40. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

65/2001 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuaren eta Akitaniako Herrialdeko Kontseiluaren arteko Mugaz gaindiko Lankidetza Hitzarmenean ezarririko Lankidetza Fondoaren kargura laguntzetarako dei egiten duena.

2000ko uztailaren 9an Akitaniako Herrialdeko Kontseiluko eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariek Mugaz gaindiko Lankidetzarako Hitzarmen bat izenpetu zuten.

Hitzarmen horretako 2. artikuluan Lankidetza Fondoa da aipagai, bi herrialdeetarako interesgarritzat jotzen diren proiektuak finantzatzeko.

Hitzarmen hori aurrera eramateko aurrekontuetan kontusail bat sortu da, 2001erako gastu aurrekontuetako "Akitaniaren eta Nafarroaren arteko Mugaz gaindiko Lankidetza Hitzarmena" izeneko 11600-7709-1341 kontusaila.

Halaber, Gobernuak 2001eko martxoaren 5eko Erabakia hartu du, deialdia finantzatu ahal izateko hainbat urtetarako gastua onesten duena, zeren eta onesten diren proiektuak gehienez ere bi urteko epean amaitu beharko baitira.

Hori horrela, Kanpo Ekintzarako Zerbitzuak proposaturik,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Deialdi honen xedea laguntzak emateko araubide bat ezartzea da; hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitateko entitate edo pertsona fisiko eta juridikoek, publiko zein pribatu, Akitaniako Herrialdeko entitate edo pertsona fisiko edo juridikoekin, publiko zein pribatu, mugaz gaindi egiten dituzten lankidetza proiektuetarako, Nafarroako Gobernuak 2001eko aurrekontu-ekitaldian bereizten dituen baliabideen babesean.

2. artikulua. Eskatzaileak.

1. Laguntzak eskuratu nahi izanez gero, eskatzaileek -pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke, bai publikoak bai pribatuak- baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Herritartasun administratiboa edo helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izatea 2001eko urtarrilaren 1aren aurretik.

b) Proiektuko partaide bat aurkeztea, herritartasun administratiboa edo helbide soziala Akitaniako Herrialdean duena.

c) Indarra duen arautegiak eskatzen dituen kasuetan zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Eskatzaile batek baino gehiagok proiektu bakar bat aurkeztuz gero, titularkideek beren arteko bat izendatu beharko dute proiektuaren ordezkari izateko administrazioen aurrean.

3. artikulua. Laguntza jaso dezaketen proiektuak.

Kofinantzazioa lortu ahal izateko, aurkezten diren lankidetza proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekintzak honako arlo edo ardatz hauetako baten edo batzuen inguruan garatzea:

I. ardatza.-Goi Mailako Irakaskuntza eta Zentro Teknologikoak: ikerketa aplikatua eta teknologien transferentzia, bekadunen trukaketak eta batera bi herrialdeetan diplomatuak izanen direnak prestatzea.

II. ardatza.-Ekintza Ekonomikoa-Berrikuntza Teknologikoa: teknologia berrietan inbestitzea (informazio eta komunikazio teknologia berriak barne), esportaziorako taldeen osaera bultzatzea, industri produktu berriak ekoiztea, industri arloan elkarlanean aritzea eta enpresak garatzea.

III. ardatza.-Prestakuntza eta Kultura: mugaz gaindiko ekitaldiak garatzeko prestatzea, irabazi asmorik gabeko instituzioen artean elkarlanean aritzea, frantsesa eta gaztelania bultzatzea eta euskara garatzea.

I eta II. ardatzetan, proiektuek nahitaez enpresa bat edo gehiago bildu beharko dituzte.

b) Gutxienez alde bitakoak izan eta Herrialde bakoitzean lankide bat edo gehiago biltzea.

c) Laguntza eman eta gero bi hilabete pasatu baino lehen hasteko hitz ematea.

d) Laguntzak hartzen dituzten ekintzak 2002ko azaroaren 15a baino lehen bukatzeko hitz ematea; hori, hala ere, ez da eragozpena izanen aipatu ekintzak iraupen luzeagoko programen barrenean sartzeko.

e) Urte batzuetako proiektuei dagokienez, deialdi batean dirulaguntza emanik ere, Nafarroako Gobernuak ez du konpromisorik hartuko hurrengo urteetarako proiektua egiteko. Beste eskabide bat aurkeztu beharko da urtean-urtean. Proiektu bat gehienez hiru deialditan finantzatuko da.

f) Laguntzak enpresa edo produkzio batzuen onuragarri ez izatea, Europako Batasuneko Ituneko 87 eta 88. artikuluetan ezarritakoaren kontra.

4. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

1. Pertsona juridikoen proiektuak eta beren ezaugarriek 2. eta 3. artikuluetan eskatu baldintzak betetzen badituzte, eskabidea aurkeztu ahal izanen dute, 2001eko maiatzaren 15eko 14:00ak baino lehen. Hona hemen helbidea:

Kanpo Ekintzarako Zerbitzua

Tutera kalea, 20-4. solairua - 31003 Iruña.

2. Dosier baliokide bat nahitaez aurkeztu beharko da Akitaniako Herrialdeko Kontseiluaren Nazioarteko Gaietarako eta Herrialde arteko Lankidetzarako Idazkaritza Nagusian, eta hori eginen du herritartasun administratiboa edo helbide soziala Herrialde horretan duen partaideak.

3. Unibertsitateek aurkezten dituzten proiektuen kasuan, eskabideak kasuan kasuko errektoretzan aurkeztu beharko dira. Horrek idatziz baimena luzatu beharko du deialdiko proiektua aurkezteko. Baimen hori Nafarroako Gobernura igorriko den proiektuari erantsi beharko zaio.

5. artikulua. Eskabideen formalizazioa.

Eskatzailearen proiektuak 3. artikuluan eskatu baldintzak betetzen baditu, eskabide-orria aurkeztu beharko du, eta dokumentazio erantsiaren bi ale, Foru Agindu honen Eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

6. artikulua. Eskabideen zuzenketa.

Laguntzarako eskabidea osorik betea ez badago edo behar den dokumentazioa eransten ez bazaio, interesatuari eskatuko zaio falta den dokumentazioa ekarri edo ikusitako okerra zuzen dezan, horretarako gehienez ere 10 eguneko epea izanen duelarik, jakinarazi eta biharamunetik hasita; ohartaraziko zaio hori egin ezean eskabidea ezetsi eta, besterik gabe, espedientea artxibatuko zaiola.

7. artikulua. Esleipen irizpideak.

Laguntzak esleitzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.-Proiektuaren mugaz gaindiko izaera eta bi herrialdeetatik elkarlanean arituko direnen lankidetza benetan zenbaterainokoak diren.

2.-Proiektuaren garrantzia, eta parte hartzaileen ezaugarriak.

3.-Proiektuak beste laguntza edo dirulaguntzarik ez izatea.

4.-Osotasun irizpidea, laguntzak 3.a) artikuluan aipatu jardueren ahalik eta esparru zabalenera hel daitezen.

5.-Herrialdeak garatzeko politikei dagokienez, proiektuaren garrantzia eta eragina, baita herrialdeetako instituzioetarako duen interes ekonomiko eta komertzialari dagokionez ere.

8. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdi honetan emanen den laguntza 60.000.000 pezetakoa izanen da guztira eta, edozein modutan ere, espediente hauetarako aurten ordainduko dena ez da 18.000.000 pezetatik gorakoa izanen, proiektu bakoitzari emandako laguntza osoaren % 30 hain zuzen. Diru hori 2001erako gastu aurrekontuetako "Akitaniaren eta Nafarroaren arteko Mugaz gaindiko Lankidetza Hitzarmena" izeneko 11600-1602-7709-1341 kontusailari egotziko zaio. Emandako laguntzaren gainerakoa, 42.000.000 pezeta, 2002rako gastuen aurrekontuan dagokion kontusailaren kargura ordainduko da.

2. Ematen den dirulaguntzaren zenbatekoak gehienez ere proiektuaren gastu osoaren % 50 eginen du.

3. Onuradun bati gehienez ere ematen ahalko zaion zenbatekoak 100.000 euro eginen du eta lehenbiziko deialdia ematen denetik hiru urterako izanen da gehienez.

4. Deialdi honetara aurkezten diren proiektuen sustatzaileek Interreg IIIA Europako Batasuneko Ekinbide Programan ere aurkezten ahalko dituzte, non programa horretako programazio batzordeak baloratuko baititu. FEDER egiturazko fondoaren partehartzea programa operatiboaren eta Interreg IIIA programazioaren osagarriaren arabera eginen da. Fondo Komunaren eta FEDERen kontura emandako dirulaguntzek ez dute behin ere proiektuaren gastu osoa baino gehiago eginen.

9 artikulua. Ebazpena.

1. Proiektuak aztertzeko Balorazio Batzorde bat izanen da. Batzordeburu lanetan Kanpo Ekintzarako Zerbitzuko zuzendaria ariko da eta, hartaz gainera, batzordekide gisa Administrazio Publikoko (arlo ekonomikoa) teknikari bat eta Administrazio Publikoko (arlo juridikoa) beste teknikari bat izanen ditu.

Balorazio Batzordeak, aurkezten diren programen edukia ikusirik, egokitzat jotzen dituen bestelako teknikarien aholkularitza eskatzen ahalko du.

2. Balorazio Batzordeak aurkezten diren proiektuen ebaluazioa egin ondotik, bere proposamena igorriko dio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari, hark ebazpena eman dezan, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasi eta hiru hilabeteko epean. Epe hori iragan eta ebazpen espresurik eman ez bada, aurkeztutako eskabideak ezetsi direla ulertuko da.

3. Deialdia ebazteko Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emanen du Foru Agindua; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta eskatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie.

10. artikulua. Kudeaketa.

1. Arau orokor gisa, laguntza banketxe batean horretarako dagoen kontuan ordainduko da, honako epe hauetan:

a) %30, laguntzak onesten dituen Foru Agindua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hogeita hamar egunen barrenean.

b) %50, proiektuak duen aurrekontuaren exekuzioko % 50aren faktura eta frogagiriak aurkeztu eta onetsi ondoren, 2002ko gastu aurrekontuaren kargura.

c) Gainerako %20a, proiektuak duen aurrekontu osoaren exekuzioko gainerako %50aren faktura eta frogagiriak aurkeztu eta onetsi ondoren, 2002ko gastu aurrekontuaren kargura.

d) Proiektuaren exekuzio osoari dagozkion faktura eta frogagiriak aldi bakar batean aurkezteko aukera ere bada; horrela denean %70 2002ko gastu aurrekontuaren kargura ordainduko da.

2. Proiektuaren behin betiko kostu guztirakoak murrizketa baldin badu hasiera batean aurreikusitako zenbatekoarekin alderatuta, emandako dirulaguntza ere berehala gutxituko da, proiektuaren kostu guztirakoak izan duen murrizketaren proportzio berean. Ematen den dirulaguntzak ez du behin ere onuradunaren jardueraren kostua baino gehiago eginen, ez bakarrik ez eta beste dirulaguntza batzuk jasota ere, hala nola Administrazioaren, beste administrazio publiko eta pribatu batzuen edo Espainiako edo atzerriko partikularren dirulaguntzekin ere.

11. artikulua. Justifikazioa.

1. Dirulaguntzen onuradunek nahitaez bidali beharko dituzte Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zerbitzura agiri hauek:

a) Proiektuaren garapenaren txosten justifikatzaileak; aldez aurretik onetsi beharko dira gero dirulaguntza ordaindu ahal izateko. Txosten horietan agertaraziko da dirusarrera eta gastuen zehaztapena eta proiektuaren garapena azalduko duen laburpena, bai eta gauzatzerakoan sartu diren aldaketak ere, berekin dakartzaten aurrekontu ondorioak azalduz eta behar diren frogagiriak aurkeztuz.

b) Berehala jakinaraziko da aurkeztutako programaren exekuzioari funtsean eragiten dion edozein gorabehera, bereziki aldaketaren ondorioz proiektuaren kostu osoa ere aldatu behar bada. Uko eginez gero, espresuki adierazi beharko da.

c) Proiektua formalizatu ondoren eta amaitzen denetik hasi eta gehienez ere hilabeteko epean, proiektuaren exekuzioa azaltzen duen memoria, lortutako emaitzak biltzen dituen agiria, hala nola sarrera eta gastuen xehetasunak barne sarturik.

d) Gainera, beharrezkoak diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, proiektua gauzatzeko norberak egindako gastuak eta hirugarrenei egindako ordainketak justifikatzeko. Agiri horiek jatorrizkoak edo kautoturiko kopiak izan beharko dute. Ezinbesteko baldintza da gastuaren eta ordainketaren titularra Nafarroako Foru Komunitatean dirulaguntzaren onuraduna izatea.

12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 27. eta 28. artikuluetan xedatutakoari (1997ko ekainaren 20ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Ekonomia eta Europako Aferen zuzendari nagusiaren ekimenez hasiko da. Haren ebazpena, berriz, Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren esku dago.

13. artikulua.$Errekurtsoak.

Deialdi honetako oinarrien eta aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen denetik hasi eta hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren hamabostean.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

E R A N S K I N A

(Bi ale aurkeztu)

1.-Ekintzaren identifikazioa.

1.1. Proiektuaren izenburua (gaztelaniaz eta frantsesez):

1.2. Helburuak:

1.3. Aurrekontu orokorra (proiektuan parte hartzen duten herrialdeetako partaide guztiena):

1.4. Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duen partaideari edo partaideei aurrekontuan dagokien zatia:

1.5. Fondo Bateratuari eskatutako dirulaguntza orokorra:

1.6. Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duen partaideari edo partaideei emanen litzaiekeen dirulaguntza:

1.7. Lehen aldiz eskatu al diozu dirulaguntza Lankidetzarako Fondo Bateratuari?

BAI f EZ f

1.8. Proiektu berarendako eskatu eta/edo jaso diren beste dirulaguntza batzuk:

1.9. Arlo hauetako zeinetan sartuko zenuke proiektua?

a) Goi mailako Irakaskuntza eta Zentro Teknologikoak

b) Ekintza ekonomikoa-Berrikuntza teknologikoa

c) Prestakuntza eta Kultura

1.10. Proiektuari hasiera emateko zein data jarri den:

1.11. Proiektua bukatzeko zein data jarri den:

2.-Eskatzaileen identifikazioa.

2.1. Izena edo sozietatearen izena:

2.2. Helbidea edo helbide soziala (telefono zenbakia, faxa eta posta elektronikoko helbidea barne):

2.3. Banketxeko datuak (IFZ, kontu zenbakia, entitatea):

2.4. Nafarroako Foru Komunitateko arduradunaren izena:

2.5. Entitatearen izaera:

Irabazi asmoa duena f

Irabazi asmorik ez duena f

3.-Akitaniako partaideen identifikazioa.

3.1. Izena edo sozietatearen izena:

3.2. Helbidea edo helbide soziala (telefono zenbakia, faxa eta posta elektronikoko helbidea barne):

3.3. Akitaniako arduradunaren izena:

4.-Beharrezkoak diren beste agiri batzuk, bina ale.

4.1. Proiektu osoaren azalpen-memoria eta garapenerako programa, eta hainbat urtetarako izanez gero, ekitaldi honetako lanaren memoria eta helburuak.

4.2. N.A.N.aren fotokopia, pertsona fisikoa bada; eta eraketa agiria eta identifikazio fiskalarena, pertsona juridikoa bada.

4.3. Zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.

4.4. Estatutuak (partaidea pertsona juridikoa bada).

4.5. Aurrekontu zehaztua, ondoko eredu honen araberakoa; kopuruak pezetatan eta eurotan adierazi beharko da:

Iragarkiaren kodea: A0102733