egiteko, aholku emateko kontseilu edo organismoetan parte hartzeko eta bere helburuekin bat datozen gainerako jarduerak egiteko.

f) Sarkoikeria eta lanbide barruko legez kanpoko egoerak jazarri eta salatzea, eta jende aurrean informatzea jendearentzako amarru izan daitezkeen jarduera guztiei buruz edo erabiltzaileen fede onaz abusatzen dutenei buruz.

g) Tituludun berriak lanbide bizitzan sartzen laguntzea, horretarako behar den informazioa prestatuz.

h) Ahoko osasuna eta osasun estomatologikoa legez fakultaturiko lanbidedunek atenditu dezaten, betiere baldintza duin eta lehiakorretan, gizarteak daukan eskubidea babestea.

i) Lurralde mailako epaitegiei, legeetan ezarritakoari jarraituz, gai judizialetan peritu gisa esku hartzeko eska daitezkeen elkargoko kideen zerrenda ematea, edo berak izendatzea, bidezkoa den moduan.

k) Lanbideari buruzko publizitatea zaintzea, legeei jarraituz, eta arreta jartzea osasuna babes dadin eta lanbideak dauzkan printzipio etiko eta deontologikoak bete daitezen.

l) Elkargoko estatutuetan ezarritakoa betez edo laudo lotesle batez epaitzea, halakoetara jotzen baitute elkargoko kideek lanbidearen jarduneko arazoak direla kausa.

m) Kontratu edo hitzarmen markoak egitea aseguru sozietateekin edo igualatorioekin, Lehia Babesteko Legeak, Estatutuek, Etika eta Deontologia Kodeak eta aplikatzekoak diren arau indardunek ezarritakoa guztiz betez.

n) Lanbidea ordezkatzea Nafarroako Osasun Kontseiluan eta Osasun Departamentuak eta Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuek sortu eta lanbide odontoestomatologikoan eragina izan dezaketen batzorde edo lantaldeetan.

ñ) NOEEOk Kontseilu Nagusiko Estatutuetan erkidegoetako kontseiluetan esleitzen zaizkien eginkizun guztiak bereganatu ditu, bai eta legearen babesean lanbidearen interesak defendatzeko eta elkargoaren helburuak betetzeko balio dutenak ere.

III. KAPITULUA

Araubide juridikoa

13. art. Eskumen organikoak.

Lehia utziezinezko gauza da, eta horretarako eskumena duen elkargoko organoa arituko da harekin lanean, salbu eta legez aurreikusitako eskuordetze, ordezkatze edo galdekapen kasuetan.

14. art. Eraginkortasuna eta deuseztasuna.

1.-Elkargo antolamenduaren Zuzenbide Administratiboaren menpeko egintzen araubide juridikoak lanbide elkargoei buruzko eta administrazio publikoen araubide juridikoari buruzko legeetan ezarritakoari, edo bestela haien ordez edo haiek aldatuz emaniko xedapenei, jarraituko dio.

2.-Erabakien jakinarazpen pertsonalak elkargoari emandako lan helbidean eginen dira. Horren ordez, indarreko legeetan ezarritako bide subsidiarioak erabiliko dira erabakiak jakinarazteko.

15. art. Errekurtsoak.

1.-Elkargoko organo guztien egintzak zuzenean aurka daitezke Jurisdikzio eskudunaren aurrean, kasuan kasu bidezko diren errekurtso korporatiboak agortu ondoren.

2.-Elkargoko ordezkaritza eta gobernu organoen erabakien eta prozedura batekin jarraitzea ezinezko egiten duten edo indefentsioa sortzen duten egintzen aurka, interes legitimo, pertsonal eta zuzena dutenek, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen dute, hilabeteko epean, Kontseilu Nagusian.

3.-Errekurtsoa aurkeztu zenetik hiru hilabete iragan direnean, ezetsi dela ulertuko da, eta bidezko bideak libre geratuko dira.

4.-Behin errekurtso korporatiboak agortu direnean, Zuzenbide Administratiboaren menpeko egintzak zuzenean aurkatu ahal izanen dira administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

5.-Errekurtsoa aurkezteak ez du etenen aurkaturiko ekintzaren exekuzioa. Halere, errekurtsoa erabakitzeko eskumena duen organoak aurkaturiko ekintzaren exekuzioa eten ahal izanen du Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 111. artikuluan, edo hura ordezten edo aldatzen duen arauan, ezarritako kasu eta moduetan.

II. TITULUA

Lanbidean jarduteko eta elkargoko kide egiteko baldintzak

I. KAPITULUA

Nafarroan Odontologiako eta Estomatologiako lanbidean jarduteko baldintzak

16. art. Nafarroan Odontologiako eta Estomatologiako lanbidean jarduteko betekizunak.

Hortzetako, ahoko eta egitura estomatognatiko eta haien ondokoetako anomalia eta gaixotasunen prebentzio, diagnostiko, tratamendu eta birgaitzeko jardueretan aritzeko eskudun izan eta lanbidean Espainian aritzen direnek, bai aldi baterako, bai era iraunkorrean, indibidualki edo taldean, nahitaez Espainiako odontologo eta estomatologoen elkargo ofizialen bateko kide izan beharko dute.

II. KAPITULUA

NOEEOn sartzea, altak eta bajak

17. art. NOEEOn sartzea.

1.-Nafarroako Foru Komunitatean beren lanbide helbide bakarra edo nagusia izan eta erkidego horretan Odontologiak eta Estomatologiak berezko dituzten jardueretan aritu nahi dutenek, edozein dela ere hautatzen duten modalitatea, jarduera nagusian hasi aurretik, beren kasa edo besteren kargura, entitate publiko nahiz pribaturen mende, nahitaez eskatu beharko dute Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialean inskribatzea.

Ondorio guztietarako, lanbide helbide bakar edo nagusitzat hartuko da jarduera nagusia kokatuta dagoen herri edo hirian duena.

2.-NOEEOn sartzeko, gutxienez ere ondoko gaitasun baldintza orokorrak egiaztatu beharko dira:

a) Adinduna izatea.

b) Gutxienez ere Odontologiako edo Estomatologiako berezko jardueretan aritzeko legez eska daitezkeen tituluetako baten jabe izatea.

c) Ez egotea ezinduta, salbu lanbidean ez aritzeko elkargoko kide izan nahi dutenen kasuan.

d) Lanbidean jarduteko ezgaitua ez egotea.

e) Elkargoan sartzeko ezartzen diren baldintza ekonomikoak betetzea.

f) Idatziz onartzea Estatutuak, Etika eta Deontologia Kodea eta elkargoko arau eta xedapenak.

3.-Beste lanbide elkargo batzuen menpeko herrietan lanbidean aritzeko, aldez aurretik jakinarazi egin beharko da, inskribatuta dagoen elkargokoari jakinarazita, edo bestela lanbide jardueran aritzen den lurralde eremuko gainerako guztiei, eta ezarrita dauden Iruñeko Udaleko diru konpentsazioak ordaindu beharko dizkiete.

18. art. Ezinduta edo ezgaituta egoteko arrazoiak.

1.-Ondokoak izanen dira Odontologian edo Estomatologian aritzeko ezintasun arrazoiak:

a) Izaera edo intentsitateagatik lanbideko eginkizunak betetzeko bidea ematen ez duten oztopo fisiko edo psikiko edo/eta sentimenetakoak.

b) Odontologian edo Estomatologian aritzeko inhabilitazio edo funtziogabetasun berariazkoak, epai erabaki edo erabaki korporatibo irmo batez.

2.-Ezintasunak desagertuko dira haiek ekarri zituzten arrazoiak bukatzen direnean, edo diziplina erantzukizuna bukatu denean, Estatutu hauei jarraituz.

19. art. Elkargoko kide egoera galtzea.

1.-Elkarteko kide egoera ondoko arrazoiren batengatik galduko da:

a) Borondatezko baja, NOEEOren lurralde eremuko lanbide jarduna utzi delako.

b) Lanbidean aritzeko legezko inhabilitazioa.

c) Elkargotik kanporatzeko diziplina zehapen irmoa.

d) Elkargoko kuotak sei hilabetez baino denbora gehiagoz ez ordaintzea, ordaintzeko errekerimendua egin eta elkargoko kideari entzun ondoren.

e) Aldi baterako baja, Gobernu Batzarrak baloratu beharko dituen kasu berezietan.

2.-Ezintasun fisiko, psikiko edo/eta sentimenezko frogatuak gertatzen badira, lanbidean aritzea eragotz dezaketenak, interesdunak bi aukera izanen ditu: Elkargoan baja ematea edo elkargoko kide izaten jarraitzea baina lanbidean aritu gabe.

20. art. Elkargoko alta eta bajen eta haien arrazoien berri ematea.

Gobernu Batzarrak Kontseilu Nagusiari eta Nafarroako Gobernuari elkargoko kide guztien sartze, alta, baja, ezintasun, inhabilitazio eta zehapenen berri emanen dio, datu horiek datu base zentral batean sar ditzan.

III. KAPITULUA

Elkargoko kideen eskubideak, betebeharrak eta debekuak

21. art. Elkargoko kideen eskubideak.

Ondokoak dira elkargoko kideek dauzkaten eskubideak:

a) Lanbidean aritzea askatasun osoz, marko juridiko eta etiko-deontologikoaren barruan eta estatutuen barruan.

b) Korporazioaren kudeaketan parte hartzea, eta, horrenbestez, eskatzeko, boto emateko eta zuzendaritza postu eta karguetara iristeko eskubideaz baliatzea, estatutuetan ezarritako prozedurak erabiliz eta eskatzen diren baldintzak betez.

c) Elkargoari eskatzea eta lortzea lanbidean zuzen aritzeko behar izan dezakeen laguntza eta babesa.

d) Elkargoko Antolamenduak defendatzea, norberak eskatzen duenean, arrazoirik laidoztatu dituztenean edo jazartzen dutenean, lanbidearen jarduna dela kausa.

e) Elkargoko antolamenduak eta haren aholkularitza juridikoak ordezkatzea eta laguntzea agintariei, epaitegiei, entitate publiko nahiz pribatuek oinarritutako erreklamazioak aurkezten zaizkienean, baita lanbidearen jarduna dela-eta sor daitezkeen gora-beheretan ere. Elkargoko kideak ordainduko ditu prozedura horrek sortzen dituen gastu eta kostu juridikoak, gobernu organoek kontrakoa erabakitzen ez duten bitartean, erreklamazio horiek guztien interesekoak izan baitaitezke.

f) Elkargoko antolamenduak dauzkan aurreikuspen eta laguntza sozialeko erakundeetako eta erakunde kultural eta zientifikoetako kide izatea.

g) Parte hartzea eta hezkuntza jarraitua jasotzea.

h) Lanbide jardunari dagozkion ordainsariak jasotzea.

i) Estatu hauetatik ondoriozta daitezkeen gainerako eskubideak.

22. art. Elkargoko kideen betebeharrak.

1.-Elkargoko kide guztien funtsezko betebeharra da lanbidean aritzea etika garbienaren baitan eta Estatutu hauetatik eta Kode Etiko eta Deontologikotik sortzen den izpirituaren baitan.

2.-Elkargoko kideen betebeharrak dira, halaber, ondokoak, besteak beste:

a) Beren lanbide jarduna legezko baldintzen eta elkargoko antolamenduaren baldintza etiko-deontologiko eta estatutuetakoen arabera izatea, eta organoek hartutako erabakiak betetzea.

b) Kuotak eta kargak, arruntak eta bereziak ordaintzea, elkargoko antolamenduak ezarritako kopuruan eta moduan.

c) Elkargoko antolamenduarekin eta gainerako kideekin harremanik leialena izatea.

d) Prestazioen kalitatea zaintzea eta lanbidearen irudi ona zaintzea; Elkargoko Antolamenduari jakinaraztea legez kanpoko instalaziorik ba ote dagoen edo jardun zuzenaren eta Kode Deontologikoaren aurkako jarduerarik ba ote dagoen, halakorik jakinez gero.

e) Lanbide jarduerarekin zerikusia duen edozein publizitate jarduera legez ezarritakoaren, osasuna babesteko helburuaren eta lanbidearen printzipio etiko eta deontologikoen arabera egokitzea, eta azpimarra egitea egiazkotasun printzipioak, lehia leialaren printzipioan eta gaixoa babesteko printzipioan.

f) Elkargoko Antolamenduak lanbidearen arloan egin ditzakeen eskaerak betetzea.

g) Zin egitea edo hitz ematea, kasua bada, elkargoko kargudunen betebeharrak beteko direla, haietarako hautatuz gero.

h) NOEEOri ondokoak jakinaraztea, norberaren espedienteetan jasota gera daitezen: lanbidea dela-eta betetzen diren karguak, lanbide jarduera bereziak, lanbide egoitza edo helbidea aldatzen denean, lanbide prestazioak ematen dituzten kabinete edo kliniken helbideak.

i) Estatutu hauetan ezarritakotik ondoriozta daitekeen beste edozein informazio, baita indarrean diren preskripzio etiko, deontologiko eta juridikoetatik ondorioztatzen direnak ere. Betiere, Estatutuetan ezarritako zehapen araubidea izanen da aplikatzekoa.

23. art. Elkargoko kideentzako debekuak.

Oro har, berariaz debekatuta dago elkargoko kideek indarreko legeetan edo Odontologiako eta Estomatologiako arau etiko deontologiko eta juridikoetan ezarritakoaren aurkako praktikak egitea; Kodean eta garapen arauetan ezarrita daude horiek. Bereziki, elkargoko kide orok ez ditu ondokoak eginen:

a) Sendatzeko prozedura edo bitarteko pertsonalen eraginkortasun bermatua eskaintzea.

b) Gaixoak tratatzeko behar bezala kontrolatu gabeko bitartekoak erabiltzea.

c) Diagnostikorako elementuak edo elementu terapeutikoak disimuluz aplikatu edo aplikatzearen itxurak egitea.

d) Ezagutza, teknika, emaitza edo nolakotasun bereziak jakitera emateko agerraldiak egitea edo haien berri zabaltzea, baldin eta haietatik elkargoko beste kideen lanbide jarduerarekiko konparazio bat ondoriozta badaiteke.

e) Praktika dikotomikoak egitea.

f) Gaixoak erakartzeko langileak erabiltzea.

g) Izena edo aholkularitza ematea entitate pribatuetan, hala nola aseguruetan, kolektiboetan, elkarte eta eta abarretan.

h) Edozein eratako kontsulta publikoetatik gaixoak kontsulta partikularretara desbideratzea, norberarenak nahiz besterenak izan, irabazteko asmoekin.

i) Odontologian edo Estomatologian ari eta behar adinako titulurik ez duena, edo homologatu gabeko titulua duena edo elkargoko kide izan gabe ari dena edonola ere toleratzea edo babestea.

j) Odontologian edo Estomatologian aritzea, edozein kontsulta, kabinete, klinika edo laguntza-zentrotan, norberarena izan ala ez, baldin eta ezagutzen bada beste pertsona batzuek bertan legez aurkako praktikak egiten dituztela, nahiz eta halakorik egin ez elkargoko kidea bertan dagoela edo elkargoko kidea lanbidean aritzen den orduez beste batzuetan izan.

k) Norberaren lanbide instalazioen erabiltzen uztea Odontologian edo Estomatologian aritzeko behar adinako titulua eduki bai baina oraindik ere NOEEOko kide ez diren pertsonei.

l) Izena uztea zuzendari fakultatibo, osasun arduradun edo odontologia edo estomatologiako aholkulari gisa agertzeko pertsonalki eta zuzenean zuzentzen edo atenditzen ez dituen kontsulta, kabinete, klinika edo laguntza zentroetan, edo indarreko legeetan edo Estatutu hauetan ezarritakoak betetzen ez dituzten zentroetan, edo arau deontologikoak urratzen diren zentroetan.

m) Odontologiak edo Estomatologiak berezko ez dituzten formula, ikur edo lengoaiak erabiltzea errezetetan, edo produkzio-etxeen izen komertzialak edo iragarki edo publizitatetzat jo daitezkeen jarraibideak daramatzaten errezetetan preskribitzea.

n) Odontologiarekin edo Estomatologiarekin zerikusia duten etxe komertzialetatik ordainsariak edo onurak onartzea, komisioen, propagandaren edo bezeroen probisioaren truke, edo indarreko arauen arabera emandako aholku zientifikoaz bestelako edozein arrazoiren truke.

ñ) Odontologian edo Estomatologian aritzea mediko azterketa batez egiazta daitezkeen alterazio organiko edo psikikoak daudenean edo ohitura toxikoak daudenean, baldin eta lanbiderako ezgaitzeko modukoak badira.

o) Indarreko legeak edo Estatutu hauetan eta Kode Etiko eta Deontologikoan ezarritako manuak urratzen dituzten zerbitzuen prestazioak iragartzea edo publizitate bidez zabaltzea.

p) Agerpen publikoak egitea, edo edozein eratako komunikabideren bitartez, jendearen aho-osasunerako edo osasun estomatognatikorako arriskua ekarriz, edo elkargo-antolamenduaren, haren gobernu organoei edo elkargoko kideen izenari kalte eginez.

q) Lehia desleiala egitea, edozein modutan ere.

r) Jende multzo handiak biltzen diren lekuetan errotuluak erabiltzea; esate baterako, futbol zelaietan, autobus geltokietan eta abar.

III. TITULUA

Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialeko kargudunen berme eta bateraezintasun araubidea

24. art. NOEEOko karguen berme-araubidea.

Hautapen-kargudunei dagozkien eginkizunak betetzeak ondorio korporatibo eta lanbideko ondorioetarako, elkargoko betebeharraren gisara eta modura hartuko da.

25. art. NOEEOko kargudunen ahalmenak.

NOEEOko hautapen-kargudun baten izendapenak ahalmena ematen dio izendapen horren titularrari bere agintaldian libreki hartan aritu ahal izateko, betiere ondoko eskurantzak dituela:

a) Elkargoko ordezkaritzari dagokion arloan iritziak libreki adieraztea.

b) Bere kargu diren elkargoko eskubideak eta interesak defendatzeko behar diren ekintzak sustatzea.

c) Korporazioko gobernu organoetako gainerako kideekin biltzea, Estatutuko arauei jarraituz, elkargoko jarduerari loturiko gaiak eztabaidatu, erabaki eta kudeatzeko.

d) Bere eginkizunetan libreki aritzeko edozein usurpazio, abusu edo eskusartzeren aurka babestuta izatea.

e) Elkargoko organo eskudunengandik bere karguan aritzeko behar diren informazio, aholkularitza eta kooperazioa eskuratzea.

f) Kasu bakoitzari aplikatzen ahal zaion neurrian, lanbide jarduera eteteko behar diren ahalmenak izatea, elkargoko ordezkaritzak dakartzan betebeharrek hala eskatzen dutenean.

26. art. NOEEOko ez-egoteak eta joan-etorriak.

1.-Ordezkaritzako hautapen-kargudunak elkargoko antolamenduko entitateek arauz deituriko bilkuretara joateak indarreko xedapenetan ezarritako eraginak izanen ditu, kasua bada.

2.-Elkargoko antolamenduak, bere ahalmenak erabiliz deialdiak egiten dituenean, ahaleginak eginen ditu hautaturiko kargudunei ahal den eta kalterik txikiena egiteko. Betiere, deitutako pertsona bakarreko karguak ahal den denbora guztian jakinaraziko dio kasuan kasuko agintariari lanpostua utzi behar duela, eta lanpostua uzte hori justifikatzeko deialdiaren testua erabiliko du.

27. art. NOEEOko karguetan aritzeko bateraezintasunak.

NOEEOko karguetan aritzeko legez ezarritako bateraezintasunak egonen dira.

IV. TITULUA

Sarien, dominen eta goraipamenen araubidea

28. art. Eskumenak.

NOEEOko gobernu batzarra eskuduna da sariak, dominak eta goraipamenak sortu eta emateko; haiek guztiek lurralde mailako aitormena izanen dute. Aldez aurretik, elkargoko organoek haiek emateari eta ikurrei buruzko erregelamenduak onetsi beharko ditu.

V. TITULUA

Diziplina araubidea

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

29. art. Aplikatzekoak diren arauak.

1.-Odontologo eta Estomatologoen diziplina araubidea legeetan, estatutu hauetan, Etika eta Deontologia Kodean eta horiek guztiek garatzeko elkargoei buruzko arauetan ezarritakoaren araberakoa izanen da.

2.-NOEEOk arau zehatzak eman ahal izanen ditu estatutu hauetan aurreikusitako jokaerak argitu eta interpretatzeko, bai eta sortzen joaten diren ekintza berriak ere arauetan sartzeko.

3.-Bereziki, NOEEOk Etika eta Deontologia Kode bat eginen du, eta elkargoko kide guztiei aplikatuko zaie.

30. art. Diziplina-erantzukizunaren izaera.

1.-Elkargoko kideek diziplina-erantzukizunaren mende egonen dira, eta estatutu hauetan ezarritako kasu eta egoeretan joko da diziplina hori hautsi dutela. Erantzukizun horren oinarria dira odontologo edo estomatologoaren lanbide jardunaren ardatz diren printzipio etiko eta deontologikoak eta legezko printzipioak.

2.-Estatutu hauetan ezarritako diziplina-araubidea ez da oztopo izaneN lanbidearen arian elkargoko kideei eska dakizkiekeen era guztietako erantzukizunak eskatzeko.

II. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

31. art. Diziplinako hutsegiteak

Diziplinako hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izaten ahalko dira.

32. art. Hutsegite arinak.

Ondokoak joko dira hutsegite arintzat:

a) Elkargoko dokumentazioari buruzko arauak edo bere bidetik tramitatu behar direnak ez betetzea.

b) Elkargoko betebeharrak alde batera uztea; esate baterako, Elkargoak eginiko errekerimenduei, erantzun-eskeei edo txosten-eskariei ez erantzutea.

c) Estatutuko arauak edo Batzar Orokorrak edo Gobernu Batzarrak hartutako erabakiak ez betetzea, maila altuagoko hutsegite bat ez den kasuetan.

d) Osasunari buruzko arau indardunetan ezarritakoaren betetzeko irregulartasunak izatea, baldin eta horiek osasun publikoan eragin zuzenik ez badute.

e) Estatutu hauetako 24 eta 25. artikuluetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebehar edo debekuak ez betetzea, hutsegite larria edo oso larria ez den kasuetan.

33. art. Hutsegite larriak.

Ondokoak joko dira hutsegite larritzat:

a) Elkargoko gobernu organoekiko jokaera propio diziplina gabekoa, eta, oro har, haiekiko errespetu gabezi larria.

b) Elkargoko betebeharrak betetzeko behin eta berriz arduragabekeriaz jokatzea.

c) Lanbidearen moralaren, adeitasunaren, prestigioaren eta ohoragarritasunaren aurkako edo elkargoko kideei zor zaien errespetuaren aurkako ekintzak edo hutsegiteak.

d) Kide batek ez daukan gaitasun edo titulu bat adieraztea.

e) Lanbide-sekretuaren urratze erruzkoa edo axolagabea.

f) Gaixoen ziurtagiri edo informazio eskariei era etiko-deontologikoan ez erantzutea.

g) Egia esaten ez duten txostenak edo ziurtagiriak egitea.

h) Emaitza terapeutiko batzuk hitz-ematea edo bermatzea publizitate asmoekin edo gaixoak erakartzeko.

i) Lanbideari buruzko publizitatea egitea, pertsonentzako osasun edo segurtasun arriskua ekarriz edo lanbidearen betekizun etiko eta deontologikoak argi urratuz; bereziki egiaren, lehia leialaren eta gaixoaren osasunaren babesaren printzipioak hautsiz.

j) Jardueran, zerbitzuan eta instalazioetan eskatu behar diren baldintzak, kontrolak eta aurre-neurriak ez betetzea.

k) Hutsegite arinetan berrerortzea. Berrerortzea dagoela ulertuko da bi urteko epean hutsegite arin bat baino gehiago egiten denean.

l) Lanbidean aritzea Odontologo eta Estomatologoen beste elkargo ofizial baten jurisdikzioan, aldez aurretik norberaren elkargoari jakinarazi gabe, behar diren tramiteak egin ditzan.

m) Elkargoko Gobernu Batzarreko kide arduradun batek ez jakinaraztea ukitutako elkargoei bere ardurapeko elkargoko kideek beste elkargo batzuetako eremuetan aldi baterako jarduten ari direla.

n) Gobernuko Batzarreko kideek Batzar Orokorrak hartutako erabakiak ez betetzea.

34. art. Hutsegite oso larriak.

Ondokoak joko dira hutsegite oso larritzat:

a) Lanbidearen arloan delitu izan daitekeen jokaeraren bat izatea.

b) Lanbidean ari dela pertsonen duintasunaren aurka jokatzea.

c) Gaixoei maltzurki edo berariaz entzungogor egitea.

d) Lanbide-sekretuaren dolozko arau-haustea.

e) Lanbide sarkoikeria ezkutatzea edo hari edozein motatako babesa ematea.

f) Kontsultategiak zabaltzea segurtasun eta higiene arloan indarra duten arauak bete gabe, gaixoak eta langile laguntzaileak arriskuan jarriz.

g) Beren eskumenak erabiltzen ari direla, lanbideko organoei eginiko derrigortzea, errepresalia edo beste edozein motatako presio larria.

h) Jakinaz eta nahita eginiko hutsegite guztiak, kalte larri bat sortzen dutenak.

i) Hutsegite larritzat jotakoetan berrerortzea. Berrerortzea dagoela ulertuko da bi urteko epean hutsegite arin bat baino gehiago egiten denean.

j) Estupefazienteen erabilerari buruzko arauak ez betetzea, eta lanbidean jardutea substantzia alkoholiko edo toxikoen eraginaren menpe.

l) Lanbidean aritzea odontologo eta estomatologoen beste elkargo ofizial baten jurisdikzioan, aldez aurretik norberaren elkargoari hori jakinarazi gabe, behar diren tramiteak egin ditzan.

m) Elkargoko Gobernu Batzarreko kide arduradun batek ez jakinaraztea ukitutako elkargoei bere ardurapeko elkargoko kideek beste elkargo batzuetako eremuetan jardun ohi dutela.

35. art. Zehapenak.

1.-Kapitulu honetan aurreikusitako hutsegiteengatik, ondoko zehapenak ezarri ahal izanen dira:

a) Zentzarazpen pribatua, ahozkoa nahiz idatzizkoa.

b) Zentzarazpen publikoa, elkargoko adierazpen organoek zehapen ebazpen irmoa argitara emanez.

c) Elkargoko hilabeteko 10 eta 100 kuota bitarteko isuna.

d) Lanbidean jarduteko aldi baterako gabetzea, gutxienez ere hilabetez eta gehienez ere bi urtez.

e) Elkargotik kanporatzea.

2.-Hutsegite arinak zentzarazpen pribatu nahiz publikoaz zehatuko dira.

3.-Hutsegite larriengatik zentzarazpen publikoa eta elkargoko hilabeteko 10 eta 50 kuota bitarteko isuna ezarriko da; bestela, lanbidean jarduteko gabetzea, sei hilabete baino denbora gutxiagorako, eta elkargoko hilabeteko 10 eta 50 kuota bitarteko isuna.

4.-Hutsegite oso larriengatik lanbidean jarduteko gabetzea, gutxienez ere sei hilabetez eta gehienez ere bi urtez, eta elkargoko hilabeteko 50 eta 100 kuota bitarteko isuna.

5.-Hutsegite oso larrietan berreroriz gero, elkargoko kidea elkargo ofizialetik kanporatu ahal izanen da; erabaki hori organo eskuduneko kidenen bi herenek hartu behar izanen dute.

6.-Bai aldi baterako lanbidean aritzeko gabetzeak, bai elkargotik kanporatzeak berekin ekarriko dute zehapenak indarra duen bitartean beste elkargo batean sartzeko ezgaikuntza.

7.-Aurreko idatz-zatietan aurreikusitako diziplina zehapen bakoitzak berekin ekarriko du, ezinbestez, antzemandako akats edo irregulartasunak konpondu edo zuzentzeko betebeharra; bidezko ez diren egoera edo jokaerak zuzentzeko betebeharra; azken finean, ondorioztatu eta egiaztaturiko egitateengatik organo eskudunak aldi berean hartutako erabakia betetzea, eta diziplina espedienteen tramitazioaren ondorioz edo kasuan kasuko errekerimenduen jakinarazpenak notario bidez egiteko sorturiko gastuak ordaintzea.

8.-Zehapenak ezartzeko, NOEEOren Gobernu Batzarrak erruztatuaren erantzukizuna mailakatuko du hutsegitearen izaeraren arabera, haren garrantziaren arabera eta erantzukizun hori aldarazten duten gainerako inguruabarren arabera; ahalmena izanen du, bestalde, behar den zehapena ezartzeko, halako hutsegiteetarako bat baino gehiago aurreikusita badago ere. Betiere, aplikatzekoa den zuzenketa sailkatzeko eta zehazteko, ondoko inguruabarrak hartu beharko dira kontuan:

a) Gaixoari, hirugarren pertsonei, lanbidedunei edo elkargoari eginiko min eta kaltearen larritasuna.

b) Hutsegitea nahita, zuhurtziagabekeriaz edo arduragabekeriaz egin den.

c) Espedientearen tramitazioa bitartean organo eskudunari erakutsitako temakeria edo hari men ez egitea.

d) Zehatzekoa den egitatearen iraupena.

e) Berrerorketak.

9.-Hutsegite larri edo oso larriengatik zehapenak ezartzeko ebazpenak behin bide administratiboan irmo direnean, osasun agintariei, hirugarren interesdunei eta oro har jendeari jakinarazi ahal izanen zaizkie, horretarako egoki jotzen diren komunikabideak erabiliz.

10.-Lanbidearen jardunez gabetzeko zehapenak eta aho-hortzetako osasunari eragin dezaketen jokaerak osasun eta gobernuko agintariei jakinaraziko zaizkie.

36. art. Diziplina erantzukizuna bukatzea.

Diziplina erantzukizuna ondoko arrazoiengatik bukatuko da:

a) Erruztatua hil delako

b) Zehapena bete delako.

c) Hutsegiteek edo zehapenek preskribitu dutelako, prozedura administratiboari buruzko legeek ezarritakoari jarraituz.

d) NOEEOren Gobernu Batzarraren erabakiz, eta, halakorik ez badago, Kontseilu Orokorraren erabakiz.

III. KAPITULUA

Prozedura

37. art. Prozedura.

1.-Ezin izanen da diziplina zehapenik ezarri aldez aurretik horri buruzko espediente bat ireki gabe, betiere kapitulu honetan ezarritako prozedurari jarraituz.

2.-NOEEOk bere zehapen ahalmena gauzatzeko prozedurari buruzko erregelamendu bat onetsiko du.

3.-Aurreko lerrokadan aurreikusitako erregelamendua onesten ez den bitartean, zuzenean aplikatuko da Odontologia eta Estomatologia arloko elkargo-antolamenduaren zehapen ahalmena gauzatzeko prozedurari buruzko Erregelamendua, 1999ko martxoaren 4ko bilkuran onetsitakoa.

4.-Horren ordez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta zehapen prozedura arautzeko abuztuaren 4ko 1.398/93 Errege Dekretua, edo haiek ordezteko edo aldatzeko arauak.

38. art. Eskumena.

1.-Zehapen ahalmena NOEEOren Gobernu Batzarrari dagokio. Hala eta guztiz ere, Elkargoko Gobernu Batzarreko kideek eginiko hutsegiteak epaitzea eta zehatzea Kontseilu Nagusiari dagokio.

2.-NOEEOren jurisdikzioan elkargo horretako kide ez diren profesionalek eginiko hutsegiteen kasuan, informazio txosten bat tramitatu beharko da bi hilabeteko epean, eta txosten hori haiek kide diren elkargo ofizialera igorriko da: hark gauzatu eta erabakiko beharko du zehapen espediente hori.

3.-Beti, edozein zehapen ezarri aurretik, kasuan kasuko batzorde deontologikoari entzunen zaio: NOEEOko batzordea, elkargoko kideen kasuan, eta Kontseilu Nagusiko Etika, Deontologia eta Zuzenbide Odontoestomatologikoko Batzorde Zentraleko Gobernu Batzarra, Gobernu Batzarreko kideen kasuan. Batzorde horien txostena ez da loteslea izanen.

4.-Zehapen erabakiak berehala izanen dira betetzeko modukoak, bidezko errekurtsoak aurkeztea ezertan kendu gabe.

5.-NOEEOk berehala emanen dio Kontseilu Nagusiari irekitako diziplina espedienteetan emaniko ebazpenen berri, haien kopia igorriz.

6.-NOEEOk zehapenen erregistro bat eginen du, eta espedienteak gorde beharko ditu diziplina erantzukizuna bukatu artean. Diziplina zehapen irmoak elkargoko kidearen espediente pertsonalean jaso beharko dira.

Oharpen horiek Elkargo beraren arioz deuseztatuko da zehapena bete edo preskribitu den egunetik bi urteko epean.

VI TITULUA

NOEEOren Gobernu Organoak

I. KAPITULUA

Osaketa

39. art. NOEEOren osaketa.

1.-NOEEO organo kolegiatuek eta pertsona bakarreko karguek osatuta dago.

2.-Ondokoak dira organo kolegiatuak:

-Batzar Orokorra.

-Gobernu Batzarra.

3.-Hona NOEEOren pertsona bakarreko karguak:

-Lehendakaria.

-Lehendakariordea.

-Idazkari nagusia.

-Diruzaina.

-Idazkariorde-Diruzainordea.

-Mahaikideak (gutxienez, hiru).

II. KAPITULUA

Batzar Orokorra

40. art. Eskumenak.

1.-Batzar Orokorra NOEEOko kideen ordezkaritza-organoa da. Horrenbestez, elkargoko kideen laguntza edo parte-hartze zuzena eskatzen duten eskumen guztiak bereganatuko ditu; ondokoak, bereziki:

a) Elkargoari buruzko arau-eginkizunak: Estatutu hauek berritzea, Kode Deontologikoa eta hura erregelamendu eta arauen bitartez garatzea, Gobernu Batzarrak lehendik proposaturiko proiektuetatik abiatuta.

b) Jarduteko aparteko kredituak onartzea, baldin eta elkargoko kideek aparteko derramak ordaintzea eskatzen badute.

c) NOEEOk eman beharreko sarien, dominen eta goraipamenen araubidea egitea.

d) NOEEOren Gobernu Batzarra edo haren kargudun batzuk kargutik kentzea, gaitzespen edo zentsura botoaren bitartez.

e) NOEEOren urteko kontu ekonomikoak onestea.

f) Hezkuntza jarraituaren jarraipena kontrolatzeko prozedura ezartzea, hura behar bezala kreditatu ahal izateko.

g) Gobernu Batzarrak bere eginkizunetatik berariaz emandakoak.

2.-Batzar Orokorraren erabakiak lotesleak dira elkargoko kide guztientzat eta elkargoko antolamendu-egitura guztiarentzat.

3.-Batzar Orokorrak bere eginkizunetako batzuk gainerako elkargoko organoen esku utzi ahal izanen ditu.

41. art. Osaketa.

1.-Batzar Orokorra ahotsa eta botoa duten Nafarroako elkargoko kide guztiek osatzen dute.

42. art. Bilkurak.

1.-Batzar Orokorra urtero ohiko bilkura bat eginen du, baina aparteko bilkuretan deitzen den guztietan bilduko da.

2.-Lehendakariak, aurreikusitako kasuetan, Batzar Orokorrerako deia eginen du, ondokoek eskatzen dutenean:

a) Gobernu Batzarrak, gehiengo soilaz.

b) Batzar Orokorraren heren bat, elkargoko heren batek ordezkatuta.

c) Lehendakariak berak beharrezkotzat jotzen duenean.

3.-Deialdia idatziz eginen da, eta harekin batera eguneko gai zerrenda emanen da, Lehendakariak aginduta idazkari nagusiak egina. Deialdia eta gai zerrenda gutxienez ere hamabost egun lehenagotik jaso beharko da, kasu larrietan izan ezik, non idatzizko edozein eratan egin ahal izanen baita deialdia, betiere berrogeita zortzi ordu lehenagotik.

4.-Batzar Orokorra lehen deialdian eratuko da, bere kideen erdia eta bat baino gehiago elkartzen direnean. Bigarren deialdia lehena egin eta 30 minuturen buruan eginen da, eta baliozkoa izanen da edozein dela ere bertaratu diren kideen kopurua.

5.-Estatutu hauetan aurkakoa xedatzen ez den bitartean, erabakiak bertaraturiko botoen gehiengo soilaz hartuko dira.

IV. KAPITULUA

Gobernu Batzarra

43. art. Eskumenak.

Hona Gobernu Batzarraren eskumenak:

a) NOEEOren ordezkaritza ofiziala.

b) Batzar Orokorrak hartutako erabakiak betetzea.

c) NOEEOren adierazpen ofizialeko organoak kontrolatzea eta gainbegiratzea.

d) Hezkuntza jarraituaren programazioa.

e) Erregelamendu, kode eta arlo autonomikoko gainerako arauen zirriborroak egitea.

f) NOEEOren ondasun higiezinak, altzariak, instalazioak eta ondarea, oro har, zaindu eta mantentzea.

g) Batzar Orokorrak aztertu beharreko gaiak prestatzea.

h) NOEEOri atxikitako sozietate zientifikoak koordinatu eta laguntzea.

i) Estatuko administrazio orokorraren lege proposamenei buruzko txostenak egin eta igortzea.

j) Aurrekontuak betetzea.

k) Lanbideari buruzko irudi-neurriak hartzea.

l) Elkargoko kideei bere jarduketen eta haiengan eragina duten gaien berri ematea.

m) Estatutu hauek esleitzen dizkion gainerakoak.

44. art. Bilkurak.

1.-Gobernu Batzarrak osoko bilkuran bildu beharko du gutxienez ere hilabetean behin, baina maizago ere bildu ahal izanen da, osoko bilkuran nahiz batzordeetan.

2.-Ondokoek osatuko dute Batzorde Iraunkorra: lehendakaria edo lehendakariordea, idazkaria edo idazkariorde-diruzainordea eta diruzaina edo mahaikide bat. Gobernu Batzarraren osoko bilkurak eskuordetutako gaiei buruz jardunen du.

3.-Deialdiek eguneko gai zerrenda ekarriko dute, eta idazkariak edo idazkariordeak igorriko ditu idatzizko edozein komunikabide erabiliz, astebeteko epearekin, salbu kasu larrietan, non aski izanen den hogeita lau orduko epea.

4.-Erabakiak bertaraturiko eta ordezkatutako botoen gehiengo soilaz hartuko dira.

IV. KAPITULUA

Pertsona bakarreko karguak

45. art. Lehendakaria.

1.-Ondokoak dagozkio lehendakariari:

a) NOEEO ordezkatzea ekintza eta kontratuetan, bai eta era guztietako agintari auzitegi edo epaitegietan. Behar diren agindu guztiak eman ahal izanen ditu.

b) Egin beharreko txostenak eta komunikazioak baimenduko ditu, eta elkargoko organoek hartutako erabakiak bete edo betearaziko ditu.

c) Dagozkion eskubide guztiak erabiltzea eta betebehar guztiak betetzea, Estatutu hauetan eta batzar orokorraren erabakietan ezarritakoari jarraituz.

d) Tramite hutsezkoak izan ez eta hari dagozkion komunikazio eta idatziak baimentzea.

e) Diruzainarekin edo Gobernu Batzarrak berariaz ahalmendutako beste edozein pertsonarekin, NOEEOren eta haren entitate filialen betebeharren ordainketak bisatzea.

f) Bidezkoak diren aktak eta ziurtagiriak baimentzea.

g) Elkargoko organoen bilkurak deitzea, haietan lehendakari izatea eta haiei bukaera ematea, bai bilkura arruntak eta bai apartekoak ere, eta ordena mantendu eta hitza ematea, salbu beste kideren bat horretarako eskuordetzen badu.

h) Gobernu Batzarraren erabakiz, elkargoko antolamendua hobeki garatzeko eta NOEEOren eskumena diren gai edo interesen gainean erabakitzeko behar diren batzorde, ponentzia eta lantaldeak izendatzea. Hori zuzenean egin ahal izanen du, kasu larrietan, eta orduan Gobernu Batzarrari eman beharko dio horren berri, hark egiten duen hurrengo bilkuran.

i) Edozein batzorde, ponentzia edo lantaldetan lehendakari aritzea edo lehendakari kargua eskuordetzea.

j) Gobernu Batzarrari eta ekimen ahalmena duten haren kideei elkargoaren eskumen diren gai guztien berri ematea.

k) NOEEOren funtzionamendu administratibo eta ekonomiko normalerako behar diren ekintza guztiak.

l) Lehendakaria NOEEOren ordezkaria izanen da Nafarroako Osasun Batzordean eta Espainiako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialetako Kontseilu Nagusian.

2.-Lehendakariak ahalegin berariazkoa eginen du NOEEOko kideen artean armonia eta anaitasuna mantentzeko, eta saiatuko da haien arteko auzi guztiak, edozein dela ere haien jatorria, elkargoko antolamenduaren barruan erabakitzen; halaber, Gobernu Batzarraren jarduna elkargoko helburuekin bat datorren begiratuko du.

46. art. Lehendakariordea.

Lehendakariordeak Lehendakariak emaniko eginkizun guztiak izanen ditu, eta harenak hartuko ditu bertan ez dagoenean, gaixo dagoenean, abstenitzen denean, gaitzetsi dutenean edo haren postua bete gabe dagoenean, hirugarren aurrean hori justifikatu beharrik gabe.

47. art. Idazkari nagusia.

Hona idazkari nagusiaren eskumenak:

a) Elkargoko organoen erabakiak eta Lehendakaritzak Estatutuei jarraituz emaniko ebazpenak betetzen diren zaintzea.

b) NOEEOren dokumentazioa zaintzea.

c) Aurreko idatz-zatietan adierazitako helburuetarako behar diren jarduera guztiak egitea.

d) Lehendakariari bere eginkizunetan laguntzea eta orientabideak ematea, eta ekimen tekniko eta profesionalak sustatzea.

e) NOEEOren elkargo-organoen bilkuretako aktak egitea, aurrekoen berri ematea, kasua bada onets daitezen, eta informazioa ematea, bidezkoa bada, bilkura horietan aztertu beharreko gaiei buruz, Lehendakariak eskatuta.

f) Behar diren akta liburuak egitea, behar diren ziurtagiriak eman eta baimentzea; elkargoko organoek edo lehendakariak baimendutako komunikazio arruntak eta zirkularrak egitea.

g) Nafarroako elkargoko kideen errolda egitea, behar diren datu eta zehaztapen guztiak jasotzen dituen fitxero-erregistro batez.

h) Funtzionamendu administratiboa ona bideratzeko behar diren guztiak proposatu eta kudeatzea.

i) Estatutuek esleituriko helburuak zuzentzea, bai eta Gobernu Batzarrak esleitzen dizkion gainerakoak ere.

j) Langileen buru eta NOEEOko egoitzen buru jardutea.

k) Bere karguak berezko dituen eginkizunetan aritzea eskumen guztiekin. Horretarako, erabaki beharreko gaien jatorriaren arabera zuzendaritza exekutiboak, aholkulari juridikoek edo egoki jotzen dituen bestelako aholkulariek emanen dizkioten orientabide eta txostenak eduki eta entzun ahal izanen ditu. Txosten horiek, denan den, ez dira nahitaez jarraitu beharrekoak.

48. art. Diruzaina.

Hona diruzainari dagokiona:

a) Bere ardurapean, NOEEOren funtsak bildu eta zaintzea; kutxan ez du sekula izanen Gobernu Batzarrak ezarritako kopurua baino diru gehiago.

b) Behar den formaltasun guztiak betez, funtsen sarrera eta irteerez arduratzea, eta kutxako ziurtagiriak kontserbatu behar dira, elkargoko organoetako kideren batek eskatzen duen edozein unetan aurkezteko.

c) Funtsak sartzea eta erretiratzea kontu korronteak erabiliz, lehendakariarekin, lehendakariordearekin, idazkariarekin edo Batzarrak eginkizun hori eskuordetutako beste edozein pertsonarekin era mankomunatuan sinatuz.

d) Gordailuak eratzeko eta deuseztatzeko erabakia hartzea, lehendakariarekin batera sinatuz.

e) NOEEOren dirusarrera eta gastuen urteko kontua egitea eta Batzarrak onets dezan aurkeztea.

f) Batzarrari informazioa ematea, hori eskatzen zaionean, NOEEOren egoera ekonomikoari buruz.

g) Elkargoko altzarien, ondasunen eta gauzen inbentarioa egitea, eta urtero haien sarrera eta irteeren berri eta haiek hondatu izatearen berri ematea.

h) Batzarreko saioetan aurkeztea bere ustez egiaztatu behar diren ordainketen zerrenda.

i) Gobernu Batzarrak esleitzen dizkion bestelako eginkizunak.

49. art. Idazkariorde-diruzainordea.

Idazkariorde-diruzainordeak laguntza emanen dio idazkari nagusiari eta diruzainari, eta haien eginkizunak hartuko ditu bertan ez daudenean, gaixo daudenean, abstenitzen direnean, gaitzetsi dituztenean edo haien postua bete gabe dagoenean, hirugarren aurrean hori justifikatu beharrik gabe. Bestalde, Gobernu Batzarrak esleitzen dizkion eginkizun guztiak ere izanen ditu.

50. art. Pertsona bakarreko karguei ordaintzeko aukera.

NOEEOko Batzarreko pertsona bakarreko kargu batzuk ordainduak izan daitezke,Gobernu Batzarrak erabakiz gero, Batzar Orokorrak proposamen arrazoitua egin ondoren. Horretarako eta NOEEOko ordezkaritza gastuak itxuraz atenditu ahal izateko behar diren kontusailak ezarriko dira urteko aurrekontuetan.

V. KAPITULUA

Pertsona bakarreko karguen iraupena, kargutik kentzea eta ordeztea.

51. art. Pertsona bakarreko karguen iraupena eta kargutik kentzeko arrazoiak.

1.-Pertsona bakarreko karguen agintaldiak lau urte iraunen du, karguaz jabetzen direnetik kontatzen hasita, eta ez dago mugarik behin eta berriz hautatuak izan daitezen.

2.-Hona pertsona bakarreko karguetatik kentzeko arrazoiak:

a) Agintaldia bukatzea, eta kargu berriek karguez jabetzea.

b) Borondatez kargua uztea.

c) Karguan aritzeko Estatutuek eskatzen dituzten baldintzak galtzea.

d) Estatutu hauetan ezarritako arauen arabera onetsitako gaitzespen edo zentsura mozioak.

e) Diziplina hutsegite larri edo oso larri batengatik ezarritako zehapena, erabaki administratibo, judizial nahiz korporatibo irmo batez hartua.

52. art. Kargu hutsak betetzea agintaldian zehar.

1.-Lehendakari kargua hutsik geratzen bada, lehendakariordeak edo Gobernu Batzarretik hautaturiko pertsonak beteko ditu haren eginkizunak.

2.-Beste edozein kargu hutsik geratuz gero, lehendakariordearen kargua barne behin betiko lehendakari eginkizunak bere gain hartu baditu, postu hori automatikoki beteko du Gobernu Batzarreko hurrengo kideak, hura osatuta dagoen hurrenkeran. Mahaikide izateko, Gobernu Batzarrak hautatzeko moduko baldintzak betetzen dituen elkargoko kide bat proposatuko du, agintaldia bukatu bitartean hartan aritu dadin, baina izendapen hori ez da irmoa izanen Batzar Orokorrak berresten duen arte. Berrespen proposamena lehenbiziko bilkuran aurkeztu beharko da.

3.-Aldi berean lehendakari eta lehendakariorde karguak hutsik geratzen badira, edo pertsona bakarreko karguen erdia eta bat hutsik geratzen badira, berehala zabalduko da hautapen prozesua.

53. art. Konfiantza kuestioa.

1.-Pertsona bakarreko edozein karguk edo Gobernu Batzar osoak borondatez eskatu ahal izanen dute, beren ustez hori gomendatzen duten inguruabarrak ematen direnean, Batzar Orokorraren konfiantza botoa.

2.-Konfiantza kuestioa ez gainditzea gaitzespen baten gisara hartuko da, eta berekin ekarriko du ukitutakoa kargutik kentzea.

54. art. Gaitzespena.

1.-Batzar Orokorrak Gobernu Batzarra edo haren kargudunetako bat gaitzetsi ahal izanen ditu.

2.-Horretarako eskariak argi eta garbi azalduko ditu horretarako dauzkan arrazoiak, eta Batzarrak berak edo, gutxienez ere, Batzar Orokorreko kideetako heren batek sinatu beharko du; horiek, gainera, nahitaez ordezkatu beharko dute NOEEOko kide guztien heren bat, gutxienez ere.

3.-Eskaria aurkeztuta, lehendakariak Batzar Orokorrerako aparteko deia egin beharko du, gehienez ere bi hilabeteko epean eta bilkura ospatuko den eguna baino gutxienez ere hamabost egun lehenago. Hala egiten ez badu, aipatu epea iraganik, hura deitzeko ahalmena izanen du mozioa eskatu dutenenen artean antzinatasun handiena duen kideak.

4.-Gaitzespen mozioak aurrera ateratzeko, bertaraturiko botoen bi heren lortu beharko dira.

5.-Gaitzespen mozioak aurrera ateraz gero, gaitzetsitako pertsona bakarreko karguek beren agintaldia utziko dute; hala egitean, 52. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusitako kasuetako bat gertatzen bada, hauteskunde prozesua irekiko da: aldi baterako batzorde kudeatzaile bat izendatuko da, eta batzorde kudeatzaile horrek deitu beharko ditu pertsona bakarreko karguak aukeratzeko hauteskundeak, gehienez ere hamabost eguneko epean.

6.-Gaitzespen proposamena egin dutenek ezin izanen dute gaitzespen mozio bat baino gehiago aurkeztu urtebeteko epean.

7.-Ezin izanen da gaitzespen moziorik proposatu agintaldi baten azken seihilekoan.

55. art. Zentsura.

1.-Batzar Orokorrak erabaki dezake Gobernu Batzarreko kargudunen bat kargutik kentzea eta izangai alternatiboak izendatzea, betiere behar den zentsura mozioaren bitartez.

2.-Horretarako eskaria Gobernu Batzarreko kideen heren batek gutxienez ere sinatu beharko du, eta heren horrek elkargoko kideen heren bat ordezkatu beharko dute, gutxienez ere, eta argi eta garbi azaldu beharko da eskarian oinarrian dauden arrazoiak eta zein izangai alternatibo proposatzen den. Izangai alternatibo horiek beren adostasuna egiaztatu eta lan programa bat aurkeztu beharko dute.

3.-Eskaria aurkeztuta, lehendakariak Batzar Orokorrerako deia egin beharko du, gehienez ere bi hilabeteko epean eta bilkura ospatuko den eguna baino gutxienez ere hamabost egun lehenago. Hala egiten ez badu, aipatu epea iraganik, hura deitzeko ahalmena izanen du mozioa eskatu dutenenen artean antzinatasun handiena duen kideak.

4.-Zentsurarako, Batzar Orokorreko kideek boto bakarra izanen dute.

5.-Zentsura mozioak aurrera ateratzeko, bertaraturiko botoen gehiengo absolutuak eman behar du aldeko botoa.

6.-Zentsura mozioak aurrera ateraz gero, zentsuraturiko pertsona bakarreko kargudunak proposatutako izangaiek ordeztuko dituzte.

7.- Proposamena egin dutenek ezin izanen dute gaitzespen mozio bat baino gehiago aurkeztu urtebeteko epean.

8.- Ezin izanen da gaitzespen moziorik proposatu agintaldi baten azken seihilekoan.

VI. KAPITULUA

Pertsona bakarreko karguen hauteskunde araubidea

56. art. Aplikatzekoak diren arauak.

1.-Gobernu Batzarreko pertsona bakarreko karguen hauteskunde araubidea Estatutu hauetan eta horiek garatzeko elkargoko gainerako arauetan ezarritakoaren araberakoa izanen da.

2.-Gobernu Batzarrak hauteskunde araubideari buruzko berariazko erregelamendu bat onetsi ahal izanen du, kapitulu honetan ezarritakoa garatzeko; ondoko alderdiak jasoko ditu: batzorde kudeatzaile eta hauteskunde mahaiaren osaketa eta hautatzeko modua, hauteskundeetarako deialdia egiteko modua eta haren eraginak, hautagaitzak aurkeztu eta aldarrikatzeko baldintzak eta epeak, kanpainan jokatzeko moduak eta hausteskunde-egunaren zer-nolakoak, bozketa egiteko prozedura, boto-zenbaketa eta hautetsien karguaz jabetzea.

3.-Karguetarako hautagaitzak zerrenda itxi eta osoetan aurkeztuko dira, eta zerrenda horiek dauden horretan bozkatuko dira.

57. art. Hauteskundeak deitzeko arrazoiak eta lehia.

Ondoko kasuetan deituko dira Gobernu Batzarreko karguak betetzeko Hauteskundeak:

a) Lau urteko agintaldia bukatzen denean. Halakoetan, agintaldia bukatzekotan dagoen NOEEOko lehendakariak bere agintaldia bukatu baino gutxienez bi hilabete lehenagotik deitu beharko ditu hausteskundeak.

b) NOEEOko Gobernu Batzarreko kide gehienek hala erabakitzen dutenean. Halakoetan, lehendakariak erabaki hori hartu den egunetik hamabost egunetara deitu beharko ditu Hauteskundeak.

c) Gobernu Batzarreko karguak hutsik daudenean edo kargudunak gaitzetsi direnean, Estatutu hauetako 52. artikuluaren 3. idatz-zatian ezarritakoaren arabera. Halakoetan, hilabeteko epean batzorde kudeatzaile bat eratuko da, eta horrek hamar eguneko epean egin beharko du hauteskundeetarako deialdia.

58. art. Hautatua izateko baldintzak.

1.-NOEEOko Gobernu Batzarreko edo Kontseilurako karguetarako Nafarroako elkargoko kide guztiak aurkeztu ahal izanen dira.

2.-Lehendakari edo lehendakariorde karguak betetzeko, elkargoko kide gisa gutxienez ere bost urteko antzinatasuna izatea eskatuko da; gainerako karguetarako, bi urteko antzinatasuna.

3.-Zerrenda itxia izanen da, eta elkargoko gutxienez ere 100eko 10ek sinaturiko proposamen batekin batera aurkeztu beharko da.

4.-Aurreko babesa duen hautagairik ez badago, beste deialdi bat eginen da, eta hartarako aski izanen dira agintaldia bukatzekotan duen lehendakariaren eta hauteskunde mahaiko lehendakariaren abala.

5.-Ezin izanen dira hautagai izatera aurkeztu lanbidean aritzeko ezgaituak dauden kideak edo elkargoko eskubide guztiak erabiltzerik ez duten kideak.

6.-Hautatua izateko baldintza guztiak hautagaitzak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dira.

59. art. Hautesleak.

1.-Batzar Orokorreko kide guztiek izanen dute botoa emateko eskubidea.

2.-Hautesleek eskubidea izanen dute boto libre eta sekretua emateko.

3.-Ez da eskuordeturiko botoa onartuko. Bai posta bidezko botoa edo lehenagotik elkargoko egoitzan utzitakoa.

60. art. Bozketaren prozedura, boto-zenbaketa eta hautetsien aldarrikapena eta karguaz jabetzea.

1.-Hauteskundeek itzuli bakarra izanen dute, eta saio bakar batean eginen dira, erregelamenduz ezarritako moduan.

2.-Boto-zenbaketa bukatu denean, hauteskunde mahaiak hautaturiko hautagaiak aldarrikatuko ditu, eta behar den akta eginen du; hartan, gertaturiko gorabehera guztiak jasoko dira.

3.-Hautetsi gisa aldarrikaturiko izangaiek hogeita hamar eguneko epean jabetu beharko dira karguaz.

61. art. Errekurtsoak.

1.-Hauteskundeetako gorabehera guztiengatik eta aurreko artikuluak aipatzen duen akta berarengatik ere hogeita lau orduko epean errekurtsoa aurkeztu ahal izanen da hauteskunde mahaian; mahai horrek hogeita lau orduko epean erabakiko du, erregelamenduz ezarritako prozeduraz.

2.-Hauteskunde mahaiaren erabakiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izanen da.

VI. KAPITULUA

Kontrataturiko langileak

62. art. Langile exekutiboak eta lan kontratupeko langileak.

1.-Batzarrak bere funtzionamendu zuzenerako eta bere helburuak betetzeko egoki jotzen duen lan kontratupeko langile kopurua kontratatu ahal izanen du.

2.-Lan kontratupeko langileak idazkariaren agindu zuzenaren menpe egonen dira; hari dagokio, halaber, lana langileen artean banatzeko ardura.

63. art. Aholkularitza juridikoa.

1.-NOEEOk bere aholkularitza juridikoa izanen du: legelari zuzendari batek eta egoki jotzen den legelarien kopuruak osatuko dute.

2.-Aholkularitza juridikoak begiratuko du organo guztien erabaki, espediente eta jarduketa guztiak, oro har, Zuzenbidearen araberakoak direla, eta horretarako, behar diren txosten edo irizpenak emanen ditu.

3.-Gobernu Batzarrak izendatuko ditu aholkularitza juridikoko kideak.

64. art. Bestelako aholkulariak.

NOEEOko Gobernu Batzarrak, aldi baterako eta ahal dela zerbitzuen errentamenduaren araubidea erabiliz, gai batzuetan aholkua emateko langileak kontratatu ahal izanen ditu.

65. art. Kontratazioen iraupena.

Kontratu guztiek agintaldiak daukan iraupen bera izanen dute, salbu lan kontratupeko langileen kasuan; betiere, NOEEOko Gobernu Batzarrak besterik erabaki lezake.

VII. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

66. art. Lehiakortasuna.

1.- Batzar Orokorraren eskumena da Elkargoko ekitaldi bakoitzeko kontuak onestea.

2.-Elkargoko kideek ordaindu beharreko derramak dakartzaten helburu berariazkoetarako kredituak onesteko, Gobernu Batzarraren berrespena beharko da.

67. art. Finantzaketa.

1.-Bestelako dirusarrerarik izatea alde batera utzi gabe, NOEEOren finantzaketa elkargoko kideetatik dator: haiek izanen dute hura mantentzeko ardura, betiere kide guztiek kuota berdinak ordainduz.

2.-Gobernu Batzarrak finkatuko ditu elkargoko kideen kuotak.

3.-Merezimenduengatik edo adinarengatik NOEEOko kuotak ordaintzetik libre dauden elkargoko kideek Kontseilurako kuotak ordaintzetik ere libratuko dira.

4.-NOEEOk hitzarmenak sinatu ahal izanen ditu entitate lagunekin, gastuak ordaintzen laguntzeko, betiere printzipio etiko eta deontologikoak urratu gabe.

68. art. Kontuak exekutatu eta kontrolatzea.

1.-Urteko kontuak Batzar Orokorrak onetsiko ditu. Gobernu Batzarrak proposatuko du kontuen onespena, azalpenak emateko behar den oroit-idazkiarekin batera, hurrengo ohiko Batzar Orokorrean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Estatutuen erreforma

1.-Estatutu hauek horretarako, aparteko deialdiaz, deituriko Batzar Orokorrak aldatu ahal izanen ditu.

2.-Hartzen den erabakiak balioa izateko, beharrezkoa izanen da boto guztien bi herenek aldeko botoa ematea.

3.-Behin Batzar Orokorrak Estatutuak aldatzeko proiektua onetsi ondoren, Nafarroako Gobernuko behar den departamentura igorriko da, Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskriba dadin.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

1.-Behin Batzar Orokorrak Estatutuak onetsi dituenean, Gobernu Batzarrak hurrengo hiru hilabeteko epean egin beharko du hauteskundeetarako deialdia, Nafarroako Lanbide Elkargoen Erregistroan inskribatu eta hiru hilabeteko epean.

2.-Hauteskunde araubideari buruzko 56 eta 60. artikuluetan jasotakoak erregelamenduz garatzen ez diren bitartean, aplikatzekoa izanen da, haiei aurka egiten ez badie, Odontologo eta Estomatologoen eta haien Kontseilu Nagusiaren Estatutu Orokorretako hauteskunde araubidea (abenduaren 23ko 2828/1998 Errege Dekretua).

3.-Berariazko baimena ematen zaio egungo Gobernu Batzarrari edo/eta hauteskundeen berrien emaitzaz sortzen denari, estatutu berriak Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatu ahal izateko, Estatutuetan Nafarroako Gobernuak eskaturiko egokitzapen edo aldaketak egiteko.

4.-Gobernuko organo berriak eratzen ez diren bitartean, egungo Gobernu Batzarrak kudeatuko du elkargoa.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Estatutu hauek Batzar Orokorrak onetsi eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iragarkiaren kodea: A0103252