40. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 30a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B A R A Ñ A I N

Deialdia, Barañaingo Udalean administrari-ofizial bat oposizio-lehiaketa bidez hartzeko

Gobernu Batzordeak 2001eko otsailaren 7an egin bilkuran harturiko erabakiaren bitartez, administrari-ofizial bat oposizio-lehiaketa bidez hartzeko deialdia onetsi da.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizial bat oposizio-lehiaketa bidez hartzea.

Izendatua gertatzen den lehiakidea lan-kontratudun finkoa bihurtuko da lanpostuaz jabetzen den unean eta haren jarduna Langileen Estatutuari, Administrazio Publikoko langileen Estatutuari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei lotuko zaie. Horretaz aparte, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartuko da.

1.2. Lana Barañaingo Udalean egin beharko da eta lanpostuak plantilla organikoan eta Udal honetako hitzarmenean ezarritako lansariak izanen ditu. Langileak bere kategoriakoentzat ezarrita dauden eginkizun orokorrak eta espreski agintzen zaizkion gainerakoak bete beharko ditu.

1.3. Lanaldiaren antolamendua zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahal dute.

2.-Izangaien baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 18 urtetik goitikoa izatea.

b) Eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

c) Batxilergoko edo Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua edo horien baliokidea izatea.

d) Administrazio publikoaren zerbitzutik baztertua ez izana, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea.

2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako eta izendapena bitarteko prozedura osoan zehar bete beharko dituzte.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Barañaingo Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, honako hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko arratsaldeko ordu biak arte, deialdi honetako I. eranskineko ereduaren arabera. Azken eguna balioduna ez bada, hurrengo egun balioduna hartuko da azken eguntzat.

3.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) N.A.N.aren fotokopia konpultsatua.

b) Zinpeko aitorpena, izangaia behar den titulazioaren eta 2. atalean aipatzen diren gainerako baldintzen jabe dela dioena.

c) Lehiaketan baloratzen ahal diren merezimenduen fotokopia konpultsatuak, deialdiko baremoan zehazten denaren arabera.

3.3. Agirien kopia guztiak udal bulegoetan konpultsatu beharko dira.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabidearekin batera, espedientea formalizatu eta azterketarako eskubideak izateagatik Udal Diruzaintzan 1.000 pezeta sartu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute izangaiek. Hori aurkezten ez bada, probetatik baztertzen ahalko da izangaia.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Barañaingo alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahal dituzte, eta akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta haiek ebatzi ondoan, alkate jaunak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5.-Epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honako pertsona hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Barañaingo Udaleko alkatea, Joaquín Olloqui Osés jauna.

Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuak izendatzen duen teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuak izendatzen duen teknikaria.

Mahaikidea: David Iriarte Aguirre jauna, Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

Ordezkoa: Miren Ormazabal Sukia andrea, Udaleko administrari- ofiziala.

Mahaikidea: Félix García Fernández jauna, Udaleko kontu hartzailea.

Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.

Mahaikidea: langileen ordezkaria, Enpresa Batzordeak hautatzen duena.

Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.

Mahaikide idazkaria: Udalbatzakoa.

Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.

Epaimahaia hautapen probak hasi aitzin eratu beharko da.

5.2. Epaimahaiak, eratzeko eta jarduteko, kideen erabateko gehiengoa bederen beharko du. Gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen afera guztiak.

5.3. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izaten ahalko du, proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haiei buruz soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei, erabakitzeko beren ahalmen esklusiboari eta beren erantzukizunari uko egin gabe.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen.

6.1. Lehiaketaldia.

6.1.1. Alegatzen diren merezimenduak honako baremo honi segituz kalifikatu eta puntuatuko dira, gehienez ere 18 puntu izanik:

A) Esperientzia: gehienez ere 8 puntu.

A.1) Kategoria bereko edo handiagoko lanpostuan enpresa pribatuan emandako zerbitzuak. Urte bakoitzagatik 0,5 puntu eta gehienez ere 4.

A.2) Administrari-ofizial edo goragoko lanpostuaren eginkizunetan, Nafarroako edozein toki entitatetan edo Foru Komunitateko administrazioan aritzeagatik. Urte bakoitzagatik puntu 1 eta gehienez ere 4.

Administrari laguntzaile lanpostuaren eginkizunetan, Nafarroako edozein toki entitatetan edo Foru Komunitateko administrazioan aritzeagatik. Urte bakoitzagatik 0,5 puntu eta gehienez ere 4.

A.2 epigrafe honetan gehienez ere 4 puntu emanen dira.

A.3) Sei hilabete edo hortik goitiko urte-zatiagatik, zerbitzu urte osoan kasu bakoitzean emandako puntuazioaren erdia emanen da bakoitzagatik.

Egindako zerbitzuak egiaztatu beharko dira izangaiak lan egin duen enpresaren edo administrazio publikoaren ziurtagiriaren bidez.

B) Cirruculuma: bete gogo den lanpostuarekin zerikusia duten arloetako prestakuntza ikastaroak baloratuko dira, betiere 20 ordu edo gehiago irauten badute. Irakaskuntzako kreditu bakoitzagatik (10 ordu) 20 ordutik goiti 0,25 puntu emanen dira. 20 ordutik goitiko ikastaroengatik 30 ordu baino gehiagokoak ez badira, 0,25 puntu emanen dira. 1995 baino lehenagoko informatika ikastaroetarako puntuazioa epaimahaiak neurtuko du, eta zaharkitutzat jotzen baditu ehuneko -50eko indize zuzentzailea aplikatuko dio puntuazioari. Gehienez ere 5 puntu emanen dira.

C) Titulazioa: gehienez ere 5 puntu.

-Doktore graduagatik: 5 puntu.

-Goi mailako titulua: 4 puntu.

-Erdi mailako titulua: 3 puntu.

6.1.2. Lehiaketa amaitu ondotik, Udaleko iragarki oholean jendaurrean paratuko da izangaiek atera duten puntuazioa.

6.2. Oposizioa:

Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko bigarren hilabetea amaitzen denean hasiko da oposizioa. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpen berean probak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

6.2.1. Oposizioan proba hauek egin beharko dira:

A) Lehenbiziko proba. Bi ariketa eginen dira:

A.1) Lehen ariketa: idatziz erantzun beharko zaie II. eranskineko gaien gaineko galdera motz edo test moduko batzuei. Ariketa honen iraupena ezin izanen da bi ordu eta erditik goitikoa izan. Oker erantzundako galdera bakoitzagatik 0,25 puntuko penalizazioa ezarriko da.

Baztertua geldituko da guztira 15 puntu ateratzen ez dituen izangaia.

A.2) Bigarren ariketa. Bi kasu praktikori egin beharko zaie aurre. Epaimahaiak proposatuko ditu, deialdiko II. eranskineko gaien zerrendan oinarriturik. Kasu praktiko bakoitza 0tik 10 puntura neurtuko da. Baztertua geldituko da haietako bakoitzean 5 puntu bederen ateratzen ez dituen izangaia.

B) Bigarren proba: informatika.

Ordenagailuz egin beharko dira epaimahaiak proposatzen dituen zenbait dokumentu, betiere udaletxean erabiltzen diren aplikazio informatikoetan: Office 97.

Baloratuko dira tresna informatikoen erabilera zuzena, dokumentuak egiteko arintasuna eta haien aurkezpena. Guztira 20 puntu emanen dira.

Baztertua geldituko da proba honetan 10 puntu ateratzen ez dituen izangaia.

C) Hirugarren proba: psikoteknikoa.

Aztertuko da izangaien gaitasuna eta haietako bakoitza lanpostuari nola egokitzen zaion, alegia, nork eman diezaiokeen Udalari zerbitzurik hoberena.

D) Laugarren proba: buruz buruko elkarrizketaa.

Elkarrizketan galderak eginen dira, bete gogo den lanpostuaren edozein alderdiri buruz.

6.2.2. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez ere 100 puntukoa izanen da, honela banaturik:

Lehenbiziko ariketa: 50 puntu gehienez.

Bigarren ariketa: 20 puntu gehienez.

Hirugarren ariketa: 25 puntu gehienez.

Laugarren ariketa: 5 puntu gehienez.

6.2.3. Lehenbiziko eta bigarren ariketak pliken sistemaren bidez eginen dira.

6.2.4. Epaimahaiko kide bakoitzak bere aldetik emanen du bere kalifikazioa, eta guztien banaz bertzekoa izanen da ariketa-zati bakoitzaren puntuazioa.

6.2.5. Oposizio-egile bi edo gehiagoren artean berdinketa gertatuz gero, sartzeko lehentasuna izanen du euskaraz dakienak. Euskarazko ezagupena egiaztatzen ahalko da EGA edo haren baliokidearen bidez, baina epaimahaiak, hori bera frogatzeko, bidezkotzat jotzen duen proba eginarazten ahal du.

7.-Probetarako deialdia

7.1. Ariketa bakoitza amaiturik, epaimahaiak, hamar eguneko epean, Udaleko iragarki oholean argitaratuko du gainditu duten izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioekin batean, eta han berean adieraziko ere oposizioaren hurrengo ariketa egiteko eguna eta tokia, gutxienez 48 ordu lehenago.

7.2. Probetarako deialdi bakarra egonen da, eta hara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela joan beharko dute. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

8.-Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Udaleko iragarki oholean, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, oposizio- lehiaketan izangai bakoitzak lorturiko kalifikazioak batuz.

8.2. Epaimahaiak deialdia egin duen organoari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izangai hautatuaren aldeko izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, izangaiak aurkeztu beharko ditu honako agiri hauek:

Osasun ziurtagiri edo txostena, interesatuak karguan aritzea galaraziko dion eritasun edo akats psiko-fisikorik ez duela egiaztatzen duena. Udalak erabakiko du zein mutua patronalek luzatu behar duen agiria.

Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

Deialdi honetako 2.1 atalean eskatzen den titulazioaren jatorrizko agiria, eta puntu horretan eskatzen diren gainerako baldintzak justifikatzen dituzten gainerakoak.

9.-Lanpostuaz jabetzea.

9.1. Izendatua gertatzen denak lanpostuaz jabetu beharko du, hilabeteko epean, izendapenaren jakinarazpenetik hasita.

9.2. Epe horretan jabetzarik hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostua eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.3. Bi hilabeteko epea ezartzen da, froga modura. Epe hori iragandakoan, izendatua lan-kontratudun finkoa bihurtuko da.

10.-Errekurtsoak. Deialdi honen edo bere oinarriren baten aurka, errekurtso hauek aurkezten ahal dira:

1.-Jakinarazpenaren ondoko hilabetean, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa, hori egin duen udal organoari zuzendua (azaroaren 25eko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua). Berraztertzeko errekurtsoa aurkezten bada, ezin izanen dira aurkeztu gora jotzekoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, lehenbizikoaren ebazpena edo ustezko ezespena izan arte. Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren aurka ezin izanen da berriro errekurtso hori aurkeztu.

2.-Hilabeteko epean, jakinarazpenetik hasita, gora jotzekoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea). Errekurtso hau aurkezten bada, ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu, gora jotzekoaren ebazpena edo ustezko ezespena izan arte.

3.-Bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, administrazioarekikoa, arlo horretako organo eskudunari zuzendua (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .................., adinez nagusia, N.A.N. zk.: ........ jaioteguna: ............, sorlekua: ........... (........), bizilekua:.... ........... (...........), telefonoa: ...........

Azaltzen dut:

Administrari-ofizial bat, lan-kontratu finkoan, oposizio-lehiaketa bidez hartzeko deialdian, denbora nahiz forma aldetik eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eta horregatik,

Eskatzen dut onartua izatea aipatu deialdiko oposizio- lehiaketan, eta horretarako, eskabide honekin batera, dokumentazio hau aurkezten dut:

Barañainen, 2001eko .....aren ...(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: sorrera eta ezaugarriak. Egitura eta edukia. Printzipio orokorrak. Europako Batasuna. Legea: kontzeptua eta motak. Lege-dekretuak. Legegintzako dekretuak. Nazioarteko Itunak. Dekretuak. Erregelamendua: kontzeptu orokorra. Ordenantzak eta udal erregelamendua: baldintzak eta motak.

2. gaia.-Estatuko Administrazioa. Haren organo zentralei buruzko ideia orokorra. Gobernuaren ordezkariak. Estatu autonomikoa. Ideia orokorrak eta eskumenen banaketa. Legegintzako eginkizuna. Nafarroako berezitasunak.

3. gaia.-Autonomi erkidegoen antolamendua: ideia orokorra. Nafarroako Foru Komunitatearen antolamendua. Udala: kontzeptua eta elementuak. Haiei buruzko ideia orokorra. Nafarroako kontzejuak.

4. gaia.-Udal administrazioa: udal organoak. Erabakiak nola hartzen diren. Horren aplikazioa Barañaingo Udalean. Udalen autonomia, ahalmenak eta eskumenak: gutxieneko eskumenei buruzko ideia orokorra, parte-hartzea, eskuordetzea eta jarduera osagarriak.

5. gaia.-Administrazio prozedura: haren tramiteak. Legitimazioa. Txostenak eta txosten motak. Alegazioak: motak, kasuak eta formak. Interesatuak. Herritarren eskubideak prozeduretan. Administrazioaren erregistro eta artxiboak.

6. gaia.-Administrazio egintza: administrazio egintzen jakinarazpena. Epeak eta formak. Argitalpena: sinadura eta kasuak. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Ebazteko beharra. Administrazio egintzen indar betearazlea. Etendura. Atzera jotzeko kasuak: baldintzak.

7. gaia.-Administrazio-errekurtsoak. Araubide orokorra, udalei begira. Nafarroako berezitasunak. Kontratazio administratiboa. Kontratazio espedienteen gaineko ideia orokorra, esleipen moduak eta kontratuen aldaketa eta iraungipena (Nafarroako Kontratazio Administratiboari buruzko 10/1998 Foru Legea).

8. gaia.-Toki Ogasunei buruzko Foru Legea (martxoaren 3ko 2/1995 Foru Legea): Nafarroako toki ogasunen baliabide motak. Udal zergak.

9. gaia.-Aurrekontua eta gastu publikoa. Edukia eta onespena. Kredituak eta haien aldaketak. Haien betearazpena eta likidazioa, Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen eta hura garatzeko araudiaren ariora (irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretua).

10. gaia.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorra (irailaren 21eko 272/1998 Foru Dekretua).

Oharrak:

Gaiak eta kontzeptuak honela emanik, epigrafe orokorren bidez, ezagupenak libreki eta modu irekian sistematizatu eta antola daitezke. Izangaien lanetan, epaimahaiak baloratuko du alderdi garrantzitsuenen hautapena, bai eta edukien eskematizazioa eta egiturapena ere, betiere udal ikuspegitik eta lanpostuaren ezaugarriak eta maila kontuan hartuz.

Barañainen, bi mila eta bateko otsailaren hamabortzean. Alkatea, Joaquín Olloqui Osés.

Iragarkiaren kodea: A0101728