71. ALDIZKARIA - 2000ko ekainaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Agintariak eta Langileak

186/2000 FORU DEKRETUA, maiatzaren 22koa, Estatuaren Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeko prozesuei buruzko Errege Dekretuek aipatzen dituzten lan-kontratatu finkoak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuan sartzeko prozedura arautzen duena. Aipatu Errege Dekretuak hauek dira: 811/1999 Errege Dekretua, maiatzaren 14koa, lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan INEMek egindako kudeketari buruzkoa; 813/1999 Errege Dekretua, maiatzaren 14koa, Justizia Administrazioak funtzionatzeko behar dituen baliabide material eta ekonomikoez hornitzekoa; eta 2077/1999 Errege Dekretua, abenduaren 30ekoa, Estatuaren Ibilgailuen Parkeari atxikitako baliabideei buruzkoa.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzako neurriei buruzko uztailaren 2ko 11/1996 Foru Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriak baimena ematen dio Nafarroako Gobernuari erraztasunak eman diezazkien Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitzen diren lan-kontratatu finkoei funtzionario bihurtu ahal izateko, betiere funtzionario izateko aurreko prozesuetako legezko eta arauzko xedapenetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Uztailaren 2ko 11/1996 Foru Legearen Bigarren Xedapen Gehigarria betetzearren, zenbait prozedura egin dira Estatuaren Administraziotik transferitutako langileak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuan sartzeko. Prozedura horiek, besteak beste, irailaren 16ko 324/1996 eta azaroaren 9ko 324/1998 Foru Dekretuek arautuak dira.

Berriki, Estatuaren Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeko zenbait prozesu gertatu dira, eta horietan lan kontratupeko langile finkoak transferitu dira. Prozesuak hauek dira: 811/1999 Errege Dekretua, maiatzaren 14koa, lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan INEMek egindako kudeketari buruzkoa; 813/1999 Errege Dekretua, maiatzaren 14koa, Justizia Administrazioak funtzionatzeko behar dituen baliabide material eta ekonomikoez hornitzekoa; eta 2077/1999 Errege Dekretua, abenduaren 30ekoa, Estatuaren Ibilgailuen Parkeari atxikitako baliabideei buruzkoa.

Horregatik guztiagatik, bidezko da eginkizun eta zerbitzuak eskualdatzeko prozesu horretan Estatuaren Administraziotik transferitu diren lan kontratatu finkoak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuan sartzeko prozedura arautzea.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako maiatzaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langileek, ondoren aipatzen direnek, aukera izanen dute, behin baizik ez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuan integratzeko, beti ere Foru Dekretu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz. Hauek dira integra daitezkeen langileak: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzako neurriei buruzko uztailaren 2ko 11/1996 Foru Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriak aipatzen dituenak, honako Errege Dekretu hauetakoren baten bidez transferitu direnak (Estatuaren Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzekoak). Dekretuak hauek dira: 811/1999 Errege Dekretua, maiatzaren 14koa, lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan INEMek egindako kudeketari buruzkoa; 813/1999 Errege Dekretua, maiatzaren 14koa, Justizia Administrazioak funtzionatzeko behar dituen baliabide material eta ekonomikoz hornitzekoa; eta 2077/1999 Errege Dekretua, abenduaren 30ekoa, Estatuaren Ibilgailuen Parkeari atxikitako baliabideei buruzkoa.

Ondorio horietarako, kanpo geldituko da aldizkako langile finkoak eta lanaldi partzialeko langileak.

Langile horiek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 12. artikuluan (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidze onetsia) ezarritako irizpideei jarraikiz sartuko dira Foru Komunitateko Administrazioaren funtzio publikoan, gaur egun duten maila edo taldea aldatu gabe. Ezinbestekoa izanen da, betiere, A eta B taldeetako langileen kasuan, behar den titulazioa edukitzea.

2. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen duen aukeraz bi hilabeteko epean baliatu beharko du langileak, Foru Dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik.

Ondorio horietarako, interesatuek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean behar den eskabidea aurkeztu beharko dute, Foru Dekretu honetako eranskinean den ereduaren araberakoa. A eta B mailako langileek, eskabide horrekin batera, lanpostu horretan aritzeko behar den titulazioaren kopia egoki kautotua edo konpultsatua aurkeztu beharko dute.

3. artikulua. Aukeraz baliaturik, Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren bitartez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuko funtzionario bihurtuko, kidego legal horretan eta aplika dakizkiokeen gainerako legezko eta arauzko xedapenetan diren aurreikuspenen arabera.

4. artikulua. Behar den titulazioa ez izategatik funtzionario bihurtzerik ez duten lan kontratatu finkoek izaera hori eskatzen ahal dute falta duten titulazioa lortzen dutenean. Hori eskatzeko, hilabeteko epea izanen dute titulazioa lortzen dutenetik.

Eskubide bera eta epe bera izanen dute, batetik, behin-behineko ezintasun-egoeran izandakoan ezintasun-aldia bukatu eta berriz lanpostuaren zerbitzu aktibora itzultzen diren langileek, eta, bestetik, aldizkako lana edo lanaldi partziala izatetik lanaldi osoko lanpostuan aritzera pasatzen diren langile finkoek.

5. artikulua. Integratu beharreko langileek ordurarteko segurtasun eta prebisio sistemarekin segituko dute, eta ordurarteko lanpostuari atxikirik.

6. artikulua. Integrazioaren ondoren ordena jurisdikzioal judizialean emandako ebazpen judizialak, Foru Dekretu hau argitaratu aurretik lansariei buruz planteatutako erreklamazioei dagokienez, betearazi eginen dira baldin eta hori bateragarria baldin bada Foru Dekretu honetan ezarritako betebehar orokorrekin eta dagokion araubide juridiko berriari loturiko arauekin.

Ebazpen judizialaren ondorioz mailaz edo taldez aldatzen bada eta interesatuak maila edo talde horretara iristeko behar den titulazioa falta badu, langilearen integrazioa behin-behinekoa izanen da, eta aukera izanen du horri uko egin eta aurreko araubide juridikoari eusteko.

7. artikulua. Funtzionario izaera eskuratzen ez duten lan kontratatu finkoek ordurarte zuten lanpostuari atxikita segituko dute, biana "iraungitzekoa" dela ulertuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako maiatzaren hogeita bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0005231