71. ALDIZKARIA - 2000ko ekainaren 12a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- I R U Ñ A

Plan berezia behin betikoz onetsirik

Iruñeko Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko XV/U.O.2 unitateko Plan Berezia. (Nafarroako Biltzar Jauregi eta Kultur Auditorioa).

Iruñeko Udalak, 2000ko maiatzaren 18an egin osoko bilkuran, aipatu Plan Berezia behin betikoz onestea erabaki zuen. Hona haren testu arau-emailea:

II.-Arauzko zehaztapenak:

1. Erabilera xehekatuak.

O-1, O-2, O-3 eta O-4 planoetan zehaztu bezala banatuak:

-Kultur dotazioak eta gune libreak, sestra gainean.

-Kultur dotazioak eta aparkalekua zorupean.

-Aparkaleku publikoa zorupean.

-Instituzionala-zerbitzuak-tertziarioa orain dagoen eraikinean, mantenduko baita.

-Zorupean dagoen aparkalekua, mantenduko baita.

2. Lerrokadurak.

-O-5 planoan zehazten direnak.

3. Sestrak.

-O-5 planoan azaltzen dira.

4. Garaierak.

-Sestra gainekoak, gehienez ere, O-5 planoan zehazten direnak.

-Zehazten diren gehieneko garaierak, ondoko elementu hauekin gainditu ahalko dira:

.Hiru aretoetako sabaiak (haien kokapena O-5 planoan zehazten da): gehieneko garaiera, 20,00 metro.

.Areto nagusiko eszenatoki-kaxa (haren kokapena O-5 planoan zehazten da): gehieneko garaiera, 29,30 metro.

.Ezarritako garaierak luzernarioek, eskailera-kaxek, igogailuek eta eraikineko bestelako instalazioek baino ezin izanen dituzte gainditu.

5. Zorupeko okupazioa.

-Oin bakoitzeko gehieneko okupazioa eta erabilerak, O-2, O-3 eta O-4 planoetan azaltzen dira.

-O-2, O-3 eta O.4 planoetan zorupean ezartzen den espaziotik kanpo bakarrik kokatu ahalko dira hiri azpiegiturak eta eraikineko loturetarako azpiegiturak alde batetik, eta bestetik aparkalekuetako sarbideetarako arrapalak eta aireztapenerako eta oinezkoendako irteerak, alde horretan kokatu behar direnean, ondoko puntuetan ezartzen denaren arabera.

-Bigarren sototik, Aita Moret kalea zorupetik zeharkatuz, Nafarroako Parlamentuko egoitza berriko sotoko aparkalekura sartu ahalko da. Sarbidea O-3 planoan zorupea erabiltzeko zehazten den aldean egonen da, edo horri atxikia.

6. Zorupean eraikitzeko baldintzak.

-Garaiera: sotoko oin bakoitzak 3,85 metroko garaiera izanen du gehienez ere, zorutik zoruraino neurtuta. Garaiera horri metro bat gehitu ahalko zaio 2. eta 3. sotoen artean, geratzen den gune horretan eraikineko instalazioak paratu ahal izateko.

-Sarbideak: sotoetan ibilgailuendako bi sarbide eta irteera ezarriko dira:

.Lehenbizikoak irteera-sarrera Yanguas y Miranda kalean izanen du, CAMP eraikinaren ondo-ondoko aldean, O-5 planoan jartzen den tokian; berea eginen du orain dagoen aparkalekuko irteera-sarrera, hori birmoldatu eta batu eginen baitu proposatzen denarekin.

.Bigarrena Armada etorbidean egonen da: sarrera Chinchilla jenerala kaleko gurutzegunetik ekialdera dagoen tartean, eta irteera mendebaldera. Sarrera eta irteera Armada etorbidean ibilgailuak normaltasunez zirkulatu ahal izateko moduan burutuko dira. Era berean, aparkalekuko sarrerek eta irteerek ukitutako tarteetan oinezkoen jarduera egokia izan ahal izatea ziurtatuko du.

-Oinezkoendako irteerak eta aireztapenak:

.Ahal diren guztiak eraikinean berean eginen dira, eremu publikoa ukitua ez izateko irizpideari jarraikiz.

.Kanpoan, hau da, eremu publikoan, kokatu behar diren oinezkoendako irteerak, ezin izanen dira jarri Aita Moret kaleko espaloietan.

.Salbuespenez, Armada etorbideko eta Chinchilla jenerala kaleko espaloietan kokatu ahalko dira. Kasu horretan, ukitutako tarteetan oinezkoen jarduera egokia izatea bermatu beharko dute. Oinezkoendako irteera horiek ez dute igogailurik izanen.

.Aireztapenerako irteerak, eraikinean berean egiten ez direnean, horiek paratzeko aurreikusi den eraikin txikian egonen dira, arautegi honetako 7. atalean azaltzen den plazako ipar-ekialdeko angeluan.

7. Urbanizatzeko baldintzak.

-Ekipamendu publikoa eraikitzeko proiektuak Plan Berezi honetako eremu osoa urbanizatzeko obra proiektu bat izan beharko du, elkarloturik baitaude.

-Eremu publikoa urbanizatzerakoan plazaren eta inguruko kaleen arteko loturari begiratuko zaio, eta bereziki hiriko erdigunearekin oinezkoendako jarraikitasuna egoteari, Rozalejoko Markesaren kalean zehar, eta Ziudadelarekin, bai barrualdean nola kanpoaldean.

-Aurreko puntuan adierazi bezala, eta ahal den neurrian, oinezkoendako irteerek ez dute eremu publikora jo beharko. Halakorik balitz, oinezkoendako irteera horiek ezin izanen dira itxi, ezta estali ere, igogailuak salbu.

-O-5 planoan plazako ipar-ekialdeko angeluan ezarritako tokian, eraikin txiki bat egin ahalko da, oinean 30 metro karratu izanen dituena, gehienez ere; garaiera ez da 5 metrokoa baino handiagoa izanen eta eraikineko aireztapenerako irteera kultur ekipamendurako instalazio batekin (txartel-lehiatila edo antzekoa) bateratuko du.

-Debeku da bestelako edozein instalazio edo eraikin, eremu publikoko instalazioei edo hiri-altzariei ez dagozkienean, bertako zoladuratik gora agertzea.

8. Ondare historikoa eta kulturalaren babesa

-XV/UO-2 unitatearen ondare historiko eta kulturala babestu nahian, 155/2000 Foru Aginduan zehaztutakoaren ondorioz heldu diren baldintzak aplikatuko dira, baita Agindu horren garapenetik edo hura ordezkatzen duten arautegitik etor daitezkeenak ere.

III.-Planoak:

Plan Berezi honen barrenean daude informazio planoak (I hizkia dutenak) eta antolamendukoak (O hizkia dutenak). Hauexek, alegia:

-Informazio planoak:

I-1: Egungo egoera eta esparrua.

I-2: Poligonazioa.

I-3: Kalifikazioa-Erabilera.

I-4: Lerrokadurak, kotak, garaierak.

-Antolamenduko planoak

O-1: Antolamendua-Erabilpenak, sestra gainean.

O-2: 1. oina, sestra azpian.

O-3: 2. oina, sestra azpian.

O-4: 3. oina eta hurrengoak, sestra azpian.

O-5: Lerrokadurak, kotak eta garaierak.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi milako maiatzaren hogeita bederatzian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: a0005163