40. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

39/2001 FORU DEKRETUA, otsailaren 26koa, Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (Herrerias-Hegoaldea) 5. Unitate Integratuko 8.2 Jarduketa Unitateari dagokion Urbanizazio Proiektuaren gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapenaren ondorioetarako, presakoa dela deklaratzen duena.

Alkatetzak 2000ko ekainaren 26an hartutako ebazpenaren bidez, hasiera batez onetsi zen Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (Herrerias-Hegoaldea) 5. Unitate Integratuko 8.2 Jarduketa Unitateari dagokion Urbanizazio Proiektua.

Proiektuaren aginduzko jendaurrealdia bukaturik, eta, audientziaren ondorioetarako, banan-banan jarduketa sistemak ukitutako erregistroko jabeei eta errentariei jakinarazirik, Toki Entitateak adierazi du ez dela alegazio bakar bat ere aurkeztu. Beraz, Alkatetzak 2001eko urtarrilaren 29an emandako ebazpenaren bidez, behin betikoz onetsi zen Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (Herrerias-Hegoaldea) 5. Unitate Integratuko 8.2 Jarduketa Unitateari dagokion Urbanizazio Proiektua.

Presako deklarazioa eskatu du Toki Entitateak, esanaz beharrezkoa dela, alde batetik, hirigintzako planeamenduko zenbait erabaki betearaztea eta, bestetik, Parte Zaharraren alde bat berritzea espazio publiko libre bat sortuz. Horrek berekin dakar urbanizazioa egitea, zona horretarako interesagarria dela frogaturik, hemendik gutxira berraztertuko den Parte Zaharra babestu eta berritzeko Plan Berezian agertu den bezala. Kontuan hartu beharra dago Udalak badituela enkargatutako dokumentua eta planimetria eta hemendik laster hasiera batez onetsi eta jendaurrean jarriko dela. Kontuan hartzekoak dira, bestetik, behar den jarduketaren ezaugarri bereziak. Zaharberritzeko prozesua abian da, franko aurreraturik, eta horretan Nafarroako Gobernuak ere parte hartu beharko du. Horretarako lankidetza hitzarmena izenpetua dute Udalak eta Nafarroako Gobernuak.

Nafarroako Gobernuak, Tuterako Udalak alegatutako arrazoiak ikusirik, justifikatutzat jotzen du desjabetzapenak ukitutako ondasunen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko otsailaren hogeita seian egindako bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (Herrerias-Hegoaldea) 5. Unitate Integratuko 8.2 Jarduketa Unitateari dagokion Urbanizazio Proiektuaren gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapenaren ondorioetarako, presakoa dela deklaratzen da.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hogeita seian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0102303