61. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

45/2001 FORU AGINDUA, apirilaren 5ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana. Europako Batasuneko "Gazteria" Ekintza Programaren bitartez proiektuak egiteko laguntzen deialdiko oinarriak onesten ditu, Gizarte Gaietarako Ministerioak 2000ko urriaren 10eko aginduan ezarritakoari jarraikiz (2000ko urriaren 30eko "EAO", 260 zk.).

Gizarte Gaietarako Ministerioak 2000ko irailaren 20an emandako Aginduaren bidez (1995eko abenduaren 11koa aldatu zuen), Europako Batasuneko "Gazteria" Programa Aplikatzeko Espainiako Agentzia Nazionala sortu zen, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hartutako 1031/2000/EE Erabakiaren bitartez ezarri eta gero.

2000ko urriaren 10eko Aginduaren bidez, Europako Batasuneko "Gazteria" Ekintza Programaren esparruan (Europako Batzordeak finantzatua) jarduerak egiteko laguntzak arautuko dituzten oinarriak ezarri dira.

Esparru horretan, eta kontuan harturik Gizarte Ongizate, Gazteri eta Kirol Departamentuak gazteriaren arloan ezarriak dituen helburuak, beharrezkoa da honako hauei ematen zaizkien laguntzak arautzea: Foru Komunitateko gazteen elkarteak, gazteendako jarduerak egiten dituzten entitateak eta elkartea osatu gabeko gazte taldeak, baldin eta beren proiektuak Programak Espainian duen Agentzia Nazionaleko Ebaluazio Batzordeak onetsi baditu, Lanerako eta Gizarte Gaietarako Ministerioko Gazteriaren Institutuak urteroko ebazpenaren bidez onetsitako laguntzen deialdiaren arabera. Horrela ahaleginak batu nahi dira gazteriaren arloko gizarte ekimenak programaren helburuak bete ahal ditzan.

Kirol eta Gazteri arloko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuak ezartzen duenaren arabera, Foru Agindu bidez deialdi publikoa eginen da dirulaguntza horiek emateko.

Irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuaren bidez, izen aldaketa izan zen eta, beraz, gazteriaren arloko eskumena Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari esleitu zitzaion.

Abenduaren 30eko 432/1996 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Horrenbestez, Kirol eta Gazteria arloko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuaren 4. artikuluari jarraikiz eta azken xedapenetako lehenak emandako ahalmenak erabiliz, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Legearen 5. artikuluak emandako ahalmenak ere erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Laguntzak emateko deialdia onestea, gazteen elkarteek, gazteendako jarduerak egiten dituzten entitateek eta elkartea osatu gabeko gazte taldeek gazteen arteko nazioarteko trukeak egin ditzaten, baldin eta beren proiektua Europako Batasuneko "Gazteria" Ekintza Programaren Agentzia Nazionaleko Ebaluazio Batzordeak onetsi badu, Lanerako eta Gizarte Gaietarako Ministerioak 2000ko urriaren 10eko aginduan ezarritakoari jarraikiz (2000ko urriaren 30eko "EAO", 260 zk.).

2. 2.000.000 pezeta (bi milioi) edo 12.020,24 euro (hamabi mila eta hogei euro eta hogeita lau zentimo) arteko gastua baimentzea, Foru Agindu honen beharretarako, 2001eko Nafarroako Aurrekontu Orokorreko "Gazteria Europarekin" izeneko 940003-95220-4810-323100 kontusailaren kargura. Foru Agindu honen bidez laguntzak emanen dira gazteen arteko trukeak egiteko, baldin eta proiektuak "Gazteria" Programaren Agentzia Nazionaleko Ebaluazio Batzordeak onetsi baditu.

Hurrengo ekitaldietan, Nafarroako aurrekontu orokorretan xede horretarako gaitzen den kontusailaren kargura baimenduko da gastua, betiere ekitaldi bakoitzean krediturik baldin bada.

3. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ahalmena ematea, aurkeztutako eskabideak aztertu eta deialdia ebatzitakoan sobera gelditutako dirua hasieran onartutako kopuruen konpromisotik kentzeko eta beste deialdi batzuetako gastu gisa baimentzeko, 2001eko Nafarroako gastuen aurrekontuko kontusail beraren kargura betiere.

4. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

5. Foru Agindu hau Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko apirilaren bostean.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

O I N A R R I A K

1.-Helburua.

Deialdi honen helburua da gazteen proiektuak egiteko laguntzen araubidea ezartzea, Lanerako eta Gizarte Gaietarako Ministerioko Gazteriaren Institutuak 2000ko urriaren 10ean emandako Ebazpenari jarraikiz (2000ko urriaren 30eko "EAO", 260 zk.). Aipatu Ebazpenaren bidez laguntzen deialdia egin da, Europako Parlamentuaren eta Europako Batasunaren Kontseiluak "Gazteria" ekintza programa onartzeko harturiko 1031/2000EE erabakiaren esparruan.

2.-Xedeak.

Aurreko oinarrian aipatu laguntzen xedea da hein batean ordaintzea Programaren Agentzia Nazionaleko Ebaluazio Batzordeak onetsirik gazteen proiektuak egitean sortzen diren gastuak.

3.-Onuradunak.

3.1. Deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu ahalko dituzte Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteen Entitateen erroldan erregistraturik dauden gazteen entitate eta elkarteek, edo Foru Komunitatean ezarrita daudenek, eta Nafarroan bizi diren gazte taldeek, baldin eta beren proiektua Programaren Agentzia Nazionaleko Ebaluazio Batzordeak onetsi badu.

3.2. Jarduera edo proiektuak pertsona fisiko batzuek elkarrekin egiten dituztenean, eskaria batek bakarrik aurkeztu beharko du besteak ordezkatuz. Inprimakian adierazi beharko du besteak ordezkatzen dituela eta besteek ordezkapena onartzen dutela, bai eta laguntza Programaren barruko truke proiektuko xedeetarako erabiltzeko konpromisoa hartzen dutela ere.

Eskatzaileak solidarioki behartuta egonen dira Administrazioaren aurrean.

3.3. Onetsitako proiektuak zehazterakoan kontuan hartuko da Programaren Agentzia Nazionaleko Ebaluazio Batzordearen adierazpen ofiziala.

4.-Aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Eskariak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Arrieta kalea, 25), Lanerako eta Gizarte Gaietarako Ministerioko Gazteriaren Institutuak urteroko Ebazpenean Programaren fase bakoitzerako ezartzen dituen epeetan.

4.3. Eskatu eta proiektuarekin batera aurkeztutako dokumentazioa oinarri izanen da eta beharrezkotzat joko da, deialdi honen arabera.

4.4. Deialdi honek indarra hartu aurretik 2000n eta 2001ean aurkezten diren eskariak, Lanerako eta Gizarte Gaietarako Ministerioko Gazteriaren Institutuak 2000ko abenduaren 21ean emandako Aginduari jarraikiz (2001eko urtarrilaren 26ko "EAO", 26 zk.), dirulaguntza eskaritzat joko dira ofizioz, deialdi honen ondorioei loturik.

5.-Dokumentazio osagarria.

Proiektua amaitu eta bi hilabeteko epean, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Iruñeko Arrieta kalea, 25) dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

-Laguntza jaso duen jardueraren memoria.

-Gastuen eta dirusarreren frogagiriak jatorrizko fakturak eta fotokopiak erabiliz; fakturen zerrenda izenduna erantsiko da zenbatekoa eta aplikazioa zehaztuta, laguntzaren zenbatekoari dagokionez.

-Entitate edo taldearen legezko ordezkariaren ziurtagiria, zeinetan azalduko baita administrazio publikoek edo nazio zein nazioarteko erakunde publiko edo pribatuek jarduera bererako ematen dituzten beste laguntza batzuetarako eskaririk egin den eta, hala denean, zenbat diru lortu den.

6.-Instrukzioa eta balorazioa.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskariak tramitatu eta baloratu eginen ditu eta bidezko diren egiaztapenak eginen laguntzak ebatzi aurretik, puntu honetan ezarritako balorazio irizpenei jarraikiz.

a) Egindako jarduera zer motatakoa den eta gizartean zer eragin duen.

b) Proiektu edo jardueraren interesaren errentagarritasuna, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen gazteendako programen eta heziketa programen inguruan.

c) Laguntza hartzen duten programa edo jardueretan garatuko diren heziketa planak.

d) Laguntza eskaerako jarduera edo programarako eskatzaileak berak edo izaten ahal diren laguntzaileek dauzkaten baliabideak edo egiten dituzten ekarpenak.

e) Eskatzaileak aurkeztutako balantzean ageri den defizit edo superabita, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak egiaztatua.

f) Proiektuak premia nabarmenean dauden gazteei begira egitea, proiektuko eskaeran behar bezala justifikatuta.

g) Proiektu berritzailea izatea helburuei eta gauzatzeko estrategiei dagokienez.

h) Alde anitzeko ekintza izatea edo beste herrialde batzuekin batera egiten dena (Hegoamerika bereziki).

i) Proiektuak Nafarroarako interesa izatea, eta Programaren Agentzia Nazionalean fase horretan dotazio ekonomikorik gabe gelditzea baliabiderik ez izateagatik.

Eskariak ahalik eta hobekien ebalua daitezen, Gazteri Zuzendariordetzak aurkeztu diren dokumentuetako informazioa zabaldu edo hobetzeko eskatu ahalko die elkarte eta entitateei eta gazte taldeei.

7.-Ebazpena.

7.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskariak.

7.2. Eskariak bi hilabeteko epean ebatziko dira, dokumentazio osagarria aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Eskariak ezetsitzat joko dira, baldin eta ezarritako epean ebazpenik ematen ez bada.

7.3. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko aurrekontuan xede honetarako dagoen kredituaren araberakoa izanen da beti dirulaguntzaren zenbatekoa.

7.4. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura dirulaguntza gehiago eskuratzeko.

8.-Laguntzaren zenbatekoa.

Ematen den laguntzaren zenbatekoak ez du inolaz ere jardueraren kostua gaindituko (laguntza bakarrak edo beste laguntza batzuekin batera), ez eta jardueraren defizita ere.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa alde batera utzi gabe, Programaren Agentzia Nazionaleko Ebaluazio Batzordeak onetsitako proiektuetarako gutxieneko laguntza 50.000 pezetakoa izanen da, betiere justifikaziorako aurkezten den dokumentua zenbateko horretatik gorakoa bada. Zenbateko txikiagoko fakturak ere ordaindu ahalko dira.

9.-Betebeharrak.

Laguntzaren onuradunek dirulaguntza hartu duen jarduera egin beharko dute eta laguntzak ezarritako xedeetarako erabili. Horretaz gainera, hori betetzen dutela agiri bidez frogatu, eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

Laguntza jasotzen dutenek ezinbestekoa dute Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebehar guztiak eginak izatea; zilegi da laguntza Ogasunarekiko zorrak kitatuz ordaintzea. Dirulaguntza kobratu aurretik eta Ekonomi eta Ogasun kontseilariak zehazten duen moduan egiaztatu beharko dute Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebehar guztiak eginak dituztela.

10.-Laguntza ordaintzeko modua eta epea.

Emandako laguntza, 9. oinarriaren azken lerroaldean ezarritakoa galarazi gabe, transferentzia bidez ordainduko da, ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez.

11.-Ez-betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada eta, berdin, dirulaguntza ezarritako xederako erabiltzen ez bada, laguntzen xedea adierazitako modu eta epeetan frogatu beharra betetzen ez bada, datu faltsuak ematen badira edo laguntzaren xedea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Instituaren baimenik gabe aldatzen bada, galdu eginen da laguntza, jasotako dirua itzuli egin beharko da eta, hala denean, baita dirulaguntza ordaindu zenetik hasitako berandutza korrituak ere, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritako kopuruan. Hori guztia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Legearen VI. kapituluaren arabera eska daitezkeen gainerako erantzukinak galarazi gabe.

12.-Errekurtsoak.

Foru Agindu honen eta deialdi honen oinarriak aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazpen egunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: a0103901