62. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko maiatzaren 9koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, aheria harrapatzeko arriskua duten animaliak larretara eramateak arautzen dituena.

2001eko apirilaren 27ko Foru Aginduaren bidez aheriari aurrea hartzeko babespen neurri osagarriak ezarri ziren.

Foru Agindu horren azken xedapenak aplikazioa epe baterako finkatu zuen, hain zuzen ere aheriak Europako Batasunean izaten zuen eboluzioak neurriak aplikatzeari uzteko aukera eman bitarte.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, 2001eko maiatzaren 7ko Aginduaren bidez, aheria harrapatzeko arriskua duten animali espezieen harat-honatei muga jarri zien, baina baimena eman zuen orain arte mugimendu mugatua edo baldintzatua zuten animalia espezie batzuk tokiz aldatzeko.

Bidezko da, beraz, espezie horien larreratzea arautu eta gainerako arau osagarriak ezabatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2. idatz-zatiak arauak emateko esleitzen didan ahalmena erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Aheria harrapatzeko arriskua duten animalien larreratzekotan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren baimena beharko da.

Nolanahi ere, debekatua egonen da, oraindik, larreak aprobetxatzeko zerri azienda toki batetik bestera garraiatzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Indarrik gabe gelditzen da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2001eko apirilaren 27an emandako Foru Agindua, aheriari aurrea hartzeko babespen neurri osagarriak arautu zituena.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta maiatzaren 9tik aurrera aplikatuko da, harik eta aheriak Europako Batasunean izaten duen eboluzioaren osasun egoerak neurriak aplikatzeari uzteko aukera ematen duen arte.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren bederatzian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0104936