38. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko martxoaren 16koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, aheriari aurrea hartzeko babespen neurri osagarriak ezartzen dituena.

Aheria Erresuma Batutik Frantziara zabaldu denez eta Nafarroa Frantziaren mugakidea denez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 2001eko martxoaren 8an eta 13an eman zituen Aginduen neurri osagarriak hartu behar dira.

Hona hemen neurri horiek: Nafarroako mugetako pasabideetatik datozen ibilgailu eta pertsonak kontrolatzea, gaixotasuna sortzen duen birusa eraman dezaketen elikagaiak bahitzea, zezenketak zaintzea eta gaixotasunak jota egon daitezkeen abereak larretan biltzea. Halaber, gaixotasunari aurrea hartzeko ekintzak kontratatzeko presako prozedurara joko da.

Neurriak behin-behinekoak dira eta bakarrik martxoaren 27a arte iraunen dute.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2. idatz-zatiak arauak emateko esleitzen didan ahalmena erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Frantziatik zuzenean datozen ibilgailu guztiek debeku dute Nafarroan ildo, oihanbide eta errepide guztietatik sartzea, hauetatik izan ezik:

-Berako Ibardindik.

-Berako Lizuniagatik.

-Etxalarko Lizaietatik.

-Urdazubiko Dantxarinetik.

-Erratzu-Izpegitik.

-Urkiagatik.

-Luzaidetik.

-Izabako Larratik.

2. artikulua. 1.-Aheriak jota egon daitezkeen espezieetako abere bizidun guztiek debeku izanen dute Nafarroako Foru Komunitatean sartzea, baita haien obulu, hazi eta enbrioiek ere, Frantzian sortu badira edo handik badatoz.

2.-Bakarrik utziko zaie sartzen aheriak ezin jo dituen abereak edo abere produktuak daramatzaten ibilgailuei, une horretan zer zama daramaten kontuan hartu gabe, baldin eta, daramaten zamaren osasun arloko agiriez gain, zama sartu baino lehentxeago eta Frantziatik abiatzean desinfektatu direla frogatzen duen ziurtagiri bat erakusten badute.

Horrenbestez, agiri hori ez daukaten ibilgailuek, abereak edo abere produktuak garraiatzeko erabiltzen badira, debeku izanen dute Penintsulan sartzea.

3. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen ez diren beste ibilgailu guztiek, edonolakoek ere, Frantziatik badatoz, gurpilak desinfektatu beharko dituzte, osasun pasabide batean, edo mugako pasabide bakoitzean horretarako ezarririko baliabidearen bidez.

4. artikulua. Frantziatik datozen ibilgailu guztietan doazen pertsonek beren oinetakoak desinfektatu beharko dituzte mugako pasabide bakoitzean horretarako ezarririko osasun baliabideen bidez.

5. artikulua. Mugako pasabideetan Frantziatik datozen ibilgailu guztietan doazenek haiek berek jan-edateko daramatzaten elikagai hauek bahitu eta suntsituko dira: haragi gordina, haragi freskoa, esnea eta esnekiak.

2001eko martxoaren 13ko Aginduko 2. artikuluko 1. idatz- zatian aipatzen diren produktuak salbuesten dira aurrekotik. Agindu horren bidez aheria zela-eta, Frantziatik datozen elikagai, hondakin eta ibilgailuetarako badaezpadako neurriak hartu ziren.

Produktu horiek mugako pasabide bakoitzean dagoen edukiontzi egoki batean paratu eta modu higieniko batean suntsituko dira.

6. artikulua. Nafarroako zezenketei dagokienez, zezen plazetan baimenduriko zezenketa eta nobilladetan hiltzeko ez diren abelgorriak garraiatzea debeku da.

Zezenketetarako zezenekin batera bakarrik joaldunak eta soberakoak joaten ahalko dira. Hauek zezen plazan gelditu beharko dute, beste zezenengandik bereiziak, eta hamalau egunez, etenik gabe, garraiatzen direnetik aurrera.

7. artikulua. Debeku da aheriak jo ditzakeen abereak herrilurretan, larre partikularretan, fazerietan edo beste titulartasun mota batzuetako lurretan egotea, beste abeltegi batzuetatik datozen beste abere batzuk badaude, gaixotasunak jo ditzakeenak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeko 60. artikuluan aurreikusten den salbuespenezko presako izapidaketa Foru Agindu honetan aurreikusten dena betetzeko behar diren ekintzak kontratatu eta egiteko aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hartuko du indarra. Hala ere, 2001eko martxoaren 14tik martxoaren 27ra bitarte, biak barne, izanen ditu ondorioak.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren hamaseian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0102894