113. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

905/2001 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Horren bidez agindu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasuneko Nazioarteko Programaren Arauak, zeinak Gobernu Batzordeak 2001eko uztailaren 3an hartutako Erabakiaren bidez onetsi baitzituen, argitara eman daitezen.

Martxoaren 13ko 68/95 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Unibertsitateko Estatutuen 40. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, eta 2001eko urtarrilaren 3an Gobernu Batzordeak hartutako Erabakia betez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasuneko Nazioarteko Programaren Arauak argitaratzea agindu dut.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN MUGIKORTASUNERAKO NAZIOARTEKO PROGRAMAREN ARAUAK

Nafarroako Unibertsitate Publikoak parte-hartze handia du ikasleen mugikortasuneko programetan, bai Europako Batasuneko unibertsitateetan, bai kanpokoetan. Hortaz, mugikortasun hori erregulatuko duten arauak ezarri behar dira, unibertsitate honetako ikasleek atzerriko unibertsitateetan egiten dituzten ikasketak, bai eta atzerriko ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten dituztenak, kalitatezkoak eta aitortuak izan daitezen.

I. TITULUA

Ikasleen Mugikortasuneko Programak

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak atzerriko unibertsitateetara ikastera joateko arauak ematea, han egindako ikasketak kalitatezkoak eta aitortuak izan daitezen.

2. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei, mugikortasun edo truke programa batean parte hartzen badute, egindako ikasketak aitortuko zaizkie, baldin eta programa eta parte-hartze horiek arau hauetan ezarritakoari egokitzen bazaizkio.

3. artikulua. Mugikortasun programetan parte hartu ahalko da ikasturte batez, sei hilabetez edo, kasu berezietan, programatutako jarduera burutzeko beharrezkotzat jotzen den denboraz.

4. artikulua. Nazioarteko mugikortasuneko programetatik heldu diren jarduerak abian jartzeko, figura bat sortuko da titulazio guztietan, nazioarteko harremanetarako koordinatzailea, alegia. Errektorearen erantzukizuna izanen da koordinatzaile horiek izendatu eta kargutik kentzea, nazioarteko harremanetarako errektoreordeak eta dagokion ikastetxeko zuzendariak akordio bidez hartutako proposamenari jarraikiz.

Nazioarteko harremanetarako koordinatzaileek, beren eginkizunetan aritzeko, LOGSE batxilergoko irakasgaiko aholkulariaren karguaren berariazko osagarriaren osagai bereziarekin parekagarri diren ordainsariak izanen dituzte.

Nazioarteko harremanetarako titulazioko koordinatzailearen izendapenak berekin ekarriko du ordaindutako pertsona bakarreko edozein gobernu organotan aritzeko ezintasuna.

5. artikulua. Ikastetxeko zuzendaria, edo berak zuzendaritza taldekideen artean izendatzen duen pertsona, nazioarteko harremanetarako titulazioko koordinatzaileekin harremanak izateko arduraduna izanen da.

6. artikulua. Titulazio bakoitzeko nazioarteko harremanetarako koordinatzaileak mugikortasun programa zehatzetan ikasleen aholkularitza akademikoaz arduratu diren irakasleen laguntza izanen dute beren lana aurrera eramateko. Irakasle horiei "mugikortasuneko arduradun" izena emanen zaie eta haien eginkizunak hurrengo kapituluetan finkatuko dira.

Mugikortasuneko arduradunek trukatze programa bat edo gehiago hartu ahalko dute beren erantzukizunpean. Mugikortasun programak aurrera eramateko behar diren aholkularitza lanak beteko dituzte ikasleekin.

Nazioarteko harremanetarako titulazioko koordinatzaileek mugikortasuneko arduradunak izendatu edo ordezteko proposamenak eginen dizkiote atxikirik dauden ikastetxeko zuzendaritzari, hor onets ditzaten.

7. artikulua. Unibertsitatea mugikortasun programa bati atxikitzeko proposamenak Nazioarteko harremanetarako titulazioko koordinatzaileei igorriko zaizkie eta horiek ikastetxeko zuzendaritzara bidaliko dituzte, bertan aztertzeko. Proposamena onesten bada, unibertsitateko nazioarteko harremanen ardura duen errektoreordeari igorriko zaio espedientea, onetsi eta, hala behar izanez gero, izapidatzeko.

8. artikulua. Unibertsitateko Kanpo Harremanetarako Atalak ikasleen mugikortasuneko lan tekniko eta administratiboa eginen du, programei buruzko argibide eta aholkuak emanen dizkie ikasleei, laguntza emanen die nazioarteko harremanetarako titulazioko koordinatzaileei eta mugikortasuneko arduradunei haien lana betetzeko, eta arau hauetan azaldutako jarduerak beteko ditu.

II. TITULUA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Mugikortasun programetan parte hartzeko eta finantza laguntzak emateko deialdiak

9. artikulua. Urtero, Nazioarteko eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak proposaturik, errektoreak mugikortasun programetan parte hartzeko eta horretarako laguntzak emateko deialdiak onetsiko ditu.

Deialdiak publizitate, lehiakortasun eta objektibotasun printzipioetara egokituko dira eta haien oinarriak unibertsitateko eraikinetako iragarki oholetan jarriko dira. Deialdietan finkatuko dira laguntzei uko egiteko baldintzak, haien bateragarritasuna eta bateraezintasuna, onuradunen betebeharrak eta laguntzen eta dirulaguntzen araubide juridikoa erregulatzen duten arauei jarraikiz azaldu behar diren gainerako alderdiak.

Hautapen proposamena deialdian izendatzen diren kideek osaturiko batzordeak eginen du, ikastetxe bakoitzeko nazioarteko harremanetarako koordinatzaileen txostena aztertu ondoren.

Aipatu batzordeak hautapen proposamenari egindako erreklamazioak ebatziko ditu deialdian berean ezarritako moduan eta epean.

10. artikulua. Mugikortasun programa batean parte hartzeko, ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa planeko lehen kurtsorako behar diren kredituen kopurua gaindituta izan beharko dute eta deialdi honetako baldintzak bete. Gainera, unibertsitatean matrikulatuta egon beharko dute programan parte hartzeko eskabidea egiten duten egunean. Matrikulan, mugikortasuneko ikaslea dela azalduko da kode berezi baten bidez.

Mugikortasun programa batean parte hartzeko beste baldintza bat da destinoko unibertsitatean eskola emateko erabiltzen den hizkuntza jakitea.

11. artikulua. Hautatzeko irizpideak ondoko hauek izanen dira: ikaslearen ikasketen espedientea eta, hala behar izanez gero, atzerriko hizkuntzen ezagutze maila. Deialdian bi irizpide horiek nola baloratuko diren zehaztuko da.

12. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ebatziko du deialdia, edo, horren delegazioaz, Unibertsitatearen kanpo harremanen arduraduna den errektoreordeak. Ebazpenean hautatutako ikasleen zerrenda ageriko da, bai eta laguntza jasoko dutenena eta haien ordezkoena ere, puntuazioaren araberako hurrenkeran.

13. artikulua. Unibertsitatearen dirulaguntzarekin mugikortasun programa batean parte hartu duten ikasleek, programa horretan berriz parte hartu nahi baldin badute, dirulaguntzarik gabe egin beharko dute, betiere tokia badute.

BIGARREN KAPITULUA

Ikasketen aitorpena

14. artikulua. Arau hauek mugikortasun programa batean parte hartzen duten Unibertsitateko ikasle guztiei aplikatuko zaizkie, alde batera utzita horretarako laguntza jasotzen duten ala ez.

15. artikulua. Ikasleak eta mugikortasunaren arduradunak "ikasketa konpromisoa" izeneko agiria sinatuko dute hiru aletan. Dokumentu horretan mugikortasun programako irakasgaiak azalduko dira, ongi zehaztuta horietatik zein diren nahitaez Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulatu beharrekoak eta atzerrian eginen dituen baliokideak. Konpromisoa hartuko da atzerrikoak gaindituz gero hemengoak aitortzeko. Aitortzen diren kredituen kopurua ez da egonaldian zehar Nafarroako Unibertsitate Publikoan indarra duen ikasketa planean ageri dena baino handiagoa izanen.

Ikasleak gordeko ditu hiru agiri horiek, nazioarteko harremanetarako titulazioko arduradunak ikus-onetsia eman ondoren. Agiri bat Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketak Antolatzeko Atalera eramanen du matrikula egiten duenean, beste bat destinoko Unibertsitatera igorriko du, behar diren aldaketak sartu ondoren, horrelakorik balitz, Kanpo Harremanetarako Atalera bidaltzeko, hor tramitatzeko. Ikasketa konpromisoa ukitzen duten aldaketa guztiek mugikortasunerako arduradunaren onespena beharko dute, eta titulazioko nazioarteko harremanetarako koordinatzailearen ikus-onetsia. Ikasleak ikasketa konpromisoaren hirugarren alea gordeko du.

16. artikulua. Ikasketa konpromisoan ezin izanen da agertu aurretik matrikulatuta egon eta gainditu ez duen irakasgairik, titulazioko nazioarteko harremanetarako koordinatzaileak, eskabidearen zirkunstantzia bereziak direla-eta, horretarako baimena ematen duenean salbu.

17. artikulua. Destinoko unibertsitatean egonaldia bukatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan kalifikazioen ziurtagiri ofiziala jaso ondoren, mugikortasunaren arduradunak kalifikazioak Espainiako sistemara egokituko ditu. Aitorpen akademikoak irakasgaiz irakasgai egin ahalko dira edo, bestela, irakaskuntza karga berdina duten irakasgai multzoen arabera. Azken kasu horretan, kredituen eta destinoko unibertsitatean lorturiko kalifikazioen arteko loturari eutsiko zaio. Bi modalitateen arteko formula mistoa ere erabili ahalko da. Aitortzearen abiapuntua mugikortasunaren arduradunak eta ikasleak aurrez itundutako ikasketa konpromisoa izanen da, eta "ikasketen aitortzea" izeneko agiri batean formalizatuko da. Aitortzea egin ondoren, mugikortasunaren arduradunak agiri hori nazioarteko harremanetarako titulazioko koordinatzaileari igorriko dio, eta horrek, sinatu ondoren, Ikasketak Antolatzeko Atalera bidaliko du, ikaslearen espedientean sartzeko. Agiriaren kopia bat Kanpo Harremanetarako Atalera igorriko da, artxibatzeko.

Aitortu beharreko irakasgaiak akta berezian ageriko dira. Ikaslearen ikasketen espedientean berariaz agertuko dira atzerriko unibertsitate batean egin eta gero aitortu diren irakasgaiak.

Mugikortasun programetan ikasketen aitortzeari buruz agertzen diren erreklamazioak ikastetxeko zuzendariak ebatziko ditu. Erreklamazioei buruzko ebazpena eman aurretik, ikastetxeko nazioarteko harremanetarako koordinatzaileen txostena aztertuko da. Ikastetxeko zuzendariak hartutako erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Unibertsitateko errektoreari zuzendua.

18. artikulua. Ikasketa konpromisoan ageri diren irakasgaietakoren bat gainditu ez duten ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin ahalko dute azterketa, baldin eta destinoko unibertsitateak aukera hori eta behar den dokumentazioa ematen badu. Destinoko unibertsitateak prestatu eta ebaluatuko ditu proba horiek.

19. artikulua. Doktoretzako ikasleen mugikortasunean, trukearen arduradunaren eskumenak ikaslea matrikulatuta dagoen doktoretza programaren arduradunak hartuko ditu. Nazioarteko harremanetarako titulazioko koordinatzailearen eskumenak programari dagokion Doktoretza Batzordeak hartuko ditu. Erreklamaziorik baldin badago, Unibertsitateko Doktoretza Batzordeak ebatziko du eta ebazpen horien aurka bidezko errekurtsoak jarri ahalko dira.

III. TITULUA

Atzerriko ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoan

20. artikulua. Mugikortasun programa batean parte hartzen duten ikasle atzerritarrak, matrikula egin ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasletzat hartuko dira ondorio guztietarako, hor dauden bitartean.

21. artikulua. Mugikortasun programa batean parte hartzen duten ikasle atzerritarrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikula egiteko, haien egonaldia erregulatzen duten nazioarteko itun edo programetan ezarritako arauak aplikatuko dira. Matrikula kode berezi baten bidez eginen da. Kanpo Harremanetarako Atalak matrikula egiteko behar diren agiriak finkatuko ditu.

22. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko mugikortasunaren arduradunak ikasketei buruzko aholkularitza lana eginen du atzerriko ikaslearentzat. Gainera, ikasle bakoitzaren "ikasketa konpromisoa" eskatuko dio jatorrizko unibertsitateko kideari, eginbideak burutu ondoren itzultzeko eta agiria Kanpo Harremanetarako Atalera igortzeko, atzerriko ikasleak matrikula ofiziala egin ahal izateko.

23. artikulua. Atzerriko ikasleek lortutako kalifikazioak ikasle ofizialenak ez bezalako aktetan jasoko dira. Akta horiek abiapuntutzat harturik, kalifikazioen ziurtagiriak eman ahalko dira.

24. artikulua. Kanpo Harremanetarako Atalak, atzerriko ikaslearen matrikula ofiziala tramitatzeaz gain, koordinazio lana eginen du atzerriko ikasleen, mugikortasuneko arduradunen eta nazioarteko harremanetarako titulazioko koordinatzaileen artean, mugikortasuneko alderdi akademikoak antolatzeko. Halaber, ostatu bilatzeaz, gaztelaniazko ikastaroak antolatzeaz eta orientazio lanaz arduratuko da.

Egonaldia amaituta, Kanpo Harremanetarako Atalak ikaslearen kalifikazioen ziurtagiria bidaliko du jatorrizko unibertsitatera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kanpo Harremanetarako Atalak, ikastetxeetako nazioarteko harremanetarako titulazioko koordinatzaileek lagundurik, konpromisoa hartzen du ECTS gidaliburua urtero berritzeko, atzerriko unibertsitateei informazio eguneratua emateko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Errektoreari baimena eman zaio arau hauek aplikatzeko behar diren jarraibide guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Arau hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnean hartuko dute indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko abuztuaren batean.-Errektorea, Antonio Pérez Prados.

Iragarkiaren kodea: A0108420