72. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

471/2001 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Errepideen Sareko zeharbideak zehaztu, bertako tarte batzuk hiribarreneko bide bihurtu eta Iruñerriko errepide sareko tarte batzuen titulartasuna transferitzeko proposamena jendaurrean jartzen duena.

Maiatzaren 10eko 154/1999 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Errepideen Sareko zeharbideak eta bertan berritze obrak egiteko prozedura arautu ziren. Bere II. kapituluan aurreikusten da Nafarroako Foru Komunitateko zeharbideen inbentarioa eginen dela. Inbentarioak errepide tarte horien daturik nabarmenenak bildu behar ditu eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak behin betikoz onetsi beharko du, jendaurrean jarri ondoren eta alegazioak aurkezteko epea bukatuta.

Halaber, Foru Dekretu horrek 3. artikuluan arreikusten du zeharbidetzat jotzen diren errepide tarte batzuk hiribarreneko bide bihurtuko direla, Nafarroako Errepideen Sareko osagai izateko ez baitute balio jadanik.

Bestaldetik, Iruñerriko ingurabideek (Mendebaldeko Ingurabideak, Ekialdeko Ingurabideak eta Iparraldeko Ingurabideak) osaturiko eraztunaren barneko aldean errepide tarte batzuk Udalen titulartasunera pasatzea komenigarri eta funtzionala izan daiteke, kasuan kasuko Udalak kudea ditzan, Iruñeko udalerrian gertatzen den bezala.

Horren arabera, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Nafarroako Errepideen Sareko zeharbide tartea atzeman eta mugatzeko inbentarioa prestatu du eta 154/1999 Foru Dekretuan xedaturikoa betetzen duten tarte batzuk hiribarreneko bide bihur daitezela proposatu. Bestaldetik, zehaztu egin dira Iruñerriko ingurabideen esparruko Errepideen Sareko tarteak. Izan ere, egokitzat eta funtzionaltzat jo da haiek kasuan kasuko Udalera transferitzea, Udalek hala eskatzen badute.

Zeharbide tarte bat hiribarreneko bide bihurtzeko, edo Iruñerriko ingurabideen esparruko errepide tarte bat toki entitatearen titulartasunera transferitzeko, kasuan kasuko toki entitateak azpiegitura horren titulartasuna bere gain hartu beharko du eta beraz hari egokituko zaizkio mantendu, zaindu, aldeztu, erabili eta ustiatzeko eskumen guztiak.

Bestaldetik, zeharbideak berritzeko obretan Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak jardun izan duenez, egokitzat jotzen da jarduketa hori oraindik beretu ez duten toki entitateek eskubide hori ez galtzea. Horregatik zeharbidea hiribarreneko bide bihurtutakoan Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, indarra duen arautegian xedaturikoarekin bat, bideak berritzen laguntzeko eskubideari eutsiko dioten toki entitateen zerrenda ere biltzen da.

154/1999 Foru Dekretuko 3. artikuluko 1. idatz-zatian eta 6. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, beharrezkoa da jendaurrean egoteko epea irekitzea, ukituriko toki entitateek Ebazpen honen edukiari bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkez diezazkioten.

Halaber, bidezko da toki entitate interesatuek, Iruñerriko ingurabideen esparruko errepide sareko tarte batzuk beren titulartasunera transferitzeko proposamenak ukituek, beren iritzia adierazi eta titulartasun hori beren gain hartzea eskatu dezatela, hala bada.

Horrenbestez, Nafarroako Errepideen Sareko zeharbideak eta haiek berritzeko obren prozedura arautzen dituen maiatzaren 10eko 154/1999 Foru Dekretuan xedaturikoaren arabera, eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7ko 3912/1999 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Errepide Sareko zeharbideen inbentarioa hasiera batez onestea, "Nafarroako Errepideen Sareko zeharbideei buruzko azterlana: inbentario administratibo eta teknikoa eta errepideko segurtasuneko jarduketa programa".

2. Nafarroako Errepideen Sareko tarte batzuk, zeharbidetzat joak, hiribarreneko bide bihurtzeko proposamena hasiera batez onestea, 1. puntuan aipatzen den agiriko 2. Eranskinean ematen den zerrendaren arabera. Halaber, zehazten da errepide tarte hori hiribarreneko bide bihurtzeko obra egiteke daukaten toki entitateen zerrenda, geroan Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren lankidetza izaten ahalko baitute, maiatzaren 10eko 154/1999 Foru Dekretuan eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak maiatzaren 20an eman zuen 2015/1999 Foru Dekretuan zeharbideak berritzeko obretarako ezarririko baldintzetan.

3. Errepide tarteen zerrenda ematea, agiri hartako 3. Eranskinean aipatzen dena, Iruñerriko ingurabideek osatzen duten eraztunaren barrukoena, haien titulartasuna kasuan kasuko toki entitatera transferitzea komenigarritzat jotzen baita. Horretarako, toki entitate interesatuek titulartasun hori beren gain hartzeko eskaera Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentura igorri beharko dute.

4. Ebazpen honen edukia eta agiri teknikoak, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Zainketa Zerbitzuko bulegoetan aztergai direnak, hogeita hamar egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, ukituriko toki entitateek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen hau eta xehetasun planoak ukituriko Udal bakoitzera eta Zainketa Zerbitzura igortzea.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren hogeita bederatzian.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: A0105755