74. ALDIZKARIA - 2000ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

500/2000 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, 2000-2001 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetan emanen diren hizkuntza ikasketa espezializatuei dagokien eskola egutegia egiteko arauak onesten dituena.

Ikusirik Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak aurkeztutako adostasun txostena, 2000-2001 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetan emanen diren hizkuntza ikasketa espezializatuei dagokien eskola egutegia egiteko arauak onets daitezen, eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30ean emandako 339/1999 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetan emanen diren hizkuntza ikasketa espezializatuek 2000-2001 ikasturtean izanen duten eskola egutegia egiteko arauak -eranskinean ageri dira- onestea:

2. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Hizkuntzen Unitate Teknikora eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, argitara daitezen.

3. Ebazpen honek eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko dute indarra.

Iruñean, bi milako maiatzaren hogeita hiruan.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

E R A N S K I N A

2000-2001 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetan emanen diren hizkuntza ikasketa espezializatuei dagokien eskola egutegia egiteko arauak

1.-Egutegia.

2000-2001 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetan emanen diren hizkuntza ikasketa espezializatuei dagokien eskola egutegiak baldintza hauek bete beharko ditu:

1. Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.

2. a) Klaseak irailaren 25ean, astelehenez, hasiko dira beranduenez, eta ez dira bukatuko ekainaren 6a, asteazkena, baino lehen.

b) Ikasturtea egun horietan hastea eragozten duten arrazoi objketiboak daudenean, Hizkuntza Eskola bakoitzeko Eskola Kontseiluak beste proposamen bat eginen du, betiere eskola egunak errespetaturik, eranskin honen 3.a) baldintzan adierazi bezala.

c) Irailaren 1etik klaseak hasi bitarteko egunetan azterketak, programazio lanak, departamentu bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

d) Klaseak bukatu eta ekainaren 30a arte, azterketak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lanak, programazioak, amaierako oroit- idazkia eta beharrezko diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

3. a) Egutegiak 140 eskola egun izanen ditu gutxienez, hamabostean behingo ostiralak kenduta.

b) Ikasturtea ezin da amaitu 140 eskola egunak egin arte, hamabostean behingo ostiralak kenduta.

c) Egutegia berregokitu egin behar denean, lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, errespetatuta, betiere, gutxieneko eskola egun eta orduak eta, hala behar denean, langileen lan eskubideak.

d) Aipatu eskola egunetan ezin izanen dira azterketak egin. Klaseak eteterik ere ez da izanen azterketa eta ebaluazio aldiak ezartzeko edo ebaluazio batzarrak zein klaustroak egiteko. Eskola eguntzat har daiteke ikasturtea, tutoreak, irakasleak, programak, helburuak, ordutegiak eta abar aurkezteko eguna.

e) Ikasleak klaseetara ez joateak, ez joate hori taldean egina bada ere, ez dio eragotziko Hizkuntz Eskolari klaseak eskaintzen jarraitzea ofizialki programaturiko ordutegien arabera.

4. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako lan egutegi arruntean halakoak direnak eta herriko zaindariaren jaieguna.

b) Herriko zaindariaren jaieguna eskola eguna ez den batean izaten denean, Hizkuntz Eskolek horren ordezko beste egun bat aukeratu ahal izanen dute. Hizkuntz Eskola horietako Eskola Kontseiluek herriko zaindariaren jaiegunaren ordezkoa proposatuko dio Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari.

5. Ez dira eskola egun izanen 2000ko urriaren 13a eta abenduaren 7a, ezta 2001eko otsailaren 26 eta 27, eta apirilaren 30a ere.

Hala ere, Hizkuntz Eskolako Kontseiluek aldatu egin ahalko dute egun horien aukera, eta eskola egunak ez diren bost egun, gehienez, finkatu ikasturtean zehar.

6. Eguberrietako oporrak 2000ko abenduaren 23an hasiko dira, eta 2001eko urtarrilaren 7a arte, hori barne, luzatuko.

Aste Sainduko oporrak 2000ko apirilaren 12tik, osteguna, apirilaren 22a arte, igandea, biak barne.

8. Aurreko edozein idatz-zatiren gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

2.-Izapidatzea.

1. Hizkuntz Eskoletako Eskola Kontseiluek 2000ko ekainaren 2a baino lehen bidaliko diote proposamena Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, eta, horrekin batera, eredu ofiziala eta onespena eman zion bilkurako aktaren kopia.

2. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak egutegi guztiak onetsiko ditu, horiek aztertu ondoren. Onetsitzat joko dira Hizkuntz Eskoletako egutegiak, baldin eta 2000ko ekainaren 23aren aurretik inolako jakinarazpenik jasotzen ez badute.

3. Hizkuntz Eskolaren batek bere egutegiaren proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, bere kabuz esleituko dio egutegia Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak.

4. Egutegiak, onetsi ondoren, Nafarroako Hizkuntz Eskola guztiek nahitaez bete beharko dituzte. Hizkuntz Eskolako zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien ezarpenaren gainbegiratzea eta kontrola, aldiz, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren gain egonen da.

5. Hizkuntz Eskola bakoitzaren egutegia bertako iragarki oholean ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Eskola Kontseiluak eskatu eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ez duen horretarako baimena ematen idatziz.

Iragarkiaren kodea: A0005010