61. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L I Z A R R A

Lizarrako hiriko esparruan, ikastetxeen eraikinetan eta balio historio-artistiko handia duen eraikinetan egin beharreko obretarako laguntzak arautzen dituen udal ordenantza

Lizarrako hiriko esparruan, ikastetxeen eraikinetan eta balio historio-artistiko handia duten eraikinetan egin beharreko obretarako laguntzak arautzen dituen udal ordenantza behin betikoz onetsirik, jendaurrean egoteko aldia (2001eko 11. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, urtarrilaren 24koa) inork alegaziorik ez erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan denez, iragarki honen bidez argitara ematen da haren testu osoa:

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalak ezartzen dituen laguntza ekonomikoak arautzea, Lizarran, irakaskuntza arautuko ikastetxeen eraikinetan eta balio historiko- artistiko handia duten eraikinetan egiten diren obra mota guztietarako.

2. art. Aplikazio esparrua.

Laguntzak bakarrik aplikatuko dira H.A.P.O.ren edo B.B.B.P.B.aren xedapenen arabera irakaskuntza arautuko ikastetxeetan eta/edo balio historiko-artistiko handia duten eraikinetan egiten diren obretan, Lizarrako hirian baldin badaude.

3. art. Baldintza orokorrak.

Jarduketa eta obra guztietan bermatu behar da teknikaren eta eraikuntzaren aldetik bat heldu direla eraikinaren kontserbazio egoerarekin, araudiak, planeamenduak eta aldi bakoitzean aplikatzen ahal diren ordenantzek xedatzen dutenari lotzen zaizkiola eta eraikinaren erabilera, segurtasuna eta kanpo estetika hobetzeko egiazki balio dutela.

Jarduketak B.B.B.P.B.aren barnean dauden eraikinen fatxadetan egin behar badira, baldintza izanen da fatxadako diseinuak eta jatorrizko tratamenduak berreskuratzea eta B.B.B.P.B.aren araudiaren arabera fatxadan egon behar ez luketen elementuak kentzea edo moldatzea (fatxadako kableak, zurak, euri-uren zorrotenak, etab.).

4. art. Udalaren laguntza motak.

Aipatu baldintzak betetzen dituzten obrek hartzen ahalko dute Udalaren laguntza, bertze laguntza batzuk, hala nola Nafarroako Gobernuarenak, eskatu ala ez.

Laguntzak izaten ahalko dira:

a) Laguntzaren xedea duen obra egiteko aurrekontuaren atalaren ehuneko 5.

b) Laguntza bereziak, hitzarmen bidez.

5. art. Obraren aurrekontuaren ehuneko 5aren dirulaguntza.

Obra egiteko aurrekontuaren ehuneko 5eko dirulaguntza jasoko dute 2. artikuluan aipatzen diren eraikinetan egiten diren obrek, aurrekontu arruntean horretarako finkatzen den kontusailean, ukatu gabe bertze kontusail bat sortzeko aukera, hura komenigarria juzgatzen bada, betiere urteko ekitaldian higiezin berean bertze zaharberritze lanik egin ez bada.

Hasiera batean, onuradunek dagozkien zergak eta tasak ordaindu beharko dituzte.

Laguntza hauen onuradunak izateko, obren sustatzaileek, aipatu baldintzak betetzeaz gain, eskatu eta behar den dokumentazioa ekarri beharko dute. Laguntzak obrak bukatutakoan izanen dira behin betikoak, eta orduan jasoko. Lehenago ikustaldia eginen zaie eta azken adostasun txostena egin beharko da, espedienteko baldintzak eta baldintza orokorrak bete ote diren frogatzeko.

Ez zaie laguntzarik emanen Udalaren zordun izateagatik premiamendu bidez kobratzeko prozeduretan sarturik dauden partikular nahiz entitateei.

6. art. Laguntza bereziak, hitzarmen bidez.

Zaharberritze, berritze, moldatze, konpontze edo apaintze lanetarako jarduketa bereziak egiteko hitzarmenak sinatzen ahalko dira, eta horiek zabaltzen ahalko dira erabilera publikoko ekipamenduetara, ordenantza honetan aurreikusten diren laguntzekin konbinatuz, baita jarduketa horietan parte hartuz ere baliabide ekonomiko berezien bitartez edo material, teknika edo jende aldetik eskura diren baliabideen bitartez.

7. art. Laguntzen galera

Ordenantza honetako baldintzak ez betetzeak eta ekartzen den dokumentazioan edozein datu faltsutzeak udal laguntzak kasuan kasuko espedientetik deuseztea eta kentzea ekarriko du.

8. art. Laguntzen tramitazioa.

Laguntzen tramitazioa Lizarrako Udalaren erregistro orokorrean eginen da eta horretarako agiri hauek beharko dira:

a) Obren lizentziaren eta laguntzen eskabidea. Hartan obra mota zehaztuko da eta adieraziko da dirulaguntzen sarrera egiteko banku entitatea eta kontuaren zenbaki osoa, baita obrak egiteko epea.

b) Jabearen edo komunitatearen ordezkariaren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo, horrela behar badu, eskatzen duen entitatearen I.F.Z.

c) Eskatzailea norbaiten ordezkaria bada, horren egiaztagiria.

d) Egin gogo diren obra deskribatzeko memoria, materialen kalitatea eta guzti.

e) Gaur egungo egoeraren eta proposatzen denaren krokisa, ahal izatera akotatua.

f) Obraren aurrekontu zehaztua, neurketak, kalitateak eta prezio unitarioak barne.

Obraren proiektu teknikoa eta azken ziurtagiria beharrezkoak izanen dira, baldin eta obrek hauei eragiten badiete:

-Eraikinaren egiturari: habeak, pilareak, lauzak, karga- hormak...

-Eraikinaren fatxadak: bao gehiago egitea, funtsezko aldaketa fatxaden osagaietan, etab.

-Eraikinaren barne banaketa: tabikeen funtsezko aldaketa, sailen kokaera, komunak:

a) Udalaren zerbitzu teknikoek edo eskumena duten haren parekoek eska ditzaketen agiri osagarriak.

8. art. Udalaren baliabide ekonomikoak.

Eskatutako laguntzei erantzuteko, Udalak behar den kontusaila sortuko du urteko aurrekontuetan. Kontusail hori aski ez bada eskatutako dirulaguntzei aurre egiteko, behar dena sortuko da hurrengo ekitaldiko aurrekontuetan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2. artikuluan aipatutako eraikinetan 2000ko ekitaldian egindako obrengatik dirulaguntza eskatzen ahalko da. Dirulaguntza hau ere ehuneko 5 izanen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Udalak baizik ez du ordenantza honetaz interpretazioak egiteko eskumena.

Bigarrena.-Udalak noiznahi frogatzen ahalko du obrak zuzen egiten ari diren.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan ezarritako dirulaguntza bateraezina izanen da gauza bera egiteagatik Udaletik eskuratzen den bertze edozeinekin. Hala izanez gero, onuradunak hautatu beharko du zein hartu.

Orobat, kontuan harturik dirulaguntza publikoak ez daitezkeela inoiz irabazpide izan, gauza bera egiteko bertze dirulaguntza batzuk hartzeak ekartzen ahal du udal dirulaguntza murriztea edo haren zenbatekoa itzuli beharra.

Laugarrena.-Ordenantza honek behin betiko onespena argitaratzen denean hartuko du indarra.

Lizarran, bi mila eta bateko martxoaren hemeretzian. Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: A0103074