40. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

47/2001 FORU DEKRETUA, otsailaren 26koa, Zarrakazteluko Udalaren herrilurreko 36.320 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onesten duena, ondoren jabetza partikularreko 11.516 metro koadroko lursail batekin trukatzeko.

Zarrakazteluko Udalak 36.320 metro koadroko herrilurra desafektatzeko onespena eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Lursail hori lurzati hauei dagokie: 5. poligonoko 877. lurzatia, 2. poligonoko 3016. eta 3098. lurzatiak eta 9. poligonoko 1075, 1076, 1078 eta 1079. lurzatiak.

Asmoa da aipatu lurra Vera Cruzeko Kofradiak duen 11.516 metro koadroko lursail batekin trukatzea. Lursail hori 3. poligonoko 213. lurzatiari dagokio.

Trukearen xedea hauxe da: udalak herrilurtako eskuratzen duen lursailean automobilaren adarreko industria bat jartzea.

Zarrakazteluko Udalak zorrotz bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko otsailaren hogeita seian egindako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Zarrakazteluko Udalaren herrilurreko 36.200 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onestea. Lursail hori lurzati hauei dagokie: 5. poligonoko 877. lurzatia, 2. poligonoko 3016. eta 3098. lurzatiak eta 9. poligonoko 1075, 1076, 1078 eta 1079. lurzatiak.

2. artikulua. Baimena ematen zaio Zarrakazteluko Udalari desafektatutako lur hori Vera Cruzeko Kofradiak duen 11.516 metro koadroko lursail batekin trukatzeko. Lursail hori 3. poligonoko 213. Lurzatiari dagokio.

Trukearen xedea hauxe da: udalak herrilurtarako eskuratzen duen lursailean automobilaren adarreko industria bat jartzea.

3. artikulua. Desafektazioaren onespena Zarrakazteluko Udalak onetsi zuen baldintza pleguak dioena zorrozki betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinean adierazten baita herrilur hura herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira. Aipatu klausula kontratua gauzatzen duen agiri publikoan agertaraziko da eta Jabetza Erregistroan inskribatuko.

4. artikulua. Zarrakazteluko Udala behartua da espediente honen xede diren lurren mugak jarri eta katastroko kartografia ofizialean jasotzera. Halaber, Nafarroako Zerga Ogasunari (Lurralde Aberastasunaren Zerbitzua) eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari aldaketaren berri emanen die.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hogeita seian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0102311