I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
- Beste Xedapenak
59/2000 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak emana, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Nafarroako Batzordeak sinatu zuten Lankidetza Akordioaren testua onesten duena.
Goi mailako Ikasketen Atalak proposatu du Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Nafarroako Batzordeak "Matematikaren Munduko Urtea-2000" sustatzeko sinatu zuten Lankidetza Akordioa onestea, eta Nafarroako Batzordearekin lankidetzan aritzea; horren ohorezko lehendakaria Nafarroako Gobernuko lehendakaria bera da.
Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30ean emandako 342/1999 Foru Aginduaren bidez esleitu zaizkidan eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT
1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Nafarroako Batzordeak sinatu zuten Lankidetza Akordioaren testua onestea. Akordio horrek Nafarroan Matematikaren inguruan eginen diren zenbait ekintza arautzen ditu, hots, Matematikak gure gizartearen hezkuntzan eta garapenean eta, oro har, XXI. mendeko gizartean duen zeregina, interesa eta garrantzia indartzera bideratuko diren ekintzak.
2. Sortutako gastuen finantzaketa, gehienez ere 2.500.000 pezeta, "Irabazi asmorik gabeko akordio eta hitzarmenak eta Unibertsitateko Hedapena" izeneko 40300- 4810-4224 kontusailaren 15735-5 lerroaren kargura eginen da, 2000ko ekitaldian indarra duen aurrekontuaren barnean.
3. Ebazpen hau eta Lankidetza Akordioaren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen hau eta Lankidetza Akordioaren testua igortzea Nafarroako Unibertsitate Publikora, "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Nafarroako Batzordera, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzura, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu guztietara eta Goi mailako Ikasketen Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, bi milako maiatzaren hogeita seian.-Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Pegenaute Garde.
NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA ETA KULTURA DEPARTAMENTUAK, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAK ETA "MATEMATIKAREN MUNDUKO URTEA-2000" EKIMENAREN NAFARROAKO BATZORDEAK SINATURIKO AKORDIOA
"Matematikaren Munduko Urtea-2000" sustatzeko eta Nafarroako Batzordearekin elkarlanean aritzeko programa
Iruñean, bi milako maiatzaren hogeita seian.
B I L D U R I K
Batetik, Pedro Pegenaute Garde jauna, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.
Bestetik, Ignacio María Recondo Aizpuru jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailea, Unibertsitatearen izenean eta hura ordezkatuz eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore jaunak eskuordeturik.
Eta bestetik, Carlos Gustavo Ochoa Lezáun jauna, "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Nafarroako Batzordeko lehendakaria.
AZALDU DUTE
1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren interesekoa dela, eta, bereziki, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuarena, "Matematikaren Munduko Urtea-2000" sustatzea eta horri dagokion Nafarroako Batzordearekin elkarlanean aritzea. Batzordearen ohorezko lehendakaria Nafarroako Gobernuko lehendakaria bera da, hots, Miguel Sanz Sesma jauna.
2. "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Batzordeak Nafarroan Matematikaren inguruan zenbait ekintza eginen ditu, hots, Matematikak gure gizartearen hezkuntzan eta garapenean eta, oro har, XXI. mendeko gizartean duen zeregina, interesa eta garrantzia indartzera bideratuko diren ekintzak.
3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Matematikaren arloan du curriculumen eta ikerketa eta irakaskuntzaren oinarrietako bat, eta hala matematika jakitea nola bere balioari buruzko informazioa izatea beharrezko baldintza dira garapenerako.
4. Horren kariaz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ikasleen eta Unibertsitate Hedapenaren Errektoreordetzaren bitartez eta "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Nafarroako Batzordeak lehendakariaren bitartez Lankidetza Akordioa sinatu dute eta, hasteko, "Matematikari argazkia egitea" lehiaketarako deialdia egin dute.
ERABAKI DUTE
1 "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Nafarroako Batzordeak Nafarroako Foru Komunitatean egiten dituen ekintzetan elkarlanean aritzea.
2. "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Nafarroako Batzordeak, jarduera eta ekintzen erakunde arduraduna den aldetik, ekintza hauek garatuko ditu aurten Nafarroan:
a) Hitzaldi zikloa, zehazki: 1. Zikloa "Matematika eta Hezkuntza"; 2. Zikloa "Matematika: garapenerako gakoa"; eta 3. Zikloa "Erronka berriak: Matematika XXI. mendean".
b) Matematikaren olinpiada Iruñean eta Lizarran Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat, eta Nafarroan "DBHko olinpiaden arazoak" editatzea.
c) Lehiaketak: "Matematikari argazkia egitea", Unibertsitateko eta Bigarren Hezkuntzako mailetan.
d) Matematika zabaltzea zinema edo bideo bitartez edo erakusketak eginez.
e) Argitalpenak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko sailek eta aipatu Nafarroako Batzordeak "Matematikaren Munduko Urtearen" inguruan egindako ekintzak bilduko dituzte.
3. Dirua honela banatuko da: Hitzaldietarako 960.000 pezeta; "Olinpiaden arazoak" editatzeko 300.000 pezeta; lehiaketetarako: "Matematikari argazkia egitea", 200.000 pezeta; Matematika arloan erakusketak egiteko ("Zinema eta Matematika"), edo bideoak erosi eta zabaltzeko, 540.000 pezeta; ekintzen memoria argitaratzeko 500.000 pezeta.
4. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak 2.500.000 pezetarekin finantzatuko ditu ekintza horiek; "Irabazi asmorik gabeko akordio eta hitzarmenak eta Unibertsitateko Hedapena" izeneko 40300-4810-4224 kontusailaren eta 15735-5 lerroaren kargura eginen da, 2000ko ekitaldian indarra duen aurrekontuaren barnean.
5. "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Nafarroako Batzordeak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Kudeatzailetzaren bitartez, konpromisoa hartu du 2.500.000 pezetako kontusailaren kargura egindako gastu guztien egiaztagiriak aurkezteko Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuan.
6. Akordio honetan ezarritakoa betetzen den egiaztatzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da eta hauek osatuko dute: Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak eta "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Nafarroako Batzordeko lehendakariak, edo, bestela beren ordez arituko direnek.
7. Akordio honek sinatu ondoko egunean hartuko du indarra.
Eta, aurreko guztiarekin ados daudela erakusteko, Lankidetza Akordio hau sinatu dute aipatu egun eta tokian. Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Pegenaute Garde, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailea, Ignacio María Recondo Aizpuru, eta "Matematikaren Munduko Urtea-2000" ekimenaren Nafarroako Batzordeko lehendakaria, Carlos Gustavo Ochoa Lezáun.
Iragarkiaren kodea: A0005220