38. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

112/2201 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana. Deialdia egiten du Nafarroako Foru Komunitatean 18 urtez gorako pertsonek Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren Titulua zuzenean eskuratzeko proba libretarako.

Pedagogi Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du proba horietan inskribatu eta egiteko epeak ezartzeko.

Deialdia araudi indardunen arabera eginen da, bereziki maiatzaren 9ko 170/2000 Foru Aginduaren arabera, zeinak arautzen baitu nola antolatuko diren 18 urtez gorako pertsonek Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren Titulua zuzenean eskuratzeko proba libreak.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren irailaren 30eko 339/1999 Foru Aginduak eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 18 urtez gorako pertsonek Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren Titulua zuzenean eskuratzeko proba libreen 2001 urteko bi deialdiak egitea.

2. Deialdi hauetarako inskripzioak maiatzaren 29tik ekainaren 12ra eginen dira (bi egunak barne) lehenbiziko deialdirako, eta abuztuaren 27tik irailaren 4ra bitarte (bi egunak barne) bigarrenerako. Inskripzioak Nafarroako "Félix Urabayen" helduentzako BHIko idazkaritzan eginen dira (Bartolomé de Carranza kalea, 5. Iruña).

Matrikulazioa maiatzaren 9ko 170/2000 Foru Aginduko I. eranskinean ageri den inprimaki ofizialean eginen da (arestian esandako ikastetxean eskuragai dago). Harekin batera NANaren fotokopia aurkeztuko da.

Adin baldintza: Proba hauetan parte hartzeko ezinbestekoa da hemezortzi urte betetakoa izatea edo inskripzio epeko azken egunaren biharamuna baino lehen hemezortzi urte betetzea.

3. Probak ekainaren 19an eginen dira (1. deialdirako) eta irailaren 10ean (2 deialdirako), Nafarroako "Félix Urabayen" delako helduentzako BHIan (Bartolomé de Carranza kalea, 5. Iruña).

Proba egileaak NANa aldean dutela etorri beharko dira probara.

4. Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren Titulua zuzenean eskuratzeko proba libreak ebazpen honetako eranskinak agindu bezala eginen dira.

5. Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea.

6. Ebazpen hau helaraztea Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Hezkuntzaren Berriztapen eta Sustapenerako Atalari, Helduen Hezkuntzaren eta Osabidezkoaren Unitate Teknikoari, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegoari eta "Félix Urabayen" Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hogeita batean.-Hezkuntza Zuzendari Nagusia, Santiago Arellano Hernández.

ERANSKINA

18 urtez gorako pertsonek Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren titulua zuzenean eskuratzeko proba libreak egiteko jarraibideak

A.-Probaren alderdi orokorrak

A.1. Probak.

Lau esperientzi arloetako ariketak moldatzea Félix Urabayen" helduentzako BHIari dagokio. Hori baino lehen, ariketa horien aleak Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari bidaliko dizkio, gainbegiratu ditzan.

A.2 Kalifikazio/ebaluazio epaimahaia.

Probak juzgatuko dituen epaimahaiak mahaiburu bat eta lau mahaikide izanen ditu. Bata zein besteak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoak izanen dira eta, ahal dela, helduentzako Bigarren Hezkuntzan aritzen direnak.

Epaimahai hori Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko du, Félix Urabayen" helduentzako BHIko zuzendariak proposatuta.

Epaimahaia bakarra izanen da. Proba libreetan 150 pertsona baino gehiago matrikulatzen badira, orduan baizik ez da bigarren epaimahai bat izendatzea.

Epaimahaiak, bere ebaluazio lanak egiteko, zilegi izanen du aholkularien laguntza eskatzea hala behar dela iruditzen bazaio.

B.-Proba nola eratu, egin eta kalifikatu.

LOGSEren 52.3 artikuluak agintzen duena hartuko da printzipiotzat: "proba horietan oinarrizko hezkuntzari dagozkion gaitasun orokorrak baloratuko dira."

Ildo beretik, maiatzaren 9ko 170/2000 Foru Aginduak dio proba hauek oinarrizko gaitasunak noraino barrendu diren ebaluatu behar dutela, hau da, Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren III. Mailako helburuak, uztailaren 6ko 255/1999 Foru Dekretuko IV. eranskinean zehazten diren ebaluazioirizpideak aplikatuz.

B.1. Edukia eta egiteko denbora.

Probek lau ariketa izanen dituzte, esperientzia arloko bana: Komunikazioa, Matematika, Ingurumena, Gizartea. Ariketa horiek uztailaren 6ko 255/1999 Foru Dekretuko IV. eranskinean arlo bakoitzerako finkatzen diren eduki minimoak hartuko dituzte aintzat.

Komunikazioaren arloko ariketak bi parte izanen ditu: bat Gaztelania eta Gaztelaniazko Literaturari buruzkoa, azterketarien esperientzien inguruko idazlan batez osatua, eta beste bat Atzerriko Hizkuntzari buruzkoa, frantsesa ala ingelesa, aukeran.

Ariketak egun batean eginen dira, goiz eta arratsaldeko saioetan.

Goizeko saioan, 10etan hasita, Matematika, Ingurumena, eta Gizartearen esperientzi arloen ariketak eginen dira, gehienez hiru ordutan.

Arratsaldeko saioan, 16etan hasita, Komunikazioaren ariketa eginen da, gehienez bi ordu eta erdiz.

Zilegi izanen da kalkuladora erabiltzea matematika arloko ariketan.

Komunikazioaren arloan:

-Ez da zilegi izanen gaztelaniazko hiztegia erabiltzea.

-Zilegi izanen da atzerriko hizkuntzen hiztegia erabiltzea.

B.2. Kalifikazioa.

Arlo bakoitzean Gai ala Ez gai kalifikazioak emanen dira pertsona bakoitzak egindako ariketak baloratuta.

Komunikazioaren arloan Gai ala Ez gai kalifikazioa izateko, batez besteko ponderatua eginen da ariketaren bi parteen artean: Gaztelania eta Gaztelaniazko Literatura eta Atzerriko Hizkuntzak.

Proba hauetan Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren III. Mailako helburuak barrendu dituztela frogatu eta arlo guztietan Gai kalifikazioa duten pertsonei, Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren Titulua emateko proposamena eginen da.

B.3. Dokumentazioa.

Kalifikazioak erabaki ondoren, Epaimahaiak Ebaluazio Aktak beteko ditu, maiatzaren 9ko 170/2000 Foru Aginduko II. Eranskinean ageri den ereduaren arabera. Akta horietan proba egileak eta arlo bakoitzean izan dituzten kalifikazioak loturik ageriko dira eta proba libreak gainditu dituztenei Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren Titulua emateko proposamena eginen. Zerrenda horretan, halaber, probara inskribatu bai baino aurkeztu ez direnak ere ageriko dira.

Epaimahaiak behin-behineko zertifikatua emanen die, maiatzaren 9ko 170/2000 Foru Aginduko III. eranskjneko ereduaren araberakoa, esperientzi arlo guztietan gai kalifikazioa izan duten pertsonei.

Proba Libreak gainditu ez baina arlo batean edo gehiagotan Gai kalifikazioa izan dutenei ezin eginen zaie Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren Titulua emateko proposamenik, baina Epaimahaiak maiatzaren 9ko 170/2000 Foru Aginduko IV. Eranskineko ereduaren araberako ziurtagiri bat emanen die. Kalifikazio horiek kontuan hartuko dira pertsona horiek geroagoko deialdietan berriz parte hartzen badute.

Proba libreak gainditzen dituztenei Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren Titulua emateko proposamena Hezkuntza eta Kultura Departamentuari bidaliko zaio proba horiek egiten diren ikastetxearen bitartez, arau indardunek agintzen duten moduan.

Deialdi bakoitzeko Aktaren kopia bat Helduen Hezkuntzaren eta Osabidezkoaren Unitate Teknikoari bidaliko zaio, han ere kontsulta indibidual asko egiten baitira.

Proba Libreetako emaitzen estatistika fitxa ere bidaliko zaio Helduen Hezkuntzaren eta Osabidezkoaren Unitate Teknikoari. Fitxa hori maiatzaren 9ko 170/2000 Foru Aginduko V. eranskinean ageri da (ekainaren 5eko 68. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

B.4. Emaitzak argitaratzeko tokia eta eguna. Erreklamazioak.

Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren Titulua zuzenean eskuratzeko proba libreak egiten diren ikastetxeak aditzera emanen du, ariketak egiten direnean, emaitzak non eta noiz jendaurreratuko diren, eta bai kasuko ziurtagiriak noiz eta nola bildu beharko diren.

Epaimahaiak, halaber, aditzera emanen du zein egunetan hartuko diren izandako kalifikazioekin ados ez daudenen erreklamazioak. Erreklamazioak egiteko prozedura eta epeak araudi indardunak agintzen dituenak izanen dira.

Iragarkiaren kodea: a0101927