40. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 30a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B E R R I O Z A R

Behin betiko onespena merkataritza ez-egonkorra arautzen duen ordenantzari eta 2001erako tarifei

Berriozarko Udalak, 2000ko azaroaren 28ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen 2001. urtean indarra izanen duten tasa eta prezio publikoen aldaketaren espedientea, urte bereko abenduaren 25eko 155. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman zen iragarkian aipatzen den bezala. Jendaurrean egon beharreko denbora iragan baita, inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsi da Merkataritza ez-egonkorra arautzen duen ordenantza. Hona hemen haren testua osorik:

ORDENANTZA FISKALA MERKATARITZA EZ-EGONKORRA ARAUTZEN DUENA

20. ordenantza

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea Berriozarko udal mugapean merkataritza ez-egonkorra arautzea da eta uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 5. artikuluaren babesean onetsi da, Lege horretan xedatutakoa garatzeko asmoz.

2. art. Merkataritza ez-egonkorraren esparruko merkataritza jardueratzat hauek har daitezke:

a) Noizbehinkako merkataritza, salmenta kalez kale egiten denean.

b) Merkatu txikietako merkataritza, aurretik ezarritako leku, egun eta orduetan egiten dena.

Kalez kaleko salmenta

3. art. 1. Kalez kaleko salmenta da merkataritza jarduera bat, betiere tradiziozkoa, udal organo eskudunak baimentzen dituen herrigune eta egun zehatzetan egiten dena, saltokiak bakarka nahiz multzoka egonik.

2. Kalez kaleko salmenta hauek onartzen dira:

-Barkillo eta gaztainen salmenta.

-Palmondoen salmenta, Aste Sainduaren aurreko egunetan.

-Izei eta pinuen salmenta Eguberri aurreko egunetan.

-Berriozarko herriko bestetan egiten diren salmentak.

Merkatu txikietako merkataritza

4. art. 1. Merkatu txikia gai eta produktuen salmenta antolatua da, elikagaiak barne, udal organo eskudunak baimendu eta multzoka ezarritako saltokietan.

2. Merkatu txiki bakarra paratzeko baimena emanen da, eta hura udal organo eskudunak zehazten duen lekuan ezarriko da. Astean gehienez egun batean eginen da, astearteetan hain juxtu ere, hasiera eta bukaerarako urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra ezarriko diren egunen artean.

5. art. 1. Merkatu txikia ezartzeko urteroko epealdia onesten duen erabaki bakoitzean, udal organo eskudunak hau zehaztuko du:

a) Zehatz-mehatz zein tokitan kokatuko den, Udalak erabakita.

b) Merkatuaren egun eta orduak, erran nahi baita, hauek:

b-1) Udako ordutegia: maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, saltzaileak goizeko 6etatik aurrera hasiko dira sartzen.

b-2) Neguko ordutegia: urteko gainerako hilabeteetan, saltzaileak goizeko 7etatik aurrera hasiko dira sartzen.

b-3) Goizeko 9etatik aurrera debeku da saltzaileak sartzea. Merkatu txikia 8:00etan hasiko da, 15:00ak arte. Ordu horretatik aurrera, ez geroago, merkatutik kanpora behar dute saltzaile eta salgai guztiek, Udaleko garbiketa zerbitzuek beren lana egin dezaten.

c) Gehienez ere 77 saltoki paratzen ahalko dira. Saltoki kopuru finko bat ezarriko da salgai mota bakoitzerako, aurkezturiko eta zuzen daudelakoan onetsiriko eskabideen heinekoa.

d) Sasoian sasoikoak saltzeko, 5 saltoki gordeko dira gutxienez, ekoizleek beren gaiak sal ditzaten.

e) Salgaien erakusketa eginen da euskarri edo salmahaietan, lurretik gutxienez ere 80 zentimetrotara. Fabrikazio edo ekoizpen akats izkutuak dituzten gaiak saldu nahi izanez gero, akatsaz ohartarazteko txartelak paratu beharko dira bistan, kontsumitzaileek ongi ikusteko moduan. Saltzaileak jatorrizko marka eta salgai jarritakoen jatorria egiaztatzen dituen dokumentazio behar adinekoa eduki beharko du. Salgaiek ez dute inola ere lurra ukituko. Elikagaien saltokiek behar den babesa eduki beharko dute, ingurumeneko eragileei aurre egiteko.

f) Zein gai eta produktu saltzea debekatzen den eta zein diren garraiatu edota hotzean kontserbatzeko instalazio bereziak behar dituztenak.

Zenbait produktu ezin izanen dira saldu, beraiei dagokien araudiak hala debekatzen duenean. Horiez gain, beste hauek ere ezin izanen dira saldu:

-Haragia, hegaztiak, zezinak, ehizagaiak, arrainkiak eta itsaskiak.

-Esnea, gazta freskoa, zenderena, esnegaina, gurina, jogurta eta bestelako esneki freskoak.

-Pastel eta opil beteak edo hornituak, pasta freskoak eta beteak.

-Janari keztatu eta bestelako erdikontserbak.

-Aziendak bizirik: ardi, ahuntz nahiz zerri azienda.

Arrautzak saltzeko baimena ematen da, baina ontzietan sarturik egon eta etiketak izan behar dituzte, baita 10º C baino hozbero txikiagoan egon ere.

Urdaiazpiko eta hestekiak garraiatu, bildu eta jendaurrean erakusteko, beharrezkoak diren higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hestekiak zintzilik eta ordenaturik egonen dira eta ez dute ibilgailuaren zola ukituko. Salmahaiak material garbigarri eta iragazkaitzez eginak izanen dira eta garbiak egon beharko dute. Urdaiazpiko eta hestekiek behar bezala betetako osasun agiriak izanen dituzte aldean. Horietan, datu orokorrez gainera, aipatu produktuak ongi identifikatzeko balio dutenak ere azalduko dira.

Ikuskatzailetza zerbitzuek salgai jartzea debekatuko dute edota, bestela, dekomisatuko, ibilgailuari edo arestian zehaztu eskaintzari dagozkion higiene arauak betetzen ez dituzten produktuak, osoki identifikatzen zailak direnak edo narrioren bat ageri dutenak.

Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek beraiendako ezarri osasun araudia beteko dute, eta zenbait produktu ontzietan sartu eta etiketatuko dira, dagokien araudiak hala eskatzen duenean.

Udal baimenak

6. art. Kalez kaleko salmenta indarra duten xedapenek arautuko dute eta horretan aritzeko baimenak Berriozarko Udaleko Osasun eta Kontsumo Batzordearen menpeko zerbitzuek tramitatuko dituzte.

Baimen guztiek urteroko abenduaren 31n galduko dute indarra eta, beraz, urtero berritu behar dira.

Baimena berritzeko, abenduaren 1etik 15era bitartean eskatu behar da, eta dokumentazio osoa eraman. Eskabide kopurua saltokiena baino handiagoa bada, haien zozketa eginen da bildutako eskabideen artean.

7. art. 1. Merkatu txikietan saltzeko beharrezkoak diren udal baimenak erdiesteko, ondoko baldintzak bete beharko dira:

a) Eskabidea egin baino lehen, merkataritza eta industri jardueretarako lizentzia fiskalaren epigrafean alta emana duela eta behar den tarifaren ordainketa eguneratua duela frogatzea.

b) Gizarte Segurantzako dagokion sailean sartua egon eta ordaindu beharreko kuotak eguneratuak dituela frogatzea.

c) Merkataritzaren xede izanen diren gai edo produktuen inguruan, erregelamendu tekniko-sanitarioek eta aplikatzekoak gerta daitezkeen bestelako xedapenek eskatu baldintzak beteko dituela ziurtatzea.

d) Elikagaiak saltzen dituztenek janari erabiltzaileen karneta izatea, indarra izan beharko duena, edo ondotik emandako xedapenen arabera, haren baliokidea.

e) Atzerritarren kasuan, egoitza baimena eta bere kasa lanean aritzekoarena izatea, indarra duen araudian ezarritakoaren araberakoak.

f) Beharrezko den udal baimena eskatzea. Horretarako datu hauek eman beharko dira:

-Izen-deiturak.

-Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia.

-Helbidea: herria, karrika, zenbakia, solairua, posta kodea eta telefonoa.

-Saltokiaren neurriak, behar bezala egiaztatuak.

-Saldu nahi diren gai guztiak zehatz-mehatz azaltzea.

-Bere jabetzako saltokietan lan egiten duten jendeei buruzko xehetasunak.

2. a) Udal baimenen titularrek karnet neurriko bi argazki ekarri beharko dituzte eta ezarritako tributuak ordaindu, urtarrilaren 1a, apirilaren 1a, uztailaren 1a eta urriaren 1a baino lehen, Berriozarko Herriko Etxeko bulegoetan.

b) Osasun eta Kontsumo Batzordeak berak erabakiko du sasoian sasoiko gaiak saldu nahi dituztenei baimenik emanen dienentz. Ematekotan, gutxienez ere hilabeterako eta gehienez ere hiru hilabeterako beharko du izan. Saltokia zenbat denboratan okupatzen den, horren arabera egokituko da tarifa. Gainerako esleipen hartzaileendako Udalak lizentzia luzatuko du, gutxienez ere hiru hilabeterako eta gehienez ere urtebeterako balioko duena. Diskrezionala izanen da eta, beraz, Udalak ezeztatzen ahal du horretarako arrazoiei begiraturik komenigarritzat jotzen duenean, baina horrek ez du inolako kalteordainik edo gisakorik ekarriko. Halaber, lizentzia hutsaltzen ahalko da interesatuak idatziz eskaturik.

8. art. Udal organo eskudunak nekazariendako zenbait saltoki erreserbatzen baditu, nork bere uztak sal ditzan, eskatzaile horiek, 7. artikuluan oro har zehazturiko agiriez gain, ekarri beharko dute Udaleko idazkariak emandako ziurtagiria, zeinetan egiaztatu beharko baita, alde batetik, baimenaren eskatzaileak berak landutako produktuak direla eta, bestetik, gai bakoitzari dagokion uzta zenbaterainokoa den. Aipatu ziurtagiriak lehentasuna badu ere, hori bera froga dezaketen bestelako bide baliozkoak ere eskatzen ahalko dira.

Gizarte Ongizate, Kirol, Osasun eta Emakumearen Batzordeak badu eskubidea proposatzeko sasoian sasoiko gaien saltzaileei saltokiak eman dakizkien, gutxienez ere hilabeterako eta gehienez ere hiru hilabeterako. Saltokia zenbat denboratan okupatzen den, horren arabera egokituko da tarifa.

9. art. 1. Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideek merkatu txikian saltzen aritzeko udal baimena jaso dezakete. Ordenantza honetan eskatu dokumentazioa aurkezten ez duten eskatzaileek hamar eguneko epea izanen dute dokumentazio hori zuzen bete ahal izan dezaten. Aipatu epea ez betetzeak edo agiri guztiak ez aurkezteak berarekin ekarriko du udal baimenak erdietsi ahal izateko eskabideak ez onartzea eta aurkeztu dokumentazioa artxibatu edo titularrei itzultzea.

2. Saltokiren bat hutsik geldituz gero, Osasun eta Kontsumo Batzordeak aurkeztutako eskabideen hautapena eginen du, irizpide hauetan oinarriturik: gai berdinak saltzen dituzten saltokiak ez ugaritzea, eta unean-unean dagoen eskaria baloratzea.

10. art. 1. Pertsona edo 5.1.d) artikuluan aipatzen diren elkarteetako bakoitzak ezin du salmentarako baimen bat besterik izan.

2. Baimenak pertsonalak eta besterenduezinak izanen dira, eta gehienez ere urtebeterako indarra izanen dute.

3. Nekazariendako baimenek indarra izanen dute gaiak biltzeko sasoiak dirauen bitartean bakarrik.

11. art. Hona baimenetan zer azaldu behar den: titularraren argazkia eta nortasun datuak, saltokiaren kokagunea merkatu txikiaren barrenean, eta salgai jartzen ahal diren gai eta produktuak.

12. art. 1. Ibilgailu egokietan baimendutako salmentetan salbu, saltokiak desmuntagarriak izanen dira eta baimendutako azalera hartuko dute soilik.

2. Saltoki guztiek beren titularrei emandako baimenak jendaurrean izanen dituzte, erosleak kokatzen diren tokitik erraz irakurtzeko moduan.

3. Saltokietan megafonia eta musika paratzea debekaturik dago eta baita soinu bidezko publizitate mezuak jaulkitzea ere. Musika aparatuak saltzen direnetan megafonia instalazioak para daitezke eta musika jaulki, betiere, udal ordenantzek eta indarra duen araudiak musika sortzen den lekuan baimendutako gehieneko soinu maila gainditzen ez bada.

13. art. Kamioi-dendei nahiz saltokiei baimendutako salmentetarako, salmahaien gehieneko luzera sei metrokoa izanen da.

Osasun ikuskapenak, administrazio kontrolak eta zaintza

14. art. 1. Eremu publikoko saltokietako gai eta produktuen osasun kontrola eta ikuskapenak Berriozarko Udaleko Osasun eta Kontsumo Batzordeari dagozkio.

2. Elikagaiak saltzeko baimena emanen da merkatu txikia ireki aurretik egin beharreko osasun ikuskapena egin ondoren, gero ere beste ikuskapen batzuk egiten ahal badira ere.

3. Eremu publikoko salmentaren antolaketa, administrazio kontrola eta zaintza Osasun eta Kontsumo Batzordeari eta Berriozarko Udaleko Udaltzaingoari dagozkie.

Saltzaileen eskubide eta betebeharrak

15. art. 1. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen eskubideak honako hauek dira:

a) Dagozkien saltokiak okupatzea.

b) Baimendutako gaiak saltzea, onartzen diren egun eta orduetan.

2. Saltokietan lanean ariko dira baimendutako jendeak edo salmentan laguntzen dutenak. Orobat, baimendutako pertsonaren menpe dauden langileak ari daitezke, hots, besteren kontura lanean ari direnak. Baimendutako pertsona horrek laguntzaileak Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean sartuta daudela frogatu beharko du, betiere baimena lortzeko eskabidea egitean horren berri eman bazuen.

16. art. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen betebeharrak osasun, merkataritza eta zerga alorrekoak dira.

17. art. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena duten pertsonek osasun arloko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Saltokiko titular eta lankideak behar bezain garbiak egon eta saltokiak ahal bezain txukun edukitzea, batez ere pisu eta balantzetako platerak. Horretarako, apenas pisatzen duen papera erabili beharko dute, gaiek eta pisu edo balantzak elkar ez ukitzeko.

b) Okupatzen duten saltokiko salmahaia ahal bezain garbi edukitzea.

c) Osasun ikuskatzaileei saltokian edo biltegian dituzten gai guztiak erakustea eta laginak hartzen laguntzea.

d) Bilduki berriak erabiltzea.

e) Elikagaiak saltzen diren kasuetan, indarra duen janari erabiltzaileen karneta izatea.

f) Saltzeko orduak bukaturik, saltokiak garbi gelditu behar du.

g) Saltzeko orduak bukaturik, bildukiak eta erabili eta botatzeko ontziak (plastikozko poltsak, pertxak, zapata-kaxak, etab.) horretarako paraturiko zaborrontzietara bota behar dira.

18. art. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonek merkataritza arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Dagozkien saltokiak okupatu eta ezarritako egun eta orduetan irekita edukitzea.

b) Udal baimenak jendaurrean paratzea, erosleak dauden tokitik erraz irakurtzeko moduan.

c) Erakusten dituzten produktu guztiak saltzeko moduan edukitzea. Betiere, baimenduriko produktuak baizik ezin izanen dira ikusgai jarri.

d) Hala eskatzen zaienean, ordenantza honetan nahitaezkotzat jotzen diren agiri guztiak udal zerbitzuei erakustea.

e) Saldu nahi diren gaien ondoan salneurria idatzirik jartzea, argi eta zehatz. Horretarako, salneurriak agertzen dituzten errotuluen neurriak erosleen aldetik ikusteko modukoak izanen dira.

f) Pisu eta balantzeetarako udal organo eskudunak ezar dezakeen kontrastea onartzea.

19. art. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Salmentak ezartzerakoan zehazten diren kasuetan, eskaturiko fidantza uztea.

b) Udalbatzak osoko bilkuran onetsiriko tasa eta eskubideak ordaintzea. Pagamendua esleipena eskatzen denean eginen da udal bulegoetan, eta hiruhilekoa hasi aurreko 10 egunen barrenean egin behar da.

Hiruhileko bakoitzaren hasieratzat honako hauek hartuko dira:

-Urtarrilaren lehena.

-Apirilaren lehena.

-Uztailaren lehena.

-Urriaren lehena.

Tarifak ordenantza honen eranskinean zehazten dira.

Arau-hauste eta zehapenak

20. art. Baimenen titularrak erantzule izanen dira, ordenantza honetako xedapenak hausten badituzte haiek beraiek edo saltzen laguntzen duten familiakide eta kontratupekoek.

21. art. 1. Merkataritza ez-egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:

A) Arau-hauste arinak.

a) Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita udal ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ere ez betetzea, betiere azken horiek larri edo oso larritzat ez badira hartzen.

b) Zehatz-mehatz, arau-hauste arinak hauek dira:

-Merkatu txikia hasten den ordu berean saltzen ez hastea.

-Saltokia baimenik gabe hiru egun edo gutxiagotan itxia edukitzea, aurretik egindako idazkiaren bidez justifikatzen den arrazoirik ez bada bederen.

-Udal baimenaren kopia jendaurrean ez izatea.

-Elikagaiak saltzen direnean, janari erabiltzaileen karnetik ez izatea.

-Ordenantza honi jarraikiz, saltokietan egoteko baimena duten pertsonak egon beharrean, beste batzuk egotea, aginduzko baimenik ez izateagatik arau-hauste oso larritzat hartzen ez bada.

-Ordenantza honetan eskatu osasun eta zerga arloko betekizunak ez betetzea.

B) Arau-hauste larriak:

Arau-hauste larriak hauexek dira:

a) Arau-hauste arinak behin eta berriz egitea.

b) Merkataritzaren xede diren produktuak arautzen dituen araudiak eskatu baldintzak ez betetzea.

c) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibiderik ukatu edo ez ematea, edo argibide okerrak nahiz gezurrezko dokumentazioa ematea.

C) Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste oso larriak hauek dira:

a) Arau hauste larriak behin eta berriz egitea.

b) Saltzeko baimenik ez izatea.

c) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean aurre egin, haiek larderiatzea edo mehatxatzea.

22. art. Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 25.000 pezeta bitarteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste larriak 25.001etik 100.000 pezeta bitarteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste oso larriak 100.001 eta 500.000 pezeta bitarteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, kasua bada, saltzeko baimena aldi baterako kendu edo baliorik gabe uztearekin.

Aurreneurri gisa, salgaiak bahitzen ahalko dira, baldin eta, egindako jarraipena eta gero, merkatuan saltzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste bada; agintari eskudunaren aburuz osasunarendako arriskurik sortzen badute, edo saltzeko behar den baimenik ez bada, dekomisatu eginen dira.

23. art. 1. Espediente zehatzaileen prozedura indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaio.

2. Arau-hauste arin, larri eta oso larriengatik zehapena ezartzeko, aurretik espedientea ireki beharko da, eta hura Administrazio Prozedurari buruz indarra duen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta 4/1999 Legean ezarritakoaren arabera tramitatuko da.

3. Zehapenak ezartzeko ahalmena alkate udalburuarena da. Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkate udalburuak emanen die haien berri.

4. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientearen izapidaketak diraueno.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza hau izateak ez dio ekarriko Udalari bertan arautzen diren salmenta motak nahitaez baimendu beharra.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Udalak alda dezake merkatu txikiaren kokapena, hirigintza, osasun, edo beste arlo bateko arrazoietan oinarrituz.

MERKATARITZA EZ-EGONKORRA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALAREN ERANSKINA

Tarifak

I.1.3. Merkatu txikia.

(*) Denboraldi osoa, metro lineala: 9.360 pezeta. 56,25 euro.

(*) Egun solteak, metro lineala: 260 pezeta. 1,56 euro.

(*) Aprobetxamendu berezietan, hala nola eremu publikoaren okupazioan edo merkatu txikietan, auzoetako jaietan eta gainerako aprobetxamenduetan, multzoan biltzea berezkoa dutela-eta beharrezkoa denean osasun, garbitasun edo zaintza zerbitzuak erabiltzea, ehuneko 100aren errekargua eransten ahal da.

"Ordenantza honek 2001eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra".

Berriozarren, bi mila eta bateko otsailaren hamabian. Alkatea, Benito Ríos Ochoa.

Iragarkiaren kodea: A0101593