38. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2001eko otsailaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak hartua. Behin betiko onesten du Tuterako Hiri antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala "Tuterako errepide zerbitzuen zentroa" delako Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari dagokionez eta baimena ematen dio "Muskaria Zentro Komertziala" delako ezarpen proiektuari, biak José Enríquez Jiménez Catalán jaunak sustatuak, Sofiespa, S.L.ren (Leclerc taldea) ordezkari gisa.

I.-Helburua

Espediente honen helburua da TuterakoHAPO aldatzea "Tuterako errepide zerbitzuen zentroa" delako UPSari dagokionez, eta eremu horretan "Muskaria Zentro Komertziala E. Leclerc" delakoa ezartzea.

Aldaketaren helburua da UPS horren eremu komertzialean hipermerkatuak eta supermerkatuak jartzeko dagoen debeku espresua kentzea, ustez eta gaur egun ez daudela debeku hori ematera bultzatu zuten arrazoiak, eta Josteta Eremuan erabilera komertziala balio bereko erabileratzat sartzea, eremu hori ere sartzen baita ondoriozko lurzati berrian azalera komertzial handia ezartzeko.

Hartarako, araudi indardunaren laugarren puntua berritzea proposatzen da, Eremu komertzialeko "erabilera komertziala" delakoan "Azalera Komertzial handiak" ere sartzeko, eta "erabilera komertzial" hori Josteta Eremuan balio bereko erabileratzat sartzeko.

II.-Sustatzailea.

Espedientearen sustatzailea Sofiespa, S.L. (Leclerc taldea) da, IFK: B-81668113.

III.-Tramitazioa.

-Tuterako Udalak hasierako onespena ematea: 2000-07-1.

-Hilabetez jendaurrean edukitzea, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako prentsan argitaratzea. Bi alegazio jaso, txostena egin eta gaitzetsi ziren.

-Tuterako Udalak behin-behineko onespena ematea: 2000-09-29.

-Espedientea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuan sartzeko data: 2000ko urriaren 10ean.

IV.-Aurkeztutako dokumentazioa.

Administrazio dokumentazioa:

-Udalaren osoko bilkuraren erabakiak, espedienteari hasierako eta behin-behineko onespena ematekoak.

-Jendaurrealdia egin dela frogatzeko fotokopiak.

-Udalaren tramitazioan jasotako bi alegazio idazkien fotokopiak.

-Sustatzaileak eta Udalaren Zerbitzu Teknikoek alegazioei buruz egindako txostena.

-Udaleko Idazkariak Tuterako UPSa aldatzeko espedientearen behin-behineko onespenari buruz egindako txostena.

-Dokumentuarekin batera aurkezten diren txostenak:

.Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Zainketa eta Kudeaketa Teknologikoaren Zerbitzuarena.

.Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalarena.

.166/1999 Foru Agindua, uztailaren 27koa, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, Sofiespa, S.L. enpresari Tuteran E. Leclerc hipermerkatu bat irekitzeko Berariazko Baimen Komertziala ematen diona.

.Nafarroako Merkataritza eta Industriaren Ganberarena.

Teknikoa:

-TuterakoHAPO "Tuterako errepide zerbitzuen zentroa" delakoari dagokionez aldatzeko espedientea.

-Tuteran zentro komertziala ezartzearen ondoriozko trafikoaren gaineko azterlana.

-"Muskaria Zentro Komertziala" ezartzeko proiektua.

-"Tuterako errepide zerbitzuen zentroa" delakoaren xehetasun azterlana.

Dokumentazioa osotzat eta maiatzaren 10eko 154/93 Foru Dekretuko 4. artikuluaren araberakotzat jotzen da (azalera handiko instalazio komertzialen ezarpena arautzeko Foru Dekretua).

V.-Txostena.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendari Nagusiaren 2001eko otsailaren 5eko txostenean:

1. Osorik azaltzen dira gaiaren gaineko aurrekari guztiak.

2. Aurkeztu proposamenaren dekripzio oinarrizkoa ageri da, honako alderdi hauei buruz:

-TuterakoHAPO zertarako aldatu nahi den.

-TuterakoHAPO aldatu beharraren justifikazioa

-Proiektatu den zentro komertzialaren ezarpenaren justifikazioa.

-Proposatzen den zentro komertzialari aplikatu behar zaion araudia.

-Proposatzen den zentro komertzialaren ezaugarri eraikuntzazko eta funtzional oinarrizkoak, Ezarpen Proiektuaren dokumentazio idatzi eta grafikoan mamituak.

3. Laburki, jaulkitako txostenen berri ematen da. Hona alderdirik aipagarrienak:

Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren 1999ko urriaren 29ko txostena aldekoa izan dela.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Zainketa eta Kudeaketa Teknologikoaren Zerbitzuaren 1999ko azaroaren 8ko txostenak sarbideentzako zenbait baldintza ezartzen dituela.

Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren txostenari dagokionez, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariaren uztailaren 27ko 166/1999 Foru Agindua besterik ez dela, zeinak Berariazko Baimen Komertziala ematen duen E. Leclerc hipermerkatu bat Tuterako Udalerrian irekitzeko. Agindu hori Merkataritza eta Turismo zuzendari nagusiaren 1999ko martxoko txostena aurrez harturik eman zen, eta Konpetentzia defendatzeko Auzitegiaren aldeko txostena ere bai, 1999ko ekainaren 3koa.

Eta azkenik, Nafarroako Merkataritza eta Industriaren Ganberaren txostenak (1999ko irailean Berariazko Baimen Komertziala tramitatzen ari zela Merkataritza eta Turismoko zuzendari nagusiak eskatuta emana) "Nafarroako Establezimendu Komertzial Handietarako lurralde eredua" delakoaren edukia hartzen duela oinarri, instalazio horien ezarpena arautzeko Foru Lege proiektukoa, zeina gaur arte onetsi gabe baitago, eta aditzera ematen duela proiektuak ez dituela betetzen Ereduak jartzen dituen baldintzetako bi: zenbait ondasunen eskaintzaren tamaina (alde gutxirekin) eta eguneroko ondasunei eta etxeko ostilamenduei dagokien merkatu kuota. Ganberak, hortaz, beste zenbait irizpideri ongi irizten badie ere (hiperraren tamaina, kokaera, inbertsioa eta sortutako lanpostuak), gaitz irizten dio proiektuari ikuspuntu komertzial batetik eta haren ondorioa da "ukatu behar zaiola Berariazko Baimen Komertziala Sofiespa, S.L. enpresari Tuteran Leclerc Hipermerkatu bat ezartzeko".

4. Zenbait gogoeta egiten dira lurralde zein hirigintzaren gainean. Hona haien ondorioak, atalez atal:

a) "Tuterako errepide zerbitzuen zentroa" sortu zuen UPSa itzaltzeari buruz:

Gaiak izan dituen aurrekariak aztertuta, haien artean UPS hori eta ondorengo aldaketa tramitatu eta onetsi zituzten Nafarroako Gobernuaren Erabakiak, eta maiatzaren 10eko 154/93 Foru Dekretuaren irispidea eta edukia gogoan, (Azalera handiko instalazio komertzialak lurralde eta hirigintzaren ikuspuntutik ezartzeko baldintzak arautzen ditu), eta ikusirik gainera Tuterako Udalaren 1996ko maiatzaren 31ko Erabakia, TuterakoHAPOren testu bategina onartu eta argitaratzekoa, zeinaren testuak besteak beste "Provasak Tuteran sustatu duen errepide zerbitzuen zentroaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren zehaztapenak beretu zituen, eta hortaz Nafarroako Gobernuaren 1996ko urtarrilaren 15eko Erabakiak agindutakoa beterik (UPSaren aldaketa hori onesteko Erabakia), hau da, "UPS hori itzaliko dela Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean poligonoa Tuterako Hirigintza Planeamenduari eransten dion espedientearen behin betiko onespena argitaratzen denean", ondorio hauek ateratzen dira:

"Beraz 1996an itzali zen UPSa eta haren zehaztapenak Udal Planeamenduari erantsi; zehaztapen horien artean, egia da, eusten zitzaion hipermerkatuak eta supermerkatuak ezartzeko debekuari, baina honez gero udal planak berak "kentzeko moduko"tzat jotzen zuen debekua. Udalari ematen zitzaion esku bidezko iruditzen bazitzaion poligonoaren erabileraren aldaketa bat tramitatzeko bai eta hipermerkatuen debekuari dagokionez ere, eta halaxe proposatzen da orain azterketapean daukagun TuterakoHAPOren aldaketan. Hortaz, eta espedientean dagoen dokumentazio guztia ikusirik, ulertzen ahal da Tuterako Udalak ontzat jo duela bere hiri ereduan Zerbitzu Zentro horretan azalera komertzial handi bat ezartzea. Lurraldearen Antolamenduko Batzordeari dagokio 154/93 Foru Dekretuak ezartzen dituen legezkotasun irizpideak baloratzea espedientea behin betiko ebazteko, eta halaxe baloratzen da hurrengo idatz- zatietan."

b) HAPOa aldatu beharraren justifikazioa.

Atal honetan honako alderdiok aztertu eta baloratzen dira:

Zer aurreikusten duen 154/93 Foru Dekretuak azalera handiko instalazio komertzialak lurralde eta hirigintzaren ikuspuntutik antolatzeko prozeduren gainean, kasuko lurzoruen sailkapenaren arabera.

Orain Zentro Komertziala ezarri nahi den eremuan hipermerkatuak eta supermerkatuak ezartzeko debekuari eustearen aldeko argumentuak, hau da: lurraldearen gaineko eragina eta instalazio horiek behar dituzten hirigintza baldintzak.

Atal hau ixteko ondorioa hau da:

"Aurreko guztiak gogoan, bada, zeinen artean aipatzen baita zer baldintza berri dauden poligonoaren eremuan eta poligonoan bertan, ageri da kanbiatu direla hor hipermerkatuak eta supermerkatuak ezartzeko debekua sortu zuten inguruabarrak eta orain ez dagoela funtsezko arrazoirik debeku horri eusteko. Hortaz, arrazoizko irizten zaio debeku hori kentzeko arrazoibideari, TuterakoHAPOren aldaketan planteatzen den moduan. Hala ere, aztertu behar dira oraindik espedientea ebazteko aintzat hartu behar diren beste kontuak, 154/1993 Foru Dekretuak agintzen duenaren ikuspuntutik."

c) Proposatzen den kokalekuaren gaineko gogoetak.

Proposatu den kokalekuko faktore guztiak baloraturik, juzgatzen da zentro komertzialaren kokalekuak behar bezala betetzen dituela hartarako eskatzen diren baldintzak, 154/93 Foru Dekretuko 6a) artikuluak agintzen duenaren arabera: dagoen eremuko jendegune handienarekiko egoki kokaturik egotea, jendegune horretatik ez urrutiegi, eta haren hurbileneko eremuan jarrita.

d) Planteatzen den hirigintza araudiari buruzko gogoetak eta proposatzen den zentro komertzialari nola aplikatzen zaizkion.

Proposatzen diren hirigintza zehaztapenak baloraturik, eta bereziki zentro komertzialaren eraikina ezarri eta eraikitzea arautzeko parametroak, ondorioa hau da:

Bidezko da "lurzati komertzial" bakarra ezartzea, zeinean, hala tokatzen bada, erabilera xehetuak bereziko diren.

Mugatu eta arautu behar dira sotoaren azalera zabaltzeko dauden aukerak.

Aldakizun den gaurko Josteta Eremuko berdegunea lehengoratu behar da, haren gainean indar duten zehaztapenen arabera.

Eraikinaren garaiera zehaztapen indardunen arabera moldatu behar da, TuterakoHAPOren aldaketak ez baitu ezer aipatzen garaiera kontuari buruz.

e) Kanpoko bide-sarearekiko loturen gaineko gogoetak.

Atal honetan honakoak aztertzen dira: Zer eragin izanen duten eremuaren eta zentro komertzialeko sarbideen gainean Herrilan Departamentuak N-232 eta haren loturak bikoizteko egin asmo dituen lanek; Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Zainketa eta Kudeaketa Teknologikoaren Zerbitzuak zentroko sarbideei zer baldintza ezarri dizkien, aurkeztutako proiektuan betetzen ez direnak; zer dioen aurkeztu den trafiko azterlanak biribilgunetik zentro komertzialeko aparlekuetaraino ibilbide behar bezain luze eta trabarik gabea egon beharraz, saltze lanaren momenturik altuenean sor litekeen ibilgailu- errenka hartzeko modukoa, hipermerkatuko goreneko trafikoak Tutera-Tarazona errepidean atxikipenik ez sortzeko moduan. Hona hemen ondorioak:

Zentro komertziala ezartzeko proposamenak kontuan hartu behar du proiektuko obren osotasuna, Herrilan Departamentuak emandako dokumentazioaren arabera, hartarako behar diren aldaketak sartuta.

Halaber, bete behar dira arestian aipatu txostenak ezartzen dituen baldintzak, hau da, laburki: zentro komertzialak puntu bakar batetik izanen du sarbidea. Tutera-Tarazona errepidean orain eskuinaldean dagoen sarbidea ez dute zentro komertzialaren erabiltzaileek erabiliko, eta hori eragozteko behar diren trabak jarri beharko dira.

Biribilgunetik zentroan aparkatze jarduera hasten den punturainoko ibilbidea luzatu behar da eta gainera ibilgailuen jarioa trabatzeko moduko edozer gauza kendu bertatik, hala nola bide horren eskuinaldean izaten den bateriako aparkamentua.

f) Antolamenduan esku hartzen duten beste faktore eta elementu batzuk aintzat hartzea.

Gaur egiten ari diren Foruzaingoaren instalazioei dagokienez:

Puntu honetan eta Foruzaingoaren inztalazioen ezarpenak izan dituen aurrekariak deskribatu ondoren, ezarpen horren azken baldintzak aipatzen dira eta handik heldu diren inplikazioak aztertzen. Ondorioa da baldintza horiek aintzat hartu eta integratu behar direla zentro komertzialaren antolamenduan, horrela eskatzen baitu elkarrekin lotutako elementuz osaturik dagoen multzo baten koherentzia beharrak.

Behar diren berdeguneei dagokienez:

Puntu honetan antolamendu indardunak kasuko eremu eta sektoreetarako aurreikusten dituen berdeguneak hartzen dira oinarri, eta ondorioa da beste hainbesteko azalera berdea aurreikusi behar dela, hau da, 6.550 inguru m2. Halaber, zenbait jarraibide ere ematen dira berdegune horiek ezartzeko, Tuterako Udalak espedientearen behin- behineko onespenean horri buruz jarritako baldintza aipatuz, gainera.

"Oinezkoentzako ibiltokia eta zaldainak egitea N-121-C errepidean Eskola Tekniko Industrialaren eta Tuterako Reina Sofía Ospitalearen artean" delako proiektuari dagokionez:

Proiektu hori aintzat hartzearen ondorioz (zeina ezaugarri guztiekin islatu beharko baita zentro komertzialaren azken antolamenduan), finkatu eta kokatu behar da non egonen den Zentroko aparkalekuak eta haien eta proiektaturiko errepide eta biribilgune berrien artean jarri beharreko berdegunea bereizteko marra.

Zentro komertzialean aurreikusi beharreko aparkalekuei dagokienez:

Puntu honetan, eta proposatzen den aparkaleku zerrendari dagozkion arazoak gogoan erabili ondoren, ondorioa da Trafiko Azterlanak aipatzen duen aparkaleku hornidura gutxienezkoa asetzeko (493), beharrezkoa dela eraikinaren aurrealde osoko aparkalekuen kokaera eta orientazioa aldatzea eta bai ere, gutxi baina, eraikinaren beraren kokaera. Aditzera ematen ere da ezinduentzako tokiak toki guztien % 3 gutxienez izanen direla.

Beste faktoreei dagokienez:

Hona hemen atal honetako faktoreak eta ondorioak:

Proposatzen den zentro komertzialaren ondoan gaur dagoen ibilgailu kontzesionarioko aparkaleku pribatuaren ibilgailu sarbide pribatuak duen kokaera, zeina zentroaren antolamenduan aintzat hartu eta ebatzi behar baita.

Foruzaingoaren instalaziorako aurreikusten den hondakin uren bil-hodia, zeina kontuan hartu behar baita poligonoko saneamendu sistema orokorrarekin lotzeak zentro komertzialaren antolamenduari ezertan erasaten ahal badio ere.

Ur hornidurari, hondakin uren eta euri uren saneamenduari, argindar hornidurari eta argiteria sareari eta telefono sareari dagozkien datuak. Grafikoki jasota daude xehetasun azterlanean, baina ez Ezarpen Proiektuan, eta hor ere jasota behar lukete, 154/93 Foru Dekretuko 4 c) artikuluak agintzen duenaren arabera.

Hori horrela, ikusirik aurkeztu den dokumentazioa eta ikusirik zer txosten eman duen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak, maiatzaren 10eko 154/1993 Foru Dekretuko 3 a) artikuluak (azalera handiko instalazio komertzialak lurralde eta hirigintzaren ikuspuntutik ezartzeko baldintzak arautzen dituen Foru Dekretua)eta beste xedapenek agintzen dutenarekin bat, Lurraldearen Antolamenduko Batzorde honek

ERABAKI DU:

1. Onestea Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari aldaketa puntuala egiteko espedientea, "Tuterako errepide zerbitzuen zentroa" delako Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari dagokionez, José Enríquez Jiménez Catalán jaunak sustatua, Sofiespa, S.L.ren (Leclerc taldea) ordezkari gisa.

2. Baimena ematea "Muskaria Zentro Komertziala" delako Ezarpen Proiektuari, hura ere José Enríquez Jiménez Catalán jaunak sustatua, Sofiespa, S.L.ren (Leclerc taldea) ordezkari gisa, honako zehaztapen hauekin:

a) Lurzati komertzial berrian eraikinetarako eta deskarga eremuetarako azalerak sartuko dira, aparkalekuetarako azalera, isleta eta erdibitzaile arboladunetarakoa, banaketa bideetarakoa eta lurzatiari eransten zaizkion berdeguneetarakoa. Kasuko antolamenduan erabilera edo elementu horien kopurua, banaketa eta kokalekua bereiziko dira.

b) Sotoak zabalagotzen badira, zabaltze horren azalera ez da aterako lur mailatik gorako eraikinaren plantak duen okupazioaren mugetatik, eta baldintza horrek berak markatuko du zer azalera eraikigarri gehienezko ezarriko den aplikazio araudian. Ez da inoiz zilegi izanen azalera hori -gainerako sotoarekin gertatzen den bezala- saltokitzat erabiltzea, edo dendak ezartzeko eta jendearentzako antzeko erabileretarako; zabaltze horren ondoriozko sotoak eta goiko solairua lotzeko, aurkeztu den proiektuak aurreikusten den prozedura bera erabiliko da eta beraz ez da inolako lotura zuzenekorik eginen soto horien eta proiektuko saltoki, galeria komertzial eta denden artean.

c) Eraikinaren bolumena barne hartu behar duen espazioa definituko da, eta hartarako "teilatu hegaleraino 10 metro" hartuko da eraikinaren gehienezko garaieratzat, araudi indardunak agintzen duen moduan.

d) Ezarpen proposamenean kontuan hartuko dira N-232 eta haren loturak bikoizteko aurreikusten diren obra guztiak, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak ematen duen dokumentazioaren arabera.

e) Zentro komertzialaren sarbidea biribilgune berritik izanen da eta beraz poligonoak gaur duen sarbidea ez da izanen zentro komertzialaren erabiltzaileek erabiltzekoa. Hartarako behar diren traba fisikoak ezarriko dira.

f) Biribilgunetik zentroan aparkatze jarduera hasten den punturainoko ibilbidea gutxienez 140 m izateraino luzatu behar da eta gainera ibilgailuen jarioa trabatzeko moduko edozer gauza kenduko dira bertatik, hala nola bide horren eskuinaldean izaten den bateriako aparkamentua.

g) Lurzati komertzial berriaren mugak Foruzaingoko instalazioen gaurko mugen arabera moldatuko dira eta antolamenduan kontuan hartuko dira orain egiten ari diren obrak, hala nola Cartán ibaia kanalizatzekoak.

h) Zentro komertziala ezarri nahi den eremurako gutxienez aurreikusi behar den berdegune kopurua, Foruzaingoaren instalazioek, gaur dagoen kontzesionarioko instalazioak, poligonoaren gaurko sarbideak, Tutera-Tarazona errepidea eta biribilgune berria, errepide horretatik Foruzaingoko instalazioetarako tartea ere barne (zerbitzu poligonoko lehengo mugapean zegoena), 6.500 inguru m2koa izanen da, eremu horretaz kanpo zenbat berdegune dauden kontuan hartu gabe.

Berdegune horiek, gehienbat, zentroko aparkalekuen eta proiektuko errepide eta biribilgune berriaren artean jarriko dira, eta Cartan ibaiaren ondoko oraingo berdegunea ere berjarriko da, zentro komertzialaren aurrean dagoena, kanalizazio obrekin batean. Lurzati komertzialaren sartalde mugan "arbol zerrenda bat ezarri beharko da, atzeko fatxadaren bista eragina gutxitzeko adinakoa" halaxe jarri baitu baldintza Tuterako Udalak HAPOa aldatzeko espedientearen behin-behineko onespenean.

Zentroko aparkalekuen eta errepide eta biribilgune berriaren artean jarri beharreko berdeguneen arteko banalerroa eraikin komertzialaren paraleloko lerro bat izanen da, biribilguneko galtzadaren ardatzetik gutxienez 18 metrora marraztua.

i) "Oinezkoentzako ibiltokia eta zaldainak egitea N-121-C errepidean Eskola Tekniko Industrialaren eta Tuterako Reina Sofía Ospitalearen artean" delako proiektua, bertan aurreikusten diren zebrabideak ere barne, jaso beharko dira zentro komertzialaren antolamenduan.

j) Aparkalekuaren eta haren sarbideen antolamendua berrikusiko da, haren azalera eta kokaera orain aurreko zehaztapenek baldintzatua baita. Antolamendu berrikusian gutxienez 500 aparkaleku segurtatuko dira, zeinetatik % 3 ezinduentzakoak izanen diren.

Antolamendu horretan erreserbatu eginen dira, Zentroari datxezkion instalazioentzako aparkaleku gisa, oraingo ibilgailu kontzesionarioaren hego saihetsean aurreikusten diren bateriako aparkalekuak, halatan non modua izanen baita aparkaleku horietara bai oraingo poligono sarreratik eta bai biribilgune berritik prestatutako sarbidetik sartzeko. Zilegi izanen da, hala ere, bestelako kokaera eta sarbide antolamendu bat hautatzea aparkaleku horietarako, zentro komertzialaren sarbideei eta poligonoko beste sarbideei zer soluzio ematen zaien ikusita.

Halaber, kontuan hartuko dira antolamenduan aipatu ibilgailu kontzesionario horretako aparkaleku pribatuko sarbideak eta segurtatu eta egoki soluzionatuko dira hara sartu-ateratzeko mugimenduak egiteko bidea. Ildo horretatik, komeni dela juzgatzen bada instalazio horiek sarbide bakarra izatea biribilgunetik, eta sartu-atera horiek instalazio horietako hego saihetsetik egitea, kasuko proposamenarekin batera kontzesionarioaren aurrezko onarpena beharko da.

k) Ur hornidurari, hondakin uren eta euri uren saneamenduari, argindar hornidurari eta argiteria sareari eta telefono sareari dagozkien datuak jaso beharko dira zentro komertziala Ezartzeko Proiektuan. Kontuan hartuko ere da Foruzaingoko instalazioetarako aurreikusten den hondakin uren bilhodia, poligonoko saneamendu sistema orokorrarekin lotzeak zentro komertzialaren antolamenduari ezertan erasaten ahal badio ere.

3. Zentro komertzialeko sarbideei ematen zaien soluzioak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren adostasun txostena izan beharko du, ondoren ezinbestez behar den baimena eskatu beharra galarazi gabe, kasuko obrak egin baino lehenagokoa, Departamentu horrek eman beharrekoa.

4. Sustatzaileari agintzea "Muskaria Zentro Komertziala" Ezartzeko Proiektuaren testu bategina aurkeztu dezala, zeinarekin batera aurreko atalean aipatu den txostena aurkeztu beharko den.

5. Sustatzaileari aditzera ematea aurreko zehaztapenak behar den Xehetasun Azterlanean jaso beharko direla, zeina, sartutako aldaketak kontuan hartuta, berriz jarriko baita jendaurrean, lege den bezala. Xehetasun Azterlana behin betiko onetsiko da Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Tuterako Udalari adierazten dionean ados dagoela "Muskaria Zentro Komertziala" Ezartzeko Proiektuaren testu bateginarekin.

6. Aditzera ematea Erabaki honen kontra zilegi dela gora jotzeko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuan, Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluen arabera; zilegi izanen ere da Erabakia zuzenean inpugnatzea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 legeko 46. artikuluak agintzen duen moduan.

7. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Lehendakaritza Departamentuari, Tuterako Udalari eta Sofiespa, S.L. (Leclerc taldea)ri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hogeian.-Lurraldearen Antolamenduko Batzordeko idazkaria, Jesús Ascunze Elizaga.

Iragarkiaren kodea: a0102470