72. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

402/2001 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako pedagogia terapeutikoko irakasleen jarduketarako jarraibideak onesten dituena.

Pedagogia terapeutikoko irakasleek hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleekin egiten dituzten jarduketak 1995eko abuztuan ezarri ziren.

Gero, Ikastetxeetako Partaidetzari, Ebaluazioari eta Gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak (LOPEGCE) beste definizio bat ezartzen du bere bigarren xedapen gehigarrian hezkuntza premia bereziak azaltzeko. Haren arabera, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasletzat hartzen dira, eskolaldiaren zati batean edo osoan hezkuntzako laguntza berariazkoak behar dituztenak, ezgaitasun fisiko, psikiko nahiz zentzumenekoak dituztelako, jokabidearen nahaste larriak dituztelako edo egoera sozial edo kultural txarrean daudelako.

Hezkuntza premia berezien kontzeptu berri hori dela-eta, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak egindako ebaluazioak ere halaxe aholkatzen baitu, beharrezkoa da profesional bakoitzaren eskumenen esparrua egokitzea eta esku-hartzeko irizpide eta moduak bateratzea.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena eman du pedagogia terapeutikoko irakasleen jarduketa arautzeko jarraibideak onesteko.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30eko 339/1999 Foru Aginduaren bidez eskuordetuak ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Pedagogia terapeutikoko irakasleen jarduketa arautzen duten jarraibideak, Ebazpen honen eranskinean ageri direnak, onestea.

2. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

4. Indarrik gabe uztea Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuko zuzendariak 1995eko abuztuaren 30ean emandako arau hauek: "Haur eta Lehen Hezkuntzako pedagogia terapeutikoko irakasleen jarduketa arautzeko jarraibideak" eta "Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko pedagogia terapeutikoko irakasleen jarduketa arautzeko jarraibideak".

5. Ebazpen hau Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Hezkuntzaren Berriztapen eta Sustapenerako Atalera, Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikora eta Hezkuntza Orientazioaren Unitate Teknikora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren hamaikan.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

E R A N S K I N A K

Pedagogia Terapeutikoko Irakasleen Eginkizunak

Ikastetxeek hezkuntza neurri egokiak ezarri behar dituzte ikasleen hezkuntzarako premiak asetzeko. Bestalde, hezkuntza administrazioari dagokio ikastetxeei laguntza ematea, ikasleen premiei erantzuna eman diezaieten.

Ildo horretan, dokumentu honen xedea hezkuntza premia berezien kontzeptua argitzea da, ikastetxeen hezkuntza jarduketa antolatzeko; premia horiei erantzuna eman behar dieten irakasleen esku-hartzea arautzeko irizpide orokorrak ere ematen ditu. Gero, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako pedagogia terapeutikoko irakasleen eginkizunak zehazten ditu eta, azkenik, eranskinetan, hezkuntzarako laguntza unitatearen eta orientazio departamentuaren eginkizunak finkatzen ditu eta eginkizunei buruzko atalean aipatutako ondoko dokumentu hauen gutxi gorabeherako edukia ezartzen du:

-Txosten psikopedagogikoa.

-Curriculumaren norbanakoarentzako egokitzapena.

-Banakako esku-hartzeko programa.

Aniztasunari kasu ematea, hezkuntzako esku-hartzea ikasleen premiei egokitzea alegia, hezkuntzarako erronkarik handienetakoa da. Gero eta nabariagoa da gure komunitatean aurrera goazela gizarte anitza lortzeko bidean. Hizkuntzaren eta kulturaren aldeetatik dugun aniztasunari inmigrazioarena gehitu behar zaio, gaur egun puri-purian dagoena eta denon eginahalak behar dituena, kultura desberdinak biltzen dituen gizarte batean bizi ahal izateko.

Egoera sozial edo kultural behartuei loturiko hezkuntza premia bereziak izan ditzaketen ikasleek pedagogia terapeutikoko irakasleen laguntza izanen dute, ez hizkuntza ez dakitelako edo eskolako ikasketetan atzeratuta daudelako, baizik eta horrela aholkatzen duten hezkuntza premia bereziak benetan daudelako.

Normalizazio printzipioak agintzen duenez, hezkuntzako neurri bereziak hartu eta baliabide espezializatuak erabili baino lehen, ohiko hezkuntza neurriak agortu behar dira.

A) Hezkuntza premia berezien kontzeptua.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen hezkuntza antolatzen duen apirilaren 28ko 696/1995 Errege Dekretuak ezartzen duenez, HPB guztiak ez dira berdinak, ez dira denak berdin sortuak eta haiei kasu emateko baliabide eta ekintza desberdinak behar dira. Batetik, aldi batez agertzen diren premia bereziak aipatzen ditu eta, bestetik, eskolaldi osoan nolabaiteko iraunkortasuna dutenak. Premia berezien iturburuari dagokionez, azaltzen du testuinguru sozial edo kulturaleko arrazoiak izan daitezkeela, edo ikasleek hezkuntzan eta eskolan izan dituzten esperientzien ingurukoak, edo pertsonaren egoera bereziak, gaitasun intelektual apartari, ezgaitasun psikikoari, zentzumenezkoari edo mugimenduzkoari nahiz jokabidearen nahaste larriei lotuak.

Bestalde, beharrezkoa da hezkuntza premia arrunten eta berezien arteko aldea argi uztea, kasuan kasuko hezkuntza erantzunik hoberena eman ahal izateko eta, behar baldin bada, profesional espezializatuen esku-hartzea erabakitzeko.

Halaber, Ikastetxeen Partaidetzari, Ebaluazioari eta Gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarriaren arabera, "hezkuntza premia bereziak dituzten ikasletzat hartzen dira, eskolaldiaren zati batean edo osoan hezkuntzako laguntza berariazkoak behar dituztenak, ezgaitasun fisiko, psikiko nahiz zentzumenekoak dituztelako, jokabidearen nahaste larriak dituztelako edo egoera sozial edo kultural txarrean daudelako."

Ikastetxeetan agertzen diren hezkuntza premia berezien tratamendua antolatzeko eta alde batera utzirik zein den haien sorburua, ondoko egoera hauek gertatzen ahal dira:

a) Ezgaitasun psikikoari, zentzumenekoari edo mugimendukoari nahiz jokabidearen nahaste larriei loturiko HPBak dituzten ikasleak. Ikasle horiek bakoitzari egokitutako curriculumak behar dituzte zailtasun horiek gainditzeko, eta laguntza horiek ikasle bakoitzaren ezgaitasun mailaren araberakoak izanen dira, eta, beraz, ikasle batzuentzat aski izanen da materialak egokitzea etab beste batzuek, berriz, funtsezko arloetako curriculumen egokitzapena beharko dute.

b) Ezgaitasunarekin lotura garbirik ez duten ikasteko zailtasun larriek sortutako HPBak dituzten ikasleak. Ikasle horiek ziklo bat edo gehiagoko atzerapena dute funtsezko arloetan, egiten ari diren mailari buruz. Bestela esateko, haien erreferentziako curriculuma aurreko ziklokoa edo etapakoa da eta, hortaz, curriculum egokitzapen handiak egin behar dira.

c) Ikasteko nolabaiteko zailtasunak izanik, curriculum egokitzapen handirik behar ez duten ikasleak. Egoera horretan, laguntza pedagogikoa hezkuntzako neurri ohikoa da hezkuntza premia edo ikastearen atzerapen arinei kasu emateko.

d) Azkenik, gaitasun intelektual apartari loturiko HPBak dituzten ikasleak. Horientzat curriculumak zabaltzeko edo sakontzeko egokitzapenak beharko dira.

B) Pedagogia terapeutikoko irakasleen esku- hartzerako irizpide orokorrak.

Ikasleen premietara ahalik eta gehiena egokitzen diren hezkuntza neurriak hartzea ikastetxeko irakasle guztiei dagokie.

Irizpide orokor gisara, esan behar da laguntza espezializatua eman aurretik formula normalizatuak agortu behar direla ikaslearen hezkuntza premiak asetzeko. Orobat, kontuan harturik hezkuntzaren oinarrizko xedea dela pertsonaren gaitasun guztiak, bai fisikoak bai psikikoak, harmoniaz garatzea, HPBak dituzten ikasleei eman beharreko laguntza haien erreferentziako taldearen barruan edo talde txikietan emanen da. Banakako laguntza oso kasu berezietan emanen da.

Irizpide orokor horri jarraikiz, ezgaitasun psikikoari, zentzumenekoari edo mugimendukoari nahiz jokabidearen nahaste larriei loturiko HPBak dituzten ikasleei hezkuntza laguntza ematea, ahal dela, pedagogia terapeutikoko irakasle espezialisten ardura izanen da, ohiko irakasleekin elkarlanean.

Ezgaitasunarekin lotura garbirik ez duten ikasteko zailtasun larriek sortutako HPBak dituzten ikasleak, funtsezko arloetan ziklo bat edo gehiagoko atzerapena dutenak egiten ari diren mailari buruz, ahal baldin bada, ohiko irakasleen ardurapean egonen dira. Pedagogia terapeutikoko irakasle espezialistek ikastetxeko baliabide arruntak agortu ondoren hartuko dute parte, hala nola ohiko neurriak aski ez direnean.

Ikasteko nolabaiteko zailtasunak izanik curriculum egokitzapen handirik behar ez duten ikasleen zuzeneko ardura ohiko irakasleena izanen da.

Azkenik, gaitasun intelektual aparta duten ikasleei irakasten dieten irakasleentzako laguntza pedagogia terapeutikoko irakasleei dagokie.

Laburbilduz, pedagogia terapeutikoko irakaslea ikastetxearen baliabide espezializatua da, ezgaitasun psikikoari, zentzumenekoari edo mugimendukoari nahiz jokabidearen nahaste larriei loturiko HPBak dituzten ikasleei hezkuntza laguntza emateaz, hala nola HPBak dituzten ikasleekin zuzenean lan egiten duten ohiko irakasleei laguntza emateaz arduratzen dena. Hortaz, eginkizun garrantzitsua dagokio ikastetxeko hezkuntza bereziari begira, baina, inola ere, irakasle-tutoreari erantzukizuna kendu gabe.

Irakasle espezialista horien lana Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako hezkuntzarako laguntza unitateen barruan kokatzen da, bai eta Bigarren Hezkuntzako institutuetako orientazio departamentuen barruan ere.

C) Pedagogia terapeutikoko irakasleen eginkizunak.

Pedagogia terapeutikoko irakasleak hezkuntza berezian espezializatutako maisu-maistrak dira. Haien eginkizuna HPBak dituzten ikasleen integrazioa bultzatzea da eta horretarako ondoko baliabide hauek erabiltzen dituzte:

-lehentasunezko atentzioa, zuzenekoa.

-ikasle horiei egokitutako curriculum-materialen prestaketa.

-ikastetxeko irakasleei aholkua eta laguntza ematea.

1.-Haur eta Lehen Hezkuntza.

Pedagogia terapeutikoko irakasleek, beren ikastetxeko eta ikastetxeetako hezkuntzarako laguntza unitateko kideak diren aldetik, ondoko eginkizun hauek betetzen dituzte:

1.1. Irakasleekin, tutorearekin eta orientatzailearekin lankidetzan aritzea HPBak dituzten ikasleak detektatzeko.

1.2. HPBak detektatu zaizkien ikasleen ebaluazio pedagogikorako laguntza ematea.

1.3. Curriculumaren norbanakoarentzako egokitzapenak prestatzea irakasleekin batera.

1.4. Banakako esku-hartzeko programak prestatzea irakasleekin batera eta curriculumaren norbanakoarentzako egokitzapenak abiapuntutzat harturik.

1.5. Irakasleei laguntza ematea ikasleen eta esku- hartzeko programen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, eta, hala behar izanez gero, programak egokitzea.

1.6. Irakasleekin batera, ikasleek ikasteko behar dituzten material didaktikoak egokitzea, bereziki ikusteko eta entzuteko ezgaitasuna duten ikasleei dagokienez.

1.7. Irakasle-tutoreei laguntza ematea HPBak dituzten ikasleen familiekiko harremanetan.

1.8. HPBak dituzten ikasleekin zuzeneko esku-hartzea izatea, curriculum egokitzapenetan eta banakako esku- hartzeko programetan zehazturiko alderdiak aurrera eramateko.

1.9. CREENAko talde berariazkoekin lankidetzan aritzea, HPBak dituzten ikasleei laguntza emateko behar diren jarduketa guztietan.

1.10. Bere eskumen esparruaren barruan esleitzen zaizkien gainerako eginkizunak, lan egiten dueneko ikastetxeen plangintza instituzionalari buruzko agirietan ezarritakoari jarraikiz (Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua, Curriculum Proiektua etab.).

2.-Bigarren Hezkuntzako lehenbiziko zikloa.

Pedagogia terapeutikoko irakasleek, DBHIetako hezkuntzarako laguntza unitateko edo BHIetako Orientazio Departamentuko kideak diren aldetik, ondoko eginkizun hauek betetzen dituzte:

2.1. Irakasleekin, tutorearekin eta orientatzailearekin lankidetzan aritzea HPBak dituzten ikasleak detektatzeko.

2.2. HPBak detektatu zaizkien ikasleen ebaluazio pedagogikorako laguntza ematea.

2.3. Beharrezkoa denean, curriculumaren norbanakoarentzako egokitzapenak prestatzea irakasleekin batera.

2.4. Banakako esku-hartzeko programak prestatzea irakasleekin batera eta curriculumaren norbanakoarentzako egokitzapenak abiapuntutzat harturik.

2.5. Irakasleei laguntza ematea ikasleen eta esku- hartzeko programen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, eta, hala behar izanez gero, programak egokitzea.

2.6. Irakasleekin batera, ikasleek ikasteko behar dituzten material didaktikoak egokitzea, bereziki ikusteko eta entzuteko ezgaitasuna duten ikasleei dagokienez.

2.7. Irakasle-tutoreei laguntza ematea HPBak dituzten ikasleen familiekiko harremanetan.

2.8. HPBak dituzten ikasleekin zuzeneko esku-hartzea izatea, curriculum egokitzapenetan eta banakako esku- hartzeko programetan zehazturiko alderdiak aurrera eramateko.

2.9. CREENAko talde berariazkoekin lankidetzan aritzea, HPBak dituzten ikasleei laguntza emateko behar diren jarduketa guztietan.

2.10. Berariazko Curriculum Unitatea (BCU) duten ikastetxeetan, horren tutoretzaz arduratuko da, ondoko eginkizun hauekin:

-Orientatzaileari laguntza ematea ebaluazio psikopedagogikoa egiteko.

-BCUren programa prestatu eta aurrera eramatea.

-Curriculumaren norbanakoarentzako egokitzapeneko banakako agiria egitea ikasle bakoitzari.

-Ikasleen irakasleekin eta tutorearekin koordinatzea, parte hartu behar duten arloetako jarduerak prestatu eta programatzeko.

-Ikasleen garapen eskolar, sozial eta afektiboaren berri ematea familiei.

-Orientazio eta tutoretzako jarduerak planifikatu eta aurrera eramatea.

2.11. Bere eskumen esparruaren barruan esleitzen zaizkien gainerako eginkizunak, lan egiten dueneko ikastetxeen plangintza instituzionalari buruzko agirietan ezarritakoari jarraikiz (Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua, Curriculum Proiektua, etab.).

Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleen kasuan, hezkuntza premia bereziak direla-eta, atzerapen nabaria baldin badute curriculumeko bi arlo edo gehiagotan eta, beraz, curriculum egokitzapen handiarekin ikasten ari badira (egokitzapenaren erreferentzi puntua aurreko zikloa izaki), laguntzako eginkizunak departamentu didaktikoetako irakasleek hartzen ahal dituzte, horretarako aniztasunari kasu emateko orduak harturik, edo, bestela, pedagogia terapeutikoko irakasleen ardurapean egoten ahal dira, Bigarren Hezkuntzako lehenbiziko zikloko eduki berariazkoak baitira.

1. ERANSKINA

Lankidetzaren esparrua

Hezkuntzarako laguntza unitatea

-Haur eta lehen Hezkuntzako ikastetxeetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetako hezkuntzarako laguntza unitateek ondoko kide hauek dituzte: ikastetxeko orientatzailea, pedagogia terapeutikoko irakasleak, entzumen eta hizkuntzako irakasleak, profil bereziko irakasleak eta tutorea nahiz fisioterapeuta nahiz hezkuntzako laguntzailea, euren ikasleei dagozkien gaiak direnenean.

-Hezkuntzarako laguntza unitateko kide bakoitzak bere lanbide profila, eginkizunak eta erantzukizunak baditu ere, elkarren osagarri dira denak, esku-hartzearen alderdi desberdinetatik ikasleei ematen zaien laguntzari, hala nola gelako irakasleei eta tutoreei dagokienez.

Hezkuntzarako laguntza unitatearen eginkizunak:

-Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek hezkuntzan duten erantzuna diseinatu, garatu eta ebaluatzea, eta bereziki ondoko hauek:

.Ikasleei ikasteko prozesua errazten edo zailtzen dieten baldintza pertsonalak edo sozialak detektatzea eskolaldiaren hasieran, txosten psikopedagogikoa egin ondoren zein modalitatetan eskolatuko den eta zein hezkuntza neurri hartu behar den erabakitzeko. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan, etaparen hasieran, ikasleei ikasteko prozesua errazten edo zailtzen dieten baldintza pertsonalak edo sozialak aztertzea.

.Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek behar dituzten curriculum egokitzapenak egiteko irizpideak eta prozedurak ezartzeko proposamena egin eta Koordinazio Pedagogikoko Batzordeari jakinaraztea, bertan eztabaidatu eta gero etapako curriculum proiektuetan sartzeko.

.Tutoreekin elkarlanean, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen jarraipena egitea etapa osoan zehar, eta bildutako informazioaren berri ematea ikastetxea aldatzen bada edo etapa bukatzen bada.

-Irakasleei laguntza ematea ikasteko zailtasunei aurrea hartu eta detektatzeko, hala nola arazo horiek dituzten ikasleentzako curriculum egokitzapenak programatu eta planifikatzeko.

-Tutoreari laguntza ematea zikloa bukatzean ikasleak ebaluatu eta mailaz pasatzeari buruzko erabakiak hartzeko.

-Esku-hartze espezializatua behar denean, familiei aholkua ematea, eta ikasleen gurasoei zuzendutako heziketa programak burutzeko laguntza ematea.

-Hezkuntza, osasun eta gizarte arloetako bestelako zerbitzuekin lankidetzan aritzea, ikasleek zerbitzu horien esparruaren barruan dituzten hezkuntza premiak asetzeko.

Orientazio Departamentua

-Bigarren Hezkuntzako institutuetako orientazio departamentuak ikastetxean berean betetzen ditu bere eginkizunak, hari atxikiriko ikastetxeekin koordinaturik.

-Ondoko hauek osatzen dute orientazio departamentua: ikastetxeko orientatzailea edo orientatzaileak, aniztasunari erantzuteko profil berezia duten irakasleak, pedagogia terapeutikoko irakaslea eta, hala behar denean, entzumen eta hizkuntzako irakaslea, bai eta tutorea ere, bere ikasleei dagozkien gaiak direnean.

Orientazio departamentuko kide bakoitzak bere lanbide profila, eginkizunak eta erantzukizunak baditu ere, elkarren osagarri dira denak, esku-hartzearen alderdi desberdinetatik ikasleei ematen zaien laguntzari, hala nola gelako irakasleei eta tutoreei dagokienez.

Orientazio Departamentuaren eginkizunak hauek dira:

-Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua eta Urteko Programazio Orokorra prestatzeko eta, hala behar denean, aldatzeko lanetan parte hartzea, eta proposamenak Zuzendaritza Taldeari eta Klaustroari igortzea.

-Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari etapako Curriculum Proiektua prestatzeko eta, hala behar denean, aldatzeko proposamenak egitea.

-Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari Curriculum Proiektuko alderdi psikopedagogikoen gainean aholkua ematea.

-Irakasleekin batera lankidetzan aritzea ikasteko arazoak aurreikusten eta antzematen, eta arazo horiek dituzten ikasleei zuzendutako curriculum egokitzapenen programazioa eta egokitzapena egiten.

-Departamentu didaktikokoekin batera lankidetzan aritzea, hala behar denean, curriculuma egokitzeko eta hezkuntza indartzeko neurriak hartzeko.

-Departamentuko irakasleek irakatsi behar dituzten esparruetako programazio didaktikoa prestatzea. Hala behar denean, horretan inplikaturiko departamentu didaktiko guztien partehartzea ere onartuko da.

-Aurretiko ebaluazio psikologikoa eta pedagogikoa egitea, hori egitea aginduzkoa den kasu orotan.

-Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntzak eman behar dien erantzuna diseinatzea, garatzea eta ebaluatzea; bereziki hauek:

.Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleendako egokiak diren curriculum egokitzapenetako aurreikusita dauden irizpideen eta prozeduren proposamena prestatzea eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari igortzea, eztabaidatu eta gero, etapako curriculum proiektuetan sartzeko.

.Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren hasieran, Hezkuntzarako Laguntza Unitateko koordinatzailearekin batera, ikasleen irakaskuntza eta ikaskuntza errazten edo zailtzen dituzten pertsona edo gizarte mailako baldintzak antzematea, hezkuntzak eman behar lukeen erantzuna aurreikusteko.

.Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, tutoreen lankidetzaz, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei jarraipena egitea eta hortik ateratzen den informazioaren berri ematea, bai ikastetxez aldatzen den bakoitzean, bai etapa bukatzean.

-Psikopedagogiako profesional baten eskuhartze berezitua behar duten kasuetan ikasleei elkarrizketak egitea eta haiei orientazioak ematea.

-Familiei aholkua ematea, eskuhartze berezitua behar dutenean, eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza programak prestatzen laguntzea.

-Hezkuntza, osasun eta gizarteko beste zerbitzuekin batera lankidetzan aritzea, aipatu zerbitzu horien esparruan ikasleen hezkuntza premien gainean lan egiteko.

-Irakasleen gaurkotze zientifiko eta didaktikoa sustatzea eta irakaskuntzako gaitasunak gaurkotzeko prestakuntza eta hobekuntza jarduerak proposatzea.

-Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan estrategia metodologikoak sustatzeko eta errazteko baliabideak aukeratzea.

-Departamentu honetako irakasleen menpeko ikasleek ebaluazioaren gainean egin erreklamazioak ebaztea, indarra duen arautegiari jarraikiz.

-Jarduera osagarriak programatu eta burutzea.

-Ikasturtean egin den lana balioztatzen duen Memoria prestatzea. Memoria hori ikastetxeko azken Memorian sartuko da.

2. ERANSKINA

1.-HPBak dituztenei laguntza emateko plana.

Ikastetxeko Curriculum Proiektuak aniztasunari kasu emateko neurrien plan bat bildu behar du. Plan horretako atal bat hezkuntza premia bereziak dituztenei laguntza emateari buruzkoa izanen da eta bertan ondoko hauek azalduko dira:

1. HPBak dituztenei laguntza emateko baliabideen antolaketa.

-Hezkuntzarako laguntza unitatearen antolaketa.

-Osaera.

-Eginkizunak.

-Bileren plana.

2. Laguntzarako irizpideak.

-Ikasleekin zuzenean aritzea.

-Laguntzen antolaketa.

-Lehentasunak.

3. Laguntza motak.

-Banakakoa.

-Taldekakoa.

-Ikasgelan/Ikasgelatik at.

-Berariazko taldeak.

2.-Txosten psikopedagogikoa.

HPBak dituzten ikasleei hezkuntzako laguntza eman aurretik komenigarria da "ebaluazio psikopedagogikoa" egitea. Ebaluazio hori HPBak detektatzen direnean behaketaren, aurreko txostenen azterketaren eta hasierako ebaluazioaren bitartez.

Ebaluazio psikopedagogikoa bera hezkuntzarako laguntza unitatearen edo orientazio departamentuaren barruan egiten da. Prozesu horretan kide guztiek parte hartzen dute, bakoitzak bere eskumenen barruan. Orientatzaileak txosten psikopedagogikoa egiten du eta bertan ondoko datu hauek azaltzen dira:

-Identifikazio datuak.

-Ebaluazioan parte hartu duten profesionalak.

-Noiz egin den.

-Ikaslearen historia eta garapen orokorrak.

-Eskolari buruzko datuak.

-Garapenari buruzko datuak (garapen biologikoa, intelektuala, psikomotorea, emozionala, gizarteratzea, komunikazioa eta hizkuntza).

-Curriculum gaitasunaren gaur eguneko maila (arlo bakoitzean zer egiteko gauza den eta zein laguntza eta baliabide behar dituen azaldu)

-Ikasteko modua eta motibazioa.

-Eskola ingurua.

-HPBen zehaztapena.

-Curriculum egokitzapena egiteko jarraibide berariazkoak.

-Curriculum elementuak egokitzeko proposamena.

-Curriculumera ailegatzeko baliabideak egokitzeko proposamena.

3.-Curriculum egokitzapenak.

Hezkuntza premia bereziei erantzuna emateko beharrezkoa da askotan curriculumaren banakako egokitzapenak egitea eta, horretarako, ikaslearekin lan egiten duten profesionalek koordinaturik aritu behar dute. Ildo horretan, hezkuntzarako laguntza unitatean curriculumaren banakako egokitzapenerako dokumentua landu eta idatziko da, eta bertan curriculum proposamen egokia azalduko da, dagokion txosten psikopedagogikoa kontuan harturik.

Curriculumaren banakako egokitzapena azaltzen duen dokumentuak ondoko datu hauen berri emanen du:

-Langile inplikatuak.

-Curriculum gaitasunaren maila.

-Ikasteko modua.

-Inguruaren ebaluazioa.

-Detektatutako hezkuntza premia bereziak.

-Proposatzen diren egokitzapenak.

-Egokitzapenak zein arlotan egin diren.

-Helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak.

-Irizpide metodologikoak.

-Hezkuntza modalitatea.

-Laguntza mota, denbora eta espazioak, arduradunak.

-Mailaz igotzeko irizpidea.

-Ebaluazioa eta jarraipena.

4.-Banakako esku-hartzeko programa.

Hori egitea ikaslearen zuzeneko ardura duten irakasleei dagokie, eta programa prestatzeko abiapuntutzat hartuko dituzte Curriculumaren banakako egokitzapena eta ikasgelako urteko programa.

Bestela esateko, ikasgelako programazioa ikasle jakin bati egokitzea da. Banakako esku-hartzeko programa honetan lehentasunezko jarduera motak zehaztuko dira, eta eginkizunen arduraduna nor den adieraziko. Ikaslea laguntzako gelara joaten bada, banakako esku-hartzeko programan ezarriko da zein jarduera eginen diren ohiko ikasgelan eta zein laguntzakoan. Behar den koherentzia bermatzeko, irakasleek koordinaturik lan eginen dute.

-Jardueren zehaztapena, segida eta denboraren araberako banaketa.

-Curriculum-materialak.

-Ebaluazioa.

Iragarkiaren kodea: a0105239