38. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko otsailaren 23koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2001. urterako, irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei Nafarroako nekazaritzako elikagaiak goraipatzeko ekitaldiak antolatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duena.

Nafarroako nekazaritzako elikagaiak bultzatu eta sustatzeko jarrera izan ohi du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak.

Jokabide hori, lehenengo eta behin, Foru Komunitateko produkturik adierazgarrienen kontseilu arau-emaileei ematen zaien laguntzan gauzatu izan da eta gero eta indar gehiago du konkurrentzia handiagotzen ari baita, sal-erosteko nazioarteko mugak desagertzearen ondorioz.

Hori horrela, Nafarroan badaude irabazi asmorik gabeko erakunde pribatu batzuk gure herrialdeko ohiko produktuen nolakoa ekitaldien bidez goraipatzea xede dutenak, baina laguntza publikoak ezin eskuratu dituztenak, gai hau ez baitago arauturik.

Ekimen hauei eustea onuragarria denez, bidezko da 2001. urterako dirulaguntza horiek emateko arautegia ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen arabera.

Hori Horrela, Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Lege Dekretuko 36.2 b) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da 2001. urterako, irabazi asmorik gabeko entitate edo elkarte pribatuei Nafarroako nekazaritzako elikagaiak goraipatzeko ekitaldiak antolatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

2. artikulua. Onuradunak.

Dirulaguntza hauen onuradunak izan daitezke Nafarroako nekazaritzako elikagaiak Foru Komunitatean goraipatzeko ekitaldiak antolatzen dituzten entitate edo elkargo pribatuak, legez osatuak badira eta helbidea Nafarroan badute.

3. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

1. Irabazi asmorik gabeko elkargo edo entitateek, Foru Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak hartu nahi badituzte, hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskabidea, hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

2. Dirulaguntzen eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko bulegoetan aurkeztuko dira, Iruñeko Tutera kaleko 20an, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan aipatzen den edozein baliabideren bidez (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Foru Legea).

3. Eskabideekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Elkargo edo entitatearen eskritura edo osaera akta eta haren estatutuak, osaeraren arrazoiak azalduko dituztenak (haien artean Nafarroako nekazaritza elikagaiak bultzatu nahia agertu beharko da).

b) Identifikazio fiskalerako txartela.

c) Entitate finantzarioa edo bulegoa, haren helbidea eta entitate eskatzailearen kontuko zenbakia, ematen zaion dirulaguntza sartu ahal izateko, halakorik bada.

d) Eskabidea aurkezten duenaren ordezkaritza frogatzen duen agiria.

e) Elkargo eskatzaileak Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga guztiak ordainduak dituela edo, bestela, zergarik ordaindu behar ez duela frogatzen duen agiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua.

f) Antolatu asmo den ekitaldirako oroit-idazki teknikoa, baita aurrekontua ere, sailkakoa.

g) Gutxienez aurreko hiru urteetan antolaturiko ekitaldien oroit-idazkia.

h) Halakorik bada, gutxienez aurreko bost urteetan antolaturiko ekitaldien oroit-idazkia, adierazten duelarik zer agintarik edo entzute handiko pertsonak hartu zuen parte haietan, betiere ekitaldiaren xedearekin zerikusirik badute, eta ekitaldien kostua.

i) Tokian tokiko udalak emaniko baimena ekitaldi haiek antolatzeko.

4. Eskatzen diren agiriek jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak izan beharko dute.

5. Ekitaldia betiere dirulaguntza eskatu ondoren antolatu beharko da, gastuak frogatu ere bai.

4. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak antolatzen den ekitaldiaren aurrekontuaren % 20ko dirulaguntza ematen ahalko die, gehienez ere, eskabidea aurkezten duten elkargo edo entitateei, bai ere 250.000 pezeta edo 1.503 euro egin arte.

2. Eskabidea eta behar diren agiriak aurkezten dituzten elkargo edo entitateek frogatzen baldin badute, antolatu asmo dituzten ekitaldiak gutxienez ere aurreko bost urteetan egin izan dituztela eta haiek Espainian eta Nafarroan oihartzuna izan dutela eta frogatzen badute zer agintarik eta zer entzute handiko pertsonak lagundu eta hartu duten parte haietan, betiere sustatzen duten produktuarekin loturik badaude, eta haren kostua zazpi milioi pezeta edo 42.071 eurotik goitikoa bada, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zenbatesten duen kostuaren % 40 hartzen ahalko dute, hiru milioi pezeta edo 18.030 euro gehienez ere.

5. artikulua. Bateraezintasunak.

Beste arautegi batzuen arabera Nafarroako nekazaritzako elikagaiak sustatzeko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentutik laguntzak hartzen dituzten elkargo edo entitateek ezin hartuko dituzte Foru Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak.

6. artikulua. Ebazpena.

1. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak, aurkezten diren agiriak ikusirik, ebazpena emanen du bi hilabeteko epean, eskabidea aurkezten denetik hasita.

2. Eskabidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkezten denetik bi hilabeteko epean espreski ebazpenik eman gabe iraganik, ulertzen ahalko da ezetsi dela.

7. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Dirulaguntza antolatu asmo ziren ekitaldiak eginak direla frogatutakoan ordainduko da. Horretarako, onuradunek haien frogagiriak aurkeztu beharko dituzte 2001eko abenduaren 31 baino lehen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan.

2. Gastuek hasierako aurrekontua baino gutxiago egiten badute, dagokion zenbatekoa kenduko da dirulaguntzatik, Foru Agindu honetako 4. artikuluan aipatzen den ehunekoa egin arte.

8. artikulua. Elkargo onuradunen eginbeharrak. Ordainketak ezabatu eta itzultzea.

1. Foru Aginduaren babesean dirulaguntza hartzen duten elkargo edo entitateek eginbehar hauek izanen dituzte:

-Dirulaguntzaren xede den jarduera egitea edo portaera izatea.

-Nafarroako Foru Komunitateak dirulaguntza eman edo hartuei buruz kontrolatzeko eginen dituen jarduketak onartzea.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea edozein Administraziotatik helburu bereko beste dirulaguntzarik eskatu edo eskuratu duen.

-Indarra duen arautegiaren arabera beharturik badago, kontabilitatean edo liburu erregistroan dirulaguntzaren kobrantza erregistratzea.

2. Antolatu asmo diren ekitaldiak egiten ez badira, edo entitate edo elkargo onuradunak datuei edo oroit-idazkariari buruz edozein faltsukeria edo desitxuraketa egiten badu, emaniko laguntzak bertan behera uzten ahalko dira, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean arautzen diren erantzukizunak deusetan galarazi gabe.

3. Kasu hauetan tokatuko da harturiko dirua osorik edo hein batean itzuli eta dagokion atzerapen korritua dirulaguntza ordauindu zenetik aurrera ordaindu beharra, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 19. artikuluan ezarririko zenbatekoan, kasu hauetan.

-Justifikatu beharra ezarririko era eta epeetan betetzen ez denean.

-Dirulaguntza behar diren betebeharrak bete gabe eskuratzen denean, elkargo edo entitate onuradunari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik.

-7. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen den kasuan.

9. artikulua. Administrazio helegiteak.

Deialdi honen eta hau betetzeko egintzen aurka bidezko da gora jotzeko helegitea paratzea, Nafarroako Gobernuan, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

10. artikulua. Ordezko arautegia.

Foru Agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatu bezala eginen da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Agindu honek sortzen duen gastua 2001. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Irabazi asmorik gabeko entitateetarako dirulaguntzak" izeneko 70000-4810-7111 kontusaileko 00000 Proiektutik finantzatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hogeita hiruan.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0102100