71. ALDIZKARIA - 2000ko ekainaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

185/2000 FORU DEKRETUA, maiatzaren 22koa, Foruzaingoko ofizial lanposturako zenbait lansari osagarri ezartzen dituena.

Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legeak Foruzaingoko funtzionarioek har ditzaketen lansari osagarriak ezartze ditu, horien artean lanpostuko osagarria eta lanaldia luzatzeari dagokiona. Dena den, osagarri horiek esleitu eta, legez ezarrita dauden mugen barrenean, bakoitzaren zenbatekoa zehazteko erregelamendu mailako arau bat eman beharko dela adierazten du.

Hori horrela, ekainaren 16ko 144/1989 Foru Dekretuaren bidez, Foruzaingoko ofizialei lanpostuko osagarri bat eman zitzaien, ehuneko hogeita hamarrekoa; martxoaren 21eko 90/1991 Foru Dekretuaren bidez, Eraikinak Babesteko Ataleko ofizialari lanpostuaren osagarria ehuneko bi igo zitzaion; 1992ko abenduaren 31ko plantilla organikoa onetsi zuen ekainaren 21eko 196/1993 Foru Dekretuaren bidez, Trafiko Ataleko ofizial lanpostuari dagokion lanpostuko osagarria ehuneko bost igo zen eta, azkenik, irailaren 2ko 273/1992 Foru Dekretuaren 1. artikulua aldatu zuen abenduaren 21eko 353/1998 Foru Dekretuaren bidez, Kabinete Teknikoaren Atalean ari diren Foruzaingoko ofizialendako lanpostuaren osagarria ezarri zen, ehuneko hogeita hamabostekoa, hain zuzen.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko plantilla organikoa puska batean aldatu zuen abenduaren 19ko 250/1994 Foru Dekretuaren bidez, Agintariak Babesteko Ataleko eta Joko eta Ikuskizunen Ataleko kide guztientzat, lanaldi luzatua izateagatik, osagarria ezarri zen, kasuan kasuko oinarrizko soldataren ehuneko hamarrekoa.

Horregatik guztiagatik, Foru Dekretu honen asmoa aipatu lansari osagarriak zehazteko emandako xedapenak erregelamenduzko arau bakar batean biltzea da eta, batez ere, Foruzaingoko ofizial lanpostu guztietarako lansariak bateratzea, zein unitate organikori dauden atxikita kontuan hartu gabe.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi milako maiatzaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.

1. Jardunean ari diren Foruzaingoko ofizialek hartuko duten lanpostuko osagarria ehuneko hogeita hamabostekoa izanen da, bere mailari dagokion oinarrizko soldataren gainean, zein unitate organikoren menpe dauden gorabehera.

2. Foruzaingoko ofizial lanpostuari, lanaldi luzatua izateagatik, ehuneko hamarreko osagarria esleitu zaio, bere mailari dagokion oinarrizko soldataren gainean, zein unitate organikoren menpe dauden gorabehera.

AZKEN XEDAPENA

Lehena.-Ahamena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Indarrik gabe utzi dira Foru Dekretu honek ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak eta, zehazki, ekainaren 16ko 144/1989 Foru Dekretua eta martxoaren 21eko 90/1991 Foru Dekretua, Foruzaingoko ofizial lanpostuaren osagarriei dagokienez.

Hirugarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamaunean hartuko du indarra eta, ondorio ekonomikoei dagokienez, atzeranzko eragina izanen du, 2000ko apirilaren 19ra arte.

Iruñean, bi milako maiatzaren hogeita bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0005230