61. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

C A S C A N T E

Huerta eta Corralizas aldeko herri larreak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak Huerta eta Corralizas aldeko herri larreak arautzen dituen ordenantza onetsi zuen hasiera batean, 2000ko urriaren 31n egin bilkuran.

2001eko urtarrilaren 29an, 13. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, argitaratu iragarkiaren bidez jendaurrean jarri zen 30 egunez.

Jendaurreko epe hori alegazio, kexa edo erreklamaziorik gabe iragan denez, behin betikoz onetsirik gelditu da Huerta eta Corralizas aldeko herri larreak arautzen dituen ordenantza. Hona hemen testua:

HUERTA ETA CORRALIZAS ALDEKO HERRI LARRE EDO BELARREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Cascanteko Udalaren herri larreak, La Huerta eta Las Corralizas aldekoak, eta usadioaren arabera haiekin batera ustiatu ohi diren finka partikularrak ondoko lote hauetan banaturik daude:

La Huertako loteak

Lehenengo lotea.-Novellaresko belarrak hartzen ditu, Victoriatik atera, Muchelko bidetik ezkerretara, Murchanteko baratzeko mugaraino; Murchanteko mendiaren mugan goiti egiten du Pradoko elordiraino; Sasillo Cascanteko mendiko mugan barna doa, Gelbentzuko finka baten eta Aspran sartzen den bidearen arteko mugan barna, Corellako errepidera jaitsi eta handik, Victoriako errepidean aitzina.

Lotearen azalera: 1.770 erregu, gutxi gorabehera.

Bigarren lotea.-Cañaleteko belarrak hartzen ditu, Ospitaletik atera, Corellako errepidetik ezkerretara; Pulguerko bidea hartu, ezkerretara, Bargumanasko erreteneraino, Antonio Miramónen finkan, errepidean; erretenetik goiti, ezkerretara, Palomaresko bidetik Félix Falcónen finkara iritsi arte eta hortik erretenean goiti Nahón errekara, Cañaleteko lerroraino, Romero Iráizozen finka batean, hortik errekan beheiti, Abuelasko mugatik Abuelasko bidexkaraino; Jorge Bobadillak Cañaleten duen bidexkatik abiatzen den bidexka hartu eta Joaquín Miramónen larre utzi bateraino doa, gero Emilio Deánen finka baten zulora doan ezponda hartu eta handik Calvarioko muga iparralderuntz, poxpoloen lantegira, eta Cuesta del Portaletik jaitsita, Ospitaleraino.

Azalera: 2.125 erregu, gutxi gorabehera.

Hirugarren lotea.-Redipinosko eta Mucheleko belarrak hartzen ditu, Victoriatik atera eta Murchanteko bidea hartu eskuin aldera, Murchanteko baratzeko mugaraino, eta Urzanteko muga, Bolsoko errekan barna, Queiles errekan barna, Bañoko lerroaren mugaraino, San Adriango Markesaren finka baten mugatik Sixto Romanoren baratzera, Muchelko bidean, Victoriara iritsi arte.

Azalera: 1.100 erregu, gutxi gorabehera.

Laugarren lotea.-Barranco Ramón, Adobas eta Redigueteko belarrak hartzen ditu, Navatik atera, Corellako errepidetik ezkerretara, San Gregorioko ordokian sartzen den bidera iritsi harte; gero Peñuelako mugan barna Corellako edo San Gregorioren bidera, eta ondoren, Boquera eta Estanquillako mugan barna Estanquillako lerroraino, eta handik, San Adriango Marquésaren plazako bidetik eta ezkerretara, hor barna Reinuevoko lerroraino, errekan beheiti Hoya de Moralesko erdiraino eta erretenean beheiti, hantxe hasten baita, Palotesko bidera, Antonio Miramónen finkan, errepidean, eta bidean aitzina La Navara iritsi arte.

Azalera: 3.980 erregu, gutxi gora behera.

Bosgarren lotea.-Camposko belarrak hartzen ditu, Fiteroko errepidean barna hasi, ezkerretik hartu Moncayoko Andre Mariaraino, Tulebrasko eta Remuñalko muga osoan beheiti egiten du, herri bazterretik Fiteroko errepidean bukatu arte.

Azalera: 593 erregu, gutxi gorabehera.

Seigarren lotea: Abuelasko belarrak hartzen ditu, Fiteroko errepidean barna hasi, eskuin aldera Calvarioarekin muga egiten duen bideraino; gero Emilio Deánen finkako bidexkan barna, ezkerretara, berak duen beste finka bateraino, zuloko ezpondan barna, José Miramónen baratzetik abiatzen den bidexkara atera arte; ondoren, bidexkan aitzina egin Abuelasko bidexkaraino, J. Bobadillaren finka batean, eta handik errekatik, Cañaleteko mugan barna, Nahón errekara, Moncayoko Andre Mariatik hurbil, eta Fiteroko errepidean E. Deánen baratzera.

Azalera: 415 erregu, gutxi gorabehera.

Zortzigarren lotea.-Pulguerko belarrak hartzen ditu. Mugak: iparraldean, Campo Nuevoko eta Royalesko mugak; hegoaldean, Sasillo, Talladura eta San Gregorioko ordokia; ekialdean, Sasilloko muga eta mendebaldean, Reinueveoko lugorriak eta Navasamplasko lotea.

Azalera: 5.397 erregu, gutxi gorabehera.

Hamargarren eta hamaikagarren loteak: La Matako belarrak hartzen ditu. Mugak: iparraldean, Fibancoko muga; hegoaldean, Sasoko eta Lorko mugak; ekialdean, Riolombo eta mendebaldean, Tulebrasko egutera.

Azalera: 2.113 erregu, gutxi gorabehera.

Bazkalekuen loteak:

Ardi edo behi aziendendako bazkalekuetako belarrak dira, ondoko ezaugarriak dituztenak, eta Montes de Cierzoren banaketaz geroztik guztiak Cascantekoak direnak.

Lehenengoa, Sasillo izenekoa, Curzen hasten da eta Niquitinto deitutako aldetik du sarbidea, hura baita iparraldeko muga, eta Tuterara jaisten da, hegoaldetik, eta mendebaldean Cañadarekin egiten du muga eta mendebaldean Sasilloko pasabidearekin. Pasabide horren ondoan bazituzten edo badituzte finkak Claudio Roncalek, Manuel Jiménezek Santos eta Aniceto Hernándezek eta beste batzuek.

Bigarren bazkalekua El Prado eta El Espartal izeneko zenbaitek osatzen dute. Corella eta Alfaroko errepidearen azpian daude eta Sasillo izeneko pasabidearen azpian, hor baitituzte edo bazituzten zenbait finka lehenago aipatutakoek, eta horietan sartzen dira beste larre batzuk, bazkalekuaren barrenean daudenak. Bazkalekuan bertan bada hamabost metroko zabalera duen pasabidea, azienda edatera sar dadin Montes de Cierzoko idoira eta hor hasten da altxonbidea eta aipatu Claudio Roncal horren edo bere ondorengoen finka batean dago, zuzen-zuzen aipatu idoiraino. Mugak: iparraldean, idoia eta Tuterako mugako erreka; hegoaldean eta ekialdean, altxonbidea, eta mendebaldean, aurreko bazkalekua.

Bi bazkaleku horien azalera 1.990 erregukoa da.

2. art. Cascanteko Udalaren herri larreen aprobetxamendua esleitzeko ondoko bideak erabiliko dira, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrei zuzenean esleituz.

b) Enkante publiko bidez esleituz.

3. art. Larreen aprobetxamendua herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez egiten bada, larreen aprobetxamenduaren onuradunak izan daitezke ardiak dituzten familia unitateetako titularrak, eta horretarako azienda altan emana izan beharko dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapenen liburuan hala jasota izan. Horrez gain, Udalaren baimena beharko dute azienda horri dagokion jardueran aritzeko, eta betiere honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adinez ttiki burujabea edo judizialki gaitua.

b) Udal erroldan herriko biztanle gisa inskribatua izatea, guttienez urtebeteko antzinatasunaz.

c) Herrian urtean bederatzi hilabetez, bederen, egiazki eta etenik gabe bizitzea.

d) toki entitateekin dituen zerga betebehar guztiak eguneratuak izatea.

4. art. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek edo pentsiodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

5. art. Aurreko artikulua interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Cascanteko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, Cascanteko Udalaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Batzordeak txostena egin ondotik.

6. art. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzten larreak, eta debeku da azpierrentan eman edo lagatzea.

7. art. Esleipena hiru urterako izanen da, eta epe hori hasiko da 2001eko urtarrilaren 1ean eta bukatu, berriz, 2004ko abenduaren 31n.

8. art. Cascanteko Udalaren iritziz hauek dira loteetan sartu ahal den azienda kopurua:

Huertako loteak.

a) 1. lotea: Novellares, (1) 300 ardi.

b) 2. lotea: Cañelete, (2) 300 ardi.

c) 3. lotea: Redipinos eta Muchel, (1), 200 ardi.

d) 4. lotea: Bco. Ramón, Adobas, Rediguete, 500 ardi.

e) 5. lotea: Campos, (2) 150 ardi.

f) 6. lotea: Abuelas, (2) 150 ardi.

g) 8. lotea: Pulguer, 600 ardi.

h) 10 eta 11. lotea: La Mata, 300 ardi.

Bazkalekuetako loteak: 500 ardi.

9. art. Kontuan hartuz lote bakoitzean bazkatzen ahal diren abelburuak, larreen kalitatea eta artegiak dituzten ala ez, Cascanteko Udalak lursari hauek finkatu ditu:

Huertako loteak:

a) 1. lotea: Novellares, 303.523 pezeta.

b) 2. lotea: Cañalete, 230.479 pezeta.

c) 3. lotea: Redipinos eta Muchel, 184.599 pezeta.

d) 4. lotea: Bco. Ramón, Adobas, Rediguete, 371.091 pezeta.

e) 5. lotea: Campos, 42.600 pezeta.

f) 6. lotea: Abuelas, 66.266 pezeta.

g) 8. lotea: Pulguer, 618.486 pezeta.

h) 10 eta 11. lotea: La Mata, 434.518 pezeta.

Bazkalekuetako loteak: 414.000 pezeta.

Larreak herritarren artean zuzenean esleitzen badira, esleipen prezioa izanen da lote bakoitzarendako finkatu sariaren ehuneko 90ekoa.

10. art. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da bizi- kostuaren igoerari egokitzearren, betiere erakunde fizial eskudunak Nafarroan onesten dituen indizeen arabera (Abeltzaintzako I.P.K.)

11. art Errentamenduaren ordainketa eskudirutan eginen da udal diruzaintzan edo, bestela, banku transferentzia bidez, Udalaren kontuetako edozeinetan, esleipen hartzailearen izena eta kontzeptua adieraziz.

Errentamenduen ordainketa aldez aurretik eta hiruhiletik behin eginen da, behar den hilabeteko hasierako hamabost egunetan, hots, urtarrilean, apirilean, uztailean eta urrian.

Ordaintzen ez bada edo berandu ordainduz gero, behar diren berandutza korrituak kobratu ahalko dira edo premiamendu bidea erabili, fidantza atxiki nahiz esleipen kontratua suntsitu.

12. art. Onuradunak esleipenaren egunetik 10 eguneko epean esleipenaren hiru urteei dagokien diru kopuru osoaren ehuneko 10 utzi beharko du fidantzatako.

Fidantzak eskudirutan ordaindu ahalko dira, edo Nafarroako zorra edo erregelamenduaren araberako abala erabilita -abalemaileak idatziz uko egin beharko diolarik Nafarroako Zuzenbide Zibil Pribatuaren bildumako 525 Legeak aipatzen duen eskusio-eskubideari-, balore publiko nahiz pribatuak baliatuz, aseguru-entitate baimendu batekin kauzio kontratua eginez edo Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko maiatzaren 18ko 13/1995 Legearen 36. artikuluan eta hurrengoetan onarturiko beste edozein bide erabiliz.

Fidantza erabiliko da honako gastu hauek estaltzeko: kontratistari, kontratuaren betearazpena dela-eta, ezarri beharreko zehapenak, kontratuak ekarritako obligazioak, berandutza gastuak, kontratua betetzeak edo ez betetzeak dakartzan kalte-galerak, kontratistaren erruz suntsitzen bada etortzen ahal den inkautazioa.

13. art. Cascanteko Udalak larreen parte bat gordeko du urtero esleitzeko, onuradun berriak agertzen badira ere.

14. art. Herrilarreetan bazkatzen diren abereek osasun ziurtagiria beharko dute, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

15. art. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak ekiditeko, Cascanteko Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:

Onuradunak edo esleipen hartzaileak ondoko betebehar eta debeku hauek ditu:

15.1 Ordainketak ezarritako egunetan egin beharko ditu.

15.2. Baldintza hauetako klausula eta estipulazioak oro bete beharko ditu.

15.3. Abereak ezarritako egunetan atera beharko ditu.

15.4. Ezin izanen da abereekin sartu errentamenduen muga barreneko sailetan, haietan olibondo edo landare txikiak badaude. Zainzuri alorretan abenduan sartu ahalko da, betiere lurra biguna ez badago.

15.5. Plegu honetan agertzen diren loteetako errentariak ezin izanen dira galondoetan abereekin sartu, uzta bildu eta zazpi egun igaro arte, finketako jabeek lastoa balia dezaten. Dena den, zazpi egun horiek igaro eta jabeak kanaberak jarri ahalko ditu, adierazteko abereak beste zazpi egunetan ezin izanen direla sartu.

15.6. Abuelas loteko errentariak guztiz eta erabat debekatua du artzantzan aritzea bai Calvario izeneko lurretan bai haren iparraldean bai San Antonio pasealekuan.

15.7. Onuradunak ezin izanen dira abereekin inola ere sartu mugarrituriko sailetan.

15.8. Guztiz debekatua dago galondoak baratzean erretzea, ez bada halako inguruabar berezietan, eta Udalak askatasun osoz hala erabaki eta aldez aurretik baimena ematen badu.

15.9. Debeku da ardiak ez diren abereak sartzea.

15.10. Debeku da abereak larratzera sartzea almendrondoak edo olibondoak dituzten lurzatietara.

15.11. Esleipen hartzaileen abereak mahatsondoak jan ahalko dituzte landarea mugitzen hasi arte, eta urteko gainerako sasoietan debeku da abereak mahastietara sartzea. Errespetatu beharko da mahats hondarrak biltzeko zortzi eguneko epea, behar den bandoa argitaratu eta biharamunetik hasita.

15.12. Abereak ezin izanen dira mahasti berrietan larratzera sartu haiek landatu eta lau urte igaro arte.

15.13. Abereak urrian baino ezin dira larratzera sartu zainzuri soroetan.

15.14. Alfazeetan larratzera sartu ahalko dira abenduaren batetik urtarrilaren azken egunera arte, besterik ez.

15.15. Udalak abereen sartu-aterei buruz ematen dituen ediktuak bete beharko dira. Ediktu horiek unean uneko kanpainarako baino ez dute indarrik izanen.

15.16. Zereal eta hazi soroetan, uzta bildu eta zazpi egunen buruan sartu ahalko dira abereak.

15.17. Kanabera uztaren partea da eta hortaz, nekazariak uzta bildu eta sei egun izanen ditu metatzeko. Beste inork ezin du kanaberak metatu edo jaso, uztaren jabearen baimen idatzia ez badu.

15.18. Uzta makinek sorturiko lastoa uztaren partea da eta, hortaz, nekazaria da jabea, baina zazpi eguneko epean bildu beharko du, uzta bukatzen denetik hasita.

15.19. Zereal soroetan abereak abuztuaren 15etik aitzina sartu ahalko dira. Nekazariak ez badu egun horretarako lastoa metatu lurra ongarritzeko utzi duela ulertuko da. Beste inork ezin du galondoetako lastoa metatu edo jaso, horretarako baimenik ez badu. Dena den, uzta bildu eta zazpi egun igarotakoan, esleipena duten abeltzainak galondoak baliatzeko sartu ahalko dira, askatasun osoz sartu ere.

15.20. Erremolatxa landuaren hostoak uzta bildu ondoko zortzi eguneko epean jaso beharko da, eta nekazariek ez badute horrela egiten abeltzainen esku geldituko dira soroetan dauden hostoak.

15.21. Zainzuri soroetako larreak abenduaren batetik eta urtarrilaren hogeitamarrera arte baliatu ahalko dira, landaketaren lehenbiziko urtean izan ezik, urte horretan ez baitago aprobetxamendua egiteko eskubiderik.

15.22. Laborearen titularrak esanen balu ados ez dagoela aurreko lerrokadan zehaztu aprobetxamenduarekin eta Udalari modu fede-emailean horrela jakinaraziko balio, abereak ezin izanen lirateke inoiz sartu haren alorretan.

15.23. Simaurra abeltzainaren esku geldituko da eta zernahitarako erabili ahalko du, betiere esleipenaldia bukatu aurretik jaso beharko duelarik. Bestela, Udalari lagatzen diola ulertuko da.

15.24. Euria ari duenean abereak ezin izanen dira lurzatietan sartu harik eta hiru egun iragan arte. Sartzeko debekua duten hiru egun horietan abeltzainek Pedernaleta kaskoan sartu ahalko dituzte abereak abaro egitera.

15.25. Lote edo bazkalekuren batean urik ez bada, ura agortu edo halako inguruabarrak direla-eta ura edaterik ez dagoelako, hurbilen dagoen esleipen hartzaileak urik ez duen beste horren abereak sartzen utzi beharko ditu ondoko idoietan edan dezaten. Horretarako, mugape horretako landazainak abereek hartu beharreko bidea zehaztuko du, kalte gutxien egiteko moduko biderik motzena aukeratuz. Bazkalekuko edo erabili beharreko lursailaren esleipen hartzaileak ez du eskubiderik izanen kalteordainik jasotzeko, bide eta aska zortasun horren aldera, baina abereak eramaten dituztenen utzikeria edo zabarkeria dela bide aziendak bere loteetan eragindako kalteen ordaina hartuko du.

15.26. Ondoko bazkalekuetan urik ez bada, eta bai, ordea, beste batzuetan, gainerako esleipen hartzaileek ere izanen dute obligazio hori, hurbiltasunaren araberako hurrenkeran.

15.27. Erabat debekatuta dago galondoak erretzea, urtaroa edo sasoia edozein delarik ere, halako kasu larri eta agerizkoetan izan ezik, eta betiere Udalak, egungo legeekin bat, horretarako onespena ematen badu.

15.28. Udalak landu gabeko lurrak hartzeko eskubidea du, lur horiek nekarazitzarako, larreetarako edo baso- berritzeko erabiltzearren. Halakoetan, esleipen hartzaileari hartutako azaleraren araberako kalteordaina emanen dio, esleipenaren prezioa kontuan izanik eta larreak zenbat denboratan kenduko zaizkion aintzat hartuz.

15.29. Onuradunak edo esleipen hartzaileak ezin izanen ditu errentan hartutako lurrak eskuz aldatu edo laga, Udalaren berariazko baimena ez badu.

15.30. Onuradunak edo esleipen hartzaileak bere aziendari dagozkion osasun xedapen guztiak bete beharko ditu. Erabat debekatuta dago animalia hilak lurperatu edo uztea horretarako propio finkaturiko tokietatik at.

15.31. Esleipen-hartzaileak larreak baliatzen dituzten abereak sartu beharko ditu Cascanteko Udalaren katastroan. Era berean, eta aginduzkoa bada, alta hartu beharko du jarduera ekonomikoen zergan behar den epigrafean.

16. Jabeek badute eskubidea beren alorrak errespetatuak eta mugarrituak izan daitezen, eta haietan bere azienda baino sar ez dadin. Horretarako, Udalari ordaindu beharko dio lotearen prezioaren arabera erreguko hainbanaketatik dagokion kopurua, edo loteak enkatean emanak badira, esleipeneko finkak zer lotetakoak diren, lote horren erreguko prezioaren araberakoa. Beren finketan abereei sartzen utzi nahi ez dieten interesatuek idazki bat aurkeztu beharko dute, Udalak paratuko dituen bandoetan aipatu epearen barnean aurkeztu ere, eta bertan honako hauek zehaztu: ukoa zer finkatan ezarri nahi duten, haren azalera, mugak, lur-neurketaren edo poligonoaren zenbakia eta katastroko lurzatia, labore mota, zer lotetakoa den eta kokalekua. Hala egiten ez badu ez da mugarrituko, lagapenari baiezkoa ematen diola ulertuko da, eta belarrak Udalaren esku geldituko dira errentamenduaren hiru urtetan, interesatuek ezin izanen dutela ondotik erreklamaziorik egin.

Finketako jabeek belarrak beren abereendako erabili ahal izateko, errepidezko edo altxonbidezko sarbidea izan beharko dute. Hala ez bada ezin izanen dute belarra baliatu haiek dauden loteko errentariak ez badu bere jabetzako beste loteren batean erregu kopuru berdina zehazten, izan ere, horrela egin ezean, lotearen errentariari mugarritzeko eskubideak ordainduko baitzaizkio, horrek errespetatu ditzan baina bere abereekin balia ez ditzan, ez bada behintzat lotearen errentariarekin halako akordioren bat lortzen.

Jabeek laga nahi ez dituzten lurrek lote bakoitzak hartzen duen azalera osoaren bi heren egiten badute, ez da errentamendurik edo lagapenik gauzatuko, eta mugarritzeko eskubideak Cascanteko udal ogasunaren probetxurako izanen dira.

Errentan eman beharreko belarren finken jabeek errentamenduak iraun bitartean ezin izanen dute ez kontraturik egin ez doan laga ezein aziendak balia ditzan, ez eta eskaintza egilerik egon ez delako esleitu gabe gelditzen badira ere, izan ere, eta kontrako adierazpenik ez bada, Udalari lagatzen zaizkiolako. Esleitu gabeko loteei dagokienez, jabeek belarrak erabili ahalko dituzte, betiere mugarritzeko eskubideak urtero Udalari ordainduta.

17. art. Prozedura.

Cascanteko Udalak erabakia hartu eta 15 eguneko epea egonen da eskubidea dutela uste dutenek larreak eska ditzaten. Aldez aurretik iragarkia paratuko da bai Cascanteko Udalaren iragarki oholean bai Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Aldi berean, Cascanteko Udalak, Udalaren ediktu oholean jarriko diren iragarkien bidez, 8 eguneko epea emanen du lurren jabeek mugarritzeko eskaerak aurkez ditzaten.

Larreak erabiltzeko eskaerak Cascanteko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 59.4 artikuluan aipaturiko edozein bide erabilita. Agiri hauek guztiak erantsiko dira:

a)Ziurtagiria, egiaztatzeko eskatzailea Cascanteko bizilaguna dela, gutxienez ere urtebeko aintzinatasunaz, eta Cascanten bizi dela, gutxienez ere urtean bederatzi hilabetez.

b) Ziurtagiria, egiaztatzeko Cascanteko Udalarekiko zerga betebeharrak eguneratuak dituela.

c) Familia unitatea osatzen duten kideen kopurua, eta ezintasun fisiko eta mentala dutenena.

d) Jabetzan dituzten laborantzako lurrak eta laborantza motak.

e) Errenta bidez edo jabetza ez den beste tituluren bitartez erabiltzen dituzten lurrak eta laborantza motak.

f) Ziurtagiria, abelburu kopurua egiaztatzeko, eta osasun ziurtagiria, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

g) Eskatzaileak erabili gogo dituen lote edo bazkalekuen zerrenda.

18. art. Cascanteko Udaleko Nekazaritza eta Abeltzaintza Batzordeak eskabideak aztertutakoan, esleitu daitezkeen loteak esleituko dira behin-behinekoz, betiere jabeek mugarritzeko eskubideaz baliatu ondoren.

Udalak behin-behinekoz esleituko ditu lurrak, honako inguruabar hauek kontuan hartuz:

a) Bazkalekuek hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean

b) Abeltzain bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, baldin eta abererik aski badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak asetzen badira.

c) Jabetzan edo errentan, titulartasuna edozein izanik, dituzten lurren aprobetxamendua beren abelburu kargarendako aski bada, abeltzain horiei ez zaie lote bakarra ere esleituko.

19. art. Behin-behineko esleipena egindakoan 7 eguneko epea egonen da erreklamazioak aurkezteko. Epe hori iragan eta erreklamaziorik ez bada esleipena behin betikoz onetsita geldituko da.

20. art. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publiko eginez esleituko dira hiru urterako, egungo arautegia eta baldintza hauetarik aplikagarriak direnak betez.

Enkantea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan iragarriko da, enkantearen eguna baino hamabost egun lehenagotik gutxienez ere. Bigarren eta hirugarren enkanteetarako, ordea, aski izanen da Udalaren iragarki oholean iragartzearekin, haiek egin baino bost egun lehenago.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Batzordeak finkatuko du hasierako prezioa, enkanteko larreen benetako balioaren arabera.

Enkanteetan sesteoa egiteko aukera izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 231. artikuluan bildutako zehaztapenekin bat.

Arau-hausteak eta zehapenak:

21. art. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Udalak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari esleipeneko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak larratzeko erabiltzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Esleipenetan finkatu epeak ez errespetatzea.

g) Herrilurretan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

h) Hildako animaliak lurperatu gabe abandonatzea.

i) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

j) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

22. art. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

-a), b), c), d), eta h) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

-h) arau-haustearengatik herrilurren edo larreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

-Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioaren halako bortz eta hamar bitartean ordainaraztea. Balioa zehazterik ez badago, hamar milatik berrehun mila pezeta bitarteko zehapena ezarriko da.

Aditzera ematen da orok jakin dezan, Cascanten, bi mila eta bateko martxoaren hogeian. Alkate udalburua, Jesús García Barea.

Iragarkiaren kodea: A0103172