40. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

51/2001 FORU DEKRETUA, otsailaren 26koa, Saldiasko Udalaren herrilurreko 2.132 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onesten duena, ondoren jabetza partikularreko 2.132 metro koadroko lursail batekin trukatzeko.

Saldiasko Udalak 6.132 metro koadroko herrilurra desafektatzeko onespena eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Lursail hori 3. poligonoko 64. lurzatian dago.

Asmoa da aipatu lurra Julián Erasun Erasun jaunak duen 2.132 metro koadroko lursail batekin trukatzea. Lursail hori 3. poligonoko 76. lurzatiari dagokio.

Trukearen xedea hauxe da: bi herrilurren artean dagoen lurzti bat herrilur bihurtzea, hiru lurzatiak batu eta bat bakarra geldi dadin.

Saldiasko Udalak zorrotz bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko otsailaren hogeita seian egindako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Goizuetako Udalaren herrilurreko 2.132 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onestea. Lursail hori 3. poligonoko 64. lurzatian dago.

2. artikulua. Baimena ematen zaio Saldiasko Udalari desafektatutako lur hori Julián Erasun Erasun jaunak duen 2.132 metro koadroko lursail batekin trukatzeko. Lursail hori 3. poligonoko 76. lurzatiari dagokio.

Trukearen xedea hauxe da: bi herrilurren artean dagoen lurzati bat herrilur bihurtzea, hiru lurzatiak batu eta bat bakarra geldi dadin.

3. artikulua. Desafektazioaren onespena Saldiasko Udalak onetsi zuen baldintza pleguak dioena zorrozki betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinean adierazten baita herrilur hura herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira. Aipatu klausula kontratua gauzatzen duen agiri publikoan agertaraziko da eta Jabetza Erregistroan inskribatuko.

4. artikulua. Saldiasko Udala behartua da espediente honen xede diren lurren mugak jarri eta katastroko kartografia ofizialean jasotzera. Halaber, Nafarroako Zerga Ogasunari (Lurralde Aberastasunaren Zerbitzua) eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari aldaketaren berri emanen die.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hogeita seian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0102315