38. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

111/2001 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Deialdia egiten du 2000/2001 ikasturtean Eskola Graduatuaren titulua irakaskuntza librearen araubideko probaren bidez eskuratzeko probetarako.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuaren zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du proba horietan inskribatu eta egiteko epeak ezartzeko.

Deialdia honako xedapen hauetan agintzen denaren arabera egin behar da:

-Hezkuntza Sistemaren Antolamenduari buruzko 1990eko urriaren 3ko Lege Organikoak bere laugarren Xedapen Gehigarriko 1. lerroaldean esku ematen du bost urteko epean proba bereziak egiteko oraingo Eskola Graduatuaren Titulua eskuratzeko.

-Irailaren 5eko 153/1994 Foru Dekretua (irailaren 8ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), zeinak bere 9. artikuluko 1. puntuan agintzen baitu ze, LOGSE delakoaren 4.1 Xedapen Gehigarria aplikatzeko, OHOko 8.a itzali ondoko bost urteetan segituko direla deitzen Eskola Graduatuaren Titulua eskuratzeko proba bereziak.

-1972ko irailaren 11ko Agindua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorraren balio bereko helduentzako irakaskuntza arautzearen gainekoa (1972.09.20ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

-1978ko uztailaren 26ko Agindua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorra eta helduentzako hezkuntza Etengabea koordinatu beharraren gainekoa (1978.08.2ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

2001eko urte honetan bi deialdi hauek egitearekin agortzen da LOGSEren laugarren Xedapen Gehigarriko 1. lerroaldeak eta irailaren 5eko 153/1994 Foru Dekretuko 9. artikuluko 1. puntuak aipatzen duten bost urteko epea. Halatan, oraingo hauek dira Eskola Graduatuaren Titulua irakaskuntza librearen araubideko probak eginaz eskuratzeko azken probak.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren irailaren 30eko 398/1996 Foru Aginduak eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eskola Graduatuaren Titulua irakaskuntza librearen araubideko probak eginaz eskuratzeko ebaluazio probak deitzea.

2. Apirilaren 17tik maiatzaren 7ra bitarte egitea inskripzioa lehenbiziko deialdirako, eta abuztuaren 13tik 31ra bitarte bigarren deialdirako. Inskripzioa Hezkuntza eta Kultura Departamentuan eginen da (Argibide eta Agiri Bulegoa, Santo Domingo kalea, z.g. 31001, Iruña).

Inskribatu nahi dutenek 2000ko abenduaren 31rako gutxienez hamabost urte betetakoak izan behar dute eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolatu gabekoak. Inskripzio inprimakiarekin batera NANaren fotokopia aurkeztu beharko da eta lehendik arloren bat gaindituta edukiz gero, hala frogatu beharko da Eskola Liburuaren edo Ikasketa Ziurtagiri baten fotokopia aurkeztuta.

3. Bi deialdien probak maiatzaren 30ean eta irailaren 12an egitea, kasuan kasu garaiz esanen den tokian.

Proba horietara, NANa aldean dutela etorri beharko dira.

4. 2001eko bi deialdiok Eskola Graduatuaren Titulua irakaskuntza librearen araubideko probak eginaz eskuratzeko azken probak dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

6. Ebazpen hau helaraztea Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari, Hezkuntzaren Berriztapen eta Sustapenerako Atalari, Helduen Hezkuntzaren eta Osabidezkoaren Unitate Teknikoari eta "José María Iribarren" Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoari.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hogeita batean.-Hezkuntzako Zuzendari Nagusia, Santiago Arellano Hernández.

Iragarkiaren kodea: a0101926