5. ALDIZKARIA - 2001eko urtarrilaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

15/2000 FORU LEGEA, abenduaren 29koa, Kapitalean Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren menpeko erakunde autonomoen partaidetza (zuzenean edo zeharka) duten enpresetan 35 orduko lanaldiaren ezarpena laguntzeko 6/1999 Foru Legean biltzen diren neurri publikoak aplikatzeari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARI NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, KAPITALEAN FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN MENPEKO ERAKUNDE AUTONOMOEN PARTAIDETZA (ZUZENEAN EDO ZEHARKA) DUTEN ENPRESETAN 35 ORDUKO LANALDIAREN EZARPENA LAGUNTZEKO 6/1999 FORU LEGEAN BILTZEN DIREN NEURRI PUBLIKOAK APLIKATZEARI BURUZKOA

ZIOEN AZALPENA

Martxoaren 16ko 6/1999 Foru Legeak neurri-multzo handi bat biltzen du 35 orduko lanaldia Administrazio Publikoan, enpresa publikoetan eta sektore pribatuan aplikatu eta sustatzeko.

"Foru Komunitateko produkzio- eta zerbitzu-sektore guztietan lanaldia berrantolatu eta murrizteko" Nafarroako Gobernuak hartutako sustapen-neurrien eboluzioa, eta lege-gorabeherak -neurri horiek Foru Lege horretako 5. artikuluak aipatzen ditu, eta, horien arabera, Foru Gobernuaren eginkizuna lan-banaketaren sustatzaile hutsa izatea da- alde batera utzirik, Gobernua, azkarrago edo motelago, hobeto edo okerrago, 3. artikuluko agindua betetzen ari da; hain zuzen ere, astean 35 orduko lanaldia (urtean 1592 ordu) ezartzea Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei 2000. urterako eta hurrengoetarako.

Beraz, baiezta daiteke 3. artikuluko (Administrazio Publikoa zentzu hertsian) eta 5. artikuluko (sektore pribatua) agindua aurreikus daitezkeen bide logikoei jarraituz garatzen ari dela.

Ezin dugu gauza bera esan 4. artikuluaren edukiari buruz. Artikulu horrek ahalegina egiten du neurri hura enpresetara hedatzeko, "baldin eta Foru Komunitateko Administrazioak, toki entitateek edo haien menpeko organismo autonomoek parte-hartze maioritarioa badute aipatu enpresen kapitalean, zuzenean edo zeharka", eta 5. artikuluaren edukia hartzen du erreferentzia gisa, ez 3. artikulua. Ondorioa, gaur egun, hauxe da: 35 orduko lanaldia aplikatzen zaie "Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei", baina ez enpresa publikoetakoei edo Nafarroako Administrazio Publikoek parte-hartze maioritarioa duten enpresetakoei.

Horren arrazoia gure Komunitateko Administrazio Publikoen nagikeria baizik ez da, Nafarroako Gobernua guztien gainetik dagoela; izan ere, 3. artikuluak horretara "behartuta", neurri horiek Administrazio Publikoetan aplikatzen dituzte -Negoziazio Mahai Nagusian itunduz-, baina ez dute beharrik sentitzen 4. artikuluaren testuari jarraituz beren buruari sustapenik egiteko, eta ez dute horrelakorik aplikatzen enpresa publikoetan edo parte-hartzea daukatenetan; horien zuzendaritzan eta antolaketan, Administrazio Publikoan bertan daukaten aginte-ahalmen bera daukate, eta, agian, handiagoa.

Indarraldi laburra izan duen arren, Lege horren edukia egokitzea komeni da, enpresa publikoetako langileek enplegatu publikoen aldean jasaten duten diskriminazio bidegabe eta desegokia saihesteko. Izan ere, bi kolektiboek "enplegu-emaile" bera daukate, eta haien lanaren xedea ere berbera da, zerbitzu publikoa.

Logikarik gabeko egoera horri aurre egiteko asmoz, Socialistas del Parlamento de Navarra Parlamentuko Taldeak lege proposamen bat aurkeztu zuen, helburu gisa honako hauek zituena: batetik, gaur egungo 3. artikuluaren ondorioak gaur egungo 4. artikuluak ukitutakoei hedatzea, eta, bestetik, kapitalean Foru Komunitateko Administrazioaren, toki entitateen eta haien menpeko organismo autonomoen parte-hartze maioritarioa zuzenki nahiz zeharka daukaten enpresetako langileei ere 35 orduko lanaldia aplika dakien lortzea.

Alabaina, maiatzaren 24ko Osoko Bilkurak bazter utzi zuen proposamen hori, ezin izan baitzen behar adinako gehiengo politikorik erdietsi. Kasu batzuetan, proposamena egokia ez zela esan zen, toki-autonomiaren konstituzio-printzipioaren aurkako erasoa izan litekeela argudiatuz; izan ere, proposamenaren aurkakoek esan zutenez, 35 orduko lanaldia toki entitateen parte-hartze maioritarioa daukaten enpresetara ere hedatu nahi baitzen.

Azken argudio hori kontuan izanik -gainontzekoarekin ez dago ados proposamena egin duen taldea-, Socialistas del Parlamento de Navarra Parlamentuko Taldeak honako proposamen hau aurkezten du. Helburu du 3. artikuluko neurriak 4. artikuluak ukitutakoei hedatzea, toki korporazioen parte-hartzea daukaten enpresak kanpoan utziz; Gobernuari sektore pribaturako galdatzen zaion "sustapen" orokorraz beste inolako arretaren xede ez lirateke izanen enpresa horiek, gai honetan.

Artikulu bakarra.-6/1999 Foru Legea aldatzea.

Lanaldia 35 ordukoa izan dadin laguntzeko lan denbora banatzeko neurri publikoak ezartzeari buruzko martxoaren 16ko 6/1999 Foru Legean 3. bis artikulu berri bat eransten da eta 4. artikulua aldatzen da.

"3. bis artikulua. Foru Komunitateko Administrazioak eta bere menpeko organismo autonomoek zuzenean edo zeharka kapitaleko partehartze maioritarioa duten enpresetan, 3. artikuluan adierazitako neurrian eta bertan zehazturikoari jarraituz aplikatuko da lanaldiaren berrantolaketa eta murrizketa.

Negoziazio Mahai Nagusiari buruz 3. artikuluak egiten duen aipamena ulertuko da enpresetako zuzendaritzen eta haien langile-ordezkaritzen arteko lan-itunetarako bilerei buruz egina dela.

4. artikulua. 1. Nafarroako Gobernuak, 5. artikuluan esaten denaren arabera, lanaldiaren berrantolamendua eta murrizketa sustatuko ditu enpresetan, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioak, toki entitateek edo haien menpeko organismo autonomoek parte hartzen badute aipatu enpresen kapitalean, zuzenean edo zeharka.

2. Era berean, aparteko orduen mugatzea beren gain hartuko dute."

AZKEN XEDAPENA

Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Hala ere, ordu zenbaketa eta egokitzapeneko ondorioak 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi milako abenduaren hogeita bederatzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0100167