113. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

286/2001 FORU AGINDUA, irailaren 12koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Estatuko Administrazioaren arteko Lankidetza Batzordeak Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrari buruz izenpetu duen hitzarmena argitaratzeko agindua ematen duena.

Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoko 33. artikuluan, urtarrilaren 7ko 1/2000 Lege Organikoak aldatu zuen horretan, xedaturikoa betetzeko.

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak agindu du Foru Agindu honen eranskinean doan hitzarmena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila.

Iruñean, bi mila eta bateko irailaren hamabian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

E R A N S K I N A

Estatuko Administrazio Nagusiko eta Nafarroako Foru Komunitateko Lankidetza Batzordea

Isabel Benzo Sáinz eta José Antonio Razquin Lizarraga Estatuko Administrazio Nagusiko eta Nafarroako Foru Komunitateko Lankidetza Batzordeko idazkariek, ziurtatzen dute:

Estatuko Administrazio Nagusiko eta Nafarroako Foru Komunitateko Lankidetza Batzordeak, 2001eko irailaren 11ko bileran, Erabaki hau hartu zuela Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legeari buruz dauden ezadostasunei dagokienez, eta ezadostasun horiek konpontzeko Estatuko Administrazio Nagusiko eta Nafarroako Foru Komunitateko Lankidetza Batzordeak 2001eko martxoaren 13ko bileran sortutako ponentzia teknikoak egindako proposamena azterturik:

1. Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du, 9.3 artikuluari dagokionez, agindu horri buruz adosturiko interpretazioa arauzko xedapen batean sartzeko, eta berariaz azaldu du "zerga prozedura batean interesatu edo parte diren bestelako pertsonen" aipamenak ulertu behar direla pertsona horiei Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako prozedura-eskubideak aitortzeko eta ez bestetarako.

2. Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du Foru Legearen proiektu bat igortzeko Nafarroako Parlamentuari, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrari ondoren azaltzen diren aldaketak egiteko:

37. artikuluaren 2. zenbakia honela gelditu da:

"Helbide fiskala Nafarroan duten tributudunak beharturik daude helbide hori tributu administrazioari jakinaraztera. Tributudunak helbide fiskal hori deklaratu ez badu, jakinarazpenetarako, bera titular duen edozein eraikin edo ustiategirena hartuko da halakotzat".

38. artikuluaren lehenbiziko lerroaldea honela gelditu da:

"Behar bezala justifikaturiko kasu berezietan, tributu administrazioak zilegi izanen du helbide fiskala Nafarroaz kanpo duten subjektu pasiboei Nafarroan helbidea duen ordezkari bat izendatzeko eskatzea, harekin izateko harremanak".

Halaber, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du arau batzuk emateko, neurri honen xede diren iruzur kasuak zehazteko.

69. artikuluaren 4. zenbakia honela gelditu da:

"Urtebeterainoko epean etenik izatea enplegu edo kargu publikoetako jarduna".

70. artikuluaren 1 zenbakiaren a) ataleko bigarren lerroaldea indarrik gabe utzi da.

3. Estatuko Administrazio Nagusiak Nafarroako Foru Komunitatearen irizpidea onartu du Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 71.3 eta 138.4 artikuluei dagokienez.

Erabaki hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Ikusirik erabaki hau, eta Estatuko Administrazio Nagusiko eta Nafarroako Foru Komunitateko Lankidetza Batzordeak 2001eko martxoaren 13an egindako bileran erabakitakoarekin bat etorriz, konpondutzat hartzen dira Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrari buruz azaldutako ezadostasunak, Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz, urtarrilaren 7ko 1/2000 Lege Organikoak artikuluari emandako idazketari jarraikiz.

Hau ager dadin eta behar diren ondorioak sor ditzan, Estatuko Administrazio Nagusiko eta Nafarroako Foru Komunitateko Lankidetza Batzordeko idazkariek ziurtagiri hau luzatu dute, 2001eko irailaren 11n. Estatuko Administrazio Nagusiko idazkaria, Isabel Benzo Sáinz.-Nafarroako Foru Komunitateko idazkaria, José Antonio Razquin Lizarraga.

Iragarkiaren kodea: A0109565