40. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

53/2001 FORU DEKRETUA, otsailaren 26koa, Vianako Industrialdeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetzapena presakoa dela deklaratzen duena.

84/1990 Foru Dekretuak Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatu beharreko eskualdeko industrialdeen aukerako kokalekuen artean Vianako eremua jasotzen du.

Gobernuak 2000ko abenduaren 28an hartutako erabakiaren bitartez, Vianako industrialdea egiteko idatzitako Udalez Gaindiko Plan Sektoriala onetsi zen. Erabaki horretan planaren onura publikoa deklaratu zen, desjabetzapenari ekiteko.

Hala-moduz instalatutako enpresei azpiegitura egokia eman beharrak eta etorkizunean enpresa berriak ezartzeko lurzorua gaitu beharrak (eskaerak badira, jadanik) beharrezko obrak lehenbailehen egitera behartzen gaituzte. Horretarako, ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratu beharra dago.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko otsailaren hogeita seian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Vianako Industrialdeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren desjabetzapen eremua mugatzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

2. artikulua. Foru Dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta prentsan argitaratuko da, legezko ondorioak izan ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hogeita seian.- Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0102317