5. ALDIZKARIA - 2001eko urtarrilaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

14/2000 FORU LEGEA, abenduaren 29koa, Sarrigurengo udalez gaindiko planeamendu sektorialak ukituriko eremua besterentzeko prozesua arautzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARI NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, SARRIGURENGO UDALEZ GAINDIKO PLANEAMENDU SEKTORIALAK UKITURIKO EREMUA BESTERENTZEKO PROZESUA ARAUTZEN DUENA

Foru Komunitateko herritarrek etxebizitza bat izateko ahalbideak sustatzeko lana Nafarroako erakunde publikoen helburu garrantzitsuenetariko bat izan beharko litzateke. Alde horretatik, Sarrigurengo eko-hiriaren proiektua, hurrengo urteetan etxebizitzak egiteko gizartearen eskaerari erantzuna emateko asmoz, erakundeek hartutako konpromisoa gauzatzeko aurrerapauso garrantzitsua da.

Proiektu horren helburu nagusia etxebizitza planetan ezarritako araubideetako baten pean babestutako etxebizitzen eskaintza zabala egitea da, Iruñerri osotik datorren eskaerari erantzuteko. Izan ere, aurreikusiriko etxebizitza kopurua handia da eta, horrela, Iruñerri osotik datorren presako eskaerari erantzuna emateko modua izanen da. Gainera, ingurunearen eta biztanleriaren artean bestelako harremanbideak bultzatu nahi dira eta ingurugiro kalitatearen estandarrak igo.

Sarrigurengo eko-hiria bizigune berri bat izanen da, berariazko ezaugarriak izanen dituena. Iruñerriko ardatz gisa eta eskualdea antolatzeko eredu gisa garrantzi handia hartuko du. Izan ere, Iruñerria bizigune mugatuen inguruan egituratu nahi da, ez eredu sakabanatu eta ordenarik gabekoen inguruan. Gainera, lan egiteko eta bizitzeko eremuak eskualdean diren horrelako hiri-sareetan egoki integratzeko asmoa dago, sinergiak bultzatzearren.

Halaber, epe laburrean lur eremu urbanizagarri zabalak lortu nahi dira, zoruaren eta etxebizitzaren prezioaren igoera justifikaezinak saihesteko eta ageriko den prozesu horri garaiz aurre egiteko. Bestalde, eta antolamenduan gune bat osatuko duen multzoa taxutzeko, "jarduera ekonomikoen edo aukeren eremua" ezarriko da, hartan merkataritzako jarduerak eta zerbitzuen arlokoak ezarri ahal izateko.

Helburuak horiek direla, foru lege honek Sarrigurengo eko- hiriaren proiektua gauzatzeko behar den lurzoru publikoa besterentzeko prozesua arautzen du. Horretarako, Nafarroako Gobernuak indarra duten legeetan ezarrita dauden aginduzko hirigintza baliabideak tramitatu ditu. Etxebizitzen arloan, lurzoruaren inguruko legeriaren eta merkatuaren aldakortasunagatik komenigarria da indarrean dagoen legerian ezarritako besterentze aukera eta formula guztiak kontuan hartzea, lortu nahi den helburu sozial hori erdiesten bereziki laguntzeko. Aurreikusitako helburu soziala kontuan harturik, egoki ikusi da lurzoruaren besterentzeari ekiteko enkantearen bidea bazter uztea. Hortaz, zorua besterendu edo eskualdatzeko bide hauexek ezarri dira: lehiaketa publikoa; Foru Komunitatearen menpeko sozietate instrumentalei edo irabazteko asmorik ez duten laguntzazko entitateei edo gizarte entitateei zuzenean besterendu edo eskualdatzea; edo lagapena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 274. artikuluak aipatu bezala. Gainera, lurzatiak eta haiei dagozkien eskubideak foru lege honen helburu sozialak betetzeko egoki diren ondasun eta eskubideekin trukatzeko arauak ere ematen dira.

Foru lege honen helburuen ildotik, lurzorua besterentzeko prozesuetan, hautatutako formula edozein delarik ere, eskatu eta baloratuko dira lizitatzaileen proposamenetan hitz ematen diren baliabideen maila profesional eta teknikoari buruzko baldintza batzuk, zertarako eta ondokoak bermatzeko: proposamenaren bideragarritasun teknikoa, ingurumenaren eta arkitekturaren aldetik behar den kalitatea, etxebizitza-sustapenaren bideragarritasun ekonomikoa eta etxebizitzen hartzaileen ezaugarri sozioekonomikoak. Halaber, Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio behar diren neurriak ezar ditzan proiektua egoki kudeatzen dela eta ezartzen diren baldintzak betetzen direla bermatzeko.

1. artikulua. Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio Sarrigurengo eremuko udalez gaindiko planeamendu sektorialaren barrenean diren lurzatiak eta haiei atxikiriko eskubideak besterendu edo eskualdatzea erabaki dezan, haientzat kalkulatzen den balio ekonomikoa gorabehera; prozesuak bereizita egin beharko dira lurzatiek edo eremuak duten hirigintza xedearen arabera, eta 2. eta 3. artikuluetan ezarritako prozedurak aplikatuko dira lurzorua etxebizitzetarako den edo jarduera ekonomikoetarako den kontuan harturik.

Lurzati eraikigarriak eta haiei atxikiriko eskubideak publizitatze eta konkurrentzia publikoa betez besterendu beharko dira eta, halaber, horien gardentasuna erabatekoa izanen dela bermatuko da. Besterentze edo lagatze prozesu guztien baldintza pleguetan hirigintza planeamenduak ezarritako interes orokorreko helburuak beteko direla ziurtatzeko bermeak ezarriko dira, bai eta espekulazioa, gainprezioa edo eraikinen gaineko edozein motatako iruzurrik gertatuko ez direlakoak ere.

2. artikulua. 1. Aurreko artikuluan aipatu ondasunak, etxebizitzeratako eremuan sartutakoak, besterendu edo eskualdatzeko bide hauek erabili ahalko dira:

a) Lehiaketa publikoa, lehiaketa-enkantea edo enkantea.

b) Foru Komunitatearen titulartasun publikoko sozietate instrumentalei zuzenean besterendu edo eskualdatzea edo, bestela, irabazteko asmorik ez duten laguntzazko entitate, gizarte entitate edo sindikatu eskatzaileei, nolabaiteko babes publikoa izanen duten etxebizitzen eraikuntza sustatu eta sustapenaren bideragarritasuna bermatzeko esperientzia eta bitartekoak dituztela frogatzen badute. Kasu horretan, Nafarroako Gobernuak behar diren neurriak hartuko ditu babes publikoaren araubideko etxebizitzen hartzaileek etxebizitza horiek eskuratzeko eskatzen diren baldintza guztiak bete ditzaten.

c) Lagapenak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 274. artikuluak agindu bezala, planeamenduan ezarritakoaren arabera bidezkoak baldin badira.

d) Trukea: lurzatien eta haiei atxikita dauden eskubideen ordez, foru lege honen helburu sozialak betetzeko egoki diren ondasun eta eskubideak eskainiz.

2. Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu besterentzeko baldintzak, besterentzearen helburuak eta etxebizitza edo ekipamendua eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen direla bermatuko dituztenak. Baldintza horien artean itzulketarako aukera eta lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideez baliatzea ezarri ahalko dira.

3. Etxebizitzetarako ondasunak, etxebizitza librearen araubidean eraikiak izateko, enkante publikoaren bidez besterendu edo eskualdatuko dira, Nafarroako Ondareari buruzko irailaren 27ko 17/1985 Foru Legeak ezarritako baldintzetan.

3. artikulua. Lehendabiziko artikuluak aipatzen dituen ondasunak, jarduera ekonomikoen eremuan sartutakoak, besterendu edo eskualdatzeko enkante publikoaren prozedura erabili beharko da nahitaez.

4. artikulua. Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eskudunak ahalmena izanen du urbanizatzeko kudeaketa jarduerak eta aurreikusitako planeamendua burutzeko behar diren bestelakoak titulartasun publikoko sozietate instrumentalen gain uzteko.

5. artikulua. Etxebizitzetarako eremuko lurzorua besterentzeko prozeduretan Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eskudunak edo, bestela, kasuan kasuko titulartasun publikoko sozietate instrumentalak honako alderdi hauei buruzko baldintza batzuk bete daitezela eskatu edo baloratuko du:

1.-Urbanizatu eta eraikitzeko epeak.

2.-Etxebizitzak eta lokalak saldu edo errentan emateko prezioak eta baldintzak.

3.-Etxebizitzen hartzaileen ezaugarri sozioekonomikoak, horien barrenean direla familia egoera, etxebizitzaren beharra norainokoa den eta dirusarrerak.

4.-Arkitektura eta ingurumenaren aldetiko kalitatea.

5.-Egin gogo den sustapenaren bideregarritasun ekonomikoa.

6.-Proposamenaren bideragarritasun teknikoa bermatzeko, lizitatzaileek proposamenean hitz emandako baliabideen ezaugarri profesional eta teknikoak.

6. artikulua. Jarduera ekonomikoen edo aukeren eremuko lurzorua besterentzeko prozeduretan, Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eskudunak edo, bestela, kasuan kasuko titulartasun publikoko sozietate instrumentalak honako alderdi hauei buruzko baldintza batzuk zehaztuko ditu eta horiek bete daitezela eskatuko du:

a) Jarduera ekonomikoen edo aukeren eremua eta etxebizitzetarako eremua bateratzeko eredua, bai eta biak ingurunearekin bateratzekoa ere.

b) Proposamenaren bideragarritasun teknikoa bermatzeko, lizitatzaileek proposamenean hitz emandako baliabideen egokitasun profesional eta teknikoa".

c) Arkitektura eta ingurumenaren aldetiko kalitatea.

d) Egin gogo den sustapenaren bideregarritasun ekonomikoa.

e) Ezarri asmo diren jarduerek lurraldean, gizartean eta ekonomian, lan arloan eta ingurumenean izanen duten eragina.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Sarrigurengo eremuko planeamendu sektoriala ekinbide publikoko jarduketa denez gero, Foru Komunitateko Administrazioan horretarako eskumena duen departamentuko kontseilariak ahalmena izanen du hirigintza kudeaketarako behar diren agiriak tramitatu eta onesteko, urbanizazio proiektua barne.

Bigarrena.-Sarrigurengo ondasun publikoak besterentzearen ondorioz lorturiko baliabide ekonomikoak lurzoru gehiago erosteko erabiliko dira, eta horrela lurzoru ondare publikoaren erreserba handitzera bideraturiko etxebizitza arloko ekimen publikoko jarduerak ahalbidetzeko.

Lurzoruari buruzko Legean eta hurrengo Etxebizitza Planean kontzeptu berri bat sartuko da foru lurzoru publikoaren ondarea birdefinitzeko; hain zuzen ere, hark "Lurzoru Publikoaren Foru Bankua" izena hartuko du.

Hirugarrena.-Nafarroako Gobernuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren bitartez, kasuan kasuko parlamentu-batzordeari jakinaraziko dio, gutxienez ere sei hilabetean behin onesten denetik, Sarrigurengo lurzoru publikoaren besterentze prozesuaren bilakaera zein den, eta, bereziki, zein neurritaraino egin den.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Nafarroako Gobernuak ez du baimenik emanen Sarrigurengo Jarduera Ekonomikoen edo Aukeraren Eremuan merkataritza establezimendu handirik instalatzeko, horrelako establezimenduak gure Komunitatean ezartzea Merkataritzari buruzko Foru Lege Orokor baten bidez arautzen ez den bitartean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena ematen zaio foru lege honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko behar diren egintza eta xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi milako abenduaren hogeita bederatzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0100166