40. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

HERRILAN, GARRAIO ETA KOMUNIKAZIO DEPARTAMENTUA. Jakinarazpen ediktua.

Ezinezkoa izan denez ondoren azaltzen diren dokumentuak UTE Belateri jakinaraztea, honen bidez betetzen da Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.4 artikuluan xedatutakoa. Jakinarazpena azken helbideko Udaletxeko iragarki oholean jarriz eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz egin da.

201/2001 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, Belateko tunela ireki zenetik izan diren gorabeheren ondoriozko erantzukizunak eta sortutako kostu, kalte eta galerak zehazteko espedienteari hasiera ematen diona.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak ekainaren 20an emandako 657/1990 Foru Aginduaren bidez, "Belateko mendatearen trazadura proiektua, tartea: Arraizko bentak-Doneztebe, eta tunela egiteko proiektua" erredaktatzeko lanak adjudikatu zitzaizkion Euroestudios, S.A. enpresari. Zenbatekoa 79.929.782 pezeta.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak otsailaren 4an emandako 39/1991 Foru Aginduaren bidez, aipatu kontratuaren aldaketa onetsi zen, hots, 27.883.408 pezetako aldaketa. Kontratua 107.804.190 pezetatan likidatu zen.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak maiatzaren 21ean emandako 453/1993 Foru Aginduaren bidez, Belateko tunela egiteko lanak adjudikatu ziren. Zenbatekoa 2.872.728.981 pezeta, eta egiteko epea 24 hilabete. Adjudikazio hartzailea ondoko enpresek osatutako UTEa izan zen: Empresa Auxiliar de la Industria (Auxini, S.A.), Lain, S.A. eta Potasas de Subiza, S.A. (Posusa); "UTE Belate", 1993ko irailaren 9ko eraketa eskrituraren arabera.

Tunela Metodo Austriar Berria izenekoaren bitartez egin zen, indusketetan lehergaiak erabiliz aurrera egiteko eta birrintzeko bi fase klasikoetan.

Lanen iraupeneko egiazko epea 42 hilabetekoa izan zen, eta likidazio aurrekontua 4.023.975.071 pezetakoa.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emandako ekainaren 22ko 589/1993 Foru Aginduaren bidez, Elsamex, S.A.ri adjudikatu zitzaion Belateko tunela egiteko obra zuzendaritzaren laguntza teknikoa. Zenbatekoa 169.084.500 pezetakoa izan zen eta epea 30 hilabetekoa.

Obrek denbora gehiago irautearen ondorioz, laguntza teknikoak ere epe bereko luzapena izan zuen eta, beraz, laguntza teknikoa azkenik 42 hilabetekoa izan zen eta likidazio aurrekontua 243.312.174 pezetakoa.

Belateko tunela 1997ko azaroaren 28an ireki zen.

1998ko uztailaren 13an tunel zatiak erori ziren Belateko tunelaren erdialdean (30 metroko luzerako tartea). Berehala trafikoa eten zen.

Herrilan zuzendari nagusiak emandako uztailaren 21eko 792/1998 Ebazpenaren bidez, premiazkotzat jo ziren "Belateko tunelean egiturako zati bat konpontzeko lanak". Construcciones Mariezcurrena S.L.k egin zituen lanak.

Konponketa lanek -trafikoa 8 egunez etenda- 89.197.092 pezetako gastua sortu zuten. Herrilan zuzendari nagusiak emandako azaroaren 18ko 1204/1998 Ebazpenaren bidez onetsi eta ordaindu zen gastua.

1999ko maiatzaren 28an, proiektatutako hormigoiaren geruza zati bat erori zen, eta ez zuen jendearengan eraginik izan, baina trafikoa eten egin behar izan zen ikuskatu bitartean.

Ikuskapena 1999ko maiatzaren 28tik ekainaren 4ra bitartean egin zen eta denbora hartan tunela itxita egon zen.

Herrilan zuzendari nagusiak emandako uztailaren 2ko 743/1999 Ebazpenaren bidez, premiazkotzat jo ziren "Belateko tunelaren egitura konpontzeko lanak". Honako adjudikazio hauek egin ziren: 1.-Konponketa lanak Construcciones Mariezcurrena S.L.ri (Mugairiko barrutiko kontserbazio integralaren adjudikazio-hartzailea), 2.-Elementu elektrikoak eta telekomunikaziokoak konektatu eta deskonektatzeko lanak Sociedad Ibérica de Construcciones Eléctricas S.A.ri (Sice) (Belate eta Almandozko tunelen kontrolerako zentroa ustiatzeko lanen adjudikazio-hartzailea) eta 3.-Konponketak aztertu, diagnostikatu, proiektatu eta zuzentzeko lanak Geocontrol, S.A. enpresari.

Geocontrol, S.A.k bere txostenean adierazi zuen tunelak egitura arazoak zituela 5+957 eta 6+013 k.p.en artean, eta tuneleko beste eremu batzuetan proiektatutako hormigoiaren eskasia zegoela.

Tunela 1999ko abuztuaren 3tik 26ra bitartean konpondu zen (denbora hartan tunela trafikorako itxita egon zen).

Herrilan zuzendari nagusiak emandako maiatzaren 30eko 515/2000 Ebazpenaren bidez, "Belateko tunelaren egitura konpontzeko lanen" likidazioa onetsi zen (uztailaren 2ko 743/1999 Ebazpenaren bidez onetsi lanak). Likidazioa 531.258.512 pezetakoa izan zen.

2000ko otsailaren 12an, proiektatutako hormigoiaren beste geruza zati bat erori zen 6+540 k.p.an, aurreko urteko abuztuan sendotu zen eremutik urrun.

Tunela hiru egunez egon zen trafikorako itxita.

Gertakizun haren ondoren, Herrilan zuzendari nagusiak emandako maiatzaren 17ko 479/2000 Ebazpenaren bidez, Geocontrol, S.A.ri honakoa adjudikatu zitzaion: "Belateko tunelaren egiturako kalteen arrazoi posibleei buruzko txostena eta, egiturako segurtasun baldintzak hobetzearren, eraikuntza proiektuari dagokionez egin beharreko jarduketak zehaztea"; lan hura 11.515.552 pezetakoa izan zen. Txosten horretan 1999ko txostenean bildutako guztia ageri da eta, gainera, garatu, osatu eta handitu egiten du, tokiko datuak hartzeko kanpaina handi bat eginda eta proiektu, obra eta laguntza teknikoko espedienteetan ageri diren datuak sakon aztertuta.

2001eko otsailaren 28an, Geocontrol, S.A.k adjudikatutako lana aurkeztu du. Txosten horrek bi zati ditu: batean, tunelaren oraingo egoera sortu duten arrazoiei buruzko aurrekari, neurketa, azterlan, analisi eta ondorio guztiak eta gerora izan dezakeen eboluzioa biltzen dira, eta, bigarrenean, berriz, Belateko tunelaren iraunkortasun eta funtzionaltasuna bermatzeko eraikuntza proiektuari dagokionez hartu beharreko neurriak.

Txostenak, funtsean, kapitulu hauek ditu:

-Eraikuntza proiektuaren analisia.

-Proiektuaren aldaketak, obran sartuak.

-Tunelaren eraikuntzaren analisia (Eraikuntza prozesua eta laguntza teknikoa eraikuntza egin bitartean).

-Tunelaren eraikuntzari buruzko ondorioak.

-Tunelaren oraingo egoera.

-Tunelaren egituraren segurtasuna hobetzeko egin beharreko jarduketak.

"Belateko tunelaren eraikuntzari buruzko ondorioak" kapituluan, Belateko tunelaren egiturako akatsen arrazoi posibleak aztertu dira, garrantzi ordenaren arabera; aztertu da, halaber, esku hartu duten agenteen parte-hartze maila (proiektugilea, eraikitzailea, laguntza teknikoa) eta parte-hartzeen ondorioak.

Belateko tunela jendeak erabiltzeko ireki zenetik behin eta berriz izan diren gorabehera eta gertakizunak, horien ondorio sozial eta ekonomikoak eta egin den txostenean bildutako ondorioak ikusirik, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak adierazi du bidezkoa dela espediente bati hasiera ematea, Belateko tunelaren proiektu, eraikuntza eta kontrolean esku hartu duten agente guztien artean erantzukizunak zehazteko.

Halaber, Departamentuko Idazkaritza Teknikoak adierazitakoari jarraikiz, eta kontratuen adjudikazio data kontuan harturik, proposamenak honako hauen babes juridikoa du: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuei buruzko azaroaren 14ko 13/1986 Foru Legearen 62. artikulua, Herrilan eta Hirigintza Ministerioaren eskumenekoak diren azterlanak eta zerbitzu teknikoak kontratatzeko administrazio klausula orokorren pleguko 28. klausula eta Kode Zibilaren 1591. artikulua.

Horrenbestez, adierazi eta proposatutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 36.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Espedienteari hasiera ematea, honako gertakizun hauen ondorioz izan daitezkeen erantzukizunak zehazteko: Belateko tunela ireki zenetik izandako gertakizunak, orain arte egin diren konponketetarako Nafarroako Gobernuak ordaindutako kostuak, Geocontrol, S.A.k aurkeztutako konponketa proiektuan proposatu diren jarduketen ondoriozko gastuak (Herrilan zuzendari nagusiak martxoaren 5eko 202/2001 Ebazpenaren bidez onetsi proiektua), bai eta egindako txosten eta proiektuen kostuak eta izandako kalte eta galerenak ere.

2. UTE Belateri (Auxini S.A., Lain S.A., Posusa), Elsamex S.A.ri eta Euroestudios S.A.ri 15 egun balioduneko epea ematea egokia iruditzen zaiena alegatzeko. Horretarako, aipatu enpresei dokumentazio hau emanen zaie:

-"Belateko tunelaren egiturako kalteen arrazoi posibleei buruzko txosten orokorra, eta egiturako segurtasun baldintzak hobetzearren, eraikuntza proiektuari dagokionez egin beharreko ekintzak zehaztea". Geocontrol S.A.k 2001eko otsailean egina.

-"Belateko tunelaren egiturako konponketa osagarriaren proiektua", Geocontrol S.A.k 2001eko otsailean egina, eta Herrilan zuzendari nagusiak martxoaren 5eko 202/2001 Ebazpenaren bidez onetsia.

-Azalpen zatian aipatutako Ebazpenen kopia konpultsatua. Izandako gertakizunen ondorioz Nafarroako Gobernuak izan dituen kostuei buruzko Ebazpenak dira.

3. Foru Agindu hau jakinaraztea Euroestudios, S.A.ri (Zuatzu kalea, 2, 1. solairua, 5. bulegoa. 20018 Donostia), UTE Belateri (Camino de las Torres kalea, 4 behea. 50002 Zaragoza), Elsamex S.A.ri (San Severo kalea, 18. 28042 Madril), Departamentuko Idazkaritza Teknikoari, Zainketa Zerbitzuari eta Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren seian.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti."

"2001eko martxoaren 6ko errekerimendua (Idazkaritza Teknikoko 5362 irteera zk.a), Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak UTE Belateri egiten diona, Belateko tunela konpon dezan, "Belateko tunelaren egiturako konponketa osagarriaren proiektuan" adierazitakoari jarraikiz (Herrilan zuzendari nagusiak martxoaren 5eko 202/2001 Ebazpenaren bidez onetsia).

1. Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak maiatzaren 21ean emandako 453/1993 Foru Aginduaren bidez, Belateko tunela egiteko lanak adjudikatu ziren. Zenbatekoa 2.872.728.981 pezetako, eta 24 hilabeteko epea. Adjudikazio hartzailea ondoko enpresek osatutako UTEa izan zen: Empresa Auxiliar de la Industria (Auxini S.A.), Lain S.A. eta Potasas de Subiza S.A. (Posusa); "UTE Belate", 1993ko irailaren 9ko eraketa eskrituraren arabera.

2. 1997ko ekainaren 9ko aktan ageri denez, Belateko tunela egiteko lanak burutu ziren, eta 1997ko azaroaren 28an ireki zen tunela.

3. Data horren ondoren, tunelean zenbait material-erortze izan da (1998-07-13, 1999-05-28 eta 2000-02-12) horren ondorioz, Nafarroako Gobernuaren Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak premiazko konponketak egin behar izan ditu, azpiegiturak segurtasun baldintza onak izateko erabiltzaileei begira.

4. Material-erortzeen ondorioz, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak txosten zehatz bat egitea erabaki zuen, Belateko tunelaren egungo egoera sortarazi duten arrazoiak aztertzeko, bai eta etorkizunari begira egonkortasuna bermatu ahal izateko egituran egin beharreko konponketaren diseinua zehazteko ere; gainera, txosten horrek oinarri izan behar zuen Administrazioarentzat, proiektuan, exekuzioaren kontrolean eta obra eraikuntzan esku hartu dutenen artean izan daitezkeen erantzukizunak ebaluatzeko.

Horretan oinarriturik, Geocontrol S.A. enpresak 2001eko otsailean amaitu du honako lau hau: "Belateko tunelaren egiturako kalteen arrazoi posibleei buruzko txostena eta, egiturako segurtasun baldintzak hobetzearren, eraikuntza proiektuari dagokionez egin beharreko jarduketak zehaztea" eta, horrekin batera, "Belateko tunelaren egiturako konponketa osagarriaren proiektua".

5. Kontseilari honek, martxoaren 6ko 201/2001 Foru Aginduaren bidez, hasiera eman dio espedienteari, honako gertakizun hauen ondorioz izan daitezkeen erantzukizunak zehazteko: Belateko tunela ireki zenetik izandako gertakizunak, orain arte egin diren konponketetarako Nafarroako Gobernuak ordaindutako kostuak, Geocontrol, S.A.k aurkeztutako konponketa proiektuan proposatu diren jarduketen ondoriozko gastuak (Herrilan zuzendari nagusiak martxoaren 5eko 202/2001 Ebazpenaren bidez onetsi proiektua), bai eta egindako txosten eta proiektuen kostuak eta izandako kalte eta galerenak ere.

6. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, txostenean ageri den irizpideari jarraikiz, beharrezkotzat jotzen du Belateko tunela epe motzean konpontzea, aipatu txostenean azaldutako arazoak konpontzeko beharrezkoak diren lanak eginez, horrela tunela egonkortu ahal izateko. Lanak egin bitartean tunelak trafikorako itxita egon behar duenez, egokiena lanak aurtengo udan egitea dela uste da, garai horretan trafikoari kalte gutxiago egiten zaiolako eta klimatologia hobea delako. Hortaz, ezinbestekoa da lan horiek egiteko espedienteari hasiera ematea.

7. Kontuan harturik UTE Belate izan dela Belateko tunela egiteko lanak burutu dituen kontratista, eta, bestalde, kontratuari dagozkion administrazio klausula partikularren pleguko 10.4 klausulan eta Nafarroako Foru Komunitateko kontratuei buruzko azaroaren 14ko 13/1986 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, honakoaren bidez errekerimendua egiten zaio UTE Belateri tunela konpon dezan, "Belateko tunelaren egiturako konponketa osagarriaren proiektuan" adierazitakoaren arabera (martxoaren 5eko 202/2001 Ebazpenaren bidez onetsia). Proiektu horren ale bat erantsi zaio martxoaren 6ko 201/2001 Foru Aginduarekin batera igorritako dokumentazioari.

Horiek horrela, Departamentu honetako erregistroan (San Ignazio etorbidea, 3. beheko solairua, Iruña) aurkeztu beharko du, honako hau jaso eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean, idazki honi erantsitako "Belateko tunela konpontzeko lanak egiteko baldintzak" dokumentua, UTEak orri guztiak behar bezala sinatu eta zigilatuta, 5. atalean aipatzen den bermea eratzeko egiaztagiria barne. Aipatu epean dokumentu formalizatua aurkezten ez bada eta bermea jartzen ez bada, Departamentu honek ulertuko du UTE Belatek uko egiten diola konponketa lanak egiteari; halakorik gertatuz gero, Administrazioak lanak kontratatuko ditu, aipatu epeen eta konponbide teknikoen arabera.

Nolanahi ere, kontseilari honek martxoaren 6ko 201/2001 Foru Aginduaren bidez erantzukizunak zehazteko hasitako espedientetik ateratzen denaren menpe egonen dira konponketaren ondorio ekonomikoak eta kobrantza.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren seian.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Rafael Garcerán Sánchez.-Ute Belate.-Camino de las Torres, 4 behea. 50002 Zaragoza".

Oharra: Martxoaren 6ko 201/2001 Foru Aginduaren xedapen zatiko 2. puntuan aipatu dokumentazioa, bai eta "Belateko tunela konpontzeko lanetarako baldintzak" (Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak martxoaren 6an egindako errekerimenduko 7. puntuan aipatuak), UTE Belateren eskura daude Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Zainketa Zerbitzuan (San Ignazio etorbidea, 3, 3. solairua, 31002 Iruña, 948-423624 telefonoa eta 948-423433 faxa).

Iragarkiaren kodea: a0102756