40. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

40/2001 FORU DEKRETUA, otsailaren 26koa, Xabierko Gaztelua (Xabier, Nafarroa) izeneko eraikina babesteko ingurune bat behin betikoz zehaztea onesten duena.

Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legeak lehenengo xedapen gehigarrian ezartzen duenez, lehenagotik historiko-artistiko deklaratu diren ondasunak Interes Kulturaleko Ondasuntzat hartuko dira eta horrela deituko zaie aurrerantzean eta Legeak ondasun horietarako ezarri duen araubide juridikoari lotuko zaizkio.

Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak 1949ko apirilaren 22an emandako Dekretuaren bidez Espainiako gazteluak babesten dira. Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriak interes kulturaleko ondaretzat hartzen ditu dekretu horretan aipatzen diren ondasunak.

Interes Kulturaleko Ondasun honi errazago aplikatu ahal izateko Ondare Historikoari buruzko legeetan, hain justu ekainaren 25eko 16/1985 legean, agintzen den babesa, haren 11.2 artikuluak ezartzen du Interes Kulturaleko Ondasunaren Deklarazioak, eraikinen kasuan, zehaztuko duela deklarazioak hartzen duen ingurunea.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak martxoaren 15ean emandako 88/2000 Foru Aginduaren bidez, behin-behinekoz zehaztu zen babespeko ingurunea. Bertan zen jendaurrealdi bat xedatu zen, 30 egunekoa. Epe horretan alegazio bat aurkeztu da, Gobernuak 2000ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez ezetsia.

Beraz, bidezko da Xabierko Gaztelua (Xabier, Nafarroa) izeneko eraikina babesteko ingurunea zehaztea, Interes Kulturaleko Ondasunaren deklarazioa osatzeko asmoz.

Hori horrela, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko otsailaren hogeita seian hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xabierko Gaztelua (Xabier, Nafarroa) izeneko eraikina babesteko ingurunea behin betikoz zehaztea, Interes Kulturaleko Ondasunaren deklarazioa osatzeko asmoz.

2. artikulua. Hona hemen babesteko ingurunea osatzen duten lurzatiak: 28, 29, 30, 31, 32, 33, 34, 35, 36, 37, 38, 39, 41, 42, 102, 103, 104, 105, 106, 107, 109, 154, 155, 165, 166, 167, 168, 169, 170, 171, 172, 177 lurzatiak. Denak Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuaren 1/5000 planoko 1. poligonokoak dira, eta 174.4-8 orrian daude.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko urriaren hamaikan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: a0102304