62. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 21a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E G U E S I B A R

2001eko bestetako kartelaren lehiaketa

Eguesibarko Udalak 2001eko Eguesibarko Eguna iragarriko duen kartela hautatzeko lehiaketaren deialdia egitea erabaki zuen osoko bilkuran. Hona hemen oinarriak:

2001EKO BESTETAKO KARTELAREN LEHIAKETAREN OINARRIAK

I.-Lehiaketaren xedea.

1. 2001eko bestetako kartelaren I. lehiaketak arte jarduerak sustatzea eta Eguesibarko 2001eko bestak iragartzea du xede.

II.-Parte hartzaileak.

2. Lehiaketan Eguesibarren erroldaturik dauden guztiek parte har dezakete, adin mugarik gabe.

3. Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere bi lan aurkez ditzake.

III.-Lanak.

4. Aurkezten diren lanek argitaragabeak eta bertze lehiaketa edo erakusketa batean aurkeztu gabeak izan beharko dute. Teknika aukeran da.

IV.-Teknika eta aurkezpena.

5. Aurkezten diren lanak lehiatzaileek nahi bezala hautatzen duten teknikaren bidez eginen dira.

6. Kartelaren formatoa hau da: 100 zentimetro luze bider 70 zentimetro zabal eta testu hau izanen du:

Valle de Egüés

Fiestas 2001

Data/

7. Eguesibarko Udalak ahalmena izanen du ibarreko armarria eta Kultur, Kirol eta Gazteri Batzordearen logotipoa sartzeko, jatorrizkoan agertzen den armarria aldatu edo ordezkatzeko, baita hura tokiz aldatzeko ere aipatu kartelaren behin betiko konposizioan.

IV.-Lanak aurkezteko tokia, modua eta epea.

8. Lanak Eguesibarko Udaletxean aurkeztuko dira, astelehenetik ortziralera, 9:00etatik 14:00ak arte.

9. Lanak aurkezteko epea deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2001eko ekainaren 20an bukatuko.

10. Lanek gibelean paratutako lema bat izanen dute ezaugarri. Bakoitzarekin batean gutunazal itxia aurkeztuko da. Haren kanpo aldean, zer lani dagokion, harexen lema paratuko da. Barnean, berriz, artistaren datu pertsonalak sartuko dira: izen-deiturak, helbidea, N.A.N. eta telefono zenbakia, gutienez.

V.-Epaimahaia.

11. Hauek osatuko dute epaimahaia: Ignacio Galipienzo jauna, Alfonso Etxeberria jauna eta Elena Bezunartea andrea.

12. Epaimahaia modu baliozkoan eratzeko mahaikideen erdiak gehi bat beharko da, eta erabakiak hartzeko, berriz, bertan direnen gehiengoa.

13. Epaimahaiak bi hilabeteko epea du bere erabakia emateko, lanak aurkezteko azken egunaren biharamunetik hasita.

14. Epaimahaiak, bereziki, alderdi hauek hartuko ditu kontuan: sormena, mezu grafikoaren indarra, lanaren egokitasuna mezu publizitarioaren ikuspegitik eta besten izpirituarekin duen lotura.

VI.-Sariak.

15.

Lehen saria: 75.000 pezeta.

Bigarren saria: 50.000 pezeta.

Hirugarren saria: 25.000 pezeta.

16. Sariei ehuneko 15eko atxikipena eginen zaie, P.F.E.Z.agatik (P.F.E.Z.ren gaineko erregelamendua onesten duen maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren 78. artikulua).

17. Epaimahaiak eman gabe utz dezake sariren bat nahiz guztiak.

18. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.

VII.-Saritzen diren lanen jabetza.

19. Sariaren irabazleak salerosketa kontratu bat sinatuko du Eguesibarko Udalarekin. Haren ariora, sariaren zenbatekoaren truke, Udalari emanen dio kartelaren jabetza, eta aldi berean, eta modu esklusiboan, baita jabetza intelektualari datxezkion eskubide ekonomiko guztiak ere, bertzeak bertze, erreprodukzioa, banaketa, komunikazio publikoa, eraldatzea, etabar, kartela osatzen duten elementu guzti-guztien gainean eta ekoizpen modu guzti-guztietan.

20. Aitzineko oinarrian erran denaren ondorioz, Eguesibarko Udalak, saritutako kartelarekin, behar dituen erreprodukzioak egiten ahalko ditu, baita komenigarritzat jotzen dituen hedabideeetan zabaldu ere. Halakoetan egileak ez du inolako eskubideren aldarririk egiten ahalko.

21. Saritutako lanarekin eta lehiaketara aurkeztutako gainerakoekin, Eguesibarko Udalak erakusketa bat egiten ahalko du.

Hargatik ere, saririk gabe gelditu diren lanen egileek ez dute ordain ekonomikorik jasoko, nahiz eta erakusketan egiletza zehaztuko den eta ziurtagiri bat eskatzen ahalko duten lana erakusteko hautatu dela dioena.

22. Saririk gabeko parte hartzaileek sei hilabeteko epea izanen dute aurkeztutako lanak eramateko, epaimahaiak bere erabakia hartzen duenetik. Epe hori iragandakoan egileak udal bulegoetatik eraman gabe, Udala haien jabe eginen da.

VIII.-Kalte-galerak.

23. Eguesibarko Udalak ez du erantzukizunik izanen gerta daitezkeen kalte-galeretan.

Hala ere, bere esku dauden bitartean lanak zaintzera ahaleginduko da.

IX.-Oinarri hauen onarpena.

24. Lanak lehiaketara aurkezteak oinarri hauek guzti-guztiak eta epaimahaiaren erabakia onartzea dakar.

Eguesibarren, bi mila eta bateko apirilaren hogeita lauan. Alkatea, Ignacio Galipienzo.

Iragarkiaren kodea: A0104555